Tokiko Agenda 21: jasangarritasuna lortzeko tresna baliagarria?


2003ko maiatzaren 29an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Tokiko Agenda 21 kontzeptuari definizio bat eman nahi bazaio garapen jasangarria gauzatzeko tresna dela esan daiteke. Plangintza erreminta gisa ere hartu ohi da eta baita ere udalerrien etengabeko hobekuntzara daraman prozesu gisa ere. Definizioak definizio, ideia horren bihotzean jasangarritasun kontzeptua dago.

Bada, zer adierazi nahi da garapen jasangarria kontzeptuarekin? Planetako biztanle guztien bizi-kalitate hobea, egun eta etorkizunean, bermatzen duen garapen ereduari esaten zaio horrela. Esan daiteke sektore ofizial zein extraofizial gehientsuenetan onartuta dagoen definizioa dela, maiz askotan intentzio mailan geratu ohi dena, ezen utopiaren mugan kokatzen diren hitz eder horiek eduki serio eta benetakoz janztea ez baita inondik inora lan makala.
Definizioen alorretik apur bat aldenduz, eta mundu mailako garapen eredu berria gauzatzeko martxan dauden ekimen eta tresna guztien artean Tokiko Agenda 21 deritzona protagonismo handia hartzen ari da. Bere ezaugarri nagusiena tokian tokikoa lantzen duela da, hiritarrengandik gertu dagoen eskalan eta herri eragileen inplikazioa bilatuz. Izan ere, herritarren partehartzea hartzen da prozesuaren arrakastaren berme gisa.
Zein ekarpen egiten ditu Tokiko Agenda 21 prozesuak? Nagusiena, seguraski, jasangarritasunaren kontzeptuaren eta tokian duen aplikagarritasunaren inguruan udal eragile zein herritarren hausnarketa eta eztabaida ahalbidetzen duela. Nolako herria nahi dugu, zein baldintzatan bizi nahi dugu, nolako herria utzi nahi diegu gure ondorengoei? Horrelako galderen aurreko erantzuna bilatzeko parada ematen du. Izan ere, jasangarritasunari buruz tokian jarduteak maila globalean gizartea aldarazten duten prozesuei buruzko gogoeta egiteko aukera ematen du. Hezkuntzarako tresnaren dimentsioa gailentzen zaio, beraz, Tokiko Agenda 21i, jasangarritasunaren klabe berrian funtzionatzen ikasteko tresnarena, alegia.
Plangintzarako tresna ere den neurrian bigarren ekarpen garrantzitsua egiten du TA21ek: udal antolakuntzan eragiten du bete-betean, udal gestioaren arlo guztiak eta baita ere goi mailako Administrazioen eskuduntz diren arloen pixkanakako uztartzea ekarriko baitu eta horrekin batera, ingurumen eta jasangarritasunaren ideia udal politika osoan txertatuko baitu. Azken honek aldaketak ekarriko ditu, dudarik gabe, udalerriaren lurraldearen itxura eta biztanlegoaren bizimodua moldatuko duten hainbat arlotan: lurzoruaren erabileran, natur baliabideen zainketan, zerbitzu eskaintzan, herriaren ekonomi baliabideetan...
Badirudi Tokiko Agenda 21en bidean abiatzen den udalerriak, lan ugari izango duen arren, prozesutik etekin onuragarriak ateratzeko aukerarik izango duela. Alabaina, prozesuaren ezarpenak baditu mugak eta handiak gainera. Nagusienak ondokoak:
Tokiko jasangarritasunaren esanahia herritarrei ulertaraztea lan nekeza bihurtzen da beti, zaila baita hain korapilotsua den kontzeptu hori jendearen eguneroko bizitza eta lanarekin lotzea. Behin zubi hori eginez gero prozesuarekin ilusio pixka bat sortaraztea errazagoa izaten da. Nolanahi ere, askorentzako urruneko ideia izaten jarraituko du beti nahiz eta prozesuak aurrera egin herrian.
Gauza beretsua aipa daiteke Tokiko Agenda 21 prozesuan protagonista aktibo izan behar luketen udal eragileei dagokienez. Udal osoaren eta, batik bat, alkate eta alkatesen konpromiso eta bultzada sendorik egon ezean departamentu guztien inplikazioa lortzea titanen lana bihurtzen da. Bestalde, udal sailen artean ohikoa izaten den elkarlan eza oztopo erantsia izaten da udal kudeaketaren arlo guztiak inplikatu behar dituen egitasmoa aurrera eramateko.
Gizartearen partehartzeari dagokionean, bi harrikozkorrekin egin ohi da topo Tokiko Agenda 21 ezartzerakoan, batetik Administrazioarekin elkarlanean jarduteko gizarte erakundeek, eta oro har, herritarrek duten tradizio falta eta, bestetik, gizarte zibil antolatuaren ahulezia. Gizartea antolatzeko tradizioa Euskal Herrian handia bada ere prozesu honen baitan iraunkorki lan egiteko prest direnak edo aukera dutenak oso gutxi izaten dira, lehentasun handiagoa duten zereginen premia gailentzen baitzaie. Hori dela eta, partehartze prozesuak oso bizkorra eta erakargarria izan behar du, bestela herritarren ordezkari gisa sortutako foro edo kontseiluek ez dute iraungo.
Bada beste zailtasun bat Tokiko Agenda 21en prozesuan gaindiezinezko mendi bihurtzen dena: goi mailako lurralde planek, azpiegitura proiektuek eta goi Administrazioetatik bultzatzen diren egitasmoek herri mailan duten eragin saihestezina: nola egin herria jasangarriagoa azken hau bere lurralde eta biztanleen bizimoduaren gaineko erabaki nagusien jabe ez den neurrian? Hauxe izaten da, hain zuzen ere, Tokiko Agenda 21i bertatik kritika egiten zaionean erabiltzen den argudiorik nagusiena. Eta ez zaio arrazoirik falta, ezen goi mailako Administrazioek beren aldetik jasangarritasunaren inguruko gogoeta egiten ez duten artean tokiko eskalan burututako prozesua guztiz elbarria izango baita. Azken batean, Agenda 21 garatzera ez daude soilik udalak deituta, eskala guztietako Administrazioak ere erremediorik gabe.
Beraz, dituen helburuak eta oztopoak kontutan izanik utopiaren mugan kokatzen den egitasmoa izateak Tokiko Agenda 21 sinesgarritasun gutxiko prozesu bihurtzen du hasiera-hasieratik: azken batean, hitz ederrez jantzitako ipuin gauzaezin bezala ikusten dute gehientsuenek. Eta seguraski arrazoi izango dute baina honen aurrean galdera bat egin beharra dago: ezagutzen al da planetaren amiltze etengabea zuzentzen lagunduko duen beste biderik? Gaurkoz, jasangarritasuna da ematen dakigun erantzun bakarra eta berau jomuga dugularik lan egiten jartzen bagara agian lortuko dugu aurrera zertxobait egitea edo gutxienez atzerako martxa zuzentzea. Esan daiteke Tokiko Agenda edo antzerako erremintak erabiltzera beharturik gaudela etorkizuneko belaunaldiei itxurazko planeta utzi nahi badiegu.


Azkenak
Lanbide Heziketa euskalduna, noizko?

Zergatik eskaintzen dira Lanbide Heziketako hainbeste ziklo erdara hutsean EAEn? Zergatik jarraitu behar dituzte ikasketak gaztelaniaz ordura arte D ereduan euskaraz aritu diren ikasle andanak? Lanbide Heziketa euskalduntzeko behingoz plan estrategiko bat gauzatu dezala eskatu... [+]


2025-06-26 | Aiaraldea
Arartekora jo dute, “Osakidetzak ez dielako osasun sistema publiko eta duinaren aldeko 5.646 sinadurei erantzun”

Iazko udazkenean egin zuten sinadura bilketa, eta abenduaren 12an entregatu zituzten atxikimendu guztiak Osakidetzaren Gasteizko zerbitzu zentraletan. 


2025-06-26 | Antxeta Irratia
Euskararen Mapa osatu dute Urruñan engaiatu diren herriko 42 eragilerekin

Bai Euskarari ziurtagiria lortzeko interesa agertu duten herriko 42 elkarte eta establezimenduekin Euskararen Mapa osatu dute Urruñan. Euskara «biziago» egiteko pausoak emateko prest liratekeen eragileak identifikatu ondoren, urratsak egiteko laguntza emango zaie,... [+]


Zuberoako Chaumes gasnategian eta Iratiko Txaletetan sexu erasoak jasandakoei babesa erakusteko dinamika abian da

Mauleko Chaumes gasnategian langile eta CGTko sindikatu ordezkaria izandako gizon baten kontrako lau salaketa dira pausaturik, eta Larraine gaineko Iratiko Txaletetan lankide ukandako bosgarren emakume batek ere gehitu du berea. Uztailaren 3an iraganen da auzia Pauen. Erasoa... [+]


2025-06-25 | Euskal Irratiak
Betharram ikastetxearekin lotutako bortizkeria kasuak ikertzeko, lekukotasunen bilketa abiatu dute

Betharram ikastetxearekin lotutako sexu eta bortizkeria kasuak ikertzeko asmoz, Batzorde Ikerketa Independenteko kideek lekukotasunen bilketa abiatu dute


Billabesa gidariek greba mugagabea eginen dute uztailaren 1etik aurrera

Hilabeteetako protesten ostean, TCC enpresako zuzendaritzak ez du aurrera urratsik egin eta langileek leher egin dute. Greba mugagabera doaz, baita sanferminetako ez ohiko zerbitzuetan ere. “Enpresak erantzukizunez jokatuko balu saihestu litekeen zerbait” dio langile... [+]


Sustrai Erakuntzak salatu du enpresa batek Nafarroako lau eremutan kobre meategiak ireki nahi dituela

Fundazioaren arabera, Aguilar de Codes eta Sorlada artean, Villamayor de Monjardinen, Villlatuertan eta Kasedan ustiatu nahi dute kobrea. Iberian Copper SL izan da Nafarroako Gobernuari lau eremu horietan prospekzioak irekitzeko baimenak eskatu dizkion enpresa. 


Ehunka herritar elkarretaratu dira Hernanin San Joan gaueko eraso arrazisten kontra

Hernaniko Txosna Batzordeak azaldu duenez, gutxienez hiru eraso arrazista izan ziren herrian ekainaren 23ko gauean, eta horren harira zabaldutako “bulo eta gezur arrazistak” salatu ditu. Udalak ere adierazpen instituzionala onartu du gertaturikoa gaitzesteko. Amher... [+]


Sánchezen NATOko tratuak hautsak harrotu ditu zenbait estatu kideren artean

Asteazkenean bozkatuko dute NATOra bideratutako diru kopurua, eta Pedro Sánchez Espainiako presidenteak kuoten igoeran lortutako salbuespenak haserrea piztu du AEBetako eta Europako zenbait herrialdetako gobernuetan.


Galdakao-Usansoloko eta Gernika-Lumoko ospitaleetako “prekaritatea” salatu du ESK-k

Sindikatuak adierazi du bi ospitale horietan behin-behinekotasunean daudela langile gehienak, eta ordezkapenak ez direla bermatzen; ondorioz, langileen lan-karga areagotzen dela. Gehitu du larrialdi zerbitzuetan “gainkarga” dagoela.


Ezusteko bila

Madrilgo presidente Ayuso faxistak itsuskeria egin dio EAEko lehendakari Pradalesi, euskaraz aritu delarik, harrokeriaz, aldibereko itzulpen sistema erabiltzeari uko egin eta alde eginda. PPko senatari batek ere “txorradatzat” hartu du “hogei... [+]


Oporrik ez elkartasunari

Prekaritateak prekaritate, Euskal Herriko ezkerreko militanteak, oro har, ez gara txarto bizi. Udako oporrak dira horren adibide, asko baikara atseden plan bikaina dugunok; ikastaldi aroko gure ekologismoari, ordea, keroseno kiratsa dario. Zein baino zein hegaldi garestiagoak... [+]


2025-06-25 | Castillo Suárez
Alferrikako bidaia

Lehengoan batera elkarrizketatu gintuzten Gonzalo Hermo poeta galiziarra eta neu. Kontatzen nion niri ere gustatuko litzaidakeela esatea nire aurrekoak marinelak izan zirela, baina nire familian denak dira galdatzaileak. Gainera, eremu industrial batean bizi naiz, itsasotik... [+]


Eguneraketa berriak daude