20 URTE IPARRALDEKO ESKOLA ELEBIDUNETAN (Añamari Kurutxeti elkarrizketa)


2003ko apirilaren 20an
Eskola publikoetako lehen gela elebiduna 1983an ireki zen, Sara herrian. 1982an, François Mitterrand lehendakaria hautatua izan ondoren, Frantziako Gobernuaren Pierre Mauroy lehen ministroak eskola publikoetan euskaraz irakasteko baimena ahalbidetu zuen. Garai hura gogoan, Sarako eskolako lehen gela elebidunaren Añamari Kurutxet andereñoa izan zenarekin mintzatu gara. Irakasle hau makearra da sortzez, Parisen bizi zen orduan, eta hamabi urte zeramatzan irakaskuntzan. 32 urte zituela itzuli zen Ipar Euskal Herrira eskola elebidunean aritzeko. Egun Luhuson bizi da eta Heletako eskola publikoan jarraitzen du lanean.

Nola gogoratzen duzu hastapen hura?
1982an, Hezkunde Nazionaleko Alain Savary ministroak Frantziako eskola publikoetan hizkuntza gutxituen zabaltzea erabaki zuen, eta hurrengo urtean, euskara -euskaraz irakasteko gisan- erabiltzea baimendu zuen. Ondorioz, bospasei herrietan gela elebidun bat muntatzeko proiektuak hasi ziren. Sara izan zen proiektua edo gela zabaldu zuen herri bakarra. Hasteko, eskolako irakasle taldearen adostasuna eta haur multzo gutxieneko bat behar ziren. Halaber, Herriko Etxearen adostasuna behar zen, eta azkenik, irakasle boluntario bat, hautazkoa. Euskal Herrian ez zuten inor hatzematen, ordea. Ni orduan Parisen nengoen, irakasle lanetan ari nintzen. Euskal Etxean euskara erakusten nuen bestalde. Alta, Euskal Herrira jautsi nintzen postu hori hartzeko.

Irakaskuntza garatzeko zein bitarteko aurkitu zenituen orduan?
Ordurako irakaskuntzan esperientzia banuen. Haurrak ttipiak ziren, bost urtetakoak, beraz, ez zen hain zaila izan. 1983ko apirilean hasi ginen, Ama Eskolan, 18 haurrekin: 3 ordu euskaraz eta 3 frantsesez. Hurrengo ikasturtean, irailean, ikasle horietatik 6k lehen mailan (CP) segitu zuten. Matematika, zientziak eta euskara ematen nituen. Lehen Mailako irakaskuntza lehenagotik ezagutzen nuen eta franko erraz aritu ginen. Hezkunde Akademiako Lichau inspektore anderearekin aritzen ginen, haurren ikaspenen segimendu zehatza egiten genuen berarekin. Konparazione, matematika landu zuen inspektore horren metodoa euskaratua izan zen beranduago, Ikas-Bi elkarteak argitaratua.

Nola bizi izan duzu irakaskuntza elebidunaren garapena?
Saran hogei urte eman nituen, eta anartean gauza frango egin genuen. Bizitoki egokia da, euskal kontzientzia dago, gurasoek gogoz atxikitzen dute euskara, baita Herriko Etxeak ere. Eskolan, berriz, ohiko ikasgaiez gain, bost antzerki sortu eta taularatu genituen. Kantu eta bertsu jaialdiak eta ateraldi franko egin genituen, Nafarroako Bakaiku eta Arantza herrietara, kasu. Sarako Jean Battitte Elizanbururi egindako omenaldia eta berari eskainitako liburuxka ditut gogoan. Bestalde, irakaskuntzako hiru sareetako irakasleekin osatu genuen talde batek euskarari buruzko egindako liburua ere estimu handiko lana daukat. Elkarlanean egindako lan hori izugarria iruditzen zait. Halaber, orain dela hamar urte Mari Karmen Garmendia EAEko Kultura Sailburuak egin zigun bisita ere oroitzen dut. Gure liburutegia hornitzen eta antolatzen biziki lagundu zigun, baikortasun izugarria transmititu zigun, eta hori beti eragingarria izan da Hegoaldeko eskolekin harremanetan segitzeko.

Gela elebidunak sortu zirelarik Seaskako irakaskuntza geldiarazteko gisan abiatu ote ziren zurrumurrua zabaldu zen. Nola gogoratzen duzu hura?
Baiki, zurrumurru hori han-hemenka ibili zen. Irakaskuntza elebiduna ikastolen aurka sortu zela? Nik ez dut horrelakorik sekula pentsatu. Arrunt sistema ezberdinean ari gara, eta gainera, denentzako tokia dago. Euskaraz zerbait egiten dugularik tokia badago denentzat. Gure sareetan ari diren haurrak ez dira ikastolara joanen, eta beraz, irakaskuntza elebiduna eskaintzen bazaie, hobe nik uste. Adibidez, Sarako eskolak Hegoaldeko beste eskola publikoetako gurasoekin batera parte hartzen du tokian tokiko festetan, eta guretako askok Herri Urrats festan ere parte hartzen dugu.

Eskola publikoen inguruan Ikas-Bi eta Ikas-Bi Gurasoak elkarteak ari dira. Egun, irudiz, tirabirak dituzte.
Ni ez naiz afera horietan sartzen, Sarako gurasoak, kasu, ez daude Ikas-Bi elkartean. Ikas-Bi eskola publikoetan ari diren guraso batzuen elkarteak dira, 1986an sortuak. Ordurako gela elebidunak abiatuak ziren. Konparazione, gela elebidunak Ikas-Bi elkartearen gelak deituak izan dira, baina funtsean eskola publikoko gela elebidunak dira, batzutan nahasketa izan da jendearen artean. Elkarte hauetan ez dago gurasoen gehiengoa gainera. Haien artean eman diren eztabaidak penagarriak dira. Gutxi gara eta elkarren aurka jartzen bagara indarrak alferrik xahutzen ditugu. Zernahi gisaz, egoera honek ez du apaltzen beren lanaren garrantzia. Elkarte honetan ikusmolde ezberdinak dituzten gurasoak daude, gure lana biziki bultzatu dutenak. Material didaktikoa prestatzen lan izugarri egin dute. Eta hori egiteko diru parte handia Hegoaldean erdietsi dute, handik heldu diren diru laguntzak ere eskertu behar dira, nik uste.

Nola ikusten dituzu eskola elebidunak gaur egun?
Asko aitzinatu da, dudarik gabe. Orain hogei urte 18 haurrekin abiatu ginen, eta egun 3.000 haur baino gehiago eta 100 irakasle inguru ari gara gela elebidunetan. Sarako kasua, adibidez, biziki onuragarria da. CP mailan ari ziren 14 ikasleetatik 6 elebidunetan hasi ziren. Egun, berriz, Ama Eskola guztia elebiduna da, baita Lehen Mailako CP, CE eta CE2 gelak ere. Haur hauetatik batzuek euskal fakultatean segitu dituzte beren ikasketak eta hori biziki inportantea da. Zerbait erein genuen eta orain fruituak biltzen ari gara, hori zinez baikorra da. Saran parada ezin hobea izan genuen irakaskuntza garatzeko, herrian euskara erabiltzen zelako. Egun, euskararen transmisioa gero eta ahulagoa den arren, haurrak eta gazteak euskaraz aritzen dira. Eskola pribatua nahiz Ikastola ere badaude, bakoitzak badu bere tokia eta euskarak ere bai. Saran giro goxoa dago, familian eta etxeetan euskaraz egiten da. Herriko Etxeak ere euskara atxiki izan du eta niretzat plazer handia izan da han aritzea.

Egun zertan ari zara?
Iaz Heletara etorri nintzen. Heletan gela elebidun berri bat ireki da, indar guztiz bultzatzen duguna, nik nire esperientziaz laguntzen dut. Halaber, Iparraldean, eskolaz eskola ibili izan diren irakasle ibiltarien eredua berreskuratu dugu. Gurasoek hemengo herri txikietako eskoletan sistema hori atxikitzea galdetu dute eta euskarazko klaseak ematen dizkiet ikasle handiei

Sarako eskola publiko elebidunaren omenez
Eskola publiko elebidunek maiatzaren 4an, igandez, Donibane Lohizuneko Ducontenia parkean ospatuko dute beren urteko festa, goizeko 11 orenetan hasita. Iparraldeko eskolek hala nola Hegoaldeko eskola publikoek parte hartzen dute: Baikara, Bige, Denon Erantzuna, Sortzen, EHIGE gurasoen Elkartea eta herri txikietako Eskola Txikiak, Sabino Arana, kasu. Aurten, ikastetxe publikoetako elkarteen gurasoek parte hartuko dute Donibane Lohizuneko Ikas-Bi elkarteak Sarako eskola publikoko irakasleekin batean antolatutako festa honetan.

Urtean zehar eskolek tokian tokiko beren festak antolatu ohi dituzte, eta bakoitzak bere laguntza eta partehartzea ekartzen du. Aurten, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek prestaturiko agerraldi berezia izanen da goiz partean. Bazkariaren ondoren, Ipar eta Hegoaldeko ikastetxeetako ikasleek kantu, dantza, bertso agerraldiak eta ikuskariak burutuko dituzte elkarrekin. Egunean zehar, haurren tailerrak, jolas txokoak, euskaraokeak, hala nola Mutxikoak -plazako dantzak- burutzeko aukera izanen da, baita pailazoen animazio ekitaldiez gozatzeko aukera ere

Hil honen hondarrean ebatziko da Ikas-Bi elkartearen afera
Iaz gorabeherak izan ziren eskola publikoetako irakaskuntza elebiduna sustatzen duten Ikas-Bi elkarteetan. Ikas-Bi elkarte bi zirela jakin genuen orduan: Ikas-Bi, Azkarate herriko aisialdirako zentroa eta material didaktikoen arduraduna. Eta Ikas-Bi Gurasoak elkartea. Thierry Delobel da lehen elkartearen lehendakaria eta Josiane Libier bigarren elkartearena.

Iazko uztailean, halaber, Baionako Epaitegi Zibilak, otsailaren 6an burutu zen 2002ko Batzar Nagusia baliogabetu zuen. Lehen Ikas-Bik hautatutako zuzendaritza eta Ikas-Bi Gurasoak elkarteko Mixel Esteban lehendakaria hautatu berriaren izendapena deuseztatu zituen epaiak. Batzar Nagusian irregulartasunak izan zirela adierazi zuen eta berregiteko agindua eman ere. Epaitegi honek behin-behineko administratzaile judizial bat izendatu zuen Batzar Nagusia antolatzeko. 2002ko Batzar Nagusia, alabaina, ez da burutu izan orainokoan. Fabienne Lassere Ikas-Bi Gurasoak elkarteko lehendakariordea honela mintzatu zaigu auziaren egoeraz:«Guk zailtasun handiak eta trabak atzeman ditugu Batzar Nagusia antolatzeko. Ez dugu batzarrerako agiriak eskuratzerik izan, beste Ikas-Bi taldeak dena kontrolatzen duelako. Thierry Delobelek ez dizkigu oraino eskaini administratzaileak eskatzen dituen agiriak. Urte bateko atzerapena dugu, Ikas-Biko azken kontuak urrikoak dira».

Fabienne Lasserre andereak dioenez, Gurasoak deitu taldeko kideak eskoletako kontseiluetan daude. Eskoletako gurasoek hautatuak omen dira eta beren eremuan segitu nahi dute:«Beste taldekoek eremu guztiak kontrolatu nahi dituzte. Gu eskoletako ordezkariak hautatuak izan gara demokratikoki, baina ez dugu kontuak ezagutzeko aukerarik. Kontuak itxiak baitaude».

Thierry Delobelek bestera ikusten du auzia:«Ikas-Bi Gurasoak talde minoritario bat da. Ikas-Bi elkartea antolatzeko moldearen aurka ari da, eta beti molde mingarrian. Hasteko, ez ziren iazko lehen Batzar Nagusira aurkeztu. Egun, Batzar Nagusia prestatzeko behin-behineko administratzaile batekin ari gara. Epaile hau Batzarrerako protokoloa antolatzen ari den heinean Ikas-Bi Gurasoak taldeak ez duela proiekturik ohartu da, gure elkartea deuseztatzen baino ez direla saiatzen». Gurasoak taldeak diruaren erabilpen txarra egotzi dio besteari. Beste taldeak gurasoek Biltzar Nagusian bozkatzeko aukera izanen dutela dio, elkartean kontu bakarra izan dadin:«Gurasoak taldekoek bi kontu ezberdinen bidez funtzionatu nahi dute, independenteki. Alta, ez dituzte Batzarrerako zerrenda bereiziak egin nahi. Proiektu ezberdinak bagara, guk gure proiektua aurkeztu nahi dugu, ez dugu haiekin nahasi nahi».

Behin-behineko administratzaileak ez omen du azkar joan nahi izan, antza. Hilabete honen hondarrean afera trenkatzea espero dute bi aldeek


Azkenak
Metro Bilbaok I-SEC Aviation Security enpresa isaraeldarrarekin sinatu duen kontratuaren aurkako kexak aurkeztu dituzte

Metro Bilbaok I-SEC Aviation Security S.L. segurtasun-enpresa kontratatu zuen apirilean. Horren aurrean, kexak aurkeztu dituzte dozenaka herritarrek Metro Bilbaoren bulegoetan, Bilbo-Palestina Herri Ekimena eta Nodo BDZ-Bizkaiak deituta.


48 eragile batu dira Donostian turistifikazioaren aurka antolatutako manifestaziora

BiziLagunEkin desazkunde turistikoaren aldeko Donostiako plataformak ekainaren 15erako deitu du manifestazioa. Turistifikazioa salatu eta hiri eredu alternatiboa aldarrikatuko dute.


2025-06-04 | Caitlin Johnstone
Analisia
Baliteke arratoiak genozidioaren itsasontzitik alde egiten hasi izana

Urtebete eta erdiz sarraski genozidak gauzatu ondoren, Erresuma Batuko zenbait hedabidetako kontseilu editorilek hitza hartu dute, bat-batean, Israel Gazan egiten den sarraskiaren aurka. Establishmenteko gizatxar mediatikoek aldaketa usaina hartu diote haizeari.


Asteazken goizean du desalojo eguna Gasteizko Korda espazioak, eta “erresistentzia” egitera deitu dute

Astelehenean bilera egin zuten gune okupatuko kudeatzaileek 21 Zabalgunea sozietate publikoko ordezkariekin, baina ez zuten inongo akordiorik lortu. Goizeko 8:00etatik aurrera Alde Zaharreko espaziora hurbildu eta erresistentzian parte hartzera deitu dituzte herritarrak.


Israelek janaria jasotzera joaten diren palestinarrak hiltzen jarraitzen du: 27 hil ditu asteartean, eta 90 zauritu

Gazako Osasun Ministerioaren arabera, AEBek eta Israelek kontrolatzen dituzten laguntza humanitario banatzeko zentroetan 102 palestinar hil dituzte azken zortzi egunetan: "Gerra krimen beldurgarria da, nahita egindakoa eta behin eta berriz errepikatutakoa". Erasoa... [+]


Osakidetzak kargu hartu dio pediatra bati, hil zorian zegoen ume bat artatzeko ospitaleko baliabideak “lan ordutegitik kanpo” erabiltzeagatik

Faltan Botatzen Dugu plataformak eman du gertakariaren berri, eta zaintza aringarrien zerbitzuaren "egoera kritikoa" salatu du. Medikuak haren kontakizuna argitaratu du sare sozialetan, eta jakinarazi du lana utzi duela denbora batez: "Ezinezkoa zait baldintza... [+]


Analisia
Diruz konpondu dira “etxe barruko arazoak”

Urteroko oroimen eta sari banaketa ekitaldia egin du Ertzaintzak Arkautin, Eusko Jaurlaritzako agintarien parte hartzearekin. Duela bi urteko kronikatik aurtengora auziek edota gaiek berdintsuak izaten segitzen badute ere, nabarmena da begiratzeko moduak nola aldatu diren.


Bilboko epaitegi batek arrazoia eman dio ‘phishing’ biktima bati eta Santander bankua zigortu du

Kontsumitzaileen eskubideen defentsan, epaileek ebatzi dute bezeroak ez duela arduragabekeriaz jokatu eta bankuak 1.923 euro itzuli beharko dizkio biktimari.


Amnistia Legea konstituzionala dela ebatziko du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak

PPk ezarritako helegiteari erantzunez, legearen testua ia bere osotasunean konstituzionala dela dio auzitegiaren ebazpen proposamenak. Hala ere, legea pertsona gutxi batzuentzat dela dioen argudioan arrazoia eman dio eta herritar guztiei aplikatzea proposatu du.


“Eskola txikiak, herri eta auzo txikiak, bizirik gaude, eta hori ospatzeko elkartuko gara”

Herri txikiak bizirik dauden eremuak direla eta bizirik jarraitzeko herriari begiratuko dion eskola gakoa dela aldarrikatuko dute, aurten ere, Gipuzkoako Eskola Txikien Festan. Ekainaren 8an ospatuko dute, igandean, Ezkio-Itsason, landa guneko herri txikiak hezkuntzarako zein... [+]


2025-06-03 | Mikel Aramendi
ANALISIA | Shangri-La 2025
Elkarrizketa eta harenga nekez etortzen dira bat

Asiako herrialde gehien-gehienak bertan izateak oso izaera eta giro berezia ematen diolako, eta hedabide-estaldura ere halakoa duelako, aparteko sona lortu du hogei urteren buruan IISS-International Institute for Strategic Studies britainiarrak Singapurren antolatzen duen Asia... [+]


Ukraina eta Errusia berriz bildu dira Istanbulen, Kievek Moskuren gerra hegazkinei drone bidez eraso egin berritan

Duela bi aste bezala, mila preso inguru trukatzea adostu dute Ukrainak eta Errusiak, eta batak besteari 6.000 soldaduren gorpuak ere itzuliko dizkio. Trukea egiteko, Moskuk hiru eguneko su-etena eskatu du fronteko hainbat eremutan, eta Kievek Putin eta Zelenski aurrez aurre... [+]


Israeldarren %82 daude Gazako biztanleak bortxaz kanporatzearen alde, inkesta baten arabera

%56k, gainera, bortxazko kanporatze hori "are gehiago zabaltzearen alde" daude: horien esanetan, 1948an Israelek okupatutako lurretan ez litzateke arabiarrik bizi beharko.


Eguneraketa berriak daude