Zenbat ikastetxetan egin da
3. mailako kanpo-azterketa?

  • 30 ikastetxe deitu ditu Eusko Jaurlaritzak, Lehen Hezkuntzako 3. mailan (8-9 urteko haurrei) kanpo-azterketa polemikoa egiteko. Eusko Jaurlaritzak ez du argitu nahi izan zenbat eskolatan burutu den etsamina, baina zuzenean hezkuntza sareei galdetu diegu.


2015eko ekainaren 16an - 08:39
Ziurtatu dezakeguna da ikastetxeen erdiak baino gehiagok planto egin diola azterketari.

Deialdia eskola publikoko 15 ikastetxetan eta kontzertatu edo itunpeko beste 15etan egin dutela dio Jaurlaritzak.

- Eskola publikoan, 15etik bakarrean egin da azterketa (bi ikasgela batuta 11 ikasle aurkeztu ziren).

- Ikastolei dagokienez, 2 baino ez dituzte deitu eta bietan, Orion eta Ordizian, planto egin dute gurasoek.

- Kristau Eskolak esan digu 3 ikastetxe deitu dituztela eta hiruretan “normaltasunez” egin dela azterketa.

Beraz, hiru hezkuntza sare nagusiak batuta, 20 ikastetxetan saiatu dira azterketa egiten, eta 20tik 16tan ez dute lortu. Dirudienez, sare horietatik kanpo dauden itunpeko beste 10 zentro ere aukeratu ditu Jaurlaritzak, baina ikastetxeak zeintzuk diren eta horietako zenbatetan egin den ebaluazioa ez dakigu, ez baita publiko egin.

Ziurtatu dezakeguna da gutxienez 30en erdiak baino gehiagok planto egin diola azterketari.

Ondorioak ateratzeko nahikoa?

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak onartu du proba pilotuak jasotako emaitza kopurua ez dela aurreikusitakoa izan, baina kopuru nahikoa dela lagin horretatik abiatuta datorren urterako ikastetxe guztietan egin nahi den 3. mailako kanpo-ebaluazioa prestatzeko.

Eskola publikoko gurasoen bozeramaile Lurdes Imazek, ordea, garbi du: “Lortutako lagina ez dugu uste nahikoa denik froga hau datorren ikasturtean sistema osora zabaltzeko. Sare kontzertatuko lagin txiki bat baino ez dute, horrek ez du balio sistema osoko ikasleentzat”.

“Gurasoak engainatu dituzte. Hau ez da errebalida bat”

Azterketari egindako planto ugarien aurrean, Cristina Uriartek uste du gurasoak engainatuak izan direla, eta behin baino gehiagotan errepikatu du datorren ikasturtean eskola denetara zabalduko diren azterketa hauek ez direla errebalidak, ebaluazio diagnostikoak baizik (alegia, gainditzea ez dela derrigorrezkoa izango aurrera egiteko).

Egia da LOMCEk agindutako 3. eta 6. mailako errebalidek EAEn ebaluazio diagnostikoen izaera izango dutela, baina Madrildik diseinatuko dituzten proba hauek Lehen Hezkuntzako zuzendarien kezka nagusia dira hala ere: “Ikastetxeetako jarduna azterketa horietara moldatzen joango delakoan gaude, lorpen maila handiena eskuratu aldera, eta horrek urteetan esfortzu handiz egindako bilakaera metodologiko-pedagogikoa kaltetuko luke”. Gainera, emaitzen arabera ikastetxeen rankingak egin nahi ditu Espainiako Gobernuak.

Hezkuntza Topaguneak agerraldia egingo du: "Hau ez da ekimen puntuala, apustu sendoa baizik"

Ekainaren 20an, arloko eragile ugari biltzen dituen Hezkuntza Topaguneak agerraldia egingo du Gasteizen. Azterketa polemikoen aurka sortu den mugimendu herritarra, orain arte LOMCEren aurka emandako urratsak eta aurrera begirako neurri eta erronkak izango dituzte hizpide. “Batez ere, azpimarratu nahi dugu hau ez dela ekimen puntuala, apustu sendoa baizik”, azaldu digute Topagunetik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LOMCE legea
Batxilergoko bost modalitate ezarriko ditu Lomloe lege berriak datorren ikasturtean

Espainiako Gobernuak abenduan onartu zuen hezkuntza lege berria, eta 2022-2023 ikasturtean aplikatuko da bigarren hezkuntzako eta batxilergoko maila bakoitietan. DBHn, hautazko ikasgai gehiago eskainiko dira, eta batxilergoan, arteari lotutako bi modalitate eta beste modalitate... [+]


LOMLOE, trileroen jokoa

"... hezkuntzako gastu publikoa barne-produktu gordinaren gutxienez ehuneko 5 handitzea..." Alderdi sozialistak erabili ohi duen eta LOE aldatzeko Lege Organikoaren Proiektuan jasotako dialektika tranpati horren beste esaldi bat da. STEILASentzat, hezkuntzan inbertsio... [+]


2020-11-06 | ARGIA
Lomce legearen ordezkoak ez ditu diruz lagunduko ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeak

LOMLOEn, LOMCE ordezkatuko duen legean, zuzenketa bat onartu du Espainiako Kongresuak: diru laguntzarik ez ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeentzat. Neurriak EAEko eta Nafarroako hainbat ikastetxetan izango du eragina, baina horietako batzuek... [+]


LOMCE indargabetuko duen Hezkuntza Legeari argi berdea eman dio Espainiako Gobernuak

Hego Euskal Herriko ikastetxeetan eragingo duen Hezkuntza Legea onartu du Espainiako ministroen kontseiluak. Bertan behera geratuko dira LOMCEk ezarri zituen errebalida polemikoak eta ibilbide espezializatuak, eta Erlijioa ez da notarako izango, besteak beste.


Bizi ala iraun?

“Esan gezur bat mila aldiz. Errepikatu hitzez hitz. Handik gutxira ikusi, egia bihurtzen. Haien ahotan ikusi, egia bihurtzen.” Horixe abesten du Gorka Urbizuk Berri Txarrak taldearen kontzertuetan. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin gertatzen ari denaren... [+]


Eguneraketa berriak daude