Bide handietarik bazter dago Oragarre. Bertara iritsi nahi duenak Bardozetik, edo Bidaxunen gaindi, Arrutako plaza baino lehentxoago eskuin hartuko du. Laborari eta artisau herri ezezaguna da. Bost auzo, lau ostatu, hiru eskola, bi saltoki eta ezantzategi bat baziren. Bartetan baseliza bada eta Zelai auzoan eliza nagusia. XX. mende hasieran mila oragartar kontatzen zitezkeen. Orain bostehun dira.
Gerrate ugariek –kalostrapean dago Frantziaren alde odola eman zutenen zerrenda– eta memoriarik gabeko exodo ruralak hustu zituzten munoz, elgez, larrez, pentzez, sasiz, xaraz, otadiz eta iraztorrez josi bazterrak. Aspaldiko historia luzearen harira Oragarreko baserririk zaharrena Uhanen kokatzen da. Izozta deitzen den XIV. gizaldiko egoitzak Nafarroan ardura gurutzatzen diren dorre-etxe itxura du. Iruñeko jaun-andereen eremuetako hondar mugetarik bat zen Oragarre 1160an Sanctus Johannes de Oleger zelarik. Beranduago Oreguy eta 1665eko Nafarroako Estatuen arabera Oreguer izenak zeramatzan. XII. mendean sartu zen Amikuzeko Ahetzeko managunea Nafarroako Erregeen magalean. Oragartarrek buru-bero zirtolari fama dute Labriteko jaun-andereekin herrialdearen eskubideak negoziatzen eta Bergoueytik Bastida Bearnotik Bidaxunerainoko fronteraren zaintzeko milizia armatuak osatzen ziren garaietarik hain zuzen.
Eskualdeko oinezko xendrak herrian juntatzen dira Bardoze, Bidaxune, Arruta, Martxuta, Amorotze-Zokotze, Donamartiri, Izturitze, Mehaine, Aiherra edo Pesarutik hurbiltzean. Beribilaren erabilpena garatzean eta funtsen berrantolaketaren ondorioz zidor horietarik asko ezabatu ziren, jaustegiak suntsitu, orga eta mando bideak lausotu, baina ibiltariak aztarnak sumatu ditzake engoitik sasi artean. Senda seinalatu zenbait finkatu dira berrikitan, herriaren itzuliaren egiteko. Etxe zuri-gorriz ttakatu ordokiak, lautadak eta zelaiak mirets ditzakegu halatan berrehun metrora hupatzen den Mendi edo Gurutze Kaskotik.
Hiru ibaik azpatzen dute Oragarre. Uhanek zeharkatzen du izen bereko auzo zabala erdiz erdi Bartetaraino eta han Arberuara isurtzen da Lihuri aberastu aitzin. Apateko Errekak Zelai zola ureztatzen du Amikuzeko Oihanerantz, han, honek ere Lihuri asetzen duela. Bidaxune aldean Bidoze zilarrean urtzen da Lihuri. Erreka umilak dira baina uholdeak hantzean hegiak gainditzen dituzte, abereak eta zubiak eramanez. Ur aberatsak ziren gure haurtzaroan eta udako arratsaldeak ibaien ezpondetan higatzen genituen arrantzan. Ertz sasitsuetan halaber aterpetzen ziren udaberrietan herrira amoinaz zetozen Nakoren sendiko buhameak. Nagitzeko, gogoetatzeko, isiltzeko eta natura oparoarekin bat egiteko leku bekaitzak direla ezin uka.
Erreken besoetan hedatzen dira auzoak. Damasenean gaindi Mehainerako norabidean dago Haize hertsia: mendi apalak, etxe zuriak eta artaldeak. Hegoak larrazkenean ibarraren kukurustak distira eta kantarazten ditu. Oragarre, Isturitze eta Mehaine artean maiz su hartzen zuten landak baziren. Dagoeneko lur izkin puxinka guztiak landuak dira edo gerizatuak. Ardi hazkuntza baserriak aurkitzen dira Urrutiborda gainetan. Handik jaistean Uhane zeharkatzen da: ostatuak, gasolindegia, arotzak, jostunak, mahaxturuak, Xarlestegiren taxia, makinak konpontzeko tailerrak, dendak eta eskolak kausi zitezkeen herenegun. Bizitza egiten zen herritik atera beharrik gabe. Gaur pilota plaza arraberrituak soilik alaitzen du kartierra. Hortik Zelaira joan daiteke Ixtunen gora edo Kaskiletan barna Bartetaraino. Kaskileta –kaskila liliz azpatua zena– ukigarria da: Larripeneatik ikus daitezkeen etxaldeak oro bata bestearen ondoan dira, Uhane errekaren altzoko artadi eta belardietan pausatuak bezala. Etxeberrian gora zulatzen zuen kaskiletarren mezabideak.
Bartak, ihi eta urmel gune apalak ziren. XIX. mendean Landetarik zein Biarnotik beharginak etorrarazi zituzten lurrak uren menetik askatu eta laborantzarako baliatzeko. Horko biztanleek luzaz okzitaniera zeukaten ezpainetan oragartarrak euskaradunak ziren bitartean. Aitor dezagula herriko euskararen harilkatzea salbaia dela: Zuberoako ü hura daukate batzuek eleetan, besteek Nafarroako hitzen musika eta azkenek Lapurdikoaren soinua ezpainetan. Hemen aditza irensten da, auzoko biarnesaren itzala sumatzen eta hika arraiki mintzatzen. Erabilpena ahulduz doan arren, aditzen dira hala ere bereziki Donapaleu edo Arberuako ikastoletan dabiltzan haur hotzak euskaraz. Bartetan adinekoek gaskoia trabukatzen dute oraindik. Azken muga honetan hargatik hizkuntza nagusia frantsesa bihurtua da.
Bartetako eskola eta baseliza begimendu baino lehen Amikuzeko Oihanean soseguz galtzeko sarrera dago. Iango eta Tartasko pezetako arbolen eskuzabaltasuna dastatuko dugu berehala. Euri sobera dagienean zubia lehertua suertatzen da, azken egunotan bezala. Albret edo Labriteko Joana erreginaren ontasun kuttuna zen Amikuzeko Oihana Bidoze ibaiaren haraneko herrien artean kudeatzen da. XIX. mendean egurrak salduz Donapaleun ur-banatze-egitura ezarri zen, laborariak oihanaren emaitzen pribatizatzea dailuak, sardeak eta igitaiak eskuetan salatzen zebiltzala. Oihanean gordeko ziren Bigarren Mundu Gerra aroan alemanen eskuetara erori nahi ez zuten biztanle bipilak. Hedexurietarik ihes zebiltzanak halaber. Historia horiengatik ez gara sekula oihana gauez trabesatzeko gai izan.
1965etik hara Jean Errekart senatore eta auzapezak (1909-1971) eraman zuen lurren antolaketaraino, zainetarik jauzi ziren nekazari franko orduan, herriko ontasunak nagusi edo etxekandere baten esku –edo atzamar– zeuden. Etxetiarrak ziren oragartarrak. Horrek esplika dezake beraz familia osoek eta partikulazki gazteek zergatik abandonatzen zituzten etxaldeak hirietara joateko sehi, mutil edo funtzionario. XIX. mendean Argentinara zein Uruguairako migrazio ontziak bete zituzten arbasoek Guillaume apezaren lista argitara berria lekuko. Jean Errekart eskualdearen odolusteaz arranguratu zen jendeak herrian geratuko zirela amestuz. Amikuze osoa garapen ekonomikoaren zigilupean jarri zuen, bigarren mailako lizeoa, Sokorri klinika, ausaldietarako egiturak edo Lur Berri kooperatiba sortuz. Denbora batez Amerika antza zuten Oragarreko malkarrek, batetik Amikuzeko Oihanean lortu ez zen aintzira moldatze xedearekin –ideiak itolarria sortzen zigun– eta bestetik Kaskiletako patarretan agertzen ziren foratzeko tresna erraldoiekin, gasa eta petrolioa aurkitzea helburu.
Amikuzeko Oihanaren mugetan dagoen etxe multzoa alde batera utzirik (Gelosborda, Zuhigaraiborda...) Zelaira hurreratuko gara, neguko goizetan izotza eta beleak soroetan kroaka. Hemen datza herriaren bihotza. Eliza, eskola bat eta Oragarretxe ohian aterpetzen den udala. Trinketa eta guztiek balia dezaketen egoitza berriak eraiki dira. Baionan lan egiten dutenak Oragarrera datoz bizitzera, barnealdean lurraren prezioa mendreagoa baita. Herenegun, Petirik martxarazten zuen okindegia bazen eta ardo saltzailea. Ardura ikusten ziren bospasei herritar sotoko oporrean horditzen. Kantari eta gaizki-erraile. Behialako hiru eskolak eta posta zerratuak dira jagoitik, ostatuak desagertuak, salbu Pupunategia. Apurrak biltzen dira hor iraganaz solastatzeko.
Jondoni Baptista eliza 1670ean altxatu zen. 1712an Joanes Hegi herriko artistari eskatu zitzaion Alexandriako Katalinaren potretaz erretaula barrokoaren argitzea, Dartiguecave kanboarrari zizelkien urreztatzeko lana eman zitzaionean 50 urte beranduago. Hiru margok edertzen dute aldarea. Martxuta, Gabadi eta Arrutako elizen barneak hornituko zituen gero Hegik modu berdinean. Hilerriak egoitza inguratzen du alderik alde eta harri borobilak badira sarreran berean. Igandeetan jendea trumilka metatzen zen goizeko mezatik arratsaldeko bezperetaraino. Zeremonia bukatzean ez hain aspaldi arte Jean-Frantxua Errekarte krida zenaren ahots azkarra hauteman zitekeen asteko hitz orduak bihikatzen. Emazteak hilerriko atarian zeuden eta gizonak errondan plazaren erdian, tabernetan barreiatu aitzin. Urte hasieran herriko plaza berriz moldatu zen frontoia kenduz. Alabaina, horma beilegiak bista mozten zuen eta istripuak gertatzen ziren. Ez da pilota klaskarik adituko hemendik goiti Zelaien.
Gure oroitzapenetan Oragarreko bideak zahar elekari, kokin, ironiko eta pataskariz mukuru daude baina jada norbera bere etxeetan gelditzen dela nehor ez da gurutzatzen. Edo kasik. Barnealdeko herri txikien destinoa omen da.
Andrea Velasko dietista eta nutrizionistak elikaduraren bidez menopausiak eragindako aldaketak kudeatzeko zenbait gako eman ditu.
BRN + Auzoko eta Sain mendi + Odei + Monsieur le crepe eta Muxker
Zer: Uzta jaia.
Noiz: maiatzaren 2an.
Non: Bilborock aretoan.
---------------------------------------------------------
Ereindako haziek ura, argia eta denbora behar dute ernaltzeko. Naturak berezko ditu... [+]
Sei urteko etenaldiaren ostean, maiatzaren 18an, Sortzen jaia ospatuko dute Takoneran D ereduko eskola publikoen aldeko jaia. Ikuskizunak, haurrendako jolasak eta Gorka Urbizu edota Borla taldeen kontzertuak izango dira.
Ikusiz zenbat psikologok, medikuk, terapeutak… metodo mirakuluak partekatzen dizkiguten, pentsa daiteke haurren heziketa nazioarteko kezka dela eta denok adituak bilakatu garela.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoko (CHE) lehendakariak egin du iragarpena aste hasieran: Esako urtegia handitzeko lanen laugarren moldaketari aurten ekingo diote eta urtegiaren eskuin magala egonkortzeko 47 milioi euro gastatuko dira.
Gasteizko Udalak esan du enpresa negoziatzera deitzen ari dela. Sindikatuek eskatu diote Gasteizko langileak defendatu ditzala Enviserren jabea den AEBetako inbertsio funtsaren aurrean.
Bilboko, Gasteizko eta Donostiako herri jaietako ordezkariek agerraldi bateratua egin dute maiatzaren 8 honetan, txosnei jarritako zailtasunak salatzeko eta jai eredu herrikoa "desagertzeko arriskuan" dagoela ohartarazteko.
Aurreneko aldiz Euskaraldiaren barruan Hikaldia egingo da. 83 herrik eman dute izena. Iaz hitanoa bultzatzeko sortu zen ZirHika talde eragileak antolatu du ekimena, Tauparekin batera. Patxi Saez Beloki ZirHika taldeko kidea elkarrizketatu dugu. Bi helburu dituzte estreinaldian:... [+]
Azken asteotan, energia berriztagarriei buruzko eztabaida komunikabideetan zabaldu da. Euskal Herrian, lehenik eta behin, Aritz Otxandianok jasandako erasoaren kasu mediatikoa izan genuen, berak energia berriztagarrien aldeko jarrerari egotzi ziona; handik egun gutxira,... [+]
Antonio Turiel fisikari eta CSICeko ikerlariak aspaldiko urteetan ez bezala bete zuen Hernaniko Florida auzoko San Jose Langilearen eliza asteazkenean. Zientoka lagun elkartu ziren Urumeako Mendiak Bizirik taldeak antolatuta Trantsizio energetikoaren mugak izeneko bere hitzaldia... [+]
"Bake zubiak eraikitzeko laguntza" eskatu dio jendeari balkoitik egin duen lehen agerraldian.
“Proposamen oso eskasa egin du Hezkuntza Sailak, berme eta zehaztapenak txertatu barik”, kontatu dio ARGIAri STEILASeko bozeramaile Haizea Arbidek. Ostegun honetan bilera izan dute sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, EAEko irakaskuntza publikoko... [+]
Epaiak dio 2001ean Sorzabalek egindako autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" izan zela, eta beraz, "baliogabea" dela. 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izanagatik atxilotu zuten 2001ean, eta bost egunez inkomunikatuta atxiki zuten, gogorki torturatuz.
Sorionekuak mugimenduak larunbaterako mobilizazioa deitu du. Goizean herriz herri Nafarroako zubietan elkartuko dira eta arratsaldean Iruñean manifestazioa abiatuko dute, Kostarapea parketik (Trinitarios-Tren parkea) abiatuta 17:30ean. Ireki ateak euskarari lelopean... [+]