"Gerra sasoi hura izan da nire biziko aldirik ederrena!"

  • 2008ko apirilaren 14a Irunen. Espainiako Errepublikaren Egunaren ospakizunak. Ereserkia jotzen ari da Hiriko Banda. Bandera jaso du emakume zahartuak. Amaia Tello da, Tellito, Tellin… Espainiako Gerra Zibilaren garaian.

Amaia Tello.
Amaia Tello.Zaldi Ero


Elkarrizketa niri, eta zer dela eta?

Delako Tellito hura, bada.

Bai, Tellito esaten zidaten! Egunotan amets egin dut garai hura. Hain zuzen. Gerra, frontea, nazioarteko brigadak… Amets egin dut. Eta ez dira amesgaizto izan. Batzuetan izaten ditut bestelakoak ere, jakina. Ez dakit ausarta naizen, baina koldarra ez naiz, horretan ez izan dudarik! Ni aurrera begira beti. Semeak esaten dit Juan Beldurgabearen emakume bertsioa naizela, baina hori ere ez da, beldurra bizi izan dut, galanki. Hala ere, kontra egin behar izan zenean, kontra egin behar izan zen, beldurrez, eta beldurrik gabe!

Zuk kontra egin behar izan zenuen, Francoren altxamenduak gerra ekarri zuen.

Beti esan ohi dudana esango dizut: nire biziko garai ederrena izan zen gerra sasoia, gertatuak gertatu! Hango solidaritatea. Entusiasta eta eskuzabalak ginen. Eta idealista, dudarik gabe, mundu hobea genuen amets.

Gerra aurreko garaia nolakoa zen?

Oraingoa bezalakoa. Berezitasunik ez. Ez dakit, bada. Errepresioa bizi izan genuen, gizarte borroka… Gaztetatik ikusi nuen hori, borrokan sartua, gerrako frontean 16 urteko neska gaztea nintzela. Eta ni bezala, beste jende asko. Jakina, beste asko ez ziren gure borrokan sartu, beraienean baizik: faxistak ziren, eskuinak. Ni, aldiz, buru-belarri sartu nintzen borrokan, gerran. Aurretik, berriz, sindikatukoa nintzen. 1920an jaio nintzen, eta 14 urte bete orduko lanean nintzen, gutxieneko adina beterik.

Madrilen sortu zinen.

Bai, Cuatro Caminos izeneko auzoan. Garrantzi handiko lekua. Langile auzoa. Madrilen bertan lan egiten genuen, hainbat lekutan. Nik, esaterako, Alcalá kalean egiten nuen lan, 16. zenbakian, elizaren kontra. Jostundegian. Nagusia sozialista zen. Margarita Nelkenek eraman ninduen hara. Konponketa tailerra zen, batik bat. Hiruzpalau neska ginen han, ikastuna nintzen ni. Aitak Nelken ezagutzen zuen, nonbait, eta halaxe sartu nintzen han lanean. Nelken, Errepublika garaian Espetxe Zuzendari Nagusia izan zen Espainian. Ez zen edonor. Gure sasoian neska gazteek lan egiten zuten, metroan, telefono konpainian… Lanean hasi eta berehala, sindikatuan nintzen.

Zergatik?

Nik neure ideiak nituen, eta familiarenak. Etxean ezkerrekoak ziren. Lan egin behar zen, eta, lehenago, sindikatu. Aitaita Gallartako meategietan lan egindakoa zen. Lazaro Landeta Iturrizar, Buian sortua, Arrigorriagan. Ez zen oso gizon buruargia. Amama zen han argia! Tomasa. Soriakoa zen, nekazaria. Langilea bai, aitaita! Amamak ez zekien eskribitzen, baina bai leitzen. Madrilen, aitaitak farmazia gisako batean lan egin zuen, Langile Mutualitatea zuen izena. Morroia zen han. Amonaren aldeko familia, haren nebak, jende ongi hezia zen, diruduna, eta ezkerrekoa.

1936.

Irailean betetzen ditut urteak. 15 urte nituen. Aurretik borroka giroa zen nagusi. Bateko manifestazioak, Maiatzaren Leheneko agerraldiak… Giro zen, bada! Igandeetan Manzanares ibaira joaten ginen, txangoan, hala sozialistak nola komunistak, eta behin baino gehiagotan agertu ziren han faxistak, xextra eta sesioan. Eta istilu gorriak izan ziren. Rico izeneko neskatila bat hil zutela daukat gogoan, esaterako. Giro horretatik etorri zen gerra. Ez zen debalde etorri! Fronte Popularrak hauteskundeak irabazi zituenean, kito. Gerra!

Nola izan zenuen gerraren berri?

Jakingo ez nuen, bada! Gazteria Sozialistan ari nintzen lanean, banekien zertan zen egoera. Lehenengo, Gazteria Komunistakoa nintzen. Gerra baino lehentxeago, bat egin zuten bi gazteriek, komunistek eta sozialistek. Eta gero, gerra. Kito lana orduan. Hura zalaparta! Mugimendu antifaxista eratuta zegoen ordurako. Beraiek altxatu ziren, ez gu, eta beraz, guk erreakzionatu egin genuen, geure buruen defentsan.

Parte hartu zenuen defentsa horretan.

Bai. Lehenengo, mendian, Madrilgo mendialdean. Neba, esaterako, mendian hil zitzaidan, borrokan, gatazka hasi eta hamar egunera. Eraitsi egin zuten! Gazteekin zen mendian, frontean, eta usteko zuen berak bakarrik eraitsiko zituela faxista denak. Eta jakina, bera eraitsi zuten. Jaitsi zuten, baina ospitalean hil zen, zauri larrien ondorioz.

Mitinlari nabarmendu zinen. Estampa aldizkariaren azken alean, azalekoa zara.

Cuatro Caminoseko Antolakuntza eta Propaganda idazkaria nintzen, eta mitinak egitea zegokidan. Puerta del Sol-en ere eginda nago ni mitina. Bat-bateko mitinak. Bakarrik joaten nintzen, hasten nintzen mitinean eta hantxe edukitzen nuen jendea. Inork ez zuen alde egiten! Sena nuen. Banekien jendeari nola hitz egin behar zitzaion. Usain hartzen nion giroari. Eta, badiotsut, jendea ez zitzaidan joaten. Hantxe denak. Gainera, gaztea nintzen, oso. Leku askotan egin nituen mitinak. Joaten nintzen, hona edo hara igo eta hasten nintzen. Lotsagabea behar du, gero!

Zer esaten zenuen?

Madril defendatu behar genuela. Faxistak zer eta nor ziren… Esplikazio handiak. Agitazioa zen nire lana, eta egitekoa betetzen nuen. Madril utzi behar izan nuenean, Valentzian ere jardun nuen, eta nazioarteko brigadekin. Gauza asko urte gutxian. Oso bizitza mugitua, gaztea ere banintzen-eta. Ez nintzen bakarra, gazteen artean gehiago ere baziren gisako lanean, baina ni bezain bero, gutxi, edo inor ez! Neu nintzen suharren jarduten zuena. Ez nintzen ergelkeriarik esaten ibiltzen, edo epelkeriatan. Ez. Banekien zer esan behar nuen, eta esaten nuen. Eta jendea ez zen haserre. Herrietara ere joaten nintzen, kamioi baten gainean, eta emakumeak hantxe, niri entzuten. Nik esaten nien haien semeak behar genituela gerrarako. Semeen eske joaten nintzaien. Bada, hala ere, inoiz inork ez zidan eraso, kontra egin.

Ezkutuan bizi behar izan zenuen.

Hasieran ez. Hasieran Madrildik alde egitea erabaki nuen, bertan geratzen banintzen akabatu egingo nindutela gauza jakina zen-eta. Neska batek abisu eman zidanean, martxa egin nuen hemendik. Valentziara joan nintzen lehenengo, eta bueltan etorri nintzen gero, 1939an. Banituen lagunak hemen, jakina, eta behin, batek ikusi ninduen, lanetik bueltan kale artetik zeharka nindoala; pentsatu ere ez, sasoi bateko bidetik Cuatro Caminosera joatea. Tira, bada, egun batean, lagun batek ikusi nau eta: “Baina, Tello, hemen hago? Goizean atxilo hartu naiten, eta hire berri badudan galdetu zidaten!”. Handik atzera, etxetik alde egin behar nuela konturatu nintzen. Amamak Vallecasera eraman ninduen, lagunetara.

Zu ez zintuzten harrapatu. Ordainetan, izebak atxilotu zizkizuten...

Bai. Nire ordez! Komisariara eraman zituzten, Antonia eta Margarita Landeta. Ez zuten ezer esan. Osaba bat ere harrapatu zuten, baina ni non nintzen ez zekienez, ezin ezer esan. Ni, bitartean, Zaragozara iritsi nintzen, ihesi, ezkutuan. Conesaren morroiak ibili ziren nire atzetik. Gozoa zen, bada! Asasino hutsa. Hura harakina! Harrapatu izan banindute, gaur ez nengokeen hemen! Nire hainbat kide atxilotu zituzten, eta hil ere bai hamahiru! “Hamahiru larrosak”. Berrogeita hiru gizonekin batera fusilatu zituzten Ekialdeko Hilerriaren hormaren kontra.

Izugarrikeria, gerra.

Eta hala ere, beti esan izan dudana: gertatuak gertatu, gerra sasoi hura izan da nire biziko aldirik ederrena! Idealen jabe ginen, ilusioa genuen. Defentsan ari ginen, ez genuen gerra guk hasi, geure buruen defentsan ari ginen. Errepublikaren alde ari ginen. Propaganda ere ikaragarria zen. Komunistak ginela eta hau eta hura. Horri kontra egiteko, berriz, inor baino errepublikanoago ginen gu!

Franco matxinatu, gerra hasi, agintea hartu, errepresioa, ihesi joan beharra…

Zaragozara joan nintzen ni. Inork ez ninduen ezagutzen han, eta lanean hasi nintzen. Familiak, Madrilen, nire berri ez zuela bizi izan zen luze, hamar urte. Jakin izan balute, ni salatzera behartuko zituzten. Bitartean, Zaragozan, senarra ezagutu nuen, Ziriako Parraga, margolaria. Nire lagun batek, Mertxek, Bilbotik ezagutzen zuen, berak aurkeztu gintuen. Eta bi aste orduko, etxe berean bizitzen ari ginen.

Zaragozan hartu zenuen izena, Amaia.

Madriletik irten nintzenean hartu nuen. Eta Amaia hartu nuen izena, Dolores Ibarruriren alabaren izena zelako. Ez nuen edozein izen hartu! Gainera, izen polita da. Ezagutu ere egin nuen Pasionaria. Haren pasioa mitinetan. “Pasionaria”, bada. Mitinlari aparta zen!

Noiz arte izan zinen Amaia?

Orain arte! Amaia naiz ni oraindik. Ezer sinatu behar dudanean, orduan bai, Julia Tello Landeta naiz, baina gainerakoan, Amaia naiz. Inork ez dit beste izenik ezagutzen. Semeak astea joan eta astea etorri eskolako notak ekartzen zituenean ere, sinatzeko, lehengo eran, nik Amaia Hidalgo sinatzen nuen.

Deitura ere ezkutatu zenuen, beraz.

Bai. Benetako izena ezkutatu behar. 50eko hamarkadan, berriz, nortasun agiria ezarri zutenean, benetako izena jarri nuen. Ordurako giroa ere gozatzen hasita zegoen. Baina gerra ondoan bertan hasi izan balira nortasun agiria eskatzen, ez nuen benetako izenik erabiliko. Ez zait iruditzen. Giroa oso zen latza, eta neure burua babestu beharra neukan.

Zure senarrak ere, erretratugile ospetsua ordurako, kezka izan zuen Francoren erretratua egin behar zuela esan ziotenean.

Haren ingurua aztertuko ote zuten beldurrez. Haren ingurua neu nintzen, jakina! Azkenean, argazkiak eman zizkioten, Francorenak, eta haietatik egin zuen erretratua, ez gogo onez baina! Diru premian ginen. Gero, Bilbora etorri ginenean, besterik izan zen. Niri dagokidanez, beldurrak airean bizi nintzen Madrilen. Gero, nahiko isilpean baina ondo, Zaragozan. Bilbon, orduan eta lasaiago. Inork ez ninduen ezagutzen, bizimodu guztiz normala egin nuen. Ez nuen gandorrik erakusten, jakina, inor nire iragana arakatzen ez hasteko. Bizimodu normala. Margolaria zen, erretratuak egiten zituen…

Nortasun agiria

Palmira Julia Tello Landeta (Madril, 1920). Euskalduna zuen aitaita, Bizkaikoa, Arrigorriagako Buia auzokoa. Gerra garaian mitinlari nabarmendu zen. “Orain ere egingo nuke nik mitina. Giroa zertan den ikusi behar!”. Gerra ostean, ihesi joan behar izan zuen. Zaragozan ezagutu zuen senarra, Ziriako Parraga margolari bilbotarra, eta Bilbon bizi izan ziren hura hil zen arte. Ondoren, Madril ondoko El Casar-era jo zuen, semearen albora. Aitzakiarik ez du beraren lekukotasunak. Kopla gutxi Tellitori.


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude