Eraberritzea abian

  • Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailak oinarrizko irizpideak aurkeztu ditu EAEn azken hogeita bost urteetan indarrean egon den ele biko ikas ereduei buruzko proposamena gainditzeko. Irizpide horien artean, ikastetxeei helburuak lortzeko xedez esku hartze are zabalagoa ahalbidetzea, derrigorrezko eskolaldirako hizkuntza helburuak finkatzea, euskara ikas/irakaskuntzaren hizkuntza nagusia bilakatzea, atzerriko hizkuntzen eskuratzea bultzatzea, curriculumari buruzko berrikuntzak sustatzea, tarteko zein azken helburuak lortzen direnentz jarraipena egiteko kanpoko ebaluazio sistema bat eratzea, eta abar dira mahai gainean jarritakoaren ardatz nagusiak.
Erramun Osa
Iñigo Azkona
Aurkeztutakoak laurogeita hamarreko hamarkadatik hona gure arteko zenbait hezkuntza erkidegotan, ikastoletan bereziki, burututako ibilbidetik edan eta sistema osora hedatzeko modua egiten du, Europan arrakastatsuagoak diren hezkuntza moldeetara hurreratzeko bidea zedarrituz, bidenabar. Horiek horrela, A, B edota D ereduei buruzko eztabaida nominalista bezain sinpleetara ohituta daudenei proposatutakoaren muina harrapatzea kostatu egin zaie. Izan ere, lortu beharreko helburuetan jarri da, oraingoan, atentzioa, helburu horiek erdiesteko bideratu beharreko bitartekoen gaia gerorako utziz.
 
Hasiera batean, eztabaida helburuetan kokatze horrek oso-oso agerian utzi ditu euskararekiko erdi ezkutuan zeuden zenbait jarrera, besteak beste, orain arte euskararekiko atxikimendu eta konpromiso eskasa erakutsi duten sindikatu eta hedabide batzuena, euskarekiko maila gehiegizkoa ez ezik euskara ikas/irakaskuntzaren hizkuntza nagusia bihurtzeak gaztelania bazterrean uzten duela nabarmendu dutenean. Ez dituzte, ostera, gaztelaniarekiko ez eta ingelesarekiko xedeak auzitan jarri.
 
Aipatutakoaz landa, ezarritako mailara iristen ez diren gazteekin zer gertatuko den, hots, titulurik eskuratuko ote duten edota hasierako urteetan umea ama-hizkuntzan hezi beharra ere aipatu dira. Lehenbizikoari dagokionez, ikastetxeak dira gazte batek derrigorrezko eskolaldia amaitu eta dagokion titulua jaso dezakeela egiaztatzen dutenak, beraz, ikastetxeentzat da presioa, haiena, hein handi batean, erantzukizuna. Ikastetxeei aitortzen zaien autonomia xedeak lortzeko baliatu behar dute, ez beste zernahirako.
 
Ama-hizkuntzaren gaia ere ez da berria gure artean. Egun, eskolatutako ume ia guztiak gaztelaniaz ondo moldatzen direlarik, askok euskaraz moldatzeko zailtasunak dituztelarik, euskaraz ahalik lasterren hastea eta ikas/irakaskuntzaren ardatz bilakatzea erabakigarria da, proposatzen diren helburuak ez dira lortuko, bestela. Alabaina, gaztelania buruan, argudio horretaz baliatzen direnei galdetu beharko litzaieke gaztelaniarik ezagutzen ez duten etorkinak hasierako urteetan haien ama-hizkuntzan hezi nahi dituzten. Ea erantzuna parekoa ote den, indar bera ote duen.
 
Mozorroak ken ditzagun, arren. Baieztapen horien atzealdean, funtsean, euskarak bigarren mailako hizkuntza izaten segi dezan sektore batzuek egiten duten ahalegina dago. Ikuspegi hori dago, besteak beste, A ereduko hainbat ikastetxetan, euskara bazterrean utziz, atzerriko hizkuntzak eskuratzeko egin dituzten berebiziko ahaleginen atzealdean. Eztabaida ez da, beraz, hezkuntzara mugatzen, atzealde politiko garbia du, tamalez.
 
Baina, xedeekin batera, bitartekoen auzia ere erabakigarria suertatuko da. Euskararen indarberritzearen alde azaltzen diren askok, abertzaleen esku dagoen hezkuntza administrazioak, ahuleziarik erakutsi gabe, egin beharrekoetan sendo, behar diren lanabesak ezarriko ote dituen, zango-trabaz joria izango den prozesuaren aitzindaritza eramateko gauza izango ote den zalantza handiak dituzte. Datozen hileetan panorama politikoak lurrikara bat baino gehiago jasan beharko dituela, areago.

Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude