Ultima limes

  • Bide handietarik bazter dago Oragarre. Bertara iritsi nahi duenak Bardozetik, edo Bidaxunen gaindi, Arrutako plaza baino lehentxoago eskuin hartuko du. Laborari eta artisau herri ezezaguna da. Bost auzo, lau ostatu, hiru eskola, bi saltoki eta ezantzategi bat baziren. Bartetan baseliza bada eta Zelai auzoan eliza nagusia. XX. mende hasieran mila oragartar kontatzen zitezkeen. Orain bostehun dira.

Oragarre (Nafarroa Beherea)
Oragarre (Nafarroa Beherea)Gaizka Iroz

Gerrate ugariek –kalostrapean dago Frantziaren alde odola eman zutenen zerrenda– eta memoriarik gabeko exodo ruralak hustu zituzten munoz, elgez, larrez, pentzez, sasiz, xaraz, otadiz eta iraztorrez josi bazterrak. Aspaldiko historia luzearen harira Oragarreko baserririk zaharrena Uhanen kokatzen da. Izozta deitzen den XIV. gizaldiko egoitzak Nafarroan ardura gurutzatzen diren dorre-etxe itxura du. Iruñeko jaun-andereen eremuetako hondar mugetarik bat zen Oragarre 1160an Sanctus Johannes de Oleger zelarik. Beranduago Oreguy eta 1665eko Nafarroako Estatuen arabera Oreguer izenak zeramatzan. XII. mendean sartu zen Amikuzeko Ahetzeko managunea Nafarroako Erregeen magalean. Oragartarrek buru-bero zirtolari fama dute Labriteko jaun-andereekin herrialdearen eskubideak negoziatzen eta Bergoueytik Bastida Bearnotik Bidaxunerainoko fronteraren zaintzeko milizia armatuak osatzen ziren garaietarik hain zuzen.

Xendra zaharren aztarnak

Eskualdeko oinezko xendrak herrian juntatzen dira Bardoze, Bidaxune, Arruta, Martxuta, Amorotze-Zokotze, Donamartiri, Izturitze, Mehaine, Aiherra edo Pesarutik hurbiltzean. Beribilaren erabilpena garatzean eta funtsen berrantolaketaren ondorioz zidor horietarik asko ezabatu ziren, jaustegiak suntsitu, orga eta mando bideak lausotu, baina ibiltariak aztarnak sumatu ditzake engoitik sasi artean. Senda seinalatu zenbait finkatu dira berrikitan, herriaren itzuliaren egiteko. Etxe zuri-gorriz ttakatu ordokiak, lautadak eta zelaiak mirets ditzakegu halatan berrehun metrora hupatzen den Mendi edo Gurutze Kaskotik.


Hiru ibaik azpatzen dute Oragarre. Uhanek zeharkatzen du izen bereko auzo zabala erdiz erdi Bartetaraino eta han Arberuara isurtzen da Lihuri aberastu aitzin. Apateko Errekak Zelai zola ureztatzen du Amikuzeko Oihanerantz, han, honek ere Lihuri asetzen duela. Bidaxune aldean Bidoze zilarrean urtzen da Lihuri. Erreka umilak dira baina uholdeak hantzean hegiak gainditzen dituzte, abereak eta zubiak eramanez. Ur aberatsak ziren gure haurtzaroan eta udako arratsaldeak ibaien ezpondetan higatzen genituen arrantzan. Ertz sasitsuetan halaber aterpetzen ziren udaberrietan herrira amoinaz zetozen Nakoren sendiko buhameak. Nagitzeko, gogoetatzeko, isiltzeko eta natura oparoarekin bat egiteko leku bekaitzak direla ezin uka.

Non dira ostatuak, arotzak, jostunak, taxia?

Erreken besoetan hedatzen dira auzoak. Damasenean gaindi Mehainerako norabidean dago Haize hertsia: mendi apalak, etxe zuriak eta artaldeak. Hegoak larrazkenean ibarraren kukurustak distira eta kantarazten ditu. Oragarre, Isturitze eta Mehaine artean maiz su hartzen zuten landak baziren. Dagoeneko lur izkin puxinka guztiak landuak dira edo gerizatuak. Ardi hazkuntza baserriak aurkitzen dira Urrutiborda gainetan. Handik jaistean Uhane zeharkatzen da: ostatuak, gasolindegia, arotzak, jostunak, mahaxturuak, Xarlestegiren taxia, makinak konpontzeko tailerrak, dendak eta eskolak kausi zitezkeen herenegun. Bizitza egiten zen herritik atera beharrik gabe. Gaur pilota plaza arraberrituak soilik alaitzen du kartierra. Hortik Zelaira joan daiteke Ixtunen gora edo Kaskiletan barna Bartetaraino. Kaskileta –kaskila liliz azpatua zena– ukigarria da: Larripeneatik ikus daitezkeen etxaldeak oro bata bestearen ondoan dira, Uhane errekaren altzoko artadi eta belardietan pausatuak bezala. Etxeberrian gora zulatzen zuen kaskiletarren mezabideak.


Bartak, ihi eta urmel gune apalak ziren. XIX. mendean Landetarik zein Biarnotik beharginak etorrarazi zituzten lurrak uren menetik askatu eta laborantzarako baliatzeko. Horko biztanleek luzaz okzitaniera zeukaten ezpainetan oragartarrak euskaradunak ziren bitartean. Aitor dezagula herriko euskararen harilkatzea salbaia dela: Zuberoako ü hura daukate batzuek eleetan, besteek Nafarroako hitzen musika eta azkenek Lapurdikoaren soinua ezpainetan. Hemen aditza irensten da, auzoko biarnesaren itzala sumatzen eta hika arraiki mintzatzen. Erabilpena ahulduz doan arren, aditzen dira hala ere bereziki Donapaleu edo Arberuako ikastoletan dabiltzan haur hotzak euskaraz. Bartetan adinekoek gaskoia trabukatzen dute oraindik. Azken muga honetan hargatik hizkuntza nagusia frantsesa bihurtua da.

Oihanean galduta

Bartetako eskola eta baseliza begimendu baino lehen Amikuzeko Oihanean soseguz galtzeko sarrera dago. Iango eta Tartasko pezetako arbolen eskuzabaltasuna dastatuko dugu berehala. Euri sobera dagienean zubia lehertua suertatzen da, azken egunotan bezala. Albret edo Labriteko Joana erreginaren ontasun kuttuna zen Amikuzeko Oihana Bidoze ibaiaren haraneko herrien artean kudeatzen da. XIX. mendean egurrak salduz Donapaleun ur-banatze-egitura ezarri zen, laborariak oihanaren emaitzen pribatizatzea dailuak, sardeak eta igitaiak eskuetan salatzen zebiltzala. Oihanean gordeko ziren Bigarren Mundu Gerra aroan alemanen eskuetara erori nahi ez zuten biztanle bipilak. Hedexurietarik ihes zebiltzanak halaber. Historia horiengatik ez gara sekula oihana gauez trabesatzeko gai izan.

Odolustea

1965etik hara Jean Errekart senatore eta auzapezak (1909-1971) eraman zuen lurren antolaketaraino, zainetarik jauzi ziren nekazari franko orduan, herriko ontasunak nagusi edo etxekandere baten esku –edo atzamar– zeuden. Etxetiarrak ziren oragartarrak. Horrek esplika dezake beraz familia osoek eta partikulazki gazteek zergatik abandonatzen zituzten etxaldeak hirietara joateko sehi, mutil edo funtzionario. XIX. mendean Argentinara zein Uruguairako migrazio ontziak bete zituzten arbasoek Guillaume apezaren lista argitara berria lekuko. Jean Errekart eskualdearen odolusteaz arranguratu zen jendeak herrian geratuko zirela amestuz. Amikuze osoa garapen ekonomikoaren zigilupean jarri zuen, bigarren mailako lizeoa, Sokorri klinika, ausaldietarako egiturak edo Lur Berri kooperatiba sortuz. Denbora batez Amerika antza zuten Oragarreko malkarrek, batetik Amikuzeko Oihanean lortu ez zen aintzira moldatze xedearekin –ideiak itolarria sortzen zigun– eta bestetik Kaskiletako patarretan agertzen ziren foratzeko tresna erraldoiekin, gasa eta petrolioa aurkitzea helburu.

Zelai

Amikuzeko Oihanaren mugetan dagoen etxe multzoa alde batera utzirik (Gelosborda, Zuhigaraiborda...) Zelaira hurreratuko gara, neguko goizetan izotza eta beleak soroetan kroaka. Hemen datza herriaren bihotza. Eliza, eskola bat eta Oragarretxe ohian aterpetzen den udala. Trinketa eta guztiek balia dezaketen egoitza berriak eraiki dira. Baionan lan egiten dutenak Oragarrera datoz bizitzera, barnealdean lurraren prezioa mendreagoa baita. Herenegun, Petirik martxarazten zuen okindegia bazen eta ardo saltzailea. Ardura ikusten ziren bospasei herritar sotoko oporrean horditzen. Kantari eta gaizki-erraile. Behialako hiru eskolak eta posta zerratuak dira jagoitik, ostatuak desagertuak, salbu Pupunategia. Apurrak biltzen dira hor iraganaz solastatzeko.


Jondoni Baptista eliza 1670ean altxatu zen. 1712an Joanes Hegi herriko artistari eskatu zitzaion Alexandriako Katalinaren potretaz erretaula barrokoaren argitzea, Dartiguecave kanboarrari zizelkien urreztatzeko lana eman zitzaionean 50 urte beranduago. Hiru margok edertzen dute aldarea. Martxuta, Gabadi eta Arrutako elizen barneak hornituko zituen gero Hegik modu berdinean. Hilerriak egoitza inguratzen du alderik alde eta harri borobilak badira sarreran berean. Igandeetan jendea trumilka metatzen zen goizeko mezatik arratsaldeko bezperetaraino. Zeremonia bukatzean ez hain aspaldi arte Jean-Frantxua Errekarte krida zenaren ahots azkarra hauteman zitekeen asteko hitz orduak bihikatzen. Emazteak hilerriko atarian zeuden eta gizonak errondan plazaren erdian, tabernetan barreiatu aitzin. Urte hasieran herriko plaza berriz moldatu zen frontoia kenduz. Alabaina, horma beilegiak bista mozten zuen eta istripuak gertatzen ziren. Ez da pilota klaskarik adituko hemendik goiti Zelaien.


Gure oroitzapenetan Oragarreko bideak zahar elekari, kokin, ironiko eta pataskariz mukuru daude baina jada norbera bere etxeetan gelditzen dela nehor ez da gurutzatzen. Edo kasik. Barnealdeko herri txikien destinoa omen da.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude