SAGARDOAK LABELA IZANGO AL DU?


2003ko urtarrilaren 26an
Sagardoarentzat kalitatezko izendapen bat lortzea onuragarria izan daitekeen edo ez aztertzen hasita daude sagardogileak. Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Elkartean jada pauso batzuk eman dituzte. Euskal Herriko sagardoan kalitatezko izendapen bat lortzea bideragarria den jakiteko ikerketa bat eginarazi diote Bilboko Track aholkularitza enpresari. Sagardogileek diagnostikoaren emaitzak hartu eta aztertu egin behar dituzte orain, eta horrelako prozesu batean sartzeko prest dauden erabaki beharko dute.

Merkatura irteten diren elikadura produktu guztiek gutxieneko arau batzuk bete behar dituzte, bai kalitateari dagozkionak, bai osasunari lotutakoak, eta abar. Eskakizun hauek guztiak betez gero, produktuak kalitate jakinekoa izatea lortzen du.
Hala ere, bereiztutako kalitatea duten produktuak badaude. Bereizgarritasun hau argudiatu egin behar da, noski, eta arau batzuen bidez islatu behar da. Gainera, arau hauek babestu behar den produktu honetan inplikatuta dauden enpresari guztiek prestatu eta onartu behar dituzte borondatez.

Izendapena lortzeko betebehar zorrotzak
Sagardogilea horrelako prozesu batean sartzen bada, betebehar batzuk izango ditu. Sagarra landatzen denetik sagardoa lortzen den arteko prozesua kontrolatu egingo da inspekzio bidez. Gainera, kalitatezko izendapena lortzerako urte batzuetako bide luzea egin behar da.
Produktuaren elaborazio prozesuaren kontrol zorrotza eraman beharko du sagardogileak. Sagardoa elaboratzeko azpiegitura egokitu beharko du prozesuak hala eskatzen badu.

Sagardoak zer zapore du?
Euskal sagardoaren zaporea asko aldatu da azken urteetan. Garai batean hotzari aurre egiteko eta garaiko janari gogorrei laguntzeko sagardo bizia, fuertea edaten zen oso. Gaur egun, bizitzeko filosofia aldatu egin da. Gero eta garrantzia gehiago ematen zaio norbere gorputza eta osasuna zaintzeari. Elikadurak, beraz, garrantzi handia du. Gaur egun asko begiratzen eta zaintzen dugu zer, nola eta zein kantitatetan jaten dugun. Honen ondorioz kontsumitzen ditugun janariak eta edariak askoz suabegoak, arinagoak dira. Filosofia aldaketa honek sagardoarengan ere eragina izan du. Gero eta gehiago sagardo suabeagoa egiteko joera du sagardogileak.

Euskal nortasuna duen sagardoari buruz hitz egitea ez da batere erraza, sagardo hori egiteko erabiltzen den sagar gehiena bertakoa, Euskal Herrikoa ez delako. Dena den, deskribapen bat egitera hurbil gaitezke:

Gorputz handiko sagardoa da, tanino asko duten sagarrekin egiten delako. Taninoak sagardoaren egitura, zapore eta aromaren osagai garrantzitsuak diren konposatu organikoak dira.

Kolore pixka bat duena da. Zenbat eta tanino kopuru handiagoa izan sagarrak, orduan eta ilunagoa da sagardoa.
Tanino asko dutenak normalean sagardo suabeak izaten dira. Tanino horrek kontserbatzaile bezala funtzionatzen du gure sagardoan.

Azidotasun baxuagoa izatea da gure sagardoaren ezaugarrietako bat.

Gaur egun, orain dela 3 edo 4 urte baino sagardo suabeagoa egiten da Euskal Herrian. Lehen sagardoa azidoagoa egiten zen. Orain, sagardogileak azidotasun hori jaisten ari dira arrazoi batzuk medio. Hiru arrazoi aipatzen dira: sagardo gehiago edaten delako, errazago edaten delako; ez delako kaltegarria eta lege aldetik horrela egin behar delako.

Ezaugarri hauetaz hitz egiten dute Jakoba Errekondok eta Iñigo García de Eulatek sagardoari buruzko "Euskal Herriko sagardoa" liburuan. Goiko koadroan duzu berauen sailkapena
Kalitate izendapenak
Jatorrizko Deitura Babestua. Gazteleraz DOP deitua da (Denominación de Origen Protegida). Hauek dira bere ezaugarriak:

Jatorriz izena ematen dion toki geografiko horretakoa izatea.

Produktuaren kalitatea eta ezaugarriak bere ingurune geografikoari dagozkio, bere faktore natural eta gizatiarrekin. Hau da, tokia-produktua harremana frogagarria da.

Produktuaren produkzioa, eraldaketa eta elaborazioa toki geografiko mugatuan egiten da.

Adierazpen Geografiko Babestua. Gazteleraz IGP deitua (Indicación Geográfica Protegida). Hauek dira bere ezaugarriak:

Jatorriz izena ematen dion toki geografiko horretakoa izatea.

Ingurune geografikoari egokitzeko modukoa den kalitate determinatu bat izan dezala, bere faktore natural eta gizatiarrekin. Hau da, tokia-produktua harremana frogagarria da.

Produktuaren produkzioa edota eraldaketa edota lantzea toki geografiko mugatuan egiten da. Gehienetan, lehengaia edo produkzioa babes eremutik kanpokoa den produktuei aplikatzen zaie.

Eusko Label (EL). Hauek dira bere ezaugarriak:


 "K" marka da, Euskal Herrian ekoitzi, eraldatu eta lantzen diren produktuak identifikatu eta bereizten dituen marka.

Bere kalitateak, berezitasunak eta bitxitasunak batez besteko orokorra gainditu behar dute.

Trazabilitatea ziurtatzen du: jatorria-helmuga, kalitatea eta benetakotasuna bermatuz.

Berme Adierazpena. Gazteleraz MG (Marca de Garantía). Produktu baten kalitatea, jatorria edo ezaugarriak ziurtatzen dituen ezaugarri edo medioa da
Kalitatezko izendapenen helburuak
Bere antzekoak diren produktuengandik bereiztea da kalitatezko izendapen baten helburua.

Kalitatezko produktuak defendatu imitazio eta iruzurretatik.

Ekoizlearen eskubideak onartu.

Produktuaren ezaugarrien informazio argia, koherentea, eta bermea eman kontsumitzaileari.

Balore gehigarri bat lortu.

Izen geografiko zehatz batzuen alferrikako erabilera saihetsi.
Kalitatezko izendapenaren onurak
Eskaintza zein eskaera selektiboak izatea ekartzen du kalitate diferentziatua izateak:

Ekoizle eta elaboratzaileentzat onuragarria da, produktuak balore gehigarri bat duelako, sektorearen profesionaltasunari esker.

Banatzaileentzat onuragarria, gardentasun handiagoz elkartrukatzen den produktuak euren salerosketak errazten dituelako.

Kontsumitzaileentzat onura da, hobeto informatuak daudelako eta aukeratzeko gaitasun hobea dutelako, berme espezifiko eta normalizatu bat duen produktuak eman dien konfiantzagatik.

Gizartearentzat onura da, aurrekoagatik eta izendapena duena kultur ondare babestua bihurtzen delako.

Administrazioarentzat onura da, babestutako produktua erregulatzeko sistema zaintzen duelako eta horri balioa ematen diolako, eta bere lurraldeko lehiakortasun gaitasuna handitzen duelako.
Ilargiak eraginik ba ote?
Gure bizitzako beste edozein egoeratan bezalaxe, ilargiak sagardoan duen eragina misterio bat da. Azalpenik ez du. Sagardogileek belaunaldiz belaunaldi jaso dute sinesmen hau. Baina sagardogileak eta sagardogintzan aditu direnak ez dira ados jartzen. Edozein urrats eman aurretik, ordea, ilargia zein fasetan dagoen kontuan izaten du baserritarrak, eta baita sagardogileak ere.

Ilbehera da faserik egokiena sagardotegian edozein mugimendu egiteko. Ondorioz, badakite upelak ilbeheran itxi behar direla, zeren pauso hau ilgoran eginez gero, tapoiak lehertu egiten dira ilargi berriarekin. Gainera, muztioaren mugimendua upel barruan nabarmenagoa da irakinaldian. Egurrezko upeletan, ilgoran, itoginak sor daitezke.

Hondarribiako Artzu baserrian aspalditik egiten da sagardoa. Bertako nagusiak, Gregorio Berrotaranek ilargiari bere garrantzia ematen dio: "Ilargiaren aldaketak kontuan hartzen dira irakinaldiaren garaian. Muztioa irakiten ari denean barrika irekita edukitzen dugu, eta ahal bada, ilbeheran itxi behar da barrika. Sagardoa botilaratzea ere ilbeheran egitea komeni da, bestela kortxoa bota egiten baitu".

Sagardoa botilaratzerakoan, batez ere, kontu handiarekin ibiltzen da sagardogilea. Jakoba Errekondok "Euskal Herriko sagardoa" liburuan aipatzen du hotz eta presio barometriko handiko ilbeherako egun bat aukeratzen dela sagardoa botilara pasatzeko; hotzak eta presio barometriko handiak sagardoa barearazten dute eta horrela hondakin eta zakarrak nahastu gabe eta txinparta sortzen duen gasa galdu gabe eusten zaio ontzitik botilaratzerakoan.

Joxe Uria Irastorzak Euskal Herriko sagardogintzaren inguruan ikerketa sakona egina dauka eta zenbait liburu argitara emanda ere bai. Esperimentu bat egin zuen 1976an upelaren barneko soinuak entzuteko tresna bat erabiliz. Ilargi berriaren hiru egun aurretik eta hiru egun ondoren egin ziren neurketa horiek. Emaitzak oso deigarriak izan ziren. Ilbeherako lehen egunean bi dezibelio erregistratu zituen eta sei egunen buruan, ilgoran, berriz, sei dezibelio. Zarataren igoera nabarmen hori ez zetorren bat irakinaldi prozesuarekin.

Migel Zapiain sagardogilearen hitzetan, "bakterioek ilbeheran aktibitate gutxiago dute, baina ilberrian gehixeago mugitzen dira. Ilargiaren aldaketa denean itoginak izaten dira gauetik goizera. Gogoan dut gure aitonak nola sagardoa beti ilbeheran botilaratzen zuen. Gaur egungo sagardogileok gehienetan ezin gara horri begira egon. Eskaera bat dagoenean sagardoa botilatan sartzea beste erremediorik ez zaigu gelditzen. Dena den, horri aurre egiteko neurri batzuk baditugu. Intsuldaketa (sagardoa ontzi batetik bestera aldatu) egitea, adibidez"
Euskal Herriko sagardoaren ezaugarriak
Lehortasuna: Lehor puntua igarri behar zaio; edaten bukatutakoan mingainari heldu dakiola, alegia.

Bizitasuna: Ahosabaiaren bizigarri eta freskagarri behar du izan.

Gozotasuna:
Betegarri izan edo okitzen duen gozoa nabari gabe, edaterakoan suabea behar du.

Garbitasuna: Bai botilan baita edalontzian ere, ia gardena izan dadila.

Usaina: Sagar gozoaren usaina eta, gehienez ere, ia ohartezina den garratz puntu bat izango du; upel edo kortxo-usain arrastorik eta min edo kiratsik gabea, alegia.

Txinparta:
Sagardoa edalontzira botatakoan txinparta bizia sortuz erraz hautsi behar da, sortutako aparra bertan desegin eta desagertuz.

Kolorea:
Kolore hori-berde garbia izan behar du eta ontzitik atera eta berehala belztuko ez dena.

Gorputza: Ez oso lodia, ezta oso mehea ere; edalontzia hustean, ipurdian laino antzeko baten seinalea utzi behar luke

Azkenak
Bunkerretik ihes egiteko manifestua

Heriotzak Eduardo du izena

  • Egilea: Formol konpainia (eta Ander Lipusen manifestua)
  • Non: Modelo Aretoan, Zarautzen, Literaturia jaialdia
  • Noiz: Maiatzaren 23an.

-------------------------------------------------------------

Bunker batean garatzen da antzezlana... [+]


2025-05-30 | ARGIA
Kerik gabeko eremu gehiago ezarri nahi ditu Espainiako Gobernuak: markesinak, campusak, terrazak...

Espainiako Osasun Ministerioa kerik gabeko eremu berriak ezarriko lituzkeen lege aurreproiektua eratzen ari da eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan izango luke eragina. Eremu berri horien artean, tabernetako terrazak, unibertsitateetako campusak edo autobus-markesinak ageri... [+]


Bizkaiko Aldundiak Jaurlaritzaren ardurapean utzi du Bilboko itsasadarraren azpiko metroaren lotura egiteko aukera

Bilboko itsasadarraren ertz biak lotzeko ibilgailuentzako tunelaren proiektuagaz batera, Areeta eta Sestao lotuko zituen anezka-tren bat ere iragarri zuen Bizkaiko Foru Aldundiak 2022an. Orain, proiektua gauzatzeko ardura Eusko Jaurlaritzaren mendeko Euskal Trenbide Sareari... [+]


Atxondon hildako langilea “diru-gosearen” biktima izan dela salatu du AHT Gelditu!-k

AHT Gelditu elkartearen esanetan, AHTren obretan asteartean izandako heriotza bezalakoen atzean "esklabotza-baldintzak" eta "tratu arrazista umiliagarri eta iraingarriak" baino ez daude. Atxondoko Udalak gertatutakoa ikertu eta argitzeko eskatu du. AHTko obretan... [+]


