HEGO AFRIKA: ERRALDOI NAHASIA


1999ko ekainaren 27an
Urbanoak txunditu egiten du bertara hurbiltzen dena, nahasketagatik. Dena da erraldoia Hego Afrikako paisaian ere. Aberatsa, bere giza arrazen nahasketa bezala. Eta bere hirietan ikusten da nola uztartu diren beltzen kultura eta zuriena.

Europatik abiatu eta Hego Afrikako hiri-herriak ikusteko parada hartu nuenean zerak harritu ninduen batez ere: arkitekturak. Edo nahi bada, arkitekturaren eskasak. Europar batendako eraikinak denboraren joan-etorriekin loturiko elementuak dira, etxe bat begiratzen dugunean, ez dugu etxea soil-soilik ikusten, hau da harriak, lehioetako zura, errozpea eta abar, denbora luzearen tatuaiak ere ikusi uste ditugu eraikinaren gainean, eta islaz, gure baitan.

Hego Afrikan ez. Eta Hego Afrika diot, baina, seguru aski, XIX. mendetik hona kolonia izandako edozein nazioren arkitekturak horrelakoa behar du, behar du, diot, ezen ni ez bainaiz beste kolonia izandako inon izan.

Eraikinak, gehienez ere, hemeretzigarren mendekoak dira. Hiriek ez dute hainbeste urbanista erok marraztutako karriken gora-behera korapilatsurik egiten, eraikinik famatuenek ere, utilitatearen neurria baino ez dute ematen, edo poterearen pisutasuna baino ez adierazten.

Lur Muturreko Hiria da Hego Afrikako hiririk zaharrena. Ibili eta buelta baditu, dagoeneko, hirurehun urte. Berrogeita hamar urte inguru badira, Apartheidaren garairik gogorrenak hasi zirenean, hiriaren auzo zaharrena, eta diotenez, ederrena suntsitu zuten, gelditu denak, ordea, etxe viktoriar gutxi batzuk, Tambooersklof auzoa eta kale pare bat, ezer gutxi balio du. Arkitektura aldetik dezepzionatu egin ninduen. Arrazionalitateak marrazturiko hiria da Lur Muturreko Hiria. Ereduaren oihartzun urruna, imitazioa. Eta imitazio horrek harritu egiten zaitu horrelako latitudean.

Hori dena hiriguneari dagokionez, ezen hirigunetik kanpo arkitektura Lur Muturreko Hirian eta Hego Afrika osoan, bitartekoa baino ez da, bizitokia baino ez: industrializazioak, pobreziak eta apartheidak eraikitako auzune hitsak, ez aurre, ez atze gabeko etxe piloak.

Etxea zaintzera ohiturik dagoen kultura batetik abiaturik halako desolazio hunkipen batek kosk egiten dizu hasieran, desitxuratua iruditzen zaizu dena, desegina; denborarekin, ordea, neurria hartu eta han Historia motza izan delako ustearekin ateratzen zara kalera, motxila arin batekin baizihoazen. Uste okerra da, ordea, «Historia motza», «Historia onbera»ren sinonimoa baita, hala nola, urbanismo apartheid sistema politikoarena. Hortaz hiriak ez dira hiri bat, auzo elkarketak baino ez dira, ez dago hiri batean zaudeneko sentsaziorik.

Hortan nire uste guztiak usteldu zitzaizkidan beltz jendeketa hura ikusi nuenean Johannesburgoko erdiguneko raskazeru azpian, edo eraikinik modernoaren ezkaratze atarian kanpin-denda antzeko batek ileapaindegiarenak egiten zituela ikusi nuenean, edo Lur Muturreko Hiriko auzo afrikaner pilatuak ikustean. Hego Afrikako paisaia urbanoak txunditu egiten du nahasketagatik: Afrika, kultura protestanteko hirigintza, apartheida.

Natura

Arkitekturara behin ohitutakoan, orduan irekitzen dizkiozu begiak naturari: erraldoia. Erraldoia da burura datorkizun lehendabiziko hitza: paisaia zabala da, begibista beti motz gelditzen da, mendiak begiak sekula ikusi gabekoaren tamainakoak dira, belarra altuegia da, zuhaitzak berriz bertan etxea eraikitzeko modukoak.

Ni, behintzat, halako joritasunik, halako oparotasunik ikusi gabea nintzen.

Gogoan dut Saint Johns Port deitutako leku bat, Transkei eskualdeko kostaldean: uhaldea, arrekera itsasoratzen da oihan ia tropikalez itotako mendietan. Marihuana, aguakateak, pinondoak eta milaka eta milaka arbol ezezagun.

Ostatua zuhaitz artean zen, itsaso bazterrean, langarra ari zuen, euri garaia baitzen, tenperatura, ordea, epela. Eta hantxe egon ginen, itsasoan igeri langarrak burua bustitzen zigun bitartean. Herrian ez zen argirik, ez eta, jakina, auto bakarra ere.
Gogoan dut Karoo, hegomedebalderantz dagoen eremu desertu antzekoa. Imaginatu Bardea erraldoi batzuk. Lahar lehor batzuk baino ez dute lurra estaltzen. Mendixkak lurra baino ez. Atzean eguzkia, kiskalgarri eta noizbait, etxalde antzeko bat. Eta horrela kilometroak eta kilometroak.

Edo gogoan dut goizalde bat iparraldean dagoen Pietersburg hiriko inguruetan. Tximinoak karretera inguruan eta mendiak eta mendiak harri eta aguakate arbolez josirik.

Eta horrela mintzo daiteke bidaiaria ikusiko dituen paisaia aunitzez ezen Hego Afrikak naturak mota asko biltzen baititu bere baitan: esan bezala, desertua dago, Kalahari; semidesertua, Karoo, ohian tropikala Indiko inguruan, semitropikala, sabana Johanesburgotik gora, mediterranear antzeko paisaia Lur Muturreko Hiriaren inguruan, tundra antzeko bat mendebaldeko kostaldean, Lur Muturreko Hiritik hasi eta ia Namibiako mugaraino.

Euskal Herritik abiatutakoak orduan ulertuko du askotan aditu baina ulertugabekoa: mundua zabala da.

Ez hori bakarrik, Audenek zioen moduan orduan amets baitezake paradisua, beharbada, mendi urrun haien atzean egon daitekeela. Euskal Herrian, aitzitik, mendiak gertuegi daude, paradisuren bat, baita ziztrinena ere, egon daitekeela irudikatzeko.

Jendea eta arriskua

Eta paisaia erraldoi horretan jendea dago, joan-etorrian, ahalbait bizitzen.
Hego Afrikan arraza gehiegi dago gatazkarik ez egoteko. Jakina da deskolonizazioaren ondotik nazioak erregelaz ebaki zituztela. Iparretik hegora

vendak ditugu, Mozanbike, Zinbabwe eta Hego Afrikaren artean banaturik, hegoalderako

sothoak, bai iparraldekoak bai hegoaldekoak,

tswanak, zuluak, herririk homogeneoena,

xhosak, eta horien artean jende zuria, afrikanerrak batzuk,

british jatorrikoak besteak, eta azkenik horietako zenbait nahasketatik sorturiko mestizoak.
Hego Afrikan arrazak berebiziko garrantzia izan du eta, oraindik, izan badu. Arraza harreman guztiak zeharkatzen dituen lerroa da: inork ezin dio horri eskapo egin. Ez eta bidaiariak ere; argi eta garbi esango dizute zuria zarela (zuria baldin bazara) bai onerako bai txarrerako. «

Onerako —esanen dizute zuriek—

ezen beltza izatea atariko lohia izatea baita».

Eta hori entzundakoan eskandalizatuarenak eginen dituzu baina ingurura begiratzea nahikoa izanen duzu baietz, zuria izatea onerako dela; «

beharrik zuria naizen!»
—pentsatuko duzu— «

beharrik Europa deituriko zitadelakoa naizen!».

Txarrerako pentsatuko duzu beltzekin zaudenean, horren baita nabarmen desberdintasuna, horren lekuz kanpo sentiaraziko zaitu larruazalaren koloreak. Beltzendako beti izanen zara zuri bat, txuria, txurikoa, xuria, kabroia, nagusia, jabea, masterra. Eta ez da hori ahanztaraziko dizun zerbezarik ez gizalegerik.

Bestela jende atsegina da nahiz batzuk, beltzak gehienak, zu lumatzeko prest egon, justiziaren zentzurik oinarrizkoenak agintzen duen modura. Apartheidak arriskutsu bilakatu ditu Hego Afrikako paraje gehienak, batez ere, hiriak. Ezin da hirietan, zuria izanik, kaletik oinez ibili gauez. Harrapakina baino ez zara. Harrapakina izatea ez omen da gaitzena hala ere, hilgaia ere bihur bai baitzaitezke. Hego Afrikan hiritarrek armak eduki ditzakete. Hortara ehundaka arma legal daude, eta milaka ilegal. Ostatu guztietan daukazu kontuz ibiltzeko aholkua.

Hori guztia egia da, bai, baina niri, behintzat ez zitzaidan ezer gertatu. Kontuan ibili behar duzu, ez duzu turista eman behar, ezin duzu townshipetan bakarrik sartu, edozein tokitara joan aurretik hango egoera nolakoa den galdetu behar duzu eta informatzailearen arabera erabaki: informatzailea zuria baldin bada arrisku ugariei buruz esaten dizkizunaren erdiak sinistu, eta tentuz, leku horretako bazter guztietara joan zaitezke; zuri gehienak arrisku histeriaz jota daude eta; informatzailea beltza baldin bada tipologiak gehiagorako ematen du: gizon gazte beltza baldin bada arriskuei buruz esaten dizkizunak baino gehiago daudela egin behar duzu zure buruan; emakume beltza baldin bada, ordea, seguru aski zuzen ibiliko dela: toki horretako arriskuak harek esandakoak dira, ez gehiago, ez gutxiago.

Dena dela arriskuaren honek, baldintza objetiboez gainera, badu gure baitako mamuekiko lehiatzetik zerbait. Port Saint John lehen aipatu herrian barna gindoazen Aitor Agirre (Hego Afrikan topatu nuen euskalduna) eta biok. Gau iluna zen. Ez zen argirik karriketan. Eta halako batean gure kontra zetorren beltz batekin ia tupust egin genuen. Zuria izan balitz errainua edo nabarituko genuen, baina ez, paraje hartan jende guztia beltza da. Asaldu egin ginen biok. Beldurtu. Gauarekin nahasitako figura, hura etorri ahala galdu zen bere bidetik. Eraso egin gintuen? Ez. Zer edo zer esan zigun? Ez. Karrikatik zihoan beltza baino ez zen eta hala ere...

Ikaratu ninduena ez zen beltza izan. Neronek neraman ikara nire baitan eta harek azalerarazi baino ez zidan egin. Ikara. Gau ilunari. Ezagunari. Besteari. Desberdinari. Nire zuritasunaren negatiboa zen beltzari. Orduantxe konprenitu nuen duela hiru mende ailegatu ziren hugonote haien beldurra, orduantxe entenditu nuen zer zen apartheida: zuriek haien izuikarei paratutako hesi gotorra.

Gerora askotan izan nuen sentsazio hori Hego Afrikan: Arrisku objetiboez aparte zeure buruko mamuen arrisku balizkoei aurre egiteko parada.

Garraioa

Hego Afrikan garraio bide guztiak dituzu. Trenak Europakoak (Oi Europa zibilizazioaren magal!) bezain onak dira. Trenez joan zaitezke Lur Muturreko Hiritik Iparralderaino. Hogeita lau orduko bidaia da Lur Muturreko Hiritik Johanesburgoraino. Bigarren klasean estuta eta hatua menera beti, lehendabiziko klasean lasaiago. Batek duena ez du besteak. Lehendabiziko klasean lasai zoazke, baina Hego Afrikan gertatzen ari denari buruzko arbuiozko iritziak dituen afrikanerrak aurkituko dituzu. Langile klasekoak gehienak. Aberatsak balira hor ez leudeke trenean, hegazkinean baizik.

Bigarrenean, aldiz, beltzak gehienak eta zu bezalako turistaren bat edo beste. Aurrekoak belauna ixteperaino sartuko dizu eta usaina kiratsa izanen da. Solasa etengabekoa da, nora zoazen, helbide trukaketa, zatoz gurera eta abar. Hego Afrikar beltzak, oro har, pozik daude nazioan eman den aldaketarekin eta erakusgarria iruditzen zaie, ez dute beraz, arazorik ttikiena izaten gertatzen ari dena goraipatu eta transizioan eman den prozesua zure aurrean bedeinkatzeko. Mandela! Mandela!

Hegazkina ere, erabil daiteke baina hor bestelakoa da giroa: enpresari eta free-lance zuriak, politikari beltz eta negozio gizon beltzekin nahasirik. Inork ez inorekin hitz egiten eta lurretik milaka metrotara egoteak ez du bidaiarien arteko konfidantza bermatzeko, konfidantza bera ere bermatzeko ez delako lurretik hain gora egoteak, beharbada. Esan nahi dudana zera da: hegazkinez bidaiatzea noranahi izanik ere, beti igoal da. Autobusak ere badira, aunitz eta noranahi.

Eta azkenik konbiak dituzu. Beltzek erabiltzen dituzten furgoneta-taxiak. Noranahi joan zaitezke eta zure gisako ordutegiarekin gainera.

Ailegatu, bete arte esperatu eta aldegin. Hiri barnetan nahiz Hego Afrikako lurraldean zehar har dezakezu taxia. Hortxe zaude jendea sartzen hasten denean, eta jendea sartzen eta sartzen... azkenean sardinak latan bezala, ezin mugituz abiatuko da furgoneta, bidairiek oso ongi ez dakitela nola. Libertigarriak dira, jendeak zuria zarelako-edo ongi hartzen zaitu, ausartarako jo, eta haien hortz zuriak erakutsiz nongoa zaren galdetuko dizute eta nahi adina argibide eman.

Ezin izanen duzu mugitu, pisa egitean ezta pentsatu ere, txingurritzen ari zaizun besoak mugitu bai baina ez daukazu non paratu, hankarekin jada ez dakizu zer egin... baina zer axola, berandu heldu zara eta hala ere, harrapatu eginen duzu, mila eta bostehun pezetagatik seiehun kilometro inguru eginen dituzu; eta gainera bertakoak ezagutu, bertako beltzak, horren eskuerazin iruditutakoak, hortxe dituzu, gainean.

Hiriak

Mendebaldeko gizartearen gatazkak eta kontradizioak hirietan ikusten dira behinen. Herriak-eta, nekazari giroko guneak interesgarriak dira oso baina niri Mendebaldeko Bizimoduak bertako bizimoduarekin talka nola egiten duen ikustea gustatzen zait. Uste dut asko ikasten dela hori aztertzen.

Hego Afrikan hirietan ikusten da nola uztartu (batzuk esanen dute usteldu) den bertako Kultura beltza nahiz zuria Merkatuaren kulturarekin.

Lur Muturreko eta Durban, beharbada, klimagatik, beharbada daukaten giro kolonialarengatik oso hiri erosoak, xuabeak, ia tropikalak dira azalean, behintzat, Johannesburgo, ordea, benetako astakeria da. Goizetik gauera entzun daiteke aipatu bi kulturen borroka.

Johannesburgo erdialdea dorre erraldoiez eraikita dago; dorren azpian beltzak eta beltzak beren zereginetan: miseriaren eremuak bisitatzen, gehienetan. Irudi horrek aurrejuzkuak hautsiko dizkizu: Mendebaldea ez da zuria. Mendebaldea ez da Europa, Mendebaldea afrikatu da.

Esan beharra dago beste zerbait Hego Afrika hiri guztiei buruz: ez dira hiriak, metropoliak dira, nahi bada, baina hiriak ez. Hego Afrikako hiriak auzo ezberdinez osaturiko metropoliak dira eta ez dute haien baitan hiriaren zentzua. Herri eta auzo ttikiez osaturiko jende eta eraikin pila dira. Normala da bestalde, hiriak noranahi eta nolanahi ibiltzea adierazten baitu eta, apartheidaren historiak, bai noranahi, zuriak zuriekin, beltzak beltzekin, ukatu zuen, bai nolanahi arrontik debekatu, zuriak zuriekin, beltzak beltzekin, derrigorrez.

Itsasoak

Itsasoak. Indikoa iluna da, beltza, arrea, nabarra, epelegia, sartzean ez dizu zure burua bataiatzen, garbitzen ari zareneko ustea ematen. Ozeano zikina da, ez zikina dagoelakoz gizakion fluido guztiez osaturik balego bezala diraulekoz.

Atlantikoa, aldiz, izoztua dator, jelatua, garbia da, urdinegia, zuriegia, min egiten du haren hoztasunak gorputzean, ez zaitu bost segundu baino gehiago onartzen, Antartidako izotz guztiak garraiatzen ditu, baina aratzaren aratzez ez zaitu onartzen. Atlantikoa behe hartan ikusteko itsasoa da, ez bizitzekoa. Ezetz hamar segundu baino gehiago iraun uretan!

Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude