Loreak buruan

  • Goldeak, karez eta simaurrez, lurra tatuatzen duenean, ipularrean idi pareak dotore saihesten eta traktoreak baldar zanpatzen duen lorea ere oratu nahi zaio udaberriko puztualdiari. Goldearen zauriak sakontxo, agi denean, eta lurrak, erroek, bere intziria sagarrondoetan lehertzen du, dilindan. Hilabete eta erdian amaierarik izango ez duen lore dilinda, goiztiarrenetik berandukoeneraino, berenetik zaildueneraino. Hona, neuretzat, udaberria. Orain artean kateatuta agertu zaigun kolore loraldiaren aldean indarrean garatuko da, gara emango du belardi berdeak, sagarrondo zuri-arrosen kupulapeetan. Sagardia da gure lorategi bikainena.
Sagardia
Sagardia
Eta liluratzeko, limurtzeko dira loreak, ikusgarriak, ikusteko sortuak. Seduzitzeko perla da lorea. Landareen eboluzioaren gailurretako bat, modernoenetakoa, bart arratsekoa, duela ehun milioi urtekoa... Landareak berak bakarrik egin dezakeenaz gain ingurukoei ere bere ugalketaren aldeko etekina ateratzeko asmatua da lorea. Ederra perla! Diseinu erakargarriak, zoramenerako lurrinak, polen arra emearengana eramateko intsektuak bezala edonor erabiltzea... Dena libre! Baita gero haziak sakabanatu, simaurtu eta ereiteko ere. Sigi-saga estraperloaren mugan batera eta bestera, jukutria asmakuntzan axeriak amandre ditu landareak... Ingurukoen “laguntza” hau, ostera, hartzen duenaren neurriko emanarekin berdindu samartzen dutela esango nuke: loreen ikuskizuna, formak, itxurak, moldeak, lurrinak, kiratsak, nektar, zuku, fruitu eta hazi tentagarriak helburu bakar baten atzetik: garraioa. Garraioa behar duen ugalketa politikan datza loreak dituzten landareen estrategia. Loretik lorerako polen garraiatzea eta nora-harako hazien barreiatzea. Garraioa.

Familia planifikazio honi buruzko sotanadunen iritzia ez dakit, baina, psikoanalista ere bazen Oraison abadeak lore-erramilotak oparitzea ezin aditu zuen; landareen sexu-organoak, alegia. Zakur-zakila oparitzearekin alderatzen omen zuen... Izan ere, sotana eta sedukzioa nola uztartu?

Azkenak
Konponbiderik gabeko desoreka?

Ordizian orekara eramango gaituen interbentzio plan berezi bat behar dugu; urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan batzeko aukera emango digun plana.


Hauteskunde kanpainan isildutako makroproiektuei buruzko eztabaidak

Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak, jakina, turismoari estuki lotuak: Hard Rock aisialdi... [+]


2024-05-07 | Euskal Irratiak
"Zenbat dugun kontatzeko!" Euskal Herriko mapa sortu dute

"Zenbat dugun kontatzeko!" mapa ilustratu bat sortu dute elkarlanean Ikas Bi, Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska eta Euskal kultur Erakundeak.


Eguneraketa berriak daude