«Ez genuke gure kantuen menpe bizi nahi»

  • Badira bide batzuk bi errailen gainean egiten direnak. Trena teilatuetara doa, eta bide ertzetik igarotzen dira poemak, gitarrak, urteak... eta gaur euria egin du.
Ubeda anaiak
Dani Blanco
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Zein da zein? Nola osatzen da zuen yin-yang-a?


Jon Ander: Gaur egun alderdi sortzailea Imanolek lantzen du gehienbat. Baina erabat bateragarriak gara, lan banaketan, proposamenetan…
 
Imanol: osagarritasun handia dago. Sortze prozesuari nik eman diezaioket hasiera, baina doinuak eta testuak orraztu egin behar dira, eta hor dago Joniren eta taldeko besteen ekarpena. Gainera, musika taldeetan zaindu beharreko arlo asko daude: gu ere antolaketa eta koordinazio lanetara hurbiltzen ari gara autogestioaren bidetik, eta Jonik lan handia egiten du horretan. Guretzako musika ez da eszenatokira igotzea bakarrik.
 

Nor da nor ere galde nezakeen. Zerk ematen dio nortasuna musikari?


I: Hasierako kantetan oso nabaria izaten da norberaren gustuko taldeen eragina, horixe da normalena, baina iturri horiek osatuz joaten dira taldearekin batera, eta azkenean unibertso sonoro txiki bat sortzen da. Gainera, guk ez dugu sekula berritzaile izateko asmorik izan, ez genuen bereziak, desberdinak izateko grina hori. Guk egiten dugun musika aspaldi asmatu zuten.
 
J: Gazte garaiko gure joera ez zen bertsioak egitea, ezta berehala kontzertuak ematen eta maketak grabatzen hastea ere. Garbi genuen zerbait duina eskaini nahi genuela, eta exigenteak izan gara gure buruekin, oso-oso hasieratik. Autosatisfazioaren aurretik, taulara igotzeko morbo horren aurretik jarri izan dugu beti gauzak ondo egitea. Geure bidea geuk marraztea.
 

Deabruak Teilatuetan, Bide Ertzean...zein gogok jarri zituen martxan?


J: Deabruak Teilatuetan-en 17-18 urteko lau gazte ginen –gure kasuan, gainera, lagun talde berekoak, urte berekoak, ikastolan eta ikastolatik kanpo elkarrekin aritutakoak-, eta zerbait egin nahi genuen. Gero, ikasketak eta lan arrazoiak medio, Deabruak Teilatuetanek eten bat egin zuen, eta urte batzuetan taldekideen arteko distantzia fisikoa oso handia izan zen. Horregatik, musika gosea asetzeko beste talde paralelo batean hasi ginen, eta hala sortu zen Bide Ertzean.
 
I: Deabruak lagun talde batetik sorturiko proiektu musikala da; Bide Ertzean, proiektu musikal batetik sorturiko lagun taldea. Guk bagenituen kanta batzuk, eta kanta horietara gerturatu genituen Karlos Aranzegi, Joserra Senperena eta Fran Iturbe.
 

1998ko uda. Cafe Iruña. Zertaz hitz egin zenuten azukrea kafean urtzen zen bitartean?


J: Ordu txikitan maiz ikusten genuen Karlos Aranzegiri Imak eta biok buruan geneukan proiektu bat azaldu genion kafea hartzen genuen bitartean. Kikarak mahai gainean utzi eta zuzenean entseatzera joan ginen.
 
I: Berari atera zitzaion, gainera: “Goazen entseatzera!”. Lehenengo kantak erakutsi genizkion, eta jotzen hasi zen.
 
J: Ziurrenik musikariok ondoen menperatzen dugun hizkuntza musika bera da. Hitz egin dezakegu gure proiektuei buruz, baina musikarekin bakarrik komunikatzen ditugu gauzak behar den bezala.
 

Garrantzitsua da gauzak noiz hasi eta noiz bukatu jakitea?


I: Artisten munduan eta, bereziki, musika munduan, badago betikotu nahi duen jendea. Nola edo hala heldu nahi dio garai batean izandako arrakastari, eta horri tiraka bere burua betikotu. Guk taldea ez dugu urteekin neurtzen, lanik lan baizik, eta lan bakoitzak koska bat ematen dio. Egia da, eszenatokira igotzen garen guztiok daukagula banitate puntu bat, guk ere bai, baina ez dugu hori edozeren gainetik jarriko.
 

Musikatik ez bizitzeak erraztu egiten du proiektuen hasieraren eta amaieraren gaineko kontrola izatea?


J: Bai, agian horregatik dauzkagu oinak lurrean. Gure ogibidea kazetaritza da, eta gustuko dugu, gainera. Musikari, zorionez, beste begi batzuekin begiratzen diogu: pasioz.
 
I: Aske gara, ez nuke kantuen menpe egon nahi. Askatasuna izan nahi dut momentu batean desagertzeko, edo nahi dudanean Bide Ertzean alde batera utzi eta Peiremans+ bezalako talde bat egiteko, edo estilistikoki nahi dudana egiteko. Sortzaile gisa oso gogorra egingo litzaidake jakitea goizeko 9:00etan jaiki behar dudala kantuak egitera, eta kantu horien menpe dagoela nire eguneroko ogia. Ostia. Gainera, Euskal Herriko zirkuitua txikia da, eta arriskua dago gure burua errepikatzeko, jendea nazkatzeko... Noizean behin kontzertuetatik desagertzea buruarentzako oxigenantea da: oinak lurrean izateko beharrezkoa da mundu horretatik, banitate horretatik ateratzea.
 

“Nahiz eta oso doinu politak izan, kanta askok ez dutela ezer esaten iruditzen zait”. Zurea da, Imanol.


I: Gu oso autokritikoak gara, eta letra guztiei pasatzen diegu Ibilgailuen Azterketa Teknikoa. Gure aholkulari pertsonalak ditugu, eta asko egurtzen gaituzte! Iñigo Aranbarrirekin eta Jose Luis Otamendirekin boxeo sesioak egiten ditugu: haiekin gelditu, eta anaia eta ni mahaiaren alde batean esertzen gara; Otamendi eta Aranbarri, bestean. Eta boxeo saio bat da! Gure zalantzak handitzen saiatzen dira: zalantza hori gaindituz gero, esaldi horrek indarra hartuko du. Baina, duda gainditzen ez bada, esan nahi du ez dela hain ona, esaldiari beste buelta bat eman behar zaiola. Etxera joan eta pentsatzen duzu: “Ba, arrazoi dute kabroi hauek!”, eta berriz idazten duzu, berriz biltzen zara beraiekin eta... Ni ez naiz eredugarria, eta ez dut eredugarri izan nahi, baina gauza landuak estimatzen ditut.
 

Horregatik jo duzue poeten letretara?


J: Guretzako txikitatik izan da erreferentziala Jose Luis Otamendi eta, orokorrean, Susaren poesia liburuak. Arreba zaharrena Argiaren eta Susaren inguruan zebilen garai hartan, eta etxean jasotzen genituen liburu horiek. Altxor txikiak ziren, irentsi egiten genituenak, eta Otamendiren poesia liburu batzuk oso ondo egokitzen ziren kantak egiteko.
 

Zer esaten dute poetek zuen ahoan?


J: Otamendirengan hitz gutxitan asko esateko gaitasuna aurkitu genuen. Berak idatzi zuen gaur ez zaitut ikusi, ez didazu deitu eta orduak zurekin bezala eman ditut... Pentsa zer den 18-19 urterekin halako letra bat deskubritzea! Ez genuen ulertzen nola beste talde batzuek ez zuten lehenago erabili. Eta iritsi diren kantak, jendeak eskatzen dizkigunak (Gaur euria egin du, Badator eguna) bereak dira. Gu ez gara lau foliotan idazle batek bi hitzetan esan dezakeena esateko gai. Horregatik erabiltzen ditugu tarteka Ibargurenen, Sarriren, Aranbarriren edo Otamendiren poemak. Ekarpen hori egiten digutelako.
 

Zuek ere ezin izan zenioten 36ko Gerrari ihes egin. Non dira? galdetzen zenuten, baina non gaude?


I: Non dira?n etxeko egoeratik abiatu ginen, baina gero unibertsalizatu egin dugu kezka hori, eta diskoak orokorrean hitz egiten du 36ko Gerraz. Etxean tabua zena, ezkutuan zegoen gaia, bat-batean, mahai gainera ateratzea lortu genuen. Gure gurasoak eta osaba-izebak gerrako haurrak izan ziren, eta 40 urteko kalbarioa bizi izan zuten. Orain arte ez dute horri buruz hitz egin nahi izan, eta arantza hori ateratzen lagundu diegula uste dut. Terapia modukoa izan da etxean, eta etxe askotan gertatu dira antzeko prozesuak.
 

Frankismoaren ondorengo haurrak zarete zuek. Zer kezka, beldur, erreferente eta irrikarekin hazitako belaunaldia da zuena?


J: Guretzako oso garrantzitsuak izan diren elementuak dira: euskara, politika, gazteria... Asko mugitu den generazio batekoak gara; intsumisioaren mugimendua bete-betean bizi izan genuen.
 
I: Ingurumenari loturiko borrokak ere bai: Leitzarango autobia...
 
J: Nik gazteria oso bizirik gogoratzen dut, gauza asko egiten genituen. Orain hori dena erortzen ari dela esango nuke.
 
I: Hori esatea ez da orokortzea?
 
J: Esan nahi dut gure garaian proportzio handiagoa zela inplikatzen zena, kezkatzen zena eta eztabaidatzen zuena. Urteak aurrera doaz eta ni oso frustratuta sentitzen naiz euskal herritar bezala.
 
I: Nik uste dut lehengo eta oraingo kezkak antzekoak direla. Lehen Leitzarango autobia zena AHTa da orain. Hori bai, intsumisoen mugimendua itzela izan zen: erreferentzia handia, historikoki. Baina bestela, politikoki, ideologikoki, kaleko mugimenduan... ez dut uste alde handirik dagoenik.
 
J: Salto txiki bat egon da 10-15 urtetan. Gu biniloaren kulturatik gatoz, kalean egosten zen girotik. Gaur egungo belaunaldiak irudiaren bidetik datoz, eta irudiak estetika areagotzea dakar. Esango nuke kulturalki eta musikalki –eta orokortasunetan erortzeko arriskuarekin–, orain askoz ere errazago egiten dutela taldeek aurrera estetika bezalako elementuekin. Gainera, orain askoz azkarrago egiten da dena.
 

Zeintzuk dira buruan iltzatuta dauzkazuen estribilloak?


I: Gertatu izan zaigu La polla records aspaldi entzun gabe egon eta, bat-batean, gure burua topatzea taberna batean letrak goitik behera abesten. Izan ere, Evaristo ikaragarri ona da idazten! eta horregatik gogoratzen ditugu lelo guztiak. Eta beno, mozkorkerian Pier Paul Berzaitzen abesti hori, Baratze bat... abesten dugu.
 
J: Eta txikitatik oso erreferentzia makarrak ditugu: The Clash eta Ramonesen estribilloak... Zenbat bider entzun ote genituen! Biniloan, gainera. Gure anaia zaharrenek erosten zituzten eta altxorra ziren, musika bizitzeko beste modu bat, orain erabat aldatu dena. Gero, hor daude Benito, Mikel Laboa... Umetan etxean bi estilo horietatik edan genuen. Amak etxeko lanak egiteko Pantxoa eta Peio eta Mikel Laboa jartzen zituen: Kanta zak euskalduna, kanta zak hire herria! [kantuan]. Eta etxeko beste aldetik Kortatu entzuten ari ginen.
 

Hala ere ez omen zarete lelo zaleak izan.


J: Saiatu izan gara estandarretik aldentzen baina, egia esan, kantu ia denek daukate leloa edo estribilloa; askotan, mezu bat errepikatu nahi delako. Dena den, egia da panfletoetatik ihes egin nahi izan dugula. Ez dakit zergatik. Gu ere izan, ez gara muturreko pertsonak, ez gara maximalistak edo ahoa asko zabaltzen dugunak hitz egiten dugunean... Zalantza handiak ditugu.
 
I: Eta adinean aurrera askoz ere gutxiago ausartzen gara hitz potoloak erabiltzen eta proklama handiak egiten. Kontraesanak baitauzkagu, eta nik oraindik baso handi bat ikusten dut nire inguruan. Ziurtasun gutxi.
 

Musika talde askori entzunda gauzak argi asko dauzkatela ematen du, ba!


J: Euskal musikaren estilo zehatz batzuetan argi dago baietz. Talde batzuek lortu dute proklama handi horiekin jendearengana iristea. Ez dakit beraiek sinesten dituzten, baina...
 
I: Agian bai. Agian badago jende bat horretan sinesten duena, horrelako kategorikotasuna duena. Gu ez gara oso ondo moldatzen oso kategorikoa den jendearekin, baina, akaso, inbidia ere badiegu. Segurtasun handia izatea gauza handia da batzuetan, oker ibili arren.
 

“Kantu baten barruan kabitzen den aberria da gurea”. Hau ere zurea da, Imanol. Ez zaretela lelo zaleak?


J: Latza bota zenuen! [barrez].
 
I: Mikel Ibargurenen poema bati keinu bat da:
 
J: Poema baten barruan kabitzen den aberria da nirea. Eta Silvio Rodriguezen oihartzuna ere badago. Silviok askotan hartzen du kanta osotasun gisa.
 

Musikari batzuek faltan sumatzen dute euskal musikarien gunea, elkartea, foroa, edo dena delakoa.


J: Hartzen dut parte gizarte mugimenduetan eta beste elkarte batzuetan, baina ez zaizkit taldea eta instituzionalizazioa bereziki gustatzen. Ez dut uste musikariok gremio bat osatzen dugunik.
 
I: Badaude musikari akademizistak, kontserbatoriokoak, gaztetxeetan ibiltzen garenok, rock taldeak, euskal kantagintzako joerakoak... Ez dakit horiek guztiak lotu ahal izateko haririk ba ote dagoen.
 

Kepa Junkerari emandako diru-laguntza salatzeko musikari asko elkartu zineten, baina kolektibo gisa, baduzue nolako kultur eredua nahi duzuen erabakitzeko indarrik?


I: Kepa Junkerarena hain izan da eskandalagarria, hain agerikoa, elkartzea oso erraza baitzen. Baina, gainerakoan, ez dago ekimenik. Behin Unai Iturriagak bota zidan musikariak oso gaizki ohituta gaudela. Managerra ezkutu gisa aurretik jarrita joaten garela herriz herri: iritsi, jo eta ospa egiten dugula. Ez garela komunikatzen. Beraiek berriz, plazaz plaza doazela, eta herriko kolgatuena ere agoantatu behar dutela. Baina gero lagun pila bat dituzte, badakite herri bakoitzean norengana jo. Eta jakina, gure artean artikulatzerakoan ez daukagu indarrik, beti utzi ditugulako antolaketa kontuak beste batzuen esku.
 

Instituzioetatik, hedabideetatik... Nola sustatu behar litzateke euskal musika?


J: Nik uste gauza serioagoetara jo behar dela, eta galdera printzipala da: nola erakarri entzulea euskal kulturara orokorrean?
 
I: Baina garai batean erdal hedabideek euskal musikari tarte handiagoa eskaintzen zioten. Ohikoa zen Itoiz edo beste edozein talde entzutea Euskal Herriko erdal hedabideetan. Bazuen presentzia. Azken 10 urteetan gero eta kasu gutxiago egiten zaigu euskal musika taldeei. Erdal hedabideek gero eta gutxiago programatzen dituzte euskal kantak. Katalunian lortu zuten gutxieneko kuota jartzea, baina hemen ez da diskriminazio positibo hori existitzen. Eta instituzioekin ere oso kritikoa naiz. Gu mundu alternatibotik gatoz, eta jende askoren lanari esker gaztetxe zirkuitu potentea sortu da Euskal Herrian, eta gu bezalako talde askok egin du bere ibilbidea zirkuitu horretan. Txalogarria da euskal eszenaren alde musu-truk ari den jende horren lana. Eta instituzioek, aldiz, zer egin dute? Bizkarra eman diote musikari, gu bezalako taldeei bai behintzat, ze Euskadiko Orkestra Sinfonikoari izugarrizko dirutza emango diote. Gu ere ez gara ate-joka joan. Zertarako? Apurrak ematen dizkigute eta.
 

Musikan pobre eta prentsa krisian... Ez zarete aberastuko!


J: Euskal hedabideentzat oso inportanteak dira instituzioen diru-laguntzak; baita publizitatea eta harpidetzak ere. Urte zailak datoz.
 
I: Krisia nabaritzen dugu, baina kazetaritza ez dago krisian: informazio gosea beti egongo da. Aldaketa ekonomiko handi baten aurrean gaude, eta Interneti lotutako ekonomia berria dator. Hor dago euskal hedabideen erronka. Euskal prentsak behera egingo du, prentsa guztiek bezala, baina jendearen informazio dependentzia inoiz baino handiagoa da. Sarrera bat erosteko Internetera jo behar da, zure portaleko autobusaren ordutegia zein den jakiteko ere bai... Euskal hedabideok horretan egon behar dugu.
 

Tokian tokiko hedabideek asmatuko dute garai berrietara egokitzen?


I: Euskal hedabide lokalak iritsi gara eta sustraitu gara, baina orain zailena lortu behar dugu: irakur gaitzatela. Zalantza handiak baitauzkat. Hau da, benetan irakurtzen gaituzte? Jarraitzen gaituzte? Gure artikuluek, gure iritziek badute eragiteko gaitasunik?
Nortasun agiria
Jon Ander eta Imanol Ubeda 1973ko urtarrilaren 18an jaio ziren, ia biak batera. Kazetaritza ikasi zuten biek eta Entzun aldizkariaren sortzaile izan ziren. Galtzaundi aldizkarian egin zituzten lehen urratsak, eta hedabide lokaletan jarraitzen dute: Usurbilgo Noaua!n Imanolek eta Andoaingo Aiurrin Jon Anderrek. Deabruak teilatuetan eta Bide Ertzean taldeetan orpoz orpo egin dute lan. Bide Ertzeanen 10. urteurrena ospatzeko DVD-dokumentala osatzen ari dira orain.
Kepa Junkera
“Euskalgintzan ari gara lanean, eta maiz tokatu zaigu diru-laguntzak eskatzea. Diru-laguntza bat eskatzen denean aurrekontua egiten da: sarrera batzuk eta gastu batzuk, eta defizit bat aurreikusten da. Defizit horri aurre egiteko eskatzen da diru-laguntza. Kepa Junkeraren kasuan zer dago, 704.000 euroko defizita?”

Azkenak
2025-07-23 | Euskal Irratiak
Battitta Boloki: «Kanakian deskolonizazio prozesu bat abiatu dute, eta bidean da»

Joan den astelehenean, Paris inguruko Bougival herrian izenpetu zen "oinarrizko akordioa", Kanakiaren etorkizun politikoari buruzko dokumentu garrantzitsua. Testuinguru honetan, Kanakiako Nazio Askapenerako Fronte Sozialistak bere lehen adierazpen ofiziala plazaratu... [+]


Pestizidak baimenduko lituzkeen legearen kontra 1,5 milioi sinadura batu dituzte Frantziako Estatuan

Duplomb Legeak hiru neonikotinoide baimenduko lituzkeela salatu du ELB sindikatuak. "Aberrazio zientifikoa, etikoa, ingurumenezkoa eta osasunekoa" dela salatu du legearen kontrako sinaduren biltzaileak. 


Sergio Ayucar: “BSHri oso merke atera zaio Eskirozko lantokia ixtea”

ELAk eta LABek ez dute lan batzordearen gehiengoak erdietsitako eta langileen gehiengoak onartutako aurreakordioa sinatu: "Ez da 1.000 familiarentzako irtenbiderik planteatzen. Finean, lanpostu askoren galera eta fabrikaren itxiera dakar", adierazi du LAB sindikatuko... [+]


Israel Gazan “inoiz ikusi ez den sufrimendua” eragiten ari dela salatu dute Mendebaldeko 28 estatuk, baina neurririk iragarri gabe

"Oinarrizko premiak bilatzen dituzten bitartean zibilak, haurrak barne, anker hiltzea" salatu dute. Gazan hamabost pertsona hil dira gosez azken 24 orduetan, eta AFP albiste agentziako kazetariek ohartarazi dute euren lankideak gosez hiltzen ari direla zerrendan,... [+]


Subflubiala Ez plataformak protesta zaratatsua egin du Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean

Subflubialaren behin betiko proiektua onartu zuenez Aldundiak pasa den astean, eta dozenaka pertsona batu dira proiektua gelditzea eskatzeko.


71 urteko espetxe zigorra ezarri diote Hondarribiko surf irakasle bati, 11 adin txikikori sexu abusuak egitea egotzita

2011tik 2021era bitarte egin zituen erasoak, klaseak eman bitartean. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak sexu abusuen delitu bakoitzeko lau urte eta hilabete bat eta hamabi urte bitarteko kartzela zigorra ezarri dio. Horrez gain, 40 urteko gizonak adin txikiko bakoitzari 3.000 eta... [+]


Frankismoko dokumentu klasifikatuak argitaratuko dituen legea onartu du Espainiako Gobernuak

Bide parlamentarioa egin beharko du orain. Lege testu honen arabera, 30 urteko epea ezarriko dute sekretuak desklasifikatzeko, eta 45 urtekoa "goi mailako" sekretuendako. Bakoitza hamabost urtez luza daiteke.


Espainiako Auzitegi Gorenak Loiolako kuartelari babes berezia ematen zion epaia bertan behera utzi du

2022an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen kuartela Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezian sartzea, Voxek jarritako helegite bat onartuta. Gorenak baliogabetu egin du epai hori, eta bidea ireki dio Donostiako Udalari eremu horretan 1.500-1.700 etxebizitza... [+]


Galizieraz egiteagatik eraso egin diote espainiar batzuek turismo-gida bati Galizian

Inguratu, iraindu eta besotik heldu eta bultzatu ere egin zutela salatu du Galiziako gida gazteak. Valladolidekoak dira sei pertsona galegofoboak.


Legazpiko Udala eta Sidenor kalte ordainak ordaintzera zigortu dituzte langile bat amiantoaren eraginpean jartzeagatik

Langileak amiantoak eragiten duen minbizi mota bat dauka eta 376.305 euroko kalte ordaina eman beharko diote, EAEko Auzitegi Gorenak zigorra berretsi baitu. 


Zabaltzen ari den morofobiaren azken adibidea, Gasteizen

Gasteizko hainbat auzotan ezarri dituzten “Moros fuera de España” kartel eta pegatinak ikertzen ari da Ertzaintza. Irun, Hernani, Barakaldo… Ez dira kasu isolatuak, eta “etorkinen kontura jarraitzaileak irabazi nahi dituen ideologia” ikusten du... [+]


Donostiako auzitegi batek ebatzi du zaharren egoitzako langile denek ez dutela euskarazko B2 maila eduki beharrik

Euskarazko B2 maila dutela ez ziurtatzeagatik Eibarko Egogain zaharren egoitzako lan eskaintza publikotik kanpo utzi zituzten bi langileen alde ebatzi du Donostiako Lehen Auzialdiko 3. Epaitegiak, CCOOk jakinarazi duenez. 2024ko urrian, Gonzalo Pérez Sanz epaileak... [+]


Jesus Maria Gomez Ezkerro preso iruindarra aske geratu da zigor osoa beteta

Jesus Maria Gomez Ezkerro 'Txutxo', 2001eko urtarrilean atxilotu zuten, 2021ean hirugarren gradua ezarri zioten, eta 2023ko otsailean baldintzapeko askatasuna eman zioten. 24 urte geroago aske geratu da. 


2025-07-22 | Estitxu Eizagirre
Frutazaintza ekologikoa ezagutzeko txangoa deitu du Biolurrek

Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkarteak frutazaintza sustatu nahi du eta horretarako egun-pasa ederra antolatu du uztailaren 29rako; hiru proiektu ezagutuko dituzte bertatik bertara: Erroak mintegia Ahatsan (Nafarroa Beherea), Kibbi Sat Donezteben (Nafarroa) eta... [+]


Eguneraketa berriak daude