2025-05-29 | ARGIA
Segregazioa hezkuntza
Ikastolen Elkartea: “Matrikulazioren kudeaketak ez du segregazioarekin bukatzeko balio”

Euskal hezkuntza sisteman haur zaurgarriak ondo integratzeko dekretua egin zuen Eusko Jaurlaritza Hezkuntza Sailak 2023ko maiatzean eta gaur haren balorazio oso kritikoa egiten du Ikastolen elkarteak: hark ez du balio izan segregazioarekin amaitzeko. Hainbat proposamen ere egin... [+]


CAF Palestinan eraikitzen ari den trenbidearen bigarren fasea hasi izana salatu dute

Okupatutako Jerusalemgo Ekintza Nazional eta Zibileko batzordeak jakinarazi du trenaren bigarren fasearen hasiera, eta gaitzetsi egin du kokalekuen arteko komunikazioa indartzea duelako helburu. Zisjordanian 22 kokaleku berri ezarriko dituela adierazi du Israelek.  


2025-05-29 | ARGIA
Asteko laugarren langile hila, Bilbon, teilatutik erorita

Ostegun goizean hil da langilea, Bilboko José María Ugarteburu kalean. Astelehenean bi langile hil ziren, Andosillan (Nafarroa) eta Atxondon (Bizkaia), eta asteartean beste bat Amurrion (Araba).


Lan heriotzak ez normalizatzeko deia zabaldu du Aiaraldeko Greba Batzordeak

Dozenaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Aiaraldeko Greba Batzordeak (SOS Aiaraldea) Tubos Reunidoseko lan heriotza salatzeko deitutako mobilizazioan. Laneko heriotzen "odolustea" salatu eta egoera ez normalizatzeko deia luzatu dute.


“Gure txikitasunetik, mundu guztiko herrien errealitatea ezagutaraztea ezinbestekoa da”

Maiatzaren amaiera eta ekainaren hasiera artean Gora Herriak jaialdia antolatu du Bixi Bixi elkarteak, zortzigarren urtez, Pasai Donibanen. Aurreko urteetan jatorrizko hainbat herriren errealitatea ezagutzera eman ondoren, aurtengo jaialdiak Ameriketako edo "Abya... [+]


Bergarako erraustegiari Jaurlaritzak emandako ingurumen baimena baliogabetu du EAEko Auzitegi Nagusiak

Jaurlaritzak Valogreene enpresari ingurumen baimena eman izanari helegitea aurkeztu zioten Bergarako Udalak, Ekologistak Martxan taldeak eta Bergarako bi bizilagunek 2022ko apirilean. Udalak azpimarratu du auzitegiak arrazoia eman diola, ebatzi baitu Jaurlaritzak hartu... [+]


2025-05-29 | ARGIA
Trumpen muga-zerga orokorrak atzera bota ditu AEBetako epaimahai batek

Epaiak dio AEBetako presidentea bere eskumenetik harago joan dela muga-zergak ezartzerakoan, eta hamar eguneko epea ematen dio horiek kentzeko.


2025-05-29 | Gedar
Cintruenigon, besoz beso mobilizatu dira Frente Obrero eta Vox

"Delinkuentziarik gabeko Cintruenigo" aldarrikatu dute, ohi bezala, pertsona migratuak kriminalizatuz.


2025-05-29 | Hala Bedi
Zahartzearen negozioa agerian utzi dute Gasteizen

Zaharren egoitzen negozioa salatzen duten iragarkiak jarri dituzte Gasteizko hainbat markesinatan. Iragarkiok "Gizarte Ondoezerako Foru Erakundea”-ren sinadura daramate.


Fusionatuko diren bi ikastetxeren proiektu berria argitzeko eta adosteko eskatu diote gurasoek Jaurlaritzari

Gasteizko Adurtza eta San Ignacio ikastetxeek fusionatuta hasiko dute datorren ikasturtea, baina eskola berriaren proiektua eta plangintza falta dutela salatu dute gurasoek, beraien ekarpenak noiz eta nola egin jakin nahi dutela. “Parte hartu nahi dugu, guretzat... [+]


Hamasen buruzagia hil du Israelek, Netanyahuk baieztatu duenez

Mohamed Sinwar Gazako Hamaseko burua hilik agertu da, Israelgo armadak Gazan egindako bonbardaketa batean. Hamasek oraindik ez du baieztatu Sinwarren heriotza.


Eguneraketa berriak daude