Sagardia
Eta liluratzeko, limurtzeko dira loreak, ikusgarriak, ikusteko sortuak. Seduzitzeko perla da lorea. Landareen eboluzioaren gailurretako bat, modernoenetakoa, bart arratsekoa, duela ehun milioi urtekoa... Landareak berak bakarrik egin dezakeenaz gain ingurukoei ere bere ugalketaren aldeko etekina ateratzeko asmatua da lorea. Ederra perla! Diseinu erakargarriak, zoramenerako lurrinak, polen arra emearengana eramateko intsektuak bezala edonor erabiltzea... Dena libre! Baita gero haziak sakabanatu, simaurtu eta ereiteko ere. Sigi-saga estraperloaren mugan batera eta bestera, jukutria asmakuntzan axeriak amandre ditu landareak... Ingurukoen “laguntza” hau, ostera, hartzen duenaren neurriko emanarekin berdindu samartzen dutela esango nuke: loreen ikuskizuna, formak, itxurak, moldeak, lurrinak, kiratsak, nektar, zuku, fruitu eta hazi tentagarriak helburu bakar baten atzetik: garraioa. Garraioa behar duen ugalketa politikan datza loreak dituzten landareen estrategia. Loretik lorerako polen garraiatzea eta nora-harako hazien barreiatzea. Garraioa.
Familia planifikazio honi buruzko sotanadunen iritzia ez dakit, baina, psikoanalista ere bazen Oraison abadeak lore-erramilotak oparitzea ezin aditu zuen; landareen sexu-organoak, alegia. Zakur-zakila oparitzearekin alderatzen omen zuen... Izan ere, sotana eta sedukzioa nola uztartu?