Gerrak zeluloidea inbaditu du

  • 2008ko Oscar sariak George Bushen agintaldiaren azken hilabeteetan iritsi dira. Datorren astean banatuko dituzte zinemaren sari preziatuenak. Hollywood ez da AEBen azken urteetako kanpo politikarekin kritikoegi azaldu eta gutxi dira Irak eta Afganistango inbasioei buruz diharduten pelikulak aurtengo Akademiaren sarien hautagaien artean. Dokumentalen atalari bestelako usaina dario ordea, odolarena. Bost filmetatik hiru inbasio horietaz ari dira. Ez dira salbuespena. Gai bera lantzen duten ekoizpen asko iritsi dira azken urtean aretoetara. Burua lur azpitik ateratzeko ordua zinemarentzat?
Battle for Haditha filma
Battle for Haditha filmaBattle for Haditha filma
Aitaren begian sartu du atzamarra Charles Fergusonek No end in sight filman eta dokumental alorreko Oscar saria irabazteko izendatu dute. 2003an AEBetako soldaduak Iraken indarrez sartu zirenetik egin diren “akatsak” dira dokumentalaren abiapuntua. Filmaren norabidea elkarrizketatutako 35 pertsonek zehaztu dute: Bushen ingurukoak izandakoak gehienak, Iraketik ateratzearen alde daude orain. Lehiakide izango dituen bi film bere lehengusuak dira: AEBetako soldaduek Afganistanen egindako torturek eman diote Alex Gibneyreri Taxi to the dark side pelikula osatzeko testuingurua, eta Richard E. Robbinsen Operation Homecoming: Writing the wartime experience dokumentala soldadu iparamerikarrek idatzitako testuetan oinarrituta dago. Otsailaren 24ko Oscar gauean Tommy Lee Jonesek aktore onenaren saria irabaz dezake gainera, Irakeko izugarrikeria salatzen duen In the valley of Elah fikziozko filmarengatik.

Ale batzuk baino ez dira, zinema aretoak azken aldian gai bera landu duten filmez mukuru daude. Urrezko gizontxoa eskuratuko ez badute ere, ez dira saririk gabe geratu: Brian de Palmak zuzendari onenaren zilarrezko lehoia irabazi zuen Veneziako Mostran Redacted filmarengatik; Nick Broomfieldek Battle for Haditha-ri esker Donostiako Zinemaldiko zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen. Isilxeago pasa dira James Strousen Grace is gone eta Robert Redforden Lions for lambs –Redford bera, Tom Cruise eta Meril Streep protagonista izanda zarata handiagoa ateratzea pentsatzekoa bazen ere–. Irak, Afganistan, AEBen kanpo politika ezbaian jartzen ari dira zuzendari eta aktore batzuk, Bushen agintaldiaren udazkenean. Arrautza ala oiloa zen lehenago? Kultur industria estatubatuarrak politikan eragiteko asmoa du, ala herritarrek gerraren aurka hartu duten jarreraren ispilu da?

Bietako edozein aukerak balio du, egia esan. Omeleta prestatua dago eta zer zapore duen jakiteko ordua da. Jaialdietan jasotako sariak eta prestigioa bazter batean utzita, gerraren aurkako film luzeen uholde berri honek ez du gizartean eragin handirik izan. Bestelako arte diziplinek ere ez, pentsatuko du norbaitek arrazoiz. Vietnamen aurkako erasoak AEBetan sortu zuen bazterketak kultur mitologia berriaren jaiotza ekarri zuen. Hori ez da errepikatu –oraingoz, inoiz ez da jakiten noiz–. Garaiak ere aldatu dira, esango du beste norbaitek, eta film bat tanta txikia baino ezin dela izan ikus-entzuleek egunero jasotzen duten irudi zaparradaren erdian.

Zuzendari berriek bestelako problemak ere badituzte ordea. Honakoa batez ere: gerraren aurka arituta, nola gainditu Vietnamgoa salatzeko egin diren maisulanak. Edozein zinema zaleren gogoan dago Francis Ford Coppolak esku trebez gidadutako Apocalypse Now (1979), eta Marlon Brandoren pertsonaiak giza psikologiaren alde ilunenean murgilduta egin zuen bakarrizketa –“Izua eta terrore morala zure lagunak dira” esanez–. Edo Stanley Kubricken Full metal jacket (1987) filman pertsona arruntek hiltzeko makina bihurtu arte egiten duten bidaia. Gerra oinarri hartuta, gogoeta askoz sakonagoetarako bidea zabaldu zuten egile horiek duela ez hainbeste; ez da lan erraza izango bide beretik ekarpen interesgarriak egitea.

Baliteke horregatik izatea. Fikzioan jeinuen pare ezin aritu, gaia ezin landu gabe utzi eta dokumental generora edo, fikziozkoak izan arren, oso itxura errealista eta gordina duten pelikulak egitera jo dute Irak eta Afganistanera abiatu diren zuzendariek. Battle for Haditha lasai asko izan zitekeen soldaduek euren kamerarekin grabatutako sekuentzia sorta bat; Brian de Palmak Redacted filmatzeko ezinbestekotzat jo zuen aktoreen inprobisazioa, ikusleari soldaduak galduta zebiltzala adierazteko.

Nola egin gerra gerrari?

“Hau ez da gerraren aurkako aktibistaz eta Michael Moorek erraz ehizatzeko moduko pertsonaz betetako dokumentala. Filmeko jende gehiena garrantzitsua zen Bushen administrazioarentzat” idatzi zuen Chicago Sun-Times egunkariko kritikariak No end in sight filmaz. Inbasioaren uniforme berdea kendu eta bakearen alkandora zuria jantzi dutenen adierazpenek sinesgarritasuna ematen diote Fergusonen lanari, kritikariaren ustetan. Gerraren aurkariek borreroak bezala mila aurpegi izan ditzakete, eta esanguratsua da Bushen kanpo politikaren aurka ari diren asko ez direla ari gerraren kontra, gerra kudeatu den moduaren kontra baizik. Horientzat akatsa ez da herrialde bat inbaditzea, milaka pertsona hiltzea.

AEBetako bizilagunei gerrak eragin dien tragedia kontatzera mugatu dira zuzendari batzuk. Grace is gone laneko protagonistak berbarako, armadako sarjentu zen emaztea galdu berri du, eta ez daki bere bi alabei nola azaldu. Hilerriaren alde bakarrari eskainitako filma da. Lions for lambs-en titulua ere esanguratsua da. AEBetako soldaduak “ardiek gidatutako lehoiak” direla ematen du aditzera, eta ikuspuntu horretatik kritikatzen ditu Afganistango operazio militarrak.

Kontrakoa egin du Paul Haggisek In the valley of Elah-n. Tommy Lee Jonesek antzeztutako pertsonaiari semea hil egingo zaio gerratik itzuli ondoren. Heriotza ikertzen hasi eta konturatuko da berarekin Iraken egondako soldaduek hil dutela; semeak gerran zegoenean egindako izugarrikerien berri ere izango du ordea. Kritika gobernuaren jarreratik harago, soldadu joandakoei ere zuzendu die. Antzerako zerbait egin du Alex Gibneyk: Afganistanen desagertu zen Dilawar izeneko taxilari baten historia berreraiki du Taxi to the dark side dokumentalean. Soldadu estatubatuarrek hil arte torturatu zuten.

Bi mutur horien artean geratu da Nick Broomfield. Irakeko soldadu beteranoak erabili ditu bere filman, batzuk Fallujah-ko batailan egondakoak. Soldadu amerikarrek zibilei egindako basakeriek filmaren tarte luzea betetzen badute ere, amaieran George Bushi botatzen dio gertatutakoen erru guztia, “komandante-burua” bera dela esanez.

Ikuspuntuak ikuspuntu, oinarria aldatu egin da behintzat. Etxekoen larruan ala kanpokoenean izan, zinemak baztertu egin du gerran bihotz oneko ekintzak egin daitezkeenaren ideia. Konparazio batera, alde nabarmena dago 1991ko Golkoko Gerran girotutako Three kings (1999) eta azken aldian estreinatu diren filmen artean.

Bestalde, Charlie Wilson’s war (2007) filmak bide interesgarria zabaldu du, sutan dauden gatazkok testuinguru historikoan kokatzeko abiapuntua jarriz. Afganistango gaur egungo egoeraren sustraiak aztertu ditu Mike Nichols zuzendariak, Sobiet Batasunaren eta Afganistanen arteko gerran AEBek izan zuten jarrerarekin kritiko azalduz. Phillip Seymour Hoffmanek bigarren mailako aktore onenaren Oscar saria irabaz dezake ekoizpen horretan jokatu duen pertsonaiarengatik.

Afganistan umeen begietatik

Hanna Makhmalbaf iraniarra da, 18 urte ditu eta bere filmak ikusita gutxik sinetsiko lukete. Azkeneko Donostiako Zinemaldian bere lehen film luzea aurkeztu zuen, Buda az sharm foru rikht. Bakhtay izeneko 6 urteko neska baten istorioa da: eskolara joan nahi du, baina ez diote uzten. Ume baten begirada xalo eta magikotik azaldu du Makhmalbafek Afganistanen emakumeak bizi duen egoera. Txanponaren beste aldea da, fundamentalismo islamiarrari etxetik egindako kritika.

Hala ere ez espero Mendebaldearen apologiarik. Zinemaldira etorri zenean eskaini zuen elkarrizketa batean, Makhmalbafek honakoa adierazi zuen, buruan zeraman zapiaz galdetu ziotenean: “Niretzat ez da hain garrantzitsua. Hemen ez daramazue zapirik buruan, baina ez dut boterean emakume asko ikusten. Hemen ere gizonen azpitik bizi dira emakumeak”. Letra larriz idazteko moduko esaldia, Ekialdeari paternalismoz begiratzen diotenentzat.
Interneten zineman baino errealago
Kamerak leiho bat erakusten du. Tiro bat, kristalak metal astunaren kolpea jaso du, baina eutsi dio, ez da apurtu. Norbaitek "kaka zaharra!" oihukatu du ingelesez. Gero, erdi barrez "hau da salbatu gaituen leihoa!" esan du. Sniper shot Iraq du izena bideoak eta 15 segundu irauten du. Azken urteetan sarritan aipatu dute hedabideek AEBetako soldaduek gerran grabatutako ehunka bideo daudela Interneteko YouTube atarian. Ez da horrelakoak aurki daitezkeen webgune bakarra. LiveLeak.com ere horrelako edukiz beteta dago, askoz gogorragoak baina. Inoiz baino egile gehiago ari dira agertzen snuff generoan –izen hori dute denbora-pasako film modura grabatutako benetako hilketen filmek–.

The war tapes blogean dago antzeko beste erakusgarri bat. 2004 eta 2005ean Iraken izan ziren hiru soldaduk grabatutako irudiekin 97 minutuko pelikula osatu dute. Deborah Scranton zuzendaria arduratu da grabaketak antolatzeaz, baina irudi guztiak soldaduek hartutakoak dira. Ziurrenik inoiz ez da gerra baten fronteko hainbeste irudi egon mundu guztiaren eskura. Zinemagileek euren lanei egiantzekotasuna emateko ezinbesteko bihurtu dira sekuentzia horiek.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude