Sorionekuak mugimenduak larunbaterako mobilizazioa deitu du. Goizean herriz herri Nafarroako zubietan elkartuko dira eta arratsaldean Iruñean manifestazioa abiatuko dute, Kostarapea parketik (Trinitarios-Tren parkea) abiatuta 17:30ean. Ireki ateak euskarari lelopean aurrera emanen dute ekimena. Berria-ri eskainitako elkarrizketan Ibai Sueskunek zehaztu bezala, ekitaldi "alaia" antolatzea dute xede.
Duela bi urte, Iruñean 10.000 lagunek aldarrikatu zuten euskara, miretsi baino, erabili egin behar dela eta horretarako aukerak eta baliabideak behar direla. Lehen pauso horri jarraipena emateko, egun osoko egitaraua antolatu dute larunbaterako, Ireki ateak euskarari lelopean. Goizean, Nafarroa osoko 30 bat herritan bideratuko dituzte ekimenak, eta arratsaldean, berriz, Iruñean bertan.
Egitasmoko kide den Ibai Sueskunek BERRIAri eskainitako elkarrizketan adierazi duenari segi, 2023ko egun hark izandako arrakastaz berehala ohartu ziren, "markatutako norabidearengatik" bereziki, soinean "aldarrikapen asko" eraman zituztelako. Halaber, jakinarazi du antolakuntzan aldaketa nabarmena izan dela: "Nafarroako gizarte zibilaren ordezkaritza zabal bat batu nahi izan dugu".
Eragile berriak sartu izana ez da aurtengo berritasun bakarra izan. Zubiak dira aurtengo protagonistak, eta horren inguruan zera adierazi du Sueskunek: "Funtsean, sorionekuon helburuak azaltzeko erabili dira", hala nola, "euskararen aldekotasunak piztea, kontrako jarrerak apaltzea, beharrezkoa den ofizialtasuna aldarrikatzea eta horren alde urratsak egitea".
Aurkezpen egunean adierazi bezala, 'ireki ateak euskarari' goiburupean egingo dira, beraz, larunbateko ekimenak, uste dutelako elkarren arteko topaguneak ezinbestekoak direla eta euskara etorkizunerako zubi dela. Ateak ere ireki nahi dituzte elkar ulertzeko, eskubideen alde egiteko eta aurrerapausoak emateko: "Gure hizkuntzari ateak ireki nahi dizkiogu euskara nafar guztiona delako, ateak ireki nahi dizkiogu gure hizkuntzari, baita herritar guztien eskubideei ere. Euskara Nafarroakoa da, eta Nafarroakoa bada, nafar guztiona da".
"Ekitaldi alaia"
Sueskunek larunbateko egitarauaren berri eman du elkarrizketan. Eguerdian, "Nafarroako hainbat herritako zubietan elkartuko gara eta argazki bana egingo dugu", eta ezagutarazi du herri bakoitzak –30 baino gehiago direnak– bere egitarau propioa findu duela: "Batzuek kalejira egingo dute, beste batzuek erraldoien desfilea, hamaiketakoa, bertsoak...". Arratsaldean, Iruñean, mobilizazio nagusia izango da 17:30ean, Kosterapea pasealekutik abiatuta. Horren aurretik, baina, Porrotxek parte hartzaileei harrera egingo die. Manifestazioko irakurketaren ostean Ene Kantak taldeak saioa egingo du.
Mobilizazioak "ohikoa" izatetik gutxi izango duela adierazi du. Batetik, manifestazioa abiatzeko lekuari dagokionez –Kosterapea pasealekua–: "Iruñeko askok ere ez dute ezagutzen! Trinitarioetako trenaren parkearen ondoan dago. Toki hori aukeratu genuen haur txikiak dituzten familiei begira". Manifestazioaren edukiari dagokionez, bestetik: "Ez genuen ohiko manifestazio bat egin nahi, (...) Ekitaldi alaia antolatu dugu zera aldarrikatzeko; euskarak batzen gaituela, eta ez dela lubaki bat, baizik eta zubi bat". Lekua eta edukiaz gain, bada beste kontu bat ohikotasunetik aldentzen dena: "Umeak manifestazioaren lehen lerroan joango dira, sorionekuen bandera erraldoia daramatela".