LOMCEren aurrean, zer lortu du eta zer ez Jaurlaritzaren curriculumak?

  • Eusko Jaurlaritzak EAErako aurkezturiko curriculuma datorren ikasturtean jarriko dute martxan Lehen Hezkuntzan, eta 2016-2017an Bigarren Hezkuntzan. Zer jasotzen du curriculumak eta nola ezarriko dute eskoletan? Zein gestio eta autonomia maila ematen die ikastetxeei? Hurrengo urteetan LOMCE kentzen badute, bere horretan mantenduko al da Jaurlaritzaren curriculuma? Zein eztabaida azaleratu du prestatzen ari diren Euskal Eskolaren Legeak?

Ebaluazio diagnostiko eta kanpo-ebaluazioek ezinegona sortu dute. “Ikastetxeko jarduna azterketa horietara moldatzen joango delakoan gaude, lorpen maila handiena eskuratu aldera, eta horrek urteetan egindako bilakaera metodologiko pedagogikoa kaltetuko lu
Ebaluazio diagnostiko eta kanpo-ebaluazioek ezinegona sortu dute. “Ikastetxeko jarduna azterketa horietara moldatzen joango delakoan gaude, lorpen maila handiena eskuratu aldera, eta horrek urteetan egindako bilakaera metodologiko pedagogikoa kaltetuko luke”, dio Iñigo Salaberria irakasle eta Sarean elkarteko kideak.Joseba Larratxe

LOMCE legeari aurre egiteko jaio zen Heziberri 2020, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatuta. Espainiako legearen aurrean, hezkuntza proiektu propioa garatu dutela eta arloko eragileen lankidetza eta adostasuna handia izan dela esan digute Hezkuntza Sailetik. Prozesuan parte hartu baino, Jaurlaritzak aurkezturikoaren gainean eztabaidatu dutela kexatu dira ordea hainbat eragile eta sindikatu –ikasleen ordezkaririk ez dela egon ere kritikatu dute ikasleek–, eta salatu dute LOMCEren ildo ugari bere egiten dituela Heziberrik. Ikastetxeen gestio eredua, autonomia eta finantzazioa, marko pedagogikoa eta landuko diren eduki curricularrak zehaztu dituzte dagoeneko Heziberrin, eta bigarren urratsa ere eman dute: dekretuetan jaso da guztia. Dena prest dago beraz hurrengo urtetik aurrera eskoletan dekretuok aplika daitezen. Hirugarren urratsari ekingo diote ondoren: Heziberriren barruan garatuko den Euskal Eskolaren Legea, dagoeneko txinpartak piztu dituena. Baina goazen pausoz pauso.

Ikastetxeen gestioa eta autonomia

Kudeaketarako boterea zuzendariarengan kontzentratzen du LOMCEk, hezkuntza komunitatearen eta Eskola Kontseiluaren eragiteko ahalmena kontsulta mailara zokoratuz. Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako hitzarmenari esker, ordea, Eskola Kontseiluak gaur egun dituen eskumenak mantenduko ditu EAEn eta hala jaso du Heziberrik.

Autonomia ere aitortzen die Heziberrik ikastetxeei, baina horretarako, bere proiektua aurkeztu beharko du eskolak, eta administrazioaren esku egongo da berau ebaluatu eta baimentzea, errendimendu adierazleak erabiliz. “Autonomia positibotzat hartuko genuke, kudeaketa eskumen horiek (langileena, finantzarioa, baliabideena…) modu bateratuan ulertuko balira, eta ez proiektu jakinen ordainsari gisa, zentro bakan batzuetarako, abiadura ezberdineko ikastetxeak sortzeko arriskua baitago”, uste du Iñigo Salaberriak, eskola publikoko Haur eta Lehen Hezkuntzako zuzendariak biltzen dituen Sarean elkarteko kideak. “Helburu berdinera iristeko zailtasun eta behar handiagoak dituztenei baliabide gehiago eman beharrean, baliabideak eta finantzazioa ikastetxearen proiektuaren eta ikastetxeak lortutako helburuen arabera banatzea ez da autonomia ematea, tranpati jokatzea da”, dio STEILAS sindikatuko Ana Perezek.

Hezkuntzan zerbitzu publikoa bai ikastetxe publikoek bai kontzertatuek eskaintzen dutela dio Heziberrik, eta hori kritikatu du EHIGE gurasoen elkarteko Lurdes Imazek, hezkuntza sistemaren lehentasuna eskola publikoari aitortu beharko liokeela iritzita. “Dekretuek ez dute planteatzen sare guztien ardura partekatua eta ikasleen zonaldekako banaketa ekitatiboa, ezaugarri, premia eta jatorri desberdineko ikasleei erantzun egokia eman ahal izateko”. Ondorioz, bai hizkuntzari dagokionez, bai beharretan, aniztasunean eta maila sozio-ekonomikoan, sarri ikastetxe publikoak ghetto bihurtzen direla salatu dute.

Curriculumaren zati bat, LOMCEk baldintzatua

“Curriculumaren eginkizuna da bizitzarako oinarrizko diren konpetentziak eskuratzen laguntzea. Eta pertsonaren garapen integralaz gain, sozialki batzen gaituena egituratzea eta elkarbizitzaren oinarriak finkatzea”, azaldu digu Heziberriren gidaritzan aritu den kideak. Horretarako, esan digu, Euskal Curriculuma eta Euskal Herrirako Curriculuma hartu dituzte iturri nagusi gisa, edo hobe esanda, curriculum horien bien uztarketa den EAEko 2007ko curriculum dekretu ofiziala (ikusi ondoko orriko koadroa). Konpetentzia edo gaitasun oinarrizkoak eta zeharkakoak txertatu dizkiote, hala nola arazoei aurre egiteko gaitasuna, komunikatzekoa, ikasten eta pentsatzen ikastekoa, elkarbizitzarako konpetentzia edota ekimenerako eta ekiteko espiritua –azken hau, hezkuntzaren filosofiarekin baino, enpresa munduaren eta merkatuaren ikuspegiarekin lotuegi dagoela iritzi dio STEILASek–. Ikasgaietan, matematikak eta hizkuntzek (euskara, gaztelania, atzerriko hizkuntza) hartzen dituzte ordu gehien nabarmen, eta horiek dute lehentasuna ikasturtea gainditzeko.

LOMCE legeak curriculuma zein neurritan baldintzatu duen galdetuta, egileek diote funtsa ez dagoela baldintzatuta: “Hezkuntza eredua, zer nolako ikasleak hezi nahi ditugun, ez da urrutitik ere LOMCErena, gurea baizik. Eta hori da gakoa. Zehaztu dugu zein motatako etxea eraiki nahi dugun, zeintzuen artean (gure irakasleak dira) eta zein materialarekin: azken hori baldintzatu nahi dute, baina guk nolabait saihestu egin dugu”. Eta egia da punturen batean aurre egin diola Heziberrik Espainiako legeari: LOMCEren arabera, adibidez, gazteek 14 urterekin erabaki behar dute unibertsitatearen eta Lanbide Heziketaren artean, eta hortik aurrera bide bereiziak egingo dituzte ikasleek, baina EAEn curriculum bera jarraituko dute denek (Espainian baino ikasgai gehiago emango dituzte orotara), erabakia 16 urtera arte atzeratu ahal izateko.

Aldiz, LOMCEren hainbat agindu barneratu ditu Heziberrik, eta hala azpimarratu dute Sarean, Ikasle Abertzaleak, EHIGE, BIHE, LAB, ELA eta STEILASek, besteak beste. “Puntu askotan ‘indarrean dagoen legea’ aipatzen da, lege horrek markaturiko lorpen adierazleak bete beharko direla adieraziz, eta indarrean dagoen legea LOMCE da, beraz…”, gogoratu du Ana Perezek.

Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailan LOMCEk ezarritako kanpo-ebaluazio edo errebalidak, EAEn ebaluazio diagnostikoak izango direla jaso du Heziberrik, eta hortaz hasiera batean ez lukete ondorio akademikorik izan beharko, baina Lehen Hezkuntzako zuzendarien kezka nagusia da hala ere: “Ikastetxeetako jarduna azterketa horietara moldatzen joango delakoan gaude –dio Iñigo Salaberriak–, lorpen maila handiena eskuratu aldera, eta horrek urteetan esfortzu handiz egindako bilakaera metodologiko pedagogikoa kaltetuko luke”. Ebaluazio diagnostikoa izan arren, irakasleek eurek aurreikusten badute froga horiek Lehen Hezkuntzako ikasketa prozesua baldintzatuko dutela, irudikatu zein izango den Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukaeran Batxilergora igaro ahal izateko ikasleek gainditu beharko duten kanpo-ebaluazioaren eragina. Izan ere, irizpide eta eduki jakin batzuk neurtuko dituen –eta kanpotik prestatuko den– makro-azterketa gainditzeko betebeharra jasotzen du Heziberrik, LOMCEk aipatzen duen “errebalida” hitza saihestu arren. Derrigorrezko ebaluaketetan maila emateko eduki horiek irakasteak tarterik utziko al du bestelakoak lantzeko? Gogora dezagun selektibitateak esaterako ez duela beste ezertarako denborarik uzten Batxilergoan. Gainera, ikasleak ikasitakoa kanpoko probetan etengabe balioztatzera eta gainerakoekin lehiatzera behartzea ez da ebaluazio sistemarik egokiena, STEILASen hitzetan.

Erlijio katolikoa eskaintzea ere derrigorrezkoa izango da, Heziberriren –eta LOMCEren– arabera. Erlijioa aukeratzen ez duenak balio zibiko eta etikoei buruzko ikasgaia jaso beharko du eta bata zein bestea gainerako ikasgaien mailan ebaluatuko dira.

Hizkuntzen trataerak ere haserrea piztu du hainbatengan. A, B eta D ereduak mantenduko dira ikastetxeetan, eragileek aspalditik errepikatzen duten arren A eta B ereduek ez dutela euskalduntzen eta ereduen sistema gainditu egin behar dela. Are gehiago, euskara eskakizuna ikastetxearen inguru sozialaren arabera egitea jasotzen du Heziberrik eta eragile ugarik ez du begi onez ikusi, berriz ere abiadura ezberdineko zentroak eta ghettoak sor ditzakeelakoan, euskararen ezagutzan denei helburu bera eskatu eta horretarako behar handiagoa duten zonaldeetan baliabideak jarri ordez. “Euskalduntze prozesuan aurrerapauso irmoak emateko ausardia falta ikusten dugu”, adierazi du Sarean elkarteko kideak.

Ikastoletan ere, Heziberri?

Ikastolen, Udalbiltzaren eta Sortzen Ikasbatuazen ekimenez Euskal Curriculuma garatu zuten duela hamarkada bat (ikusi aurreko. orriko koadroa). Curriculum horren garapen bat da Eki ikasmateriala eta horixe bera dute oinarri ikastolek. Maila batzuetan probatu dute eta beste adin tarteetara zabaltzen ari dira orain. “Zalantzak sortzen dira, konpetentzietan oinarritutako paradigma aldaketa handia bizi duelako irakaskuntzak, baina gutxika-gutxika aurrera goaz”, dio Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Heziberrik ere, konpetentzietan oinarritutako garapen curricularra egin duela eta LOMCEren ikuspegi akademizista gainditzen duela gaineratu du Tellituk: “Heziberriren gauzapena ikastetxe bakoitzean egin beharko da eta LOMCE ez aplikatzeko ate bat irekitzen du; guk uste dugu zabaldutako ate hori baliatu dezakegula, Ekirekin jarraituz eta Euskal Curriculuma garatuz”. Onartu du, hala ere, Heziberrik ez duela LOMCE geldiarazteko adina indarrik, “eta hori nabaria da Bigarren Hezkuntzan, eta bereziki ebaluazioen arloan”. Azken finean, errebalidek irakaskuntza baldintzatuko dutela argi dago, baina errebalida horien nondik norakoak “inkognitak dira oraingoz”, dio Tellituk, Espainiako Gobernuak ez baitu oraindik ebaluazio proposamenik egin.

Espainiako hauteskundeetan PPk gehiengo absolutua galdu eta oposizioko alderdiek –behin baino gehiagotan esan duten moduan– LOMCE edo gutxienez kanpo-ebaluazioak kentzen badituzte ere, Heziberrin garaturiko dekretuak funtsean mantenduko direla azpimarratu digu Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak (ikusi ondoko orriko elkarrizketa). LOMCE bertan behera geratuz gero, funtsa ez baina pentsatzekoa da curriculumeko hainbat eduki alda litezkeela; dena den, ikastetxeen gestio eta autonomiari dagokion atalak kezkatzen du Ana Perez, agudo egin nahi izan dutela eta horren atzeko asmoa dekretuok blindatzea dela iritzi baitio.

Euskal Eskolaren Legea, datozen urteetako erronka arantzatsua

Euskal Eskola Publikoaren Legea atera zuen Eusko Jaurlaritzak 1993an, eskola publikoa berritu eta ikastolak sare publikoan barneratzeko. Ikastola ugarik (EAEko ikastoletako ikasleen %40 biltzen zituztenak) publifikatzea erabaki zuten. Egun, %50 ikastetxe publikoak dira EAEn eta %50 “pribatuak” –pribatu guztiak kontzertatuak dira, bizpahiru ikastetxe kenduta–. Europan, %10 baino ez dira ikastetxe pribatu, batez beste.

Garai berrietara egokitzeko eta hezkuntza sistema propioa eraikitzeko, hezkuntza legea beharrezkotzat dute denek. Horixe izango da Heziberriren hurrengo urratsa, bertako dekretuak abiapuntu hartuta. Eragileek argi dituzte legeak jaso beharko lituzkeen erronka nagusiak: hala nola, ikastetxeen autonomia arautzea, irakasleen egonkortasuna ahalbidetzea, euskaran ardaztutako sistema eleanitza egituratzea –egungo ereduen sistema gaindituz–, konpetentzietan oinarritutako curriculuma islatzea, eta ikasleen aukera berdintasuna eta inklusibitatea bermatzea.

Puntu beroa publiko eta kontzertatuen arteko eztabaida izango da, zalantzarik gabe. “Ikusten dugu Legean ez dagoela asmorik eskola publikoa ardatza izateko eta hala behar luke. Badirudi administrazioak ez duela sinesten eskola publikoan; EAEn daukagu eskola publiko portzentaje txikiena eta ezinbestekoa da gizarteak erabakitzea herri honetan nahi al dugun eskola publikoa izatea hezkuntza sistemaren ardatza ala bigarren mailako eskola –adierazi du EHIGE guraso elkarteko bozeramaileak–. Funtsezkoa da sareen arteko ardura partekatua, Lege barruan finantzazio gehiago eskatuko dutelako ikastetxe pribatuek, baina ezin da hori egin eta behar berezi guztiak eskola publikoan kontzentratu”. “Sentitzen dugu ikastolarekiko apustu handiagoa egiten duela administrazioak, eskola publikoarekiko baino”, gaineratu du STEILASeko bozeramaileak.

Legalki egonkortasuna emango dien araudiaren aiduru daude ikastolak eta kristau eskola. Publiko zer den definitzea, hor ikusten du gakoa Ikastolen Elkarteko lehendakariak: “Hezkuntza sistemako ikastetxeen erdiak baino ez du legea eta garrantzitsua da hezkuntza sistema osoarentzat lege bat izatea. Zein hezkuntza sistema publiko nahi dugun eztabaidatzea oinarrizkoa izango da: guk aldarrikatu dugu publikotasun berri bat, ez titulartasunari lotua baizik eta zerbitzuari, eta oinarri horri lotuta, finantzazio sistema berri bat. Gatazka sortuko da, planteamenduetan ezberdintasun nabariak daudelako eta hezkuntza ereduok lan bat egin beharko dugu, argi ipinita bakoitzak non dituen bere marra gorriak eta noraino hurbildu gaitezkeen denon artean. Ea guztion artean gure publikotasun sistema ezartzeko gai garen, gaur duguna Espainia eta Frantziako sistema publikoaren kopia delako”.

Cristina Uriarte: "Eskumena badaukagu, eta nahikoa; beste gauza bat da Espainiako Gobernuak noraino urratzen dituen gure eskumenak" (Arg: Dani Blanco).

Aurrekariak ugari curriculumetan

Euskal Curriculuma eta Euskal Herrirako Curriculuma, proiektu nazionalak

1996an, Ikastolen III. Batzar Nazionalean erein zen Euskal Curriculumaren hazia, Xabier Garagorri Ikastolen Konfederazioko aholkulariaren zuzendaritzapean –Heziberriren gidaritza taldean ere aritu da Garagorri–. Sortzen Ikasbatuaz eta Udalbiltza batu ziren ondoren egitasmora, eta aditu ugariren laguntzaz, ikasleak “Euskal Herriaz eta munduaz ezagutu beharrekoa, egiten jakin behar duena eta izan behar dituen baloreak” zedarritu zituzten. 2005ean aurkeztu zuten emaitza: Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculuma, besteak beste Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Kristau Eskolek ere babestua. Sarean, BIHE eta EHIGE eskola publikoko eragileek, ordea, beste proposamen bat aurkeztu zuten: Euskal Herrirako Curriculuma. “Ikuspegi sozialagoa duen curriculuma osatu genuen, sozio-kritikoagoa, erlijioari adibidez ez diogu aipamenik egiten”, dio EHIGEko Lurdes Imazek. Bi curriculumen uztarketatik jaio zen EAErako Oinarrizko Hezkuntzaren Curriculuma, 2007an dekretu bidez onartua eta gaur arte indarrean izan dena.

Soraluzen eta Orion, herrirako hezkuntza proiektuak

Euskal Curriculumari oriotarren ikuspegia txertatu asmoz, lehenengo fasea amaitu du Orioko Curriculuma Sortzen taldeak: arlo anitzetako herri eragileekin bildu, hitz egin eta haien ekarpenak jaso dituzte. Udalak, kirol eta kultur esparruko jendeak, herriko ikastetxeek, talde feministak, gaztetxeak, aisialdi taldeak, musika eskolak, natur taldeak, dantza taldeak… hartu dute parte. Bildutako informazioarekin, herriko bi ikastetxeetan Orioko Curriculuma taxutzea dute helburu.

Soraluze biziberritzeko oinarriak jarri nahi dituen ekimena da Alkarrekin Soraluze Eginez. Prozesu herritar horren baitan, Herriko Hezkuntza Proiektua abiatu dute, “herritik herrirako egindako hezkuntza proiektua”, Arantza Mata Egiguren Soraluzeko herri ikastetxeko zuzendariaren hitzetan. Hezkuntza Mahaia izeneko asanbladetan, herriko bizilagun, eragile eta elkarteak ari dira parte hartzen, eta bilerak egiten ari dira talde jakinekin (ikasleak, irakasleak, gurasoak, hezitzaileak, aisialdi taldeak, atzerritarrak…). Hartu-eman horietatik guztietatik proiektua garatu, herritarrekin emaitzaren inguruko eztabaida saio irekia antolatu eta apirila bukaerarako txostena publiko egitea da asmoa.

Antzuolako eskolak curriculum propioa

1981ean herriko ikastola eta ikastetxe publikoa batu zirenetik, eskola bakarra du Antzuolak, “herriaren barne-kohesiorako eta eskolarentzako onuragarri”. Curriculuma ulertzