'Memoir of a Snail' (Barraskilo baten memoriak), Perlak sailean eskaini duten filma.

2024ko irailaren 22an - 06:00
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Zabor eta tramankulu artean hasi da kamera mugitzen. Kolore gris, marroi, itzaliak. Irudietan ezkutatutako txiste eszentrikoak eta barraskiloekin loturiko iruditeria. Guztia plastilinazkoa, baina aldi berean erreala eta serioa. Memoir of a Snail (Barraskilo baten memoriak) Adam Ellioten azken proiekzioa Antzoki Zaharreko pantailan.

Stop-motion teknikaren bitartez eginiko animaziozko tragikomedia da lan hau. Bertan ikusiko dugu Grace Pudel (Sarah Snook) emakumearen bizitzaren erretratua, jaiotzetik bertatik zoritxar batekin hasi eta askoz hobera egingo ez duela dirudiena. Argi eta garbi, ez da ikustea ohikoa den produkzio bat: stop-motion-a eta animazioa umeentzako filmekin lotu ohi dugu normalean, baina hau ez da umeentzako egokia, inondik inora.

Pelikula serio eta gordina da, arazo eta tragediaz betea, eta segituan eramaten du ikuslea protagonistarekiko enpatia sentitzera. Areago, batzuetan astuna ere izan daiteke gidoia, ez dugulako ulertuko zergatik tokatu zaion Graceri bizi duen guztia bizitzea. Hala ere, hori guztia pelikularen ideia orokorra transmititzeko tresna besterik ez da. Are gehiago, pelikulako aukeraketa estilistiko guztiak ideia hori komunikatzeko erabiltzen ditu autoreak, oso efektiboki: erabilitako plastilina figuratxoen itxura, aukeratutako koloreak, eraikitako eszenario guztiak... Musikak eta letra tipoak ere “hondamendia” hitza oihukatzen dute, eta, noski, gidoiak ere bai.

Umore oso burutsua du lanak. Batez ere ahozko txisteetan oinarritu beharrean, pantailari adi egon beharko da ikuslea umorea ulertzeko, eta publikoaren parte hartze aktiboa eskatzen duten esperientziak dira onenak, nire ustetan. Momentu horietan algarak entzun dira antzokian, umore azido eta zorrotza asko eskertu baitugu gidoi iluna lasaitasun handiagoz hartzeko. Belztasun guztia gorabehera, mezu indartsu eta positiboa ematen saiatu da produkzioa. Lortu duen edo ez, hori ez dakit: niri pixka bat gogortxoa iruditu zait aukeran.

Hala ere, nire ustez Harkaitz Canok bere liburuetan egiten duen antzera, metafora bakar bat (barraskiloena) ongi garatu eta baliatuta borobiltzen da filma hasieratik bukaerara. Borobiltzen, edo kiribiltzen, esan beharko.

Soundtrack to a coup d’etat (Estatu kolpeari soinu banda) dokumentala, Zabaltegi-Tabakaleran emana.

Dokumentalak beldurrezko pelikula dira
Arratsaldean, Johan Grimonprezen bi ordu eta erdiko dokumental beldurgarria ikustea suertatu zait: Soundtrack to a coup d’etat. Bertan, Kongoko Errepublikaren independentzia prozesua kontatzen da. Ez dut uste dokumentalak pelikulak balira bezala kritikatu behar direnik, guztiz helburu desberdina betetzen dutelako gehienetan, eta, beraz, egokiagoa iruditzen zait dokumentalak kontatzen duena oso-oso labur idaztea.

Inperialismoaren eta kolonialismoaren aurpegi krudelena erakusten du lanak, Kongoko Errepublikaren gainean zegoen interes internazionala abiapuntutzat hartuta. 1960ra arte Belgikaren kolonia izan da Kongo, bereziki interesgarria, bertan zeuden mineral erreserben balioa trilioika dolarrekoa zelako. Beraz, itu ekonomiko izatearen erruz, herrialdeak eta herritarrek jasan duten
sufrimendu guztia erakusten da.

Estatu Batuak, Belgika, Sobietar Batasuna, NATO, Nazio Batuen Erakundea, Kuba... Guztien iritzi, jokaera eta erabaki politikoak azaltzen dira nahaspila konplexu moduan. Eisenhower, Malcolm X, Fidel Castro, Asia eta Afrikako herrialdeetako NBEko ordezkariak... Horiek ere, noski, historiaren jokoan pieza direnez, dokumentalean agertzen dira, eta bakoitzaren rola eta parte hartzea azaltzen. Uranio erreserbak dituen herrialdea izanik, gerra hotzaren eta gerra nuklearraren inguruan ere azalpen ugari daude lanean.

Horrelako egoera batean, gizakiaren alderdi okerrena seinalatzen du dokumentalak. Espero izango duzuenez, hilketak, bortxaketak, azpijoko politikoak eta lider politikoen hilketa saiakerak agertzen dira. Amorru handiz ikusi beharko duzue 1960an itxurazko independentzia deklarazio bat sinatu zela, hiru egun lehenago “Unión Minera” pribatizatu eta Belgikari saldu ondoren; eta, amorru handiz, Patrice Lumumba lehen ministro legitimoa etxean atxilotuko dutela, zazpi hilabete geroago hiltzeko.

Laburpenak ez du dokumentaleko informazio guztiaren argazki osoa erakusten. Gogorra izango bada ere, ikusi lana, beste erarik ez dago gatazka politikoa ulertzen hasteko. Guztiaren tartean musikak, bereziki jazzak, izan zuen papera azaltzen da: musikarien parte hartzea, horiek arma edo distrakzio gisa erabiltzea, eta nola Abbey Lincoln eta Max Roach musikariek NBEren bilera batean Lumumbaren hilketa salatu zuten, besteak beste. Ñabardura friki bat: pelikulako letra- tipo eta koloreak jazzeko disko klasikoetan erabiltzen diren berberak dira.

Labur esanda, ahoan odol zaporea uzten duen dokumentala da Soundtrack to a coup d’etat, krudela, baina gure pribilegio posiziotik, gutxienez, historia ezagutu behar dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2024
2024-09-29 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. Azken eguna.
Ezer gutxi kontatzen duten isiluneak


Sail Ofiziala. Klausurako filma
Eta igande euritsu, erromantiko eta negartia iritsi zen

Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]


Aktore onenaren saria, Patricia López Arnaizentzat

Patricia López de Arnaiz gasteiztarrak aktore onenaren sari nagusia irabazi du Donostiako 72. Zinemaldian, Pilar Palomerok zuzendu duen 'Los destellos' filmean egindako lanagatik.

Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuko lehen narrazioan... [+]


Zezenaren tortura babesten duen dokumentalak irabazi du Zinemaldiko Urrezko Maskorra

Andrés Roca Rey toreroaren egunerokoaren hainbat pintzelkada ematen ditu Tardes de soledad zintak, besteak beste, hotelean eta hoteletik zezen-plazarako bidean eginiko elkarrizketak edo janzte aldiko uneak, eta plazan zezena nola sufriarazten eta hiltzen duen erakusten... [+]


2024-09-28 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia. 8.eguna
Ez dut sekula pelikulekin negar egiten


Sail Ofiziala. 8.eguna
Sinets nazazu


2024-09-27 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia 7.eguna
Bikaintasun esplikagaitza, berriz


2024-09-26 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Por donde pasa el silencio


Sail Ofiziala. 6.eguna
Ihes egin heriotzari, aurrerantz

Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]


ARGAZKIAK | Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Zinemaldian

Astearte gauean egin zen Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.


2024-09-25 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 5. eguna
Zinea ala antzerkia?


Eguneraketa berriak daude