Liburuaren etorkizunak

  • Gutenberg jaunak (berak bakarrik ote?) iraultza ekarri zuen liburuaren mundura inprenta modernoaren asmakariarekin, XV. mende urrun hartan: ordura arteko eskuizkribuen ekoizpena txiki utzi eta liburuari bide berriak zabaldu zizkion, liburugintzan mugarri garrantzitsua jarriz. Bost mende beranduago, Tim Berners Lee jaunak (berak bakarrik ote?), webaren sortzaileak alegia, Gutenbergen tamainako iraultza ekarriko duela –ekartzen ari dela– esatea ez litzateke funtsik gabekoa: informazioarengana erraz iristeko bitartekoak jarri ditu komunitate luze-zabal baten esku. Hitz gutxitan: liburuaren ekoizpen, erabilera eta irakurketa ohitura, edukien zirkulazio eta zabalpena hankaz gora jarriko ditu, jartzen ari da.
Liburugintza eta digitalizazioa
Liburugintza eta digitalizazioaAmazon
Zuetariko askok akaso ez, gazteenek batez ere, baina beste askok gogoan izango dituzue idazlanak makinaz idatzi eta tipexarekin zuzentzen ziren garai haiek. Liburutegietan, auskalo non bilatu beharreko publikazioetan, hara-hona eginez osatzen ziren bibliografien garai haiek. Egun ordea, Interneteko Amazon liburu dendak munduko (ia) edozein bazterretako etxe atarian utziko digu (ia) mundu osoko edozein liburu. Google bilatzaileak erreferentzia liburu asko zentzurik gabe utzi ditu, baita, herrenak herren, Wikipedia lako erreminta batek ere. Eztabaidaezina da dagoeneko web eta euskarri digitalek eragindako lurrikara kontuan hartzekoa dela, bai edukien sorkuntzan duten eraginagatik, bai banaketan edota kontsumoan dutenagatik, baita bizitzeko eta harremanak izateko maneran eragiten ari diren aldaketengatik ere.

Kulturak –kulturaren hainbat adierazpidek gutxienez– desmaterializazio prozesua bizi du. Bilakaera horretan musika genuke aitzindaria, ikus-entzunezkoek jarraitzen diote eta hitz idatzia da, oraindik orain, azken putz, desgogara batzuetan, formula tradizionalei –paperezko egunkari, aldizkari, liburu– atxikia oraino. Hala ere badira, espantuz batzuk, bozkarioz bestetzuk, orain arte ezagutu dugun liburuaren azkena ahotan darabiltenak. Kasu, eskuizkribuek esaterako, inprenta sortu eta ehun urtera funtzionatzen zuten, ez da egia Gutenbergekin bukatu zirena. Handik aurrera baina, apenas izan dute erabilera zabalik. Gauza bera gertatuko ote da edizio tradizionalarekin, orain arte ezagutu dugun liburu moldearekin?

Liburuaren heriotzaz

Jason Epstein estatubatuar editore ezagunak zera zioen, 2001ean, Book Business: Publishing Past, Present and Future (Liburugintza: edizioaren iragana, oraina eta etorkizuna) lanean: “Liburu dendak, egun ezagutzen ditugun moduan bederen, desagertu egingo dira, baita banatzaileak ere. Liburu dendek biziraungo dute, ez hainbeste espezializazioa bilatuz, teknologiaren oldarrari neurria hartuz eta moldatuz baizik. Pentsa dezagun eskaeraren araberako inpresioan edota inpresio digitalean: salmenta puntuan bertan inprima eta koaderna dezakeen makina batetik atera ahalko dira liburuak, adibidez”.

