Zabbaleen jendea, Kairoko zaborren aprobetxatzaileak

70.000 dira eta haien izenak, Zabbaleen, arabieraz “zaborretako jendea” nahi omen du esan. Goizero jaisten dira Egiptoko hiriburuko kaleetara hiritarren hondakinak biltzera, gero beren auzoetara eraman, bereizi eta %85 birziklatzeko lantegietara bideratzeko. Zaborra dute bizibide.

1950eko hamarkadan heldu ziren hego Egiptoko kristau koptook basamortutik, lehorteari eta goseari iheska. Ogia nolabait irabazi behar eta tratua egin zuten ordura arte Kairoko hondakinak biltzetik bizi ziren Wahi-tarrekin. Hauei dirutan eta paper-kartoi usatuetan ordaindutako prezio baten truke eskuratu zuten zabbaleendarrek zaborren “negozioa”. Gaur arte.

Badira munduan beste herritarren hondakinetatik bizi diren tribu eta enda gehiago. Denen artean fama berezia eskuratu dute Kairoko zabbaleendarrek, pare bat film dokumentaleko protagonistak izateraino, Marina of the Zabbaleen (Zabbaleendarren auzo dotorea) eta Garbage Dreams (Zaborrezko ametsak).

New Internationalist aldizkarian Jehan Casinader-ek eman ditu jende horien albisteak artikulu batean: “Irabaziz batera ikasi. Kairoko ‘zaborretako jendea’ bizi maila hobetzen ari da”. Askoz sakonago aztertu zuen zabbaleendarren fenomenoa Jessica Boyd-ek Geographical aldizkari ingelesean: “Kairoko zaborretako jendea. Hiriburukoentzako ia ikusezinak diren arren, zabbaleendarrek hondakinak biltzen dizkiete, sailkatzen eta birziklatzen, funtsezko zerbitzua eskainiz”.

Goizero, eguna zabaldu baino lehen abiatzen dira gizon eta mutiko zabbaleendarrak Kairoko karriketara, kamionetak edo asto-karroak hartuta, hiriburuko biztanleek etxe atarietan utzi dituzten zaborrak biltzera. Atez ate, zabor guztiak, organikoak bezala besteak.

Etxera ekarrita, emakumeen eta neskatoen lana izanen da hondakin piletan arakatzea. Alde batera organikoak, etxeetan dituzten txerrien bazkarako. Bestetik, birziklagarria den gainerako ia guztia. Dena eskuz apartatu, bildu eta garbitzen da, ahal dena bertan birziklatzeko eta beste gehiena kanpoko merkatariei saltzeko.

Kairo megapolian metaturiko 18 milioi arimen hondarren artean bizi diren zabbaleendarrak txiro bizi izan dira urteotan, mespretxatuak baino gehiago ahaztuak. Haien arteko %70 analfabetoak dira. Baina inori ez zaio burutik pasa aitona-amonen basamortura itzultzerik. Ekonomia informalean –beltzean– ari diren beste askok bezala zabbaleendarrek ere bizimodua aurrera ateratzea lortu dute, bizi diren auzoetara argindarra eta iturriko ura ekartzea lortu dute. Eta gizartearen behar nagusi bat asetzen dutelako ohorea ere bai.

Geographicaleko erreportajean kontatzen zaigunez, egunean 4.000 tona zabor biltzen dute, Kairok sortzen duen guztiaren herena. Horiek beren sei auzoetan sailkatuko dituzte. Handiena Moqattam da, Kairotik Nasr Cityrako autobide bazterrean 25.000 arima biltzen dituena.

Moqattam zabortegi handi bat da, Egiptoko bero astunetan dena kirats. Euli, arratoi eta katurik ez da falta, baina behi, ardi eta ahuntzik ere ez. Zerriak etxeetan edukitzen dituzte, zaborretik apartatutako organikoz –txerri-janez– elikatuta.

Kiratsaz nabarmendu dio kazetariak bertan bizi den Ezzat Naem-i. “Hona datozenei galdetzen diet kiratsaz. Eta gero esaten diet ‘baina zuen zaborra da, ez gurea!’. Ez baduzue usain hau maite, nire jendeari esango diot ez jaisteko Kairora hiruzpalau egunez eta orduan ikusiko dugu”.

Teknologia atzamarren puntan

Zabbaleendar guztiak ez dira berdin bizi, han ere zakurrak hankutsik. Gure arteko ijitoen artean bezala –izena Egiptotik hartu zuten, horra– zorte hobea edo negozioetarako trebezia handiagoa izan dutenek etxebizitza dotoreagoak dauzkate, hondakinen katean lanbide erosoagoak, materialen salerosle edo bitartekari. Aldiz, txiroenak jardun ohi dute Kairon goizero zabor bilketan, berdin Muqattameko karriketan eskuzko bereizketan.

Baina hauek ere ez dira etxoletan bizi, hormigoizko blokeetan baino. Familiak goiko estaietan bizi dira; Jessica Boydek zertifikatu du barrutik oso txukun dauzkatela. Etxeok atzeko aldean ukuiluak edukitzen dituzte, non gizentzen dituzten bi edo hiru dozena zerri, txikiak eta beltzak, hondakinez bazkatuak.

Eraikinon bebarruetan eta kaleetan aritzen dira zakarren artean lanean emakumezkoak. Egunean 11 ordu edo gehiagoz. Alde batera apartatzen dituzte plastikoak, bestera beirakiak, metalak, kartoiak, janzkiak, hondar organikoak... Berezitakoak plastikozko zorro handietan sartu eta ilunabarrean eramango dituzte saltzera.

Lan gogorra eta aldi berean trebezia handia eskatzen duena. Eskuz egin beharrekoa. Zabbaleendarrek hamarkadotan gauza asko berritu dituzte, astoak gero eta gutxiago darabiltzate, argindarrez hornitu dituzte etxeak, baina bada aldaketa bat onartu ez dutena: eskularruak. Emakumeek uko egiten omen diete, dio Jessica Boydek: “Nahaigo dute hepatitisa harrapatzeko arriskuan aritu eskularruak janztea baino, lana mantsotzen dizute eta gainera horien erruz bildu gabe utzi dezakezu baliagarri den zerbait”.

Moqqatameko salerosketak minoria batek kontrolatzen ditu, biztanleen %30ek, familia bakoitza gai batzuetan bereizituta. Ikustekoak dira horko karrika, estrata, karkaba eta eskaratzak. Koloreka sailkatutako plastikozko mendiak, paper eta kartoi pilatu eta ondo estutuz egindako sorten kontra. Txoko batean kautxukietan espezializatuta daude. Hurrengoan zolarik gabeko oinetakoetan. Harantzagokoan plastikozko upeletan bildurik dauzkate botilen txapak, aluminiotarako urtzeko prest. Yogur poteak ere ez pentsa nolanahi apartatu dituztela: zaku batzuetan polietilenozkoak daude eta beste batzuetan polipropilenozkoak, ezberdinak izaki.

Ikusten denez, auzoa girotzen duen kiratsaren eta begirada zorabiatzen duen kaosaren atzean gaien ezagutza oso zehatza dago. Hondakinen teknologia sofistikatua. Hurrengo urratsetan gaiok urrutiko fabriketara joango dira, produktu berrietan usatzeko.

Orain hondakinen eta lan publikoen multinazionalak ere zabbaleendarren eremuan muturra sartu nahian dabiltza. Egiptoko gobernuak hiriburuaren irudia itxuratu nahi du, modernotu, eta konpainia handientzako, berriz, hondakinen kudeaketa diru iturri oparoa da. Hori bai, gaikako bilketa eta multinazionalen negozioa beti bizi dira elkarrekin haserre.

Garbage Dreams errodatzerakoan hiru zabbaleendar gazte eraman zituzten Galeseko konpainia handi bat bisitatzera, jende horren eta mundu modernoaren kontrastea irudikatzera. Nabil, 18 urte, ez zuten asko inpresionatu: “Hemen teknologia dago, bai, baina prezisiorik ez”. Galeseko lantokiak hondakinen %20 baino ez baitzuen lortzen birziklatzea.

Argazki oina: Stefano Marmoratoren irudian, Kairoko Muqattam auzoko zabbaleendar familia bat etxeko atarian, gaika sailkatutako hondakinez inguratuta. Zabbaleendarrek doan jasotzen dizkiete hondakinak kaletarrei, bizimodua birziklatzetik ateratzen dute. Orain Egiptoko gobernuak obra publikoetako multinazional batzuei eman nahi die hondakinen kudeaketa, aldi berean herritarrei tasak ordainaraziz. 2002an egin zuen gobernuak lehen ahalegina eta lau konpainia hasi ziren lanean. Kairoko hiritarrek, protestan, ostu edo erre egin zituzten hondakinentzako konpainiek ipinitako kontainerrak: nahiago dute orain arte bezala zabbaleendarrek zaborrak atez ate biltzea. Lau korporazioetatik hiruk etsita,  AMA italiarra baizik ez da geratu eta honek Zabbaleen jendea kontratatu du.

Informazio gehiago:

- Jessica Boyd-en erreportajea Geographical aldizkarian
- Jehan Casinaderren artikulua New Internationalist-en
- Zabbaleendarrez beste kronika bat Guernica magazinean
- Marina of the Zabbaleen filma
- Garbage Dreams filma
- Zabbaleen trust, jende horri laguntzen ahalegintzen den GKEa

Azkenak
Etorkizunean ere mendien alde

Orain dela hogei bat urte izandako mehatxuak datoz Gipuzkoako mendietara berriro ere, eta ez nolanahiko neurrian, gainera; tamaina eta kantitate handiagoan baizik. Proiektuok –bakarren bat jadanik eraikia; Zubietako erraustegia, kasu– landa-eremuan edota mendian dute... [+]


Migratzaileei hizkuntza harrera egiteko jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen

Urriaren 10 eta 11n Gasteizko Europa Jauregian egingo dira Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetzan urtero antolatzen dituzten jardunaldiak.


Iruñeko Ezpala tabernari eraso egin zioten Boixos Nois taldeko ultren kontrako akusazioa artxibatu du epaileak

Iturramako taberna herritarrari eraso egin zioten egunean bertan Iruñean ziren arren, salatutakoan parte hartu zutenik ezin dela frogatu dio epaileak. 2022ko azaroan Ezpala taberna txikitu eta bertan ziren bezeroak jipoitu zituzten Bartzelonako ultrek.


2024-09-26 | ARGIA
Realeko entrenatzaileak euskaraz jarraitu zuen, zenbait kazetari frantziar kexatu arren

Realeko futbol taldeko entrenatzaile Imanol Alguacilek, Nizan, Europako Ligako partiduaren aurretik eskainitako prentsaurrekoan euskarazko hedabideei euskaraz erantzuten ari zela, hainbat kazetariren kexa entzun behar izan du. Duela astebete antzeko egoera gertatu zen... [+]


EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk akordioa adostu dute Osakidetzako lan eskaintzen eredua berrikusteko

Osakidetzako lan eskaintza publikoen eredua "berrikustea" eta kontsolidazio prozesuak "bukatzea" galdatzen duen ekimen parlamentarioa adostu dute hiru alderdiek.


2024-09-26 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Por donde pasa el silencio


Greba arrakastatsua Nafarroako Hezkuntza Publikoan

Nafarroan hezkuntza publikoko milaka irakasle greba egitera daude deituta ostegun honetan eta mobilizazio ugari iragarri dituzte sindikatuek. Ratioen jaitsiera, plantillak egonkortu eta gainzama arintzea eskatzen dute, besteak beste: "Gobernuari dagokio hezkuntza publikoa... [+]


2024-09-26 | Euskal Irratiak
Baionako Ospitaleko ehunka langile mobilizatu dira lan-ordutegien berrantolaketaren kontra

Euskal Kostaldeko ospitaleko zuzendaritzak aurkeztu duen lan denboraren berrantolaketa proiektuaren salatzeko, intersindikalak mobilizaziorako deia egin zuen asteartean. Berrantolaketa proiektu horrek 2002an sortutako hitzarmena hausten duela diote sindikatuek, besteak beste RTT... [+]


2024-09-26 | Gedar
Ertzain bat Desokuparen parte dela argitaratu dute

Otavio da Silva ertzaina irakasle aritzen da Desokupan, eta emakume gisa dago erregistratuta. Bestalde, badirudi udan bere bikotekidea erailtzen saiatu zen ertzaina ez dutela Poliziatik bota.


Gaza iparraldeko zibil guztiak kanporatzea aztertzen ari da Netanyahu, begirada Libanon jarrita dagoela baliatuta

“Zonalde militar itxia” bilakatuko litzateke Gaza iparraldea, eta palestinar zibil guztiak kanporatzea ekarriko luke. Astebetean joaten ez diren guztiak helburu militar gisa hartu eta hil egingo lituzkete, planaren arabera.


Armen salmenta sekretupean mantentzeko akordioa daukate Israel eta Espainiaren artean

José Luis Zapatero Espainiako presidente zela hasi ziren akordioa lantzen 2011n eta 2014an gauzatu zuten Espainiako Mariano Rajoy eta Israelgo Shimon Peres presidenteek. Publico komunikabideak eman du akordio horren berri.


Sail Ofiziala. 6.eguna
Ihes egin heriotzari, aurrerantz

Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]


Eguneraketa berriak daude