Omar Bongo Françafrique-ren xefa hil da

  • Ekainaren 8an Bartzelonan hil zen Omar Bongo, 41 urtez Mendebaldeko Afrikako Gabonen presidente egona. Inperio galduaren ametsetan bizi diren espainolek ez bezala, Frantziak kolonia sare zabala dauka munduan. Tartean “Françafrique” bataiatu dena. Bongo zeukan kapataz.
Omar Bongo eta Nicolas Sarkozy
Omar Bongo eta Nicolas Sarkozy

Lau hamarkadatako maitasun interesatua eduki dute elkarrekiko Frantziak eta Omar Bongok, 73rekin hil berria den Gaboneko presidenteak. Asteotan asko idatzi eta hitz egin da harreman horiez Frantzian. Françafrique bataiatu duten horretan –metropoliak gaur ere lehengo kolonia-ohiekin osatuta daukan sarean– paper berezia jokatu du 41 urtez Omar Bongok. Izan ere, enpresa eta politika frantsesaren eskumakila izateaz gain, Bongok zuzenean eskuhartzen baitzuen Frantziako Errepublikaren barrunbeetan. 

Rue89 agerkari digitalak “Bongo eta Frantzia, berrogei urte kolpe gaiztoka” izendatu artikuluan bideo batzuk itsatsi ditu, liburu askok baino hobe argitzen dutena buruzagi afrikarraren boterea. Lehen bideoa 1968koa da: Charles De Gaullek Parisen ongietorria egitendio orduan Albert-Bernard Bongo izena zuen presidente berriari. Bigarrena 1970koa da eta harrera Georges Pompidouk egiten dio. Hirugarrena 1977koa da, Giscard D’Estaingen garaikoa.

Laugarren bideoan, 1984an, François Mitterrandekin ageri da oturuntza egiten Gaboneko hiriburuan, Librevillen. Bostgarrena 1996koa da, Jacques Chirac presidente zenekoa. Seriea argazki batek errematatzen du: Nicholas Sarkozy 2007ko uztailean Librevillen Bongorekin autoan jende oldearen erdian.

Sarkozyk presidentetzarako kanpainan, duela bi urte, esana zuen arras aldatu behar zuela Afrikarekiko Frantziaren politika, eta ez zuela diktadorerik edukiko lagun. Hauteskundeak irabazi eta egun gutxitara, Gabonera egin zuen lehenbiziko bisita. Denak berdin segiko zuela seinale... eta Omar Bongok zeukan indarraren adierazle.

“Frantziarik gabe Afrika txoferrik gabeko autoa bezalakoa da. Baina Afrikarik gabe Frantzia, gasolinarik gabeko kotxea”. Formula horretan laburbildu zuen Bongok Françafriqueren muina. Ekuazioaren bi zatietan eragin zuen 41 urtez, eta heriotza ez beste inor ez zitzaion gailendu.

Gabon herrialde txikia 1960an iritsi zen independentziara. Parisek Léon M’Ba onartu zuen lehenbiziko presidentetzat. 1967an hil zen M’Ba. Honen ordez, frantsesek hautatu zuten Frantziako armadan ofiziale izandako funtzionari gaztea, Albert-Bernad Bongo. 32 urterekin –eta bidean sikulusaltsa ilun asko egin ostean– lortu zuen lehendakari izendatzea.

1973an musulman egin zen, Omar izena hartuz. Motibo sendoa zuen horretarako: petrolioaren lehen shock famatuaren erdian, urre beltzean aberatsa den Gabon OPEPen sartu nahi zuen. Baita lortu ere.

Urte horietan Aljeriak bere petrolioa nazionalizatua zuen eta frantsesek iturri ziurra behar zuten. Gabonen aurkitu zuten. Eta hortik aurrera garatu zen Omar Bongoren agintearen beste alderdia: metropolian norbait izatea.

Frantziako alderdiei lagunduz

2007tik aurrea hil arteraino auzibideetan ibili da Bongo Parisen. 33 ondasun zeuzkaten berak eta bere familiak (etxeak, hotel pribatu bat, apartamenduak...) presidente soldatarekin ere justifikatu ezinezkoak. Bonborekin batera beste lau presidente zeuden auziperatzeko bidean: Kongoko Denis Sassou-Nguesso, Burkina Fasoko Blaise Compaoré, Angolako Eduardo Dos Santos eta Ekuatore Gineako Teodoro Obiang. Baina justu aurten, epaileek dossierra itxi zuten betiko.

Politikari askok arnasa hartu du Bongo epaituko ez zutela jakinda. Gabongo presidenteak jakin baitu alde askotara egiten jokoa. Laburbilduz: petrolioarekin eta beste lehengaiekin Gabonek eskuratzen dituen diruak bere familiak kontrolatzen ditu, eta diru horren zati bat aspalditik erabili du Frantziako politikan esku hartzeko.

Nicholas Sarkozyk Bongorekiko harremana esplikatu izan du esanez esker onez hartzen zituela Gaboneko politiko zaharraren aholkuak. Aldiz, Giscard D’Estaingek publikoki aitortua du aholkuok dirutan ere eman izan dituela Bongok. Giscardek esan dezake klarki... bera eskupekorik gabe utzi zuelako. Berriro presidente izateko lehian zebilela, Bongok Mitterrand sozialistari diru asko eman zion, Giscard enteratu, Gabonekoari esan eta honek aitortu egin omen zion: “Telefonoz deitu eta ‘Nola jakin duzu?’ esan zidan. Hor eten nituen harekikoak betiko”.

Gaboneko petrolioa manejatzen zuen Elf-Aquitaine korporazioaren ingurumarietan hamaika eskandalo piztu zen, klase guztietako politikoak zikindu zituztenak, izan sozialista edo izan Charles Pasqua bezalako estadista kixkalgaitzak.

Bitartean, bere zorupean hainbeste aberastasun duen Gaboneko herritarren ehunetik 70 txirotasunean bizi dira. Survie elkarteak behin eta berriro salatzen duenez, kontutan harturik biztanleko Barne Produktu Gordina, Gabon 84. da munduko herrialdeen artean, baina giza garapenaren araberako zerrendan 119. posturaino makurtzen da. 35 postu atzerago, horra Françafrique kontzeptuaren oparia gabondarrei.

Librevilleko agintariek buruhauste handiegirik eduki ez dezaten, 800 soldadu dauzka han Frantziak. Presidentearen zaindaritza ere frantsesen esku dago. Frantziaren esku daude inbertsioen %80.

41 urteotan trebeziaz agindu du Omar Bongok. Urte luze horietan agintzeak esan nahi du esku ezker gozoa bezala eskuin bortitza ere errukirik gabe usatzea. Oposizio politikoa kate motzean lotuz eta petrolioak ekartzen dituen diruen erabileraren fiskalizazioa eskatzen dutenak isilaraziz. Azkenean Gabonen Estatua eta Omar Bongoren familia nahasteborrastean daude bilduta. Eta Bongotarrek Frantzian bezala munduan, paradisu fiskaletan batez ere, dauzkaten fortunek erakusten dute zer nolako etekinak ateratzen dituzten handik korporazio frantsesek.

Azken urteetan konplikatu egin zitzaion bizimodua Bongori. Osasuna ahul, sendatu ezin zuen kantzer bat zela medio, eta gero eta ikerketa gehiago bere ondasunez. Frantzian bertan irudia zikintzen ari zitzaion. Biktimarena egitea bururatu zitzaion orduan.

2007ko abenduan, agintera iritsi zeneko 40. urteurrenean, honela mintzatu zitzaion populuari: “Badakit gure errepideak, osasungintzako eta hezkuntzako azpiegiturak, gure garraiobideak... badakit asko hondatu direla urteotan. Gabon gaur egun ahultzen dute etnizismoak, klientelismoak, negozio errazen irrikak, ustelkeriak, gehiegizko politizazioak. Horra zerk gangrenatu duen aginte publikoa”. Jaunak esana.

Argazki oina: Eskuinekoei bezala ezkerrekoei, denei laguntzen zien hauteskundeetarako dirua –beltza, noski– luzatuz. Nicolas Sarkozyk 2007an presidentetarako hauteskundeak irabazi bezain fite egin zion bixita Bongori, Librevillen bertan. Aurretik agindua zuen Afrikarekiko politika aldatuko zuela, diktadoreei ez ziela lagunduko, eta beste. Librevillera “lagun zaharraren aholkuak eskertzera” joan zela esan zuen Sarkozyk; denborarekin Frantziako auzitegiek betiko itxi zituzten Gaboneko presidentearen kontrako dossierrak

Informazio gehiago:


Azkenak
Israelek beste mediku palestinar bat hil du torturapean

Azken urtean Gazan gutxienez 60 pertsona hil dituzte sionistek torturapean, horietariko hiru medikuak, eta beste 1.000 osasun langile baino gehiago hil dituzte, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Osasun sistemaren aurkako eraso “sistematiko eta berariazkoa” salatu... [+]


Trenetik salto egin nahi

Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik burua jarraitzen du. Barkatu okerra: gizakiok jarraitzen dugu lehengo lepotik.


2024-09-23 | Nagore Zaldua
Adiorik ez, J.

A ze fauna! atalaren lehen denboraldian, olatuz-olatu hainbat  itsas izaki aurkeztu dizkizuet txoko honen traineruko kareletik. Ordea, bigarren denboraldiko nire lehen artikulua lagun bati gorazarre egin eta bere lanaren garrantzia  azpimarratzeko erabili nahi dut:... [+]


2024-09-23 | Garazi Zabaleta
Birika permakultura
“Lurra lantzen hasi aurreko diseinua gakoa da permakulturan”

2014an sortu zuten Birika Permakultura proiektua Leioako lursail okupatu batean. Jurgi Uriarte Idiazabalek eta beste bi kidek jarri zuten martxan egitasmoa. “Lursail hartatik bota egin gintuzten gerora, aparkalekua egin behar zutelako, eta, etenaldi baten ondoren, bakarrik... [+]


2024-09-23 | Estitxu Eizagirre
"Ilargia eta landareak" 2025eko agendaren aurkezpena
Landareei eta piztiei buruzko hitzaldia, ilustrazioak eta bertsoak Tolosan irailaren 26an

Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak aurtengo agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]


Komunikazio-bitartekarien I. topaketak
“Komunikazio zailtasunak dituzten pertsonen beharrak ia ezezagunak zaizkigu”

Ikusgarritasun gutxi dute gure gizartean komunikazio zailtasunak dituzten pertsonak eta bizi dituzten oztopoak. Ezezaguna da esparru horretan aritzeko formatzen diren komunikazio-bitartekarien lana: zailtasunak dituzten pertsonek beren gaitasunak garatu ditzaten laguntzen dute,... [+]


Gaztetxe eta gazte asanbladen topaketak:
“Azken urteotako desadostasunek gaztetxeen eraldaketarako gaitasuna eta erakargarritasuna gutxitu dute”

Euskal Herri mailako topaketak antolatu dituzte hainbat gaztetxe eta gazte asanbladatako gaztek urriaren 19rako, Leitzan (Nafarroa). Mugimenduaren egoeraz eta egitekoez hausnartu, elkarren artean saretu, eta borrokarako indartzea dute helburu. Idatziz erantzun diete ARGIAren... [+]


2024-09-23 | Jakoba Errekondo
Sagardoaren kurkubitatik plastikora

Plastikoan bilduta saltzen dizkigute zuritutako sagarra, mandarina, ahuakatea eta abar. Eta ez gaitu lotsagorritzen.


2024-09-23 | Garazi Zabaleta
Bero latzaren aurrean hiriak birnaturalizatzeko beharra

Euskal Herriaren zatirik handiena klima zonalde epelean kokatuta egon arren, Arabako eta Nafarroako hegoaldean ez ezik, edonora hedatzen dira udako bero bolada latzak. Eta, dirudienez, klima aldaketarekin okerrera eginen du egoerak –edo egiten ari da, honezkero?–... [+]


2024-09-22 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. 2.eguna
Ondo kiribilduta


Sail Ofiziala. 2.eguna
Mus jarraituan


2024-09-21 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. 1.eguna
Zerk egiten duen pertsona

Urduritasunaren alarmak mugikorrekoak baino ordubete lehenago jota hasi da niretzat Donostiako 72. Zinemaldia, edo halabeharrak edo oparitu didan rol honetan. Goiz gosaldu eta akreditazioaren bila joan ostean, Victoria Eugenia antzokira hurbildu naiz 9:00etarako saiora, Emilia... [+]


Eguneraketa berriak daude