Kepa Mendia: "Publizitatea euskaraz egitea oso ona izan da negoziorako"

  • "Jabierri, oso Bitoria zalea baitzen, ibilaldi handiak egitea gustatzen zitzaion, bakarrik. Sarri gurutzatzen zuen plaza. Atsegin zituen haren itxura eta giroa. Leku baketsu eta lasaia zen. Arkupeei buelta ematen zien. Laborantza-tresna dendak zeuden, optiko bat, Mendia, eta kafetegi bat, La Oñatiarra". Pio Barojak betikotu zuen Mendia Optika El cura de Monleón eleberrian. 1936ko lana da Barojaren hura eta, ordurako, laurogei urte beteak zituen gure optikak.


2006ko maiatzaren 28an

"Mendia Optika. 1856az gero". Buruz ikasi dugu, hainbat aldiz ikusi dugu eta iragarkia. 150 urte bete ditu dendak aurten. Aspaldi ari zara publizitatea euskaraz egiten. Gasteizen aitzindari zarela ere esan liteke...

Aitzindaririk izatekotan, gurean behintzat, aita. Ez zekien euskaraz baina maitasun handia zion. Euskal jaia izeneko programa egiten zuten Gasteiz Irratian. Publizitatea euskaraz egitea bitxia zen orduan, frankismo garaia zen, eta gure aitak dendaren publizitatea egiten zuen saio hartan, euskaraz eta gaztelaniaz. Bera hasi zen horretan.


Euskal jaia irratsaioa, beraz.

Bai. Programaren babesle zen gure aita. Jose Maria Sedano zen, berriz, programaren gidaria. Biak lagunak eta batak programa egin eta besteak publizitate-mezuak agindu. Gaztelaniazko mezuak euskaratzeko eskatzen zidan aitak eta Sedanok nola-hala irakurtzen zituen euskaraz, hark ere ez baitzekien euskaraz.


1984an hasi zinen etxeko dendan lanean. Euskarazko publizitatea areagotu zenuten.

Ordu arte, irratsaio hartan eta zenbait aldizkaritan egin izan genuen publizitatea. Ni sartu nintzenean, publizitate guztia euskaraz eta gaztelaniaz egiten saiatu nintzen, sistematikoki. Arazorik ere ez nuen izan, neronek itzultzen bainuen. Gero, besteren bati ematen nion zuzen zezan, badaezpada. Zerrenda luze-luzea bidali nion Xabier Kintanari, eta berak euskaraturik bidali zidan.


Publizitatea ez ezik, euskarazko materialak baliatzen dituzue euskaldunekin.

Bezeroa ikusmena aztertzera etortzen denean egiten den frogetariko bat da tamaina ezberdinetako letra duen testua irakurtzea. Nik, irakurgai, Atxagaren testuak aukeratu nituen. Sugeak txoriari begiratzen dionean narrazioko eta Obabakoakeko Bagdadeko morroia ipuineko pasarte bana ditut tamaina ezberdinetan egokiturik. Eta Lilai txerritxoa, Anaiz gure alaba zaharrenak bederatzi urte zituela egindako ipuin bat.


Kanpoko itxura ez ezik, barnekoa ere zaindu duzue...

Lanean hasi nintzenean egin nuen ahaleginik handiena: inprimakiak, bezeroekiko harremanak, gutunak... Harrezkero, egindako lanari eustea izan da. Orain askoz errazago da dena: barneko inprimakiak, hizkuntz paisaia esaten dutena eta -errotuluak eta beste-, eginda dago. Publizitate idatziari dagokionez, euskaraturik bidaltzen digute, itzultzaile profesionalek egina. Neronek sortzen edo itzultzen dudalarik, etxeko laguntza dut, Maite emaztearena, edo Txipi Ormaetxea lagunarena. Nik publizitatea eskatu, kartelak eta antzekoak, euskaraz bidaltzen dizkigute. Hirugarren pausoa, langileei dagokiena, da zailena.


Horretan ere saiatu zaren arren...

Bai, baina horixe da zailena, langile euskaldunak inguratzea. Beti pentsatu izan dut lantokia euskalduntzeko asmoa izanez gero, langile berria behar denean saiatzea euskalduna kontratatzen. Gurea enpresa txikia da eta ez daukagu denborarik jendea lanorduetatik kanpo euskaraz ikasten jartzeko. Lan handia da eta, gainera, jendea gaztea denean hor nonbait, baina adin batetik aurrera zailago da askoz. Nire joera izan da langile berria sartzen denean, ahalegina egitea euskalduna izan dadin. Hor, oztoporik handiena optikariak ditut.


Optikariak?

Bitxia bada ere, optika ikasketarik ez dago Euskal Herrian. Diplomatura da, zaila omen, baina hiru urtekoa. Langabeziarik ez dago. Lan-baldintza onak dituzte eta soldata politak. Ordutegia ere, beste langile askok baino hobea. Kontua da optikari gutxi dagoela. Erdaldunak ere gutxi. Oso zaila da optikariak kontratatzea. Optikari euskalduna aurkitzea, berriz, mirakulua da.


Udaletako euskara batzordeak euskarazko publizitateak erabateko garrantzia duela adierazten ari dira...

Ados nago. Beharbada, euskararen normalizazioak egin duen akats handienetakoa publizitatean egin du. Saiatu gara eta ahalegin handiak egin ditugu irakaskuntzan, komunikabideetan, zertxobait administrazioan, baina uste dut lan munduan eta ekonomia arloan herren gabiltzala. Quebecen, Hizkuntzarentzako Ministerioa dute. Hango arduradun Jean Claude Corbeille hemen izan zen 2000 inguruan. Haren aipamen bat erabili dut behin baino gehiagotan: Zioen euskaldunek, bretoiek eta besteek ez dutela garbi esaten zer egin nahi duten hizkuntzarekin. Denak ados direla, eskolan irakatsi behar dela. Gero, galdera egiten zigun: «Baina bizitza ekonomikoaren hizkuntza ere bihurtu behar al da? Iruditzen zait helburu horiek argi izan behar direla eta argi planteatu».


Galdera, Corbeillek. Eta zure erantzuna?

Gizartearen lehia eta borroka ekonomikotik aparte geldituz gero ez dago ezer egiterik.


Zergatik egin publizitatea euskaraz?

Niri dagokidanez, nik euskaldun moduan egin nahi nuen lan. Niretzat inportante da munduan norbera den moduan agertzea; lanean ere bai. Ni, euskalduna nintzen, euskaltzalea ere bai, eta uste nuen horrelaxe azaldu behar nuela jendearen aurrean. Geroztik, konturatu naiz publizitatea euskaraz egitea oso mesedegarri dela, gure kasuan behintzat. Oso gauza ona izan da negoziorako. Batez ere, konpetentziatik bereizi gaitu. Nortasuna eman digu eta gainera, eragin handia izan du euskaldunetan. Publizitatea gaztelaniaz eginez gero, izango zuen eragina, edo ez. Baina euskaldunetan begi bistakoa izan da eragina, eta oso handia gainera.


Jokoa ez da errenta dio esaerak. Aldiz, publizitatea euskaraz bada errenta...

Gure kasuan bai. Bestalde, gaur egun, euskararen onerako eta gure kalterako beharbada, Gasteizko optika handienek sistematikoki erabiltzen dute euskara, banketxeek bezala. Ez diot, noski, guregatik denik, baina horrek erakusten du euskarak indarra hartu duela, eta salmentarako inportantea dela.


Nabarmena da zuek lagundu duzuela horretan, Gasteizko Andre Mari Zuria plazako dendatik, hiriaren bihotzean zaudete, urte askoan.

Eragingo genuen, beharbada, akuilu gisa.


Aurreko batean aditu nizun esaten ez duzula egiten militantziagatik...

Esan dizut lehenago: euskalduna naiz eta naizen bezala agertu nahi nuen. Hori egin eta ikusi dut fruitua jaso dudala. Ondorio oso onak jaso ditugu. Eta horretan jarraitzen dugu, eta oso pozik, bistan da.


Batek edo bestek esan izan dizu: "Euskarazko publizitatea, errentagarri? Gasteizen ere bai?".

Gasteizen bereziki! Seguran eginez gero, ez da nabarmenduko.


Komentarioa egin zuenak Gasteizko giro politikoa gogoan ariko zen, nonbait. Euskararen aldekoa ez delako, alegia.

Ez dut uste. Nafarroan, Iruñean eta, administrazioak bai, bultzatu du euskararen kontrako giroa; han zailtasunak izan litezke. Gurean ez. Zorionez, euskarak errespetua irabazia du Gasteizen, hiri erdalduna izanik ere, eta nahiz eta agintari asko euskararen kontrako izan, ez dira ausartzen horrelakorik azaltzen. Nik ez dut kontrako erreakziorik sumatu. Esaterako, bezeroen deiturak euskal grafiaz emateko ohitura daukat eta gutxitan gertatu zait, adibidez, hark bere deitura erdal grafiaz nahi duela esatea.


Publizitatea euskaraz egiten duzu zuk, aspaldidanik. Hala ere, galdera, erantzunik duzun ez badakigu ere: zergatik ez du, oro har, euskaldunak publizitatea euskaraz egiten?

Ez dakit. Oso gauza harrigarria da. Etxean eta lagunen artean euskaraz, lanean eta bizitza profesionalean erdaraz, oso jokabide errotua da gurean, eta guztiz kaltegarria. Hautsi beharreko kontraesana da. Adibidez, mirakulua da jatetxeetako karta euskaraz ere egotea. Eta ez Gasteizen bakarrik, baita Gipuzkoan bertan ere. Donostiako Alde Zaharrean, adibidez, errazago da karta frantsesez edo ingelesez topatzea, euskaraz baino. Eta, askotan, bezeroak, eta zerbitzariak ere bai, euskaldunak dira! Hori kontraesan ikaragarria da. Ez dut ulertzen. Akats ekonomiko larria da.


Enpresaren ikuspuntutik ere, esan nahi duzu.

Horixe. Bezero euskalduna, Euskal Herriko jatetxea, eta karta ez dutela euskaraz! Hain zaila al da karta euskaraz eskaintzea? Alde horretatik, Oiartzungo Zuberoa jatetxea miresten dut. Euskaldunak dira eta kontu egiten digute euskaldunei. Baina salbuespena da! Eta araua izan beharko luke! Nori egiten dio kalte, txarren-txarrenean ere, karta euskaraz edukitzea? Aldiz, mesede, denoi. Are gehiago bezeroa euskalduna denean. Inor kexatuko al da karta euskaraz ere badagoelako?
Euskararen lagun
Kepa Mendia Landa (Gasteiz, 1952). Optikari ikasi zuen Madrilen. Bertan ikasi zuen euskaraz, eta bertan euskaltzaletu, 1969tik 73ra. Gero, artean bere buruari gazte iritzita, bertan geratu zen eta Ekonomia ikasi. 1976an itzuli zen jaioterrira. Gasteizko seminarioan Euskal Filologia abiatu zuteneko garaia zen eta ikasketa haiek ere burutu zituen, Koldo Mitxelena, Rikardo Zierbide eta beste zituela irakasle. Ondoren hasi zen optikari lanean, hogeita hamabi urte zituela.
Lanean hasi orduko ekin zion Kepa Mendiak publizitatea euskaraz egiteari. Bera zen itzultzaile, bera asmatzaile, laguntzaileak izan bazituen ere. Merkataritzan ere euskaraz abiatu zen, bakarlari orduan. 1999an, egindako lana eskertu eta omenaldia eskaini zion Korrika 11k.

Euskara gabe kalitaterik ez
Egun, lanean segitzen du, euskararen alde Mendia Optikatik, hizkuntzaren errentagarritasuna aldarri. «Niretzat inportantea da Kontseiluaren Euskara bidean eta antzeko ziurtagiria izatea zeren, hemen, Aenor-en kalitateko ikurra erabiltzen da. Eta, barkatu, baina Euskal Herrian zerbitzuak euskaraz eskaintzeko gai ez den enpresa edo saltokiak ez du kalitatezko K-rik. Aenor-en ikur eta ziurtagiria izango du, baina euskaldunen aurrean kalitate saririk ez du merezi».


ASTEKARIA
2006ko maiatzaren 28a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Araban
Eskolaz kanpoko aisialdi euskalduna bermatzeko eskatu diote gurasoek Gasteizko Udalari

Euskaraz izango direla iragarri baina gaztelaniaz izaten amaitzen duten ekintzak, teorian elebidunak diren eta praktikan gaztelania hutsean egiten diren saioak edota zuzenean euskaraz eskaintzen ez den aisialdia. Gasteizko gurasoen kexak ugariak dira eta mezu garbia dute:... [+]


Oihane Perea. Bertsolaria, irakaslea eta kultur eragilea
“Leku batzuetan euskara atzeraka ari den aldi berean, Araban izugarria izan da berreskurapen prozesua”

Euskararen erabilera galtzen ala berreskuratzen ari da? Non begia, han ahoa. Ahobizarrik gabe mintzo da Oihane Perea Perez de Mendiola (1977, Gasteiz) euskalgintzak zein bertsogintzak Arabari emandako bueltaz. 30 urteren ostean bertso txapelketen fokupetik atera berritan, plazen... [+]


2022-06-16 | ARGIA
Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeari bukaera emanen diote ekainaren 30ean

Lazarraga Kultur Elkarteak 2014an sustatutako proiektuari bukaera eman, eta Gasteiz Antzokiaren proiektuan zentratuko da elkartea.


Alex Vadillo
"Gasteiz Belarriprest hiria bihurtu behar genuke"

Ikasle garaian bere ibilbide profesionala ingeniaritzara bideratzeko asmoa zuen arren, beste aukera batzuk bidean agertu, eta euskarari lotutako ibilbide esanguratsua egin du ordutik Alex Vadillok. AEKn 15 bat urtez, lehenik, eta Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuan beste 18... [+]


Manuel María Ruiz. Mendi ingeniari euskaltzaina
"Gure udaletan obra goseak ez du azkenik"

Neurrizko, zentzuzko, zuhur ageri da zaratotsa nagusi den mundu zementuz josian. Mendi eta basoak izan ditu lantegi, eta sen on handiz mintzo da hala naturaz, nola haren girbin hiriaz. Apal eta sotil ari da Arabaz, toponimiaz, euskaraz... Indarraren arrazoirik gabe, arrazoiaren... [+]


Eguneraketa berriak daude