Pilar Barandiaran: «Arrosarioa daukat osabaren oroigarri»


2005eko ekainaren 26an
Zer zen zuen txikitako ibilera, Pilar?
Gure ibilera? Itulan ibiltzen ginen gu, soroan, gurasoekin.

Festak ere izango ziren tartean-tartean. Dena ez zen lana izango...
Festak baziren, baina berehala gastatzen ziren hemengo festak guretzako!
Norbaitek ematen baldin bazigun hamar zentimoko bat edo, horrelakoren bat, gustura! Erroskila zalearengana joan, han karameluak edo hartu eta haiek janez etxera. Gure festa hori zen.

Eta jolasak?
Borrokan hor ibiltzen ginen... Harrapaketan, tortolosetan, ezkutaketan... ibiltzen ginen. Orain ez dago batere horrelakorik. Orain jolas horiek bezalakorik ez dago. Telebistara joan behar dute umeek orain.

Bertan da hemen erreka. Ezkailurik ez al zen?
Batzuk bai, ibiltzen ziren arrantzan. Arrantzaleak baziren. Baina gu bi neska ginen eta guk ez genuen arrantzarik.

Zu ninia izango zinen artean. Osaba Joxe Migelek zu lotan zeundeneko sehaskari eragiten omen zion...
Gure amak esaten zuena dakit nik. Esaten omen zion gure amak anaiari: "Miel, ni banoa umea lo utzita sorora. Negar egiten baldin badu, astindu. Zure baitan gelditzen da!". Eta gure ama sorora joaten omen zen.

Gerora ere, beti, "umea" esan omen zizun osabak...
Azken-azkenera bitartean! Eta nik ere ohitura handia daukat "umea" esateko ingurukoei. "Bai umea eta!" Ilobari, Joxe Mariri, horrekin haserrarazten diot. Nik "umea" eta horrelako kontuak esaten ditut ba!, eta horiek omen dira kontuak esateko, garai honetan! Hori buruan sartu zitzaigun eta! "Gizajoa" eta!

Perunezarre baserrian jaio eta hazia, Ataunen bertan joango zinen zu eskolara...
Bai. 14 urte bitartean ibili nintzen ni San Gregorioko eskolan. Gero, kolegiora eraman ninduten, Bitorira. Niño Jesus zuen izena kolegioak. San Pedro elizaren ondoan. Karmeldarrak dira mojak. Hiru urte han eta gero etxera bueltatu nintzen.

Eta nola izan zen osabari laguntzen hastea...
Ez dakit nola izan zen. Hura Frantziara edo joan zen, eta ni ere bai. Vitorian banuen lehengusu bat, moja, eta hura joan zen Biarritzera osabari laguntzera. Gero, nire lehengusu hari ama gaizkitu zitzaion eta orduan, haren partez ni joan nintzen osabarengana Biarritzera.

Gerratik ihesi joan zen osaba Iparraldera. Ihesi, apaiz izanagatik...
Zer nahi duzu! Orduan ere, apaizak eta sekularrak, denei berdin begiratzen zitzaien.

Hiru urte egin zenituzten Biarritzen...
Bai, eta handik Sarara joan ginen, osabak lagun handiak zeuzkan han eta. Gu ere haruntza joateko esaten ziguten osabaren lagun haiek. Eta joan ginen. Belgikar batzuen etxera. Han bizi izan ginen osabak berriz ere hona etortzeko bidea izan zuen arte. Osabak ez zuen han egon nahi. Belgikar haiek, berriz, guk han egotea nahi zuten. Denentzako tokia zegoela esaten ziguten. Etxe handia zen, ederra! Denentzako tokia zegoela eta bertan geratzeko. Baina osabak, ezetz. Gero, Antonio Maria Labaienen andrea, Karmen Sansinenea, han gertatu zen, Saran. Karmenen anaiak etxea zeukan han eginda. Eta Karmenek eta Donibanera joan behar izan zutenean umeak eskolatzeko, gu haien etxera joateko esan zioten osabari. Eta haien etxera joan ginen. Gero, hura bezalakoxe etxea egin genuen hau.

Osabak hona etorri nahi zuen. Eta zuk?
Osaba Atauna etortzeko zain zegoen, eta nik ere hona etorri nahi, jakina! Ni Biarritzen jarri osabarekin kanpoan, kontuak esaten eta: "Umea, Atauna bueltaren bat egin beharko den ba!". Nik hura aditu nahi izaten nuen! Osaba Biarritzeko farora joaten zen. Handik hona aldera begiratzen zuen, hemengo mendiak ikusten zituen, eta esaten zuen: "Hantxe zegon Aitxu, Ataungo mendia". Bere baitan aritzen zen osaba. "Han Aitxu, eta haren azpian, gure etxea!". Eta pozik egoten zen. Hark hona etorri nahi. Ataunen egonez gero, eginda zegoen hura!

Bera hona etorri aurretik etorri izan zinen zu, tartean-tartean bazen ere...
Bera ezin zitekeen etorri eta ni etorri eta hemengo berri ematen nion.

Badakigu osaba nola joan zen Iparraldera. Alegia, Itziarren ari zela lanean garai hartan eta beste hainbat lagunekin Mutrikun hartu zuela ontzia, El Angel de la Guarda...
Donibanera ailegatu ziren, Ziburura. Osabak arreba bat zeukan moja Angelun. Hijas de Maria konpainiakoa. Telesforo Arantzadiri ere han omen zen, eta esan omen zion gure osabak: "Ni hona etorri eta arreba ikusi gabe ez noa hemendik!". Eta Angelura joan zenean, arrebarengana, honek karta bat eman zion, Bitoriko osabak Joxe Migelentzako eskribituta. Esaten omen zion ez deskuidatzeko hona etortzen. Fitxa txarra zeukala eta. Dena gezurra, baina fitxa txarra. Hala, han gelditu zen osaba. Hura omen zen tristura! Gero ondo baina...

Badakigu nola joan zen zuen osaba. Eta zuk?
Nik? Ez dakit ba, ez dakit nola joan nintzen ni haruntza...

Gerratik ihesi Iparraldera joan eta, handik urte batzuetara, beste gerra bat izan zen tarteko. Eta alemanak tokatu zitzaizkizuen parean, Biarritzen bertan...
Baina osaba alemanekin ondo konpondu zen. Gainera, alemanez ere bazekien hark! Alemanak fronteran egoten ziren, guardian. Osaba, jakina, mendian ibiltzen zen eta behin detenitu egin zuten, Larrunen. Eta detenituta ekarri zuten Sarara. Ekarri eta hango buru egiten zuenari, guardiei: "Baina gizon hau nola detenitu duzue?". "Bai, mugan zebilen!". "Ez, ez, goazen!". Komandantziara joan omen ziren eta handik, segituan, Alemaniara telefonatu omen zuten. Eta ordena ere eman omen zieten han zeuden aleman guztiei gizon hari ezer ez egiteko, nonahi zebilela libre uzteko.

Zaila zen osaba zuzentzea? Jaten eta...
Beti jateko bat: purea. Ultzera izaten zuen estomamgoan. Eta ez zuen operatu nahi izan. Beldurra. Hala esaten zuen. Ni, berriz, bost aldiz operatu nintzen! Saran ginelarik hango alkatearen etxera joaten zen jatera. Paul Du Tournié zuen izena. Gero, hurrena etorri ginenean, Perunezarrera joaten zen jatera. Baina beti deskontentu ibiltzen zen. Esaten zuen: "Hik baino gozoago jartzen dinate!". Gurean pure beti, eta besteetan ez zen purea izaten. Gurean, koipea ere, mantekilarekin; besteetan, olioa!

Haren afari arinak ere famatu egin ziren sasoi batean...
Afaria izaten zen arrautza uretan pasatutakoa eta jogurt. Bazkaria, purea eta haragia edo, baina xehatua dena. Goizean, askotan, irina txigortu, eta harekin egindako ahia. "Nik beti nire burua ultzerarekin ezagutu dinat ba!", esaten zuen. Beti bere buruari kontu egiten. Beti! Inora joateko beldurrez.

Afari motza eta errezo luzea? Errezoa ere izaten zenuten zuenean...
Bai. Eta esango dizut gauza bat: aurreko jaian Amabirjinak eman dit poz bat, ez nuke asmatuko esaten! Guk errezatu, arrosarioa errezatzen genuen. Osabak hiru arreba moja zituen eta haiek kantatu egiten omen zuten kantu bat. Guk, arrosarioa eta gero, haiek kantatzen zuten kantua kantatzen genuen. Halaxe egiten genuen eta oraindik ere bai: ni kantu hura kantatzen noiznahi aritzen naiz. Esango dizut: joan den udan Sarakoak etorri ziren, gu bizi izandako etxeko neska txikia etorri zen, orain bi semeren ama. Gure sukaldean jarri eta esan zien bi umeei: "Ea, Pilarri kantaiozue!". Ez nuen nik pentsatzen holakorik aditzerik baina bi umeak txintxo-txintxo, armairuaren kontra jarri eta guk arrosarioa errezatu eta gero kantatzen genuen kantu hura kantatu zuten! Eta aurreko jaian, Arantzazun, meza nagusiaren ondoren, kantu hura kantatu omen dute. Juan Marik esan zidan, iloba txikiak.

Zein da kantu hori?
Itsasoko izar, lagun ekaitzetan, argi egin zaiguzu, azken orduetan, argi egin zaiguzu, itsasoko izar. Arantzazun, meza ondoren kantatu omen zuten. Eta handik etorri ilobak esan zidan: "Gaur Arantzazun, meza ondoren izan behar zenuen! Ze negar saio egin behar zenuen zuk kantu hura aditzearekin!". Niretzako inpresio ikaragarria da hori!

Aditu gabe nengoen kantu hori, kantatukoa naiz baina...
Hemen dezente zabaldu zen kantu hori, osaba hil zenean. Egun hartan, gotzain jauna hemen zen arrosarioa errezatzen. Errezatu eta nik esan nion: "Ze iruditzen zaizu? Guk, arrosarioa errezatu eta kantatu egiten dugu. Amabirjinari". "Bai, bai, Pilar! Zuk egiten duzuna, dena egin behar dugu!", gotzainak. Hala, Itsasoko izar, hori kantatu genuen. Eta, gero, elizan ere kantatu genuen.

Osaba bizi zelarik, jende asko etorri ohi zen bisitan. Sarako ateak beti zabalik zeudela zioen zuen osabak. Besteren etxean bizi izan zinetela, ateak ireki zizkizuetela, eta berdin egin behar zenutela zuek.
Hori esaten zuen osabak, bai.

Ander Manterola, Jesus Altuna, Juanito Garmendia... jende asko hemen...
Bai, apartak dira horiek. Jende asko ezagutu dut nik hemen.

Jaten ere askori eman diozu...
Hamaikari eman diot nik jaten! Eta batere ez daukat damurik.

Oraindik bisitan etortzen zaizu jendea?
Bai, oraindik ere bai. Datorren jaian azpeitiarra etorri behar zait, Ekaingo koba bilatu zuenaren emaztea. Aspaldi arrastorik ez neukan eta hots egin zidanean esan zidan: "Pilar, ezagutzen nauzu?". "Bai, boza ezaguna da baina ez dakit zein zaren". "Ai, Jaungoikoa, ondo elkar ezagunak ginen ba!". Horrela esan zuen. Segituan ezagutu nuen gero.

Espainiako erregea ere izan zenuten hemen...
Bai, hortxe, aurreko soro horretan jaitsi ziren. Errege eta erreginak osabari muxu eman zioten.

Izango zen helikopteroa, guardia zibila eta desditxa...
Bai, baina berak ekarri ere egin zuen helikopteroa. Bat etorri zen aurretik. Buelta batzuk eman zituen eta marka jarri zuten zelaian, non jaitsi, eta hortxe jaitsi zen, etxe ondoko zelai horretan. Baina ezeri ere ez ukitzeko ordena emanda zegoen aparatua. Etorri ziren, eta sukalderaino sartu ziren errege eta erregina.

Ataungo jendea erraz konformatu zen erregea hemen izanda?
Bai, bai... Hemen alferrik ari da. Meza nagusiaren ondoren ailegatu zen eta Munduateko errekatxoaz bestaldetik dena jendez beteta egon zen. Hemen dena jendea.

Politikan ez omen zen sartzen zuen osaba...
Ez... Erreginarena izan zen ederra hemen. Osaba gaixorik egon zenean, errege eta erregina egon ziren hemen. Bisita egin zioten eta alde egiterakoan, eskaileran behera, errege Vitoriako lehengusu apaizarekin eta erregina nirekin. Eskaileran behera ari ginela, atearen gaineko erretratua ikusi erregek, eta hots egin zion erreginari: "Sofia, Sofia, ven pronto aquí, si tu también estás aquí, chica!". Hark egin zidan niri grazia. Holako komeri zelebreak pasatuta nago eta! Orain, azkena, pozik handiena izan dudana, Itsasoko izar Arantzazun kantatu dutela. Badakizu hori niretzako ze poza den?

Ze errekuerdo duzu osabarena?
Nik osabarenak dauzkat errekuerdo denak. Baina hau ez dut ahazten -arrosarioa atera soinekoaren poltsikotik eta eskuan hartuko du-. Villafrancan erosita zeukan niretzako, beti hor ibiltzen zen eta. "Ez dakit 200 pezeta edo zer pagatu nituen!", esan zidan. Eta orain, hauxe daukat nik, oroigarri.

Guk zainduko zaitugu
Botika hartzen dut iluntzetan, pastilla, nerbioentzat. Eta ondo egiten dut lo, primeran gainera! Baina gaurik ez dut botikarik hartu gabe pasatuko. Ez naiz aspaldi medikuarengana joan. Medikuak etortzen dira, Lasa eta Aranburu, Beasainen lan egiten zutenak, orain jubilatuta daude eta. Baina horiek ez dira bestela ibiltzen diren medikuak. Horiek beren kariñoarekin etortzen dira. Osaba zaindu dutenak dira. Esan zidaten: "Pilar, zu ez apuratu! Osaba guk zaindu dugu, eta zu ere guk zainduko zaitugu".

Ilobak osaba Joxe Migel, ilobak izeba Pilar
Berritsu omen da baina ez da erantzunetan luzatzen. Lagun txarra du edadea. Zahartu eta txartu? "Ez dakit egia den. Ni ere zahartuta nago, baina ez zait iruditzen hala txartuta nagoenik. Baliteke". Osasunez ondo dela dio. "Urteak!". Karga horixe bizkarrean. Ospakizun handiak egiteko aparte du sasoia. "Urteak betetzen ditudanean, orduantxe zerbait: kafetxo bat edo". Sara etxean bizi da, hormatxoriak alai kantari, aitaren Perunezarre eta amaren Goikoetxea baserriak ezker-eskuin. Ibilalditxoa egiten du goizero etxe atarian, "zubiraino, taka-takan joaten naiz. Ba al dakizu zenbat diru kostatu zitzaigun zubi hori egitea garai hartan? 7.000 pezeta!". Kontu eta kantu, aurtengo gerezi gozoena jan dugu Pilarren iloba Joxe Marik emanda. Iloba Pilarrek zaindu zuen osaba Joxe Migel. Iloba Joxe Marik zaintzen du gaur egun izeba Pilar.

Bertsoa
Doinua: Erreguetan

Arrosario zahar bat bada
Joxe Migelen opari
iraganaren giltza berezi
oroitzapenen gidari
bizitza baten testigu eta
historiaren kontari
lotzeko eman diozuena
hark zuri eta zuk hari

"Sara"
Saratik etorri eta osaba Salamancara joan zen. Eta hura han zegoen bitartean neuk zuzendu nuen etxea. Saratik ekarrita geneuzkan traste pixka batzuk eta. Ahal genuen bezala. Hura esaten zuen beti: "Guk, etxe hau, hainbesterainoko etxe tzarra, zertarako egin dinagu! Hainbesteko etxe tzarra!". Eta, gero, esaten zuen: "Ai!, 'etxe tzarra' esaten ninan nik. Eta, orain, ezin trasterik sartuta nabilen. Hau den komeria!". Sansinenea mediku haren iguala da. Gero, belgikar batzuek hartu zuten etxe hura. Erabat kanbiatuta omen dago orain. Pistina egin omen zuten, gero kendu egin omen zuten. Dena erabat kanbiatuta.

Nortasun agiria
Pilar Barandiaran (Ataun, 1911). San Gregorioko Perunezarre baserrian jaioa, bi neska izan ziren etxean. Joxe Migel Barandiaran osabaren ondoan izan zen haren erbestealdian, Miarritzen eta Saran, eta 1953an Atauna itzuli zirenean Sara izeneko etxea jaso, erbestealdiko haren erreplika, eta bertan jarri ziren bizitzen. 94 urte ditu, karga pisu horixe bizkarrean. Laguntzaileak ditu iloba Joxe Mari eta Rosa Dorronsoro. Pilar Barandiaranek osabaren ondoan igaro zuen bizitza oso bateko bizipenak berritzeko gaitasuna du oraindik: bere baitan bizirik da osaba. Zahartu eta taka-taka hartuta dabil oinez. Haatik, ez du jarrita egon den bankutik jaikitzeko laguntzarik behar: "Trankil, ni seguru nago eta!". Merezimenduzko saria jasotzeko sasoi txarrik ez du "Ilobak".

Eta hiru gaileta Maria
"Goizean, kafesnea, txikoria, hiru gailetarekin. Gaileta Mariak. Gero, hamaikak aldera, berriz ere, tentatzen nau, gaileta berriz jatea. Hamabi eta erdietan, bazkaria: purea. Lehen berdura ekartzen zidaten, baina orain purea; gero, jakia, eta fruta edo. Bazkalondoren, siestara joaten naiz, laurak alde arte edo. Berriz kafesnea. Rosak jartzen dit. Biok hartzen dugu. Afaltzen, arrautza batzuk uretan pasatuta eta fruta. Eta, oherakoan, botikarekin, baso bat kafesne, hiru gaileta Mariarekin". Gaileta iragarkia egin eta gaileta asko saldu nahi duenak horratx erreklamoa. Nekez izango luke saltzaile hoberik.


ASTEKARIA
2005eko ekainaren 26a
Azoka
Azkenak
Hurrengo ikasturterako irakasle gehigarriak jasoko ditu Seaskak

Bordeleko Errektorearekin hitzartu du "behin-behineko" akordioa Seaskak. Horrez gain, Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin hitzarmena sinatzeko negoziaketak abiatuko dituzte hurrengo astean. Azterketak euskaraz egiteko aukera... [+]


2025-05-27 | ARGIA
Azpikontratatutako langile bat hil da Amurrion teilatutik behera erorita

Tubos Reunidos enpresan ari zen lanean eta teilatutik behera erorita hil da, sindikatuek jakinarazi dutenez. azken honekin 22 dira 2025ean hil diren langileak.


2025-05-27 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsa
Uribarri Jauregiko akanpadan iraganeko borrokak eta egungo nazioartekoak uztartu zituzten

Maiatzaren 16tik 18ra EH Bizirik sareak deituta kanpaldia egin berri dute Uribarri Jauregin. Hainbat ekintza, hitzaldi eta tailer egin zituzten bertan. Besteak beste, Lemoizko zentral nuklearraren, Pasaiako superportuaren eta Olaztiko erraustegiaren aurkako borroketan ibilitako... [+]


Hilberria
Richard Irazusta politikaria hil da, 66 urterekin

Lizarra-Garaziko akordioan hartu zuen parte, Abertzaleen Batasunaren ordezkari gisa. Alderdi horretako bozeramaile izan zen. Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu zen 1988an, 1993an, 1995ean eta 1997an. Azken hamar urteotan Hendaiako auzapezorde izan da.


Haur irakurzaleek ere beren topaketa eguna izango dute

Dantza, xake edo kirol topaketak egiten diren bezalaxe, literatura gustuko duten haur eta gazteek ere zaletasuna partekatu, elkar ezagutu eta egunpasa ludikoa egiteko aukera izango dute, datorren igandean. Ikasturtean zehar elkarri gutunak idazten aritu diren 130 gaztetxo... [+]


2025-05-27 | Jon Torner Zabala
Artzain eta sukaldariak eskutik, Ja(ki)tea elkartearen liburu berrian

2009an sortua, euskal sukaldaritza tradizionala sustatzea du helburu Ja(ki)tea elkarteak, abeltzain, laborari edota arrantzaleen jarduna nabarmentzearekin bat. Hamaika modura egin dakieke aitortza, eta oraingoan liburu berria plazaratuta azaldu die elkarteak esker ona,... [+]


Analisia
Aroztegiko epaiketa: sorgin ehiza modernoa

Aroztegiko epaiketaren akusazioen –fiskaltza eta akusazio partikularra– idazkiak irakurrita, pentsatzekoa zen epaiketan aterako zituztela froga argiagorik, horrekin bakarrik talde kriminalaren akusazioa oso larria baitzen. Ez ba, bost eguneko epaiketa zuzenean... [+]


2025-05-27 | Mikel Aramendi
Distopia orwelldarra beste 99 urterako Txagos uhartedi urrunean

Erresuma Batuko ika-mika parlamentarioaren mamia zen Keir Starmerren gobernuak, azkenean, sinatu duela Maurizioko Errepublikarekin Txagos uhartediaren subiranotasuna hari aitortzen dion tratua. Hori bai, bertan AEBek (Erresuma Batuaren presentzia hutsaren hurrengoa baita) duten... [+]


ELAk Guardian taldearen kontrako kereila aurkeztu du, Autoglas-Glavistaren itxieragatik

ELA sindikatuak salaketa penala aurkeztu du Amurrioko Instrukzio Epaitegian Guardian Europako lehendakariordearen eta gai juridikoetako arduradunaren aurka, Autoglas-Glavista enpresan izandako gertakariengatik.


Getxoko Udalak EH Bildu zigortu du Palestinari elkartasuna adierazteko mural bat egiteagatik

Getxoko EH Bilduk jakitera eman duenez, Udalak isun ekonomikoa ezarri dio, 2024ko azaroaren 29an, Palestinar Herriarekiko Elkartasunerako Nazioarteko Egunean, Villamonteko eskaileretan Palestinaren bandera marrazteagatik. Udal-zerbitzuek horma-irudia egin eta hiru egunera... [+]


2025-05-27 | Gedar
Ekainaren 30ean hasiko da Pasaiako Escalerillaseko bizilagunen aurkako epaiketa

Bederatzi familia etxegabetzeko prozedura judizialak abiatu ditu Pasaiako Portuak, eta bost familiaren aurkako epaiketari ekingo diote ekainaren 30ean, Donostian. Kaleratzeak geldi ditzatela eta bizilagun guztiei bizitoki alternatiba bat berma diezaietela exijitu du Euskal... [+]


2025-05-27 | ARGIA
50 urteko behargin bat hil da Andosillan, zama gainera erorita

Foruzaingoaren esanetan, ezbeharra gertatu den lekuan bertan hil da 50 urteko langilea. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, urte honetan dagoeneko 21 langile hil dira beharrean ari zirela.


2025-05-27 | Sustatu
Wikikasi, ikas-egoerak landu ikastetxean Wikipediarekin lanean

Ikas-egoera, Wikipediaren arabera, hezkuntzari lotutako ingurune batean egiten den baliabide eta jarduera didaktiko antolatuen bidez egiten den ekimen pedagogikoa da. Eta hain zuzen ere, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak (EWKE), euskarazko Wikipediaren sustatzaileak,... [+]


Eguneraketa berriak daude