Marko Polo nafarra

Benjamin Tuterakoa
Tutera, 1130. Benjamin, Jonas errabinoaren semea, jaio zen. Datu gutxi ditugu Benjamin Tuterakoaren bizitzari buruz. Bere buruaz baino, nahiago izan zuen inguruan ikusten zuenaz idatzi. Eta gauza asko ikusi zituen Erdi Aroko bidaiari nagusietakoak.
Historian aditua zela dakigu eta, gutxienez, hebreeraz, arameeraz, grekoz, latinez eta arabieraz hitz egiten zekiela. Hainbat idazlek errabinotzat jo izan badute ere, gaurdaino ez da horren frogarik aurkitu.

Antso VI.a Jakitunaren erregealdian, 1159. urte inguruan, bidaia luzea hasi zuen Benjaminek, zenbait adituk urte batzuk geroago abiatu zela esan arren. Ia hamabost urte iraun zuen bidaiaren helburua ere ez dakigu, baina harribitxien eta luxuzko salgaien merkataritzan aritzen zela dio zenbaitek, besteak beste, idatzietan koralaren inguruko interes bizia agertu zuelako.

Ebro ibaiaren haranean behera, Bartzelonaraino iritsi zen. Handik Marseillara joan zen, eta bertan itsasoratu zen, Italiar penintsulara bidean. Italia utzi eta Grezia zeharkatu ondoren, Konstantinoplara iritsi zen. Besteak beste, Antiokia, Tiro, Palestina, Damasko eta Bagdad bisitatu zituen. Ziur aski, Mesopotamia eta Pertsiaraino iritsi zen, baina ez dirudi ekialderago joan zenik –India, Zeilan eta Txinako Kai Fong-eko judutar komunitatea hizpide izan arren, paraje hurbilagoetan bildutako informazioa baliatu zuela dirudi–. Tuterara itzuli baino lehen, Egipton eta Sizilian izan zen. Orotara, Europako eta Asiako 190 hiri bisitatu zituen. 1171n edo 1172an etxeratu eta handik gutxira hil zen, 1173an.

Burututako bidaia xehe-xehe bildu zuen hebreeraz idatzitako lanetan. Sefer Masaot (bidaia liburua) 1543an argitaratu zen Konstantinoplan; gaztelerazko hiru edizio daude, baina euskarazko itzulpenik ez da oraindik argitaratu. Judua izanik, Benjamin Tuterakoak bidean topatu zituen judutar komunitateak aztertu zituen bereziki. Baina juduei buruzko iturri historiko bikaina izateaz gain, Benjaminen liburua garaiko gertaera politikoei eta gizarteei buruzko dokumentu aparta da. Aditu askoren esanetan tuterarraren idatziak Marko Polorenak baino zehatzagoak dira. Marko Poloren bidaia liburuari Milioia deritzo, veneziarraren gehiegikeriarako joeragatik, hain zuzen.

Iruñeko kale batek bidaiariaren izena dauka, Tuterako ikastetxe batek ere bai eta, aste honetako Ihesi atalean azaltzen den moduan, oroitarri bat ere badu Benjaminek sorterrian. Baina ez du Marko Poloren osperik lortu, Asiara bidaiari veneziarra baino ehun bat urte lehenago joan arren.

ASTEKARIA
2009ko maiatzaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
#5
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude