Kataluniako liburugintzaren patroi

  • Per Sant Jordi, un llibre i una rosa. Hala dio tradizioak: apirilaren 23an, Sant Jordi egunez, liburu bat eta arrosa bat oparitu behar direla, mutilak neskari arrosa eta neskak mutilari liburua. Gaur da eguna, ordea, denek denei liburu eta arrosa bana oparitzen dietena, landare eta liburu industriaren mesedetan, pentsa daiteke. Eta, honezkero igarriko zenioten, erreportaje honetan ez dugu arrosetaz hitz egingo. Bai, aldiz, liburuez eta, besteren gainetik, Sant Jordi egunak Kataluniako liburuaren munduan duen esanahiaren eta pisuaren inguruan.
Sant Jordi
Sant JordiNuria Juan Serrahima
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Egun handia da Sant Jordi katalanentzat: lanera berdin-berdin joan beharra duten arren, ez da bestelako egun bat, bai baitakite lana bukatzearekin bat kalera irten eta liburuz mukuru diren mahaitxoak bisitatzeko aukera izango dutela, nork daki, akaso ordurako arrosa bat eskuan dutela. Mahaitxoak bisitatu, paseo gozoan, edota egun osoan antolatzen diren hamaika ekitaldietako batera joan: irakurraldiak, idazleen sinadura ekitaldiak, argitaletxeek ordaindutako zizka-mizkak… Liburuaren festa baita apirilaren 23a Katalunian. Egun seinalatua, batzuek zein besteek irrikaz espero dutena.

Eta egun handia da Sant Jordi liburugintzan lanean diharduten agenteentzat ere. Euskaldunok Durangoko Azokari begira egoten garen bezala, Sant Jordi eguna du ikusmiran liburuaren industriak Katalunian, begi bistako arrazoiengatik: “Urteko liburu salmenten %40 inguru fakturatzen dugu Sant Jordi egunean eta aurreko asteak hartzen dituen kanpainaren baitan”. Anna Tomàs, Columna argitaletxeko arduradunaren hitzak dira horiek, eta ez dira inondik ere salbuespen. Hitz egin dugun gainontzeko argitaletxeek ere, kopuru zehatzik eman nahi izan ez duten arren, aitortu dute Sant Jordi egunaren inguruan egiten diren salmentak zifra garrantzitsua direla urte osokoen baitan.

Konpetentzia basatia

Egun horri begira egoten dira Kataluniako argitaletxeak eta egun horri begira publikatzen dute urteko katalogoaren zati handi eta aipagarri bat. “Basatia da konpetentzia” adierazi digu Isabel Martí La Campana argitaletxeko editoreak, “ez liburu saltzaileek, ez eta kazetariek ere ezin diote argitaratzen den eskaintza guztiari erantzun. Gure argitaletxean saiatzen gara, exijentzia mailari traizio egin gabe, data horietan liburu batzuk erreferentzia izan daitezen urtero”. Argitaletxe guztien nahia da hori, Sant Jordi eguneko oihanean beren lekutxoa egitea. “Gainera”, jarraitzen du Martík, “Sant Jordi egunean leku on bat lortzen duen liburuak salmentak luza ditzake hurrengo hilabeteetan”.

La Campanak urtean 18 bat liburu publikatzen ditu eta apirilaren 23rako saiatzen dira 4 eta 8 liburu artean kaleratzen. “Gero, noski, lan egin behar da gogor, liburu horiek denda eta komunikabideetan ongi azal daitezen”, dio Martík. Balore seguru bat dute argitaletxean, Josep Maria Espinàs idazle beteranoa. Azken 54 urteetan liburu berri bat atera du apirilaren 23aren karietara eta egun horretan beti egon izan da irakurleen ondoan, liburuak sinatzen. Bere lanak urtero ageri dira salduenen artean, eta orain gutxi kaleratu duen El meu ofici (Nire ogibidea) liburua ere aurtengo kiniela guztietan sartzen da, nola ez.

Sergi Masferrer Quaderns Crema argitaletxeko arduradunaren arabera, “publikazio etxe handiak Sant Jordi eguneko salmenten menpekoago dira, argitaletxe txikiak baino”. Sergi Pàmies idazlearen azken ipuin liburua, Si menges una llimona sense fer ganyotes (Limoi bat jaten baduzu imintziorik egin gabe), izan zuten Quaderns Cremakoek iazko libururik salduena. Aurtengo ediziorako ere ez dute nolanahiko kartela: lehenik eta behin Quim Monzóren azken liburua, Mil cretins (Mila ergel); iaz Kataluniako Literatura Sari Nazionala irabazi zuen La força de la gravetat (Grabitatearen indarra), Francesc Serés idazlearena; eta Jonathan Littell 2006ko Gouncourt sariaren katalanezko itzulpena, Les benignes (Onberak). Nobedade gutxi, beraz, baina ez makalak.

Liburu mediatikoak

Columna argitaletxera itzuliz, Sant Jordi eguna “intentsitate handiz” bizi dute, Anna Tomàsen hitzetan. Denbora askorekin hasten dira prestatzen: lehenik eta behin kanpainaren ardatza izango diren liburu garrantzitsuenen hautaketa egiten dute, editoreen, komertzialen eta komunikazio arduradunen artean. Behin hori definituta, komunikazio kanpaina indartsua egiten saiatzen dira: publizitate asko sartzen dute idatzizko komunikabideetan, telebistan eta irratietan. Aurtengoan, Ferran Torrent valentziarraren Només socis (Kideak soilik) edota Ramon Llull sari garrantzitsua irabazi duen Najat El Hachmi-ren L’últim patriarca (Azken patriarka) dira nobedade nagusiak.

Horiez gain, liburu erosle katalanen artean arrakasta nabarmena duten liburu mediatiko zenbait ere kaleratu ditu Columna etxeak. Hiru talde handitan sailkatzen baitira Sant Jordi eguneko liburuak: fikziozkoak, ez-fikziozkoak eta mediatikoak. Aurpegi ezagunek “idatzitako” liburuak sartzen dira azken talde horretan eta saldu behintzat ugari saltzen dira. Tomàsen argitaletxeak Andreu Buenafuente eta Manel Fuentes telebista aurkezleen liburu bana atera ditu, adibidez.

Pilar Beltran Edicions 62 argitaletxeko editorearentzat Sant Jordi “mundu editorialaren festa da, liburugintzan ari garen guztiok (autore, editore, kazetari) elkartzeko eguna, bai eta idazle eta irakurleen arteko harremanen eguna ere”. Beltranen hitzetan, “egun horri begira apustu editorial konkretu batzuk egiten dira, aurtengorako berriki hil den Josep Benet-en memoriak, esaterako, baina saiatzen gara urtean zehar oreka mantentzen, eta beste data seinalatu batzuk ere (Gabonak, ikasturte hasiera, uda) indartzen”.

Hala ere, han eta hemen errepikatzen den kontu bat aipatu dute katalanez argitaratzen duten argitaletxeek: oraindik orain gaztelaniazko liburuak katalanez idatzita daudenak baino dezente gehiago saltzen direla. Baina ezagun egiten zaigu hori, ezta?
Literaldia 08
Kultura katalanaren baimenarekin, euskal kulturak aurten ere izango du bere tartetxoa Sant Jordi egunean. Apirilaren 23an emango zaio hasiera 2008ko Literaldiari eta hilabete oso batez hamaika ekitaldi antolatu dira euskal literaturaren inguruan. Euskaraz egiten den literatura Katalunian ezagutaraztea helburu duen jaialdia da Literaldia, Bartzelonako Euskal Etxeak eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko, Universitat de Barcelona eta Universitat Autònoma de Barcelona unibertsitateetako euskara sailek antolatzen dutena. Aurtengo edizioa laugarrena izango da eta Gaur egungo Euskal Herria, literaturan goiburu zabal eta erakargarria izango du akuilu.

Sant Jordi egunean bertan, hainbat idazle elkartuko dira Euskal Etxeak Bartzelonako Rambletan jarri ohi duen mahaitxoan, liburu aleak sinatzeko. Baina ez da izango egun horretako ekitaldi bakarra. Taperware Kolektiboko kideek, esaterako, Leihatila beltza liburua aurkeztuko dute Hizkuntza Eskolako areto nagusian eta Ur Apalategi idazleak ipuin baten irakurketa egingo du Euskal Etxean. Hurrengo egunetan Literaldiako jarduerek ez dute etenik izango. Nabarmentzekoen artean daude apirilaren 24an Beñat Sarasolak eskainiko duen poema errezitaldia edota 29an Harkaitz Canok egingo duen Las glosas del embalsamador hitzaldia. Bigarren saio bat emango du Canok berak, egun berean, euskarazko eta gaztelaniazko hainbat poemaren irakurraldia, hain zuzen.

Maiatzaren 7an Euskal Etxean egingo den Leihatila beltza liburuaren bigarren aurkezpenaren ondotik, 14an Ibon Egaña literatur kritikariak eta Maldetan sagarrak. Euskal gatazka euskal literaturan liburuaren koordinatzaileak, Begirada gatazkaren gainetik hitzaldia eskainiko du, euskal gatazka eta literaturaren arteko harremana aztertuz. Hurrengo egunean, maiatzaren 15ean, Koldo Izagirrek, Joseba Tapiak eta Carles Belda musikari katalanak Salvador Puig Antichen omenezko errezitaldia eskainiko dute, musika eta poesia uztartuz. Maiatzaren 22an, Iñigo Aranbarri idazleak hitzaldi bi eskainiko ditu, asmo beraren inguruan: euskal gizarteaz literaturak egiten duen erretratuaren nondik norakoak azaltzen saiatuko da.

Izango da bestelako saiorik ere, jendearen parte hartze zuzenagoa eskatuko duen emanaldirik. Apirilaren 25ean, adibidez, telebista bidez hain ezagun egin den Mihiluze leihaketaren bertsio bat egingo da Euskal Etxean. Ez ahantzi telebista publiko katalanak orain gutxi kopiatu duela formatua eta nahikoa arrakasta izaten ari dela TV3ko Bocamoll programa. Euskara eta euskal kultura ezagutarazteko asmoarekin, Bartzelona osoko euskara ikasleek parte hartu ahal izango dute bertan, jai giroan. Maiatzaren 17an ipuin kontalariek animatuko dute arratsa eta 23an, aurtengo Literaldia itxiko duen emanaldia egingo da, bertso eta garrotin afaria. Abesti inprobisatu mota bat da Kataluniako garrotina.

Bartzelona hiri erakargarria da, baita euskaldunontzat ere. Literaldiaren aitzakia ez da aukera txarra Kataluniako hiriburua bisitatzeko.
Sant Jordiren legenda
Kataluniako Montblanc herrian dragoi bat bizi omen zen, bertako biztanleak erabat izuturik zituena. Piztia baretzeko zozketa bidez aukeratutako pertsona bat sakrifikatzen zuten tartean-tartean, baina, zorte txarra, erregearen alabari egokitu zitzaion behin sari makurra. Dragoiak irentsia hilko zen dama galaia, Sant Jordi zaldun prestua agertu eta piztia akabatu izan ez balu. Hildako animaliaren odoletik jaio zen arrosa gorri bat. Hauxe da, hitz gutxirekin eta grazia gutxiagorekin azaldua, Sant Jordiren legenda. Kondaira denboran galtzen da, eta aldaketa gutxi batzuekin aurki dezakegu Ingalaterra, Portugal edota Greziako tradizio herrikoietan. Aspalditik dator gainera, XV. mendetik, santuaren egunean emakumeei arrosak oparitzea ere.

Berriagoa da apirilaren 23an liburu bat oparitzea. 1930 aldera egonkortu zen gaur ezagutzen dugun formatuan, Cervantes eta Shakespeare idazle handien heriotza egunean hasi baitzen ospatzen. Data horretan jaio edo hil dira beste hainbat idazle ezagun ere, Josep Pla edota Vladimir Nabokov, adibidez. 1995ean, Liburuaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen UNESCO erakundeak apirilaren 23a.

Azkenak
Iturengo arotza eta arte birziklatua

Ituren (Nafarroa), 1777. Erramun Joakin Sunbil (1755-1821) arotza Donamariako Joana Mari Ezpondarekin ezkondu zen. Ia 40 urte eman zituzten ezkonduta, Joana Mari 1806an hil zen arte. Eta tarte luze horretan, noizbait, Iturengo arotzak santu baten kobrezko estatua urtu omen zuen... [+]


2025-07-25 | Julen Orbea
Bilbon euskara jira ta Bira

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]


Honezkero, hemen dago beherakada

Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.

Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Amasa-Villabonako EH Bilduri erantzuna

Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]


Irunen eskuin muturreko “auzo patruilak” sortu dituztela salatu dute

Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]


Udal legearen kontrako epai euskarafoboa
Euskararen aurkako erasoa salatu dute 200 alkate eta udal ordezkarik, eta hizkuntza bultzatzeko konpromisoa berretsi

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]


Alonsotegiko Udalari dirua itzultzeko eskatu dio Bizkaiko Aldundiak, iruzurra egin zenetik hamairu urtera

Egun EH Bilduren esku dagoen udalak ia milioi bat euro itzuli beharko lioke foru erakundeari, duela hamairu urte, EAJ agintean zenean, diru-laguntza bat ez zelako behar bezala erabili, baizik eta iruzurra egiteko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duenez. Eskaerak erabat... [+]


Ertzaintzaren 300 BMW ibilgailuen erosketan irregulartasun posibleak salatu zituen barne txosten batek

Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak barne txosten bat egin zuen Ertzaintzak jaso dituen 300 BMWen esleipen kontratuaren hainbat baldintza kritikatzeko. Ezarritako baldintzak zehatzegiak eta murriztaileegiak zirela salatu du ogasunak, eta horrek enpresa... [+]


Txosnetako “beto politikoaren” aurkako GKSren kanpaldiaren kontra oldartu eta lau pertsona atxilotu ditu Poliziak Gasteizen

Bi aste barru hasiko diren hiriko jaietan txosna jartzen utzi ez dietela salatzeko kanpaldia egin nahi zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Andre Maria Zuriaren plazan. 20:30ak aldera, ertzainak oldartu egin dira kanpaldian zeudenen aurka, eta bi... [+]


Lotsa sentitzen dut giza generoko kide izateagatik

Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]


2025-07-24 | Nicolas Goñi
Europan, oraingo sinplifikazioaren izenean, biharko bizitzak kaltetuko dira

Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari dira 2024tik, askotan interes pribatuen lobbyen eraginpean... [+]


Eguneraketa berriak daude