Enrique Murillo idazle eta kazetari espainiarrak, aldiz, liburugintzaren hondamendia iragarri zuen 2006ko Virtudes de un vejestorio (Agure baten bertuteak) artikuluan: “Ez da harritzekoa liburu saltzaileak, liburuak soilik saltzen dituzten komertzio tradizionalekoak behintzat, Google-k dakarren sasi-demokraziaren aurka sutsuki agertu izana. Paperean inprimatutako eta paper-azalez koadernatutako liburuaren heriotzarekin, liburu denden heriotza ere iragartzen zaigu eta, bide batez, denok intui dezakegu deskalabru horrek zeharkako eragina izango duela, diskoaren industriak MP3 eta enparauen deskargarekin jasan duenaren antzekoa: egile eskubideen aurkako mehatxu oso larria da”.

Murillo jaunaz gain, inork gutxik hitz egiten du paperezko liburuaren desagerpenaz, baina asko dira ekoizpen eredu zaharkituaren metamorfosiaz eta berritzeaz mintzo direnak –gogora dezagun: offset tirada handiak, nobedadeen mahaiaren okupazioa, bezeroen bilaketa gorabeheratsua, ekoizpen behar baino handiagoak liburuen itzulerak saihesteko–. Gurean ere hasi dira halakoak. Gorka Arrese Susa argitaletxeko editoreak azaldu digu: “tirada handiak egiteko hobeto offseten egitea, modu tradizionalean. Baina inpresio digitalak ahalbidetzen dizu 10 ale bakarrik egitea, edo 50, edo 100, eta berredizio kasu askotan oso ondo dator, gisa horretan titulurik ez deskatalogatzeko, titulu ahiturik ez izateko (beti aski ale izateko edozein eroslek eskatuz gero)”.

Sareaz

Liburuaren etorkizunari buruzko eztabaida batean argudio hauek erabiliko lituzke teknologia berriak liburuarentzako mehatxu gisa ikusten dituen batek: onartezina da digitalizazioak liburuari egiten dion mehatxua; arriskuan lirateke komertzializazio eta salmenta bide tradizionalak; egile eskubideak ez dira errespetatzen. Azken horien ingurukoa da batez ere usuen erabiltzen den argudioa –gogoratu Murilloren azken hitzak–, baina ahantzi egiten dute, momentuz, autorearen esku dagoela bere lanak copyright edo Creative Commons lizentzien baitan atxikitzea.

Susa argitaletxeak badu esperientziarik horretan: liburuak sarean paratzen dituzte, argitaratu eta handik denbora batera, edota argitaratzearekin batera. Arresek zera dio: “Egile eskubideekin momentuz ez dago arazorik. Susak liburuan argitaratu eta aldi berean webgunean ere bai, idazleek hala nahi baldin badute bakarrik egiten dugu; nahi ez badute ez. Idazlearen baimenarekin egiten dugu hori”.

Baina, horretarako bakarrik balio ote du sareak? Hau da, liburua paperean publikatu eta gero zintzilikatuta uzteko? Txetxu Barandiaran liburuaren sektoreko adituaren arabera, mundu digitalak sorkuntza eremu berriak ere eskaintzen ditu, dagoeneko argitaratu den lana erakusteko aukera eskaintzeaz landa. “Sorkuntza eremu horiek ez dira seguraski agertuko euskarri berriokin jaio eta bizi izan diren pertsonak agertu arte, baina hortxe daude”. Gainera, “sareak erraztu egiten du eremu ezberdinetako jendeak informazio bolumen handiagoa izatea eta sorkuntzaren zabalpenaren ustezko boterea”, Barandiaranen hitzetan.

Hasier Etxeberria idazlea eta blogaria da, eta bere esanetan sarearekin informazioa eskuratzea errazagoa da. “Harremanak sortu eta kudeatzeko tresna bikaina da, idazleak teknologia minimoki menperatzen badu behintzat”. Arriskuak ere igartzen dizkio, ordea: “Idazleak daukan arrisku handietako bat da, sarean apur bat idatzi eta horrekin kontsolatzea, idazteko daukan beharra horrekin asetzea. Alde horretatik distrakzio eta sasi asko sor ditzake sareak, liburuaren eta benetako obraren kaltean. Kalitatearen hierarkia eza ere arriskutsua da eta, batez ere, dena kultura (on) balitz bezala jokatzea. Irizpiderik ez daukanak zabor asko irentsiko du, urrea delakoan”.

Barandiaranek uste du editorearen papera ez dela aldatuko, “katalogo bat, hau da, eskaintza zentzuko eta koherente bat osatzeko irizpidea duen hautatzaile izaten jarraituko du. Beste gauza bat da liburuaren industrian gertatzen ari diren aldaketak, eta katearen parte diren elementu guztiek –editore, banatzaile, liburu saltzaile– helburua eta funtzioa berriz orientatzeko duten beharra”.
Bada kontua bestela hartzen duenik ere. Iban Zaldua idazleak, kasurako, hauxe dio: “Interneten argitaratzeko aukerak zabalduz gero, original txar gutxiago helduko lirateke argitaletxeetara; beti ere, blogetan argitaratzen diren testuak liburu batean biltzea debekatuko balitz, adibidez Euskal Kulturaren Planaren hurrengo edizioan”.

Liburuaren etorkizunez

Liburuaren “etorkizunak”, beraz, liburuaren “etorkizuna”-ren aldean, ez baitirudi datorren eredua bat eta bakarra izango denik. Presentea bezalaxe, bidenabar. Baina oraingoz hibridaziorantz egiten ari da liburuaren industria, mundu digital berriaren eta paperaren mundu zaharraren arteko bizikidetzarantz. Hibridazio horixe litzateke ziurrenik gaur egungo liburuaren munduaren ezaugarririk behinena. Etorkizunak zer ekarriko duen, aldiz, ezinezkoa da jakiten. Intuitzea besterik ez zaigu geratzen.
Liburu elektronikoaren historia ttipia
Kindle testu irakurgailuak mahai gainean jarri du, enegarrenez, liburuaren balizko heriotzaren kalaka. Amazon etxeak, sarean denik eta liburu denda handienak, merkaturatu zuen produktua joan den urtearen hondarrean, arrakasta handiz merkaturatu ere: bost ordu eta erdian agortu egin ziren salgai jarritako Kindle guztiak. Hau izango ote, beraz, etorkizuneko testu irakurgailua? Aurkitu al dute dagoeneko liburua akabatuko duen liburu elektronikoa?

Momentuz, eta azken orduko berririk ezean, zerrenda luze baten azken izena baino ez da Kindle. Ezen aurretik, teknologiaren sukarrak eraginda, liburu elektroniko dezente merkaturatu baitituzte borroka horretan ari diren enpresek: Rocket ebook, Softbook, Librius, Everybook, Glassbook, Gemstar, Cytale, guztiak ere, oraindik orain, pot egindako saiakerak. Gisa horretako gailu ugari jaio, merkatuan txoko bat egiten saiatu eta hil dira 1999tik hona, eta bakar batek ere ez du lortu egonkortzea, ez eta liburu tradizionalari terrenoa jatea ere.

Arrazoia ez da hain estrainioa: merkaturatu eta saldu nahi den gauza oro beharrezkoa, ordezkaezina dela sinetsarazi behar zaio erosleari. Eta, egia esan, egun testu digitalizatu gutxi dago, testu gutxi sarean; jende gutxik du beharrezkoa den ekipo informatikoa behar bezala erabiltzeko ezagutza nahikoa; sareko metodo askok testu digitala inprimatzera behartzen dute irakurlea; irakurketa hipertextuala kaotikoa izan daiteke, aberastu baino nahas dezake; ez da argi ikusten nola gordeko diren testuak, ez eta nola sailkatu edo babestu behar diren ere. Beharrezkotik, ordezkaezinetik gutxi dute, beraz, aparailuok.

Horrek zer esan nahi du, liburu elektronikoak ez direla tresna erabilgarri eta baliagarri izango? Ez da hori gaian aditu direnen iritzia. Momentuz, gailu berriak diseinatu eta merkaturatzen dituzte etenik gabe, behin betikoa noiz iritsiko. Kurioski, paperaren ehundura eta irakurgarritasuna imitatzen saiatzen dira horietarik batzuk.

Azkenak
Etorkizunean ere mendien alde

Orain dela hogei bat urte izandako mehatxuak datoz Gipuzkoako mendietara berriro ere, eta ez nolanahiko neurrian, gainera; tamaina eta kantitate handiagoan baizik. Proiektuok –bakarren bat jadanik eraikia; Zubietako erraustegia, kasu– landa-eremuan edota mendian dute... [+]


Migratzaileei hizkuntza harrera egiteko jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen

Urriaren 10 eta 11n Gasteizko Europa Jauregian egingo dira Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetzan urtero antolatzen dituzten jardunaldiak.


Iruñeko Ezpala tabernari eraso egin zioten Boixos Nois taldeko ultren kontrako akusazioa artxibatu du epaileak

Iturramako taberna herritarrari eraso egin zioten egunean bertan Iruñean ziren arren, salatutakoan parte hartu zutenik ezin dela frogatu dio epaileak. 2022ko azaroan Ezpala taberna txikitu eta bertan ziren bezeroak jipoitu zituzten Bartzelonako ultrek.


2024-09-26 | ARGIA
Realeko entrenatzaileak euskaraz jarraitu zuen, zenbait kazetari frantziar kexatu arren

Realeko futbol taldeko entrenatzaile Imanol Alguacilek, Nizan, Europako Ligako partiduaren aurretik eskainitako prentsaurrekoan euskarazko hedabideei euskaraz erantzuten ari zela, hainbat kazetariren kexa entzun behar izan du. Duela astebete antzeko egoera gertatu zen... [+]


EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk akordioa adostu dute Osakidetzako lan eskaintzen eredua berrikusteko

Osakidetzako lan eskaintza publikoen eredua "berrikustea" eta kontsolidazio prozesuak "bukatzea" galdatzen duen ekimen parlamentarioa adostu dute hiru alderdiek.


2024-09-26 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Por donde pasa el silencio


Greba arrakastatsua Nafarroako Hezkuntza Publikoan

Nafarroan hezkuntza publikoko milaka irakasle greba egitera daude deituta ostegun honetan eta mobilizazio ugari iragarri dituzte sindikatuek. Ratioen jaitsiera, plantillak egonkortu eta gainzama arintzea eskatzen dute, besteak beste: "Gobernuari dagokio hezkuntza publikoa... [+]


2024-09-26 | Euskal Irratiak
Baionako Ospitaleko ehunka langile mobilizatu dira lan-ordutegien berrantolaketaren kontra

Euskal Kostaldeko ospitaleko zuzendaritzak aurkeztu duen lan denboraren berrantolaketa proiektuaren salatzeko, intersindikalak mobilizaziorako deia egin zuen asteartean. Berrantolaketa proiektu horrek 2002an sortutako hitzarmena hausten duela diote sindikatuek, besteak beste RTT... [+]


2024-09-26 | Gedar
Ertzain bat Desokuparen parte dela argitaratu dute

Otavio da Silva ertzaina irakasle aritzen da Desokupan, eta emakume gisa dago erregistratuta. Bestalde, badirudi udan bere bikotekidea erailtzen saiatu zen ertzaina ez dutela Poliziatik bota.


Gaza iparraldeko zibil guztiak kanporatzea aztertzen ari da Netanyahu, begirada Libanon jarrita dagoela baliatuta

“Zonalde militar itxia” bilakatuko litzateke Gaza iparraldea, eta palestinar zibil guztiak kanporatzea ekarriko luke. Astebetean joaten ez diren guztiak helburu militar gisa hartu eta hil egingo lituzkete, planaren arabera.


Armen salmenta sekretupean mantentzeko akordioa daukate Israel eta Espainiaren artean

José Luis Zapatero Espainiako presidente zela hasi ziren akordioa lantzen 2011n eta 2014an gauzatu zuten Espainiako Mariano Rajoy eta Israelgo Shimon Peres presidenteek. Publico komunikabideak eman du akordio horren berri.


Sail Ofiziala. 6.eguna
Ihes egin heriotzari, aurrerantz

Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]


Eguneraketa berriak daude