Vanderbilt

  • New York, 1810. Staten Island-en bizi zen hamasei urteko gazte batek aukera ederra aprobetxatu zuen itsasontzi txiki bat merke erosteko. Berez aisialdirako erosi zuen ontzia, baina ikasketak hamaika urterekin utzi zituen mutiko hark erosketari esker sos batzuk irabaz zitzakeela pentsatu zuen: nekazal produktuak eta bidaiariak eramango zituen Staten Islandetik Manhattanera.

    Berehala, zerbitzu berriaren eskaerak gora egin zuen eta Cornelius Vanderbilt gazteak ontzi gehiago erosi behar izan zituen. Hemezortzi urterekin New Yorkeko portuan lehengaien garraiorako negozio errentagarria zuen; Vanderbilt inperioaren hastapenak ziren.
Hogeita hiru urte beteta, ontzi guztiak saldu eta baporearen aldeko apustua egin zuen, New York eta New Brunswicken arteko ferry linea zabalduz. 1849an, Atlantikoaren eta Itsaso Barearen arteko zerbitzuaren kontzesioa lortu zuen Nikaraguako gobernuaren eskutik. 1955ean ozeanoa zeharkatu, eta New York-Le Havre bidaiari-linea antolatu zuen.

Baina handik gutxira, 1857an, trenbideen mundura egin zuen jauzi. 1861ean bapore guztiak saldu zituen. New York eta Harlemen arteko ibilbidearekin ekin zion negozio berriari; Columbiako konterriraino iritsi zen gero; Buffalora, aurrerago, baita Chicagora ere. 1877ko urtarrilaren 2an hil zen Cornelius Vanderbilt. New York Central & Hudson River trenbidea, Lake Shore & Michigan Southern izenekoa, Harlemeko linea eta Canada Southern delakoa Vanderbilten kontrolpean zeuden. Beste linea askoren kudeaketan parte hartzen zuen, gainera. Bere ondasunak 100 milioi dolarretara iritsi zirela kalkulatzen da. Horiek guztiak (edo ia) seme William Henry-ri utzi zizkion, zortzi alabei pilatutakoaren zati txiki bat baino ez baitzien eman. Semea hildakoan, familiaren ondasuna 200 milioi dolarrekoa omen zen.

Vanderbilt familiaren hagiografoek diote sendiak diru kopuru handiak eman ohi zituela karitate eta gizarte-lanetarako. Eta Vanderbilt Unibertsitatea (Nashville, Tennessee) aipatu ohi dute adibide gisa. Baina Corneliusek milioi bat dolar baino ez zuen eman geroztik haren izena izango zuen unibertsitatea eraikitzeko. Hala ere, emazteari utzi ziona bikoizten du kopuru horrek.

Corneliusen bizimodua xumea izan zela diote. Oinordekoek, ordea, karitatea euren buruek merezi zutela pentsatuko zuten, eta etengabe jardun zuten bildutakoa xahutzeko lanean. Corneliusen biloba Albertek hirian etxe bat zuen, beste bat mendian, yate eder bat eta treneko bagoi pribatu bat ere bai. Baina itxuraz, nahikoa ez eta Italiatik arkitekto bat ekarrarazi, 600 langile kontratatu eta jauregi bat eraikiarazi zuen New Yorkeko Fifth Avenue garestian. Alberten alaba Alicek, aldiz, itsasertzean “etxolatxoa” eraiki zuen; 70 gela zituen, sarrerako ateak 50 tonako pisua zuen, eta etxea urtero pintatzen zuen 5.000 dolarren truke.

J. K. Galbraith ekonomialariak dioenez, “Vanderbiltarren hainbat belaunaldik dirua modu errazean pilatzeko eta modu inozoan xahutzeko talentua izan du”. Cornelius hil eta 48 urtera, haren oinordeko zuzenetako bat xentimorik gabe hil zen; inperioaren sortzailearen heriotzatik 70 urtera, familiak Fifth Avenuen guztira eraikitako 10 jauregien arteko azkena bota zuen.

ASTEKARIA
2007ko uztailaren 08a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude