"Unibertsala izateko batzuetan testuingurua behar du poemak"

  • Festina lente, astiro korrika, dator poema sorta. Igor Estankonak lasterraldi mantsoaren dibertsioaz gozatu du Iratzeen esporak (Susa) idatzi bitartean. Barrua eta kanpoa orekan, atmosfera iradokitzailez betetako poemak bildu ditu bere laugarren liburuan.
Igor Estankona
"Lehen absolutua eta unibertsala bilatzen nuen, eta uste nuen hori aurkitzeko bidea zela gauza atenporalak egitea, espazio konkretu batean gertatzen ez direnak. Gehiago irakurriz, esperientziaren bitartez eta poesiak zelan funtzionatzen duen ikasi ahala, konturatzen zara batzuetan, hain zuzen be, jarri behar duzuna dela testuingurua, hori izan dadin benetan absolutua eta unibertsala". Iñigo Azkona

Iratzeen esporak: tituluak Susan argitaratu zenuen aurrekoari, Tundrari, kontra egiten al dio nolabait? Hark bestelako hoztasun bat inspiratzen zuela esango nuke...


Titulu posible batzuk izaten ditut beti eta Tundra be horien artetik aukeratu nuen. Iratzeen esporak hasieratik horrela pentsatuta neukan, baina ez dago nahita eginda. Egia esan, irudi biziagoa da iratzeen esporena tundrako hotza baino. Liburuan bertan be ageri dira, nik uste, paisaia gehiago, bide gehiago, landare gehiago, erreka gehiago... Tundran baino. Natura gehiago agertzen da beste liburuetan baino.


Naturari egindako erreferentzia horien artean kimu berriak jaiotzea aipatzen da; aurkezpenean esan zenuen liburu honekin zuk ere aro berri bat hasi gura zenuela.


Bizitzan egoten dira une batzuk –eta lar dramatiko jarri barik gura nuke hau esan– non ematen duen batzuetan berriro kimatzen ari zarela. Eta hori gertatu zait niri urte bi hauetan; uste dut horri buruz inkontzienteki idatzi dudala. Gero itzultzen zara liburura eta konturatzen zara, kimuak daudela, udaberria ageri dela, sagarrak... Eta liburuak hartzen du halako tonu nabar bat, udazkenekoa moduan. Badago barnera begiratze bat, baina baita bizitza asko inguruan.

Kontrastea.


Bai, kontrasteak hainbat dira liburuan. Badaude poema oso gogorrak, elementu suabe batzuekin biguntzen doazenak. Baina historia, labur-labur kontatuta, zera da: haustura sentimental batetik harreman berri baterako trantsizio gaitz hori dago liburuaren muinean eta poema askotan. Jaiotzari buruzkoak dira poema batzuk, heriotzari buruzkoak beste batzuk, aldaketa konstante horri buruzkoak gehienbat. Horregatik hainbeste aipamen urtaroei, errekei, beti berberak nahiz eta ura pasatzen joan... Gai oso klasikoak, bestalde.


Trantsizioa: “Kalea laburra, meharra eta iluna da, baina handik gora bakarrik daki bihotzak joaten”.


Gabriel Arestik Esperantza kaleari kantatu zion hori. Eta, bueno, batzuetan bizimodua egiten da... estutu, inbutu batetik pasatuko balitzaizu bezala bizitza osoa; eta, jartzen zara atzera begira, batzuetan aurrekoa ikusi barik. Gero ikusten duzu, apur bat aurrerago, badagoela argi bat, eta horri jarraituz zoazela ematen du. Horregatik esan dut poema horretan, hortik bakarrik dakiela bihotzak joaten.

Dena dela, guztiak ez dira barnera begirako poemak. Gatazka ere ageri da. Zurtasunan, berbarako, beldurra azaleratzen duzu; tortura ageri da beste bizpahirutan...


Bai, gure mamu kolektiboak... Uste dut gure buruari ez diogula batere mesederik egiten batzuetan, eta nik behintzat onartu behar dut gauza askok egiten nautela barrutik inarrosi. Bat da tortura; beste bat kontrolatzen gaituztenaren... ez bakarrik sentsazioa, segurantza totala baizik; eta, nahiz eta oso subjektiboak diren, mamu horiek noizean behin bisita egiten digute. Ez dira gauzak asko aldatu Relación de las maléficas de Cantabria idatzi zenetik hona –beste poema batean aipatzen dut hori–. Gero, bakoitzaren kasuan oso pertsonalak bihurtzen dira amesgaizto horiek, eta kudeatzeko modu asko daude; baina, nork ez du sentitu beldurrik, ezta?

Eta zuk poema horiek argitaratuta zer nahi duzu, beldur hori adieraztea? Salatzea?


Nik uste dut salaketaren mailan geratzen dela; eta barruan daukagun poliziari hitz egiteko modu bat da, ezkutatzea baita gauza hauekin egin daitekeen txarrena. Horri buruz idatzita gure beldurrak eta mamuak txikiago egiten dira. Zentzu horretan, poema batzuk ilunak dira, baina badaude baita be poema batzuk oso desberdinak, ez daukatenak zerikusia bakarrik gatazkarekin. Hori poema gutxi batzuetan agertzen da; beste liburu batzuetan be sartu ditut gai sozial eta politikoak, eta hemen gutxi horietan laburbildu dut. Gustatzen zait liburuari ematen dioten ukitua.

Ahotsa galdu zuten mendianen Intxortako gudariak dituzu hizpide. Haietako batekin izandako harremanean hartutako desilusioa antzeman dut. Ba ote?


Hori dator Basilio Pujanaren gainean Bidegileak bildumarako egindako biografiatik. Basilio ja hilda, ni familiarekin berbaz, oso ideia konkretua neukan berari buruz –Eusko gudariak ereserkiaren egileetako bat da, Zeanuriko bertsolaria–, eta nire artean nioen batzuetan mitifikatu egiten ditugula zu eta ni bezalako pertsonak, testuinguru historiko batean beraien patuaren kontra borrokatu zirenak, eta galdu egin zutenak Intxortan. Askotan nahi diogu horri buelta eman, amestu zer gertatuko zatekeen Intxortan irabazi izan bagenu, baina poemak transmititu gura du hori alferrikakoa dela; hau da, nahiz eta Intxortan galdu, Lemoako haitzetan, Jaizkibelen... hemen gaudela oraindik; ezin garela bizi galdutako batailetatik, irabazteko dauzkagunetatik baizik.

Tundran eta Anemometroan baino gehiagotan azaltzen dira leku-izen konkretuak poemotan. Eta izenik gabe ere, lekuak nolabait ukigarriagoak egin zaizkit. Bilatutako zerbait izan da?


Hori bada aldaketa nabarmena: lehen absolutua eta unibertsala bilatzen nuen, eta uste nuen hori aurkitzeko bidea zela gauza atenporalak egitea, espazio konkretu batean gertatzen ez direnak. Gehiago irakurriz, esperientziaren bitartez eta poesiak zelan funtzionatzen duen ikasi ahala, konturatzen zara batzuetan, hain zuzen be, jarri behar duzuna dela testuingurua, hori izan dadin benetan absolutua eta unibertsala. Poema batzuk, lekuak eta paisaiak kenduz gero, ez dira ezertan geratzen. Lekuek, paisaiek, askotan egiten dute ideia indartu, eta hori, neurtuta noski, nahiago izan dut ipini. Nahiago izan dut esan aitari eta anaiari buruz ari naizela, amamari buruz, eta ez gauza hetereo bati buruz.


Beste diferentzia bat, agian: aurreko liburuetako poemek bukaera borobilagoak zituzten, azken kolpekoak ziren. Orain ez... edo ez hainbestetan.


Amaiera irekiagoak atera zaizkit. Ez du esan nahi ez ditudanik bilatu bertsolaritzan azkeneko puntuak deituko liratekeen horiek. Baina, igual hori positiboki begiratu behar genuke, eta esan betelan gutxiago egokeran, batzuetan kolpea lehenengo ahapaldian doala, eta bigarren ahapaldiak be eusten diola tonuari, eta hirugarrenak baita. Eta azken ahapaldia sartzen da suabeago, ez dago hainbesteko sorpresarik, bide bat eginda dauka poemak. Horregatik kasu batzuetan poema irekiagoak dira; baina, beste batzuetan, dentsoagoak, kontzentratuagoak.

Miles Davisen disko bi, Kind of blue eta Nefertiti, dira liburuko bi atalen tituluak. Jazza da liburu hau irakurri bitartean entzuteko soinu banda egokiena?


Kind of blue “tristezia antzeko bat” hitzekin itzuliko genuke, eta horrekin hasten da liburua, tristeziarekin. Nefertiti atalean pixka bat gorantz egiten du eta Iazko urtebeteak hitz-joko bat da. Urtebetea da sagar bat, beilegia, oso ondo irauten duena ilunetan, bodega batean-edo gordeta; eta orduan, hurrengo urtean be egon zaitezke iazko urtebeteak probatzen. Sagar mota ezagutzen duenak harrapatuko du, osterantzean ez.


Kantei, musikari, aurrekoetan baino aipu gutxiago eskaini diezu, halere.


Nahiago izan dut ez ipini. Aipuek zahartzaro txarra daukate.

Damutu egiten zara jarritako aipuren batekin, ala?


Ez da damua, baina poema apur bat kondizionatu egiten dute. Eta nire helburua izan denez –guztiz absurdua, baina– poemek irautea... Aipuek gutxiago irauten dute: gure gustuek beste, modek beste. Baina uste dut Miles Davis ez dela kasua.

Idazle izateaz gain, kritikaria ere bazara Argian. Nola bizi duzu bi fronteetan ibiltzea?


Ba, inoiz baino lasaiago, egia esan. Geroz eta oreka inposible gutxiago bilatzen dut, geroz eta artezago adierazten saiatzen naiz liburu batek iradoki didana, eta iritzia emateko geroz eta erreserba gutxiago daukat. Horrek ematen dizu askatasun bat idazteko, beti errespontsabilitatetik eta errespetutik, zure gustuei buruz. Ni konklusio batera heldu naiz: lehen uste genuen liburuak kritikatzen ari ginela, eta nik uste dut gehiago kritikatzen ditugula tendentziak, edo estiloak, edo poema motak. Nik kritika batean adierazten nabilena da, bakar bakarrik, liburu bat iruditu zaidala atsegina edo ez. Eta nire gustuen barruan liburu hori dagoela ondo idatzita edo ez. Uste dut behar dela horretan be trebakuntza bat; lehenengo kritiketan galdu egiten zara, baina orain gutxiago.

Azkenak
2024-09-22 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. 2.eguna
Ondo kiribilduta


Sail Ofiziala. 2.eguna
Mus jarraituan

Bai, aste honetan Chill Mafiak agur esan du eta zer eta musean jokatzen. Mus Corrido kantuan, metaforka hegan. Hordago batzuk bai bota dituela taldeak iraundako hiru urteotan. Jaso gabeko enbidorik geratuko zen bidean,  jakina, baina momentuz, nahiko; jaso... [+]


2024-09-21 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. 1.eguna
Zerk egiten duen pertsona

Urduritasunaren alarmak mugikorrekoak baino ordubete lehenago jota hasi da niretzat Donostiako 72. Zinemaldia, edo halabeharrak edo oparitu didan rol honetan. Goiz gosaldu eta akreditazioaren bila joan ostean, Victoria Eugenia antzokira hurbildu naiz 9:00etarako saiora, Emilia... [+]


Bonba-jostailuen oroimena oraindik bizirik da Libanon

Ekialde Erdia dantzan jarri dute pertsona-bilagailuak eta walkie-talkieak lehergailu bihurtu dituzten erasoek. Israel isilik da, baina inork gutxik jartzen du zalantzan erasoen atzean hura dela. Besteak beste, iraganean aritu delako jada jolas hilgarri horietan, eta akusazio... [+]


2024-09-20 | Sustatu
Euskarabildua topaketa urriaren 17an: “Artifiziala ez den teknologia”

Aurtengo Euskarabildua topaketa teknologikoa (iAmetzak antolatzen duena urtero) urriaren 17an izango da Donostian, San Telmo Museoan. "Artifiziala ez den teknologia" jarri diote goiburu gisa, adimen artifizialaren oldarraldi garai honetan "inoiz baino... [+]


Sail Ofiziala. Irekierako filma
Apar gutxiko desioa


2024-09-20 | Gedar
Aurten ere, udako erailketa matxisten %15 egin dute poliziek edo polizia ohiek Espainiako Estatuan

Uda honetan, gutxienez hemeretzi erailketa matxista izan dira, eta horietatik gutxienez hiru kasutan, poliziak edo polizia ohiak dira hiltzaileak. Donostian, gainera, erailketa saiakera bat ere izan da ertzain baten partetik: bere bikotekidea hiltzen saiatu zen abuztuan.


2024-09-20 | George Beebe
Ez dago irismen luzeko misil nahikorik Mendebaldean Ukrainako egoera aldatzeko

(Baina Kievek Errusiari eraso egiten uzteak gerrara eraman gaitzake zuzenean).

George Beebe CIAko Errusiako analisi zuzendari ohia da eta bere artikulu hau Rafael Poch kazetariaren blogean argitaratu dute gaztelaniaz eta Brave New Europe webgunean ingelesez.


Edmundo González Venezuelako “presidente legitimo” gisa aitortu du Europako Parlamentuak

Europako Alderdi Popularrak ultrakontserbadoreekin eta eskuin muturrarekin landuriko ebazpenak aldeko 309 boto, kontrako 201 eta hamabi abstentzio jaso ditu. Ekaineko Europako hauteskundeez geroztik, lehen aldia da eskuina eta eskuin muturra baturik agertzen direla Estrasburgon.


Mozal Legearen erreforma eskatu du Nafarroako Legebiltzarrak

Foru Legebiltzarraren arabera, “oinarrizko eskubideak eta askatasunak murrizten dituen legea da, eta zigor-atal neurrigabea du, demokrazia aurreratu bati ez dagokiona”.


2024-09-20 | Euskal Irratiak
Maider Mourgiart eta Paul Laborde
“Pastoralari esker Xarnegu eskualdeko herritarrak elkar lotu gira”

Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko.


Internet demokratiko eta burujabe baten alde lanean

Internet hasieran askatasunaren espazio izan zen, baina gaur egun enpresa handien esku dagoen lurralde kontrolatu bihurtu da. Testuinguru honetan, teknologia burujabetza eta ongizate komuna lortzeko Internet berreskuratzeko beharra gero eta premiazkoagoa da. Egile eta aktibista... [+]


Eguneraketa berriak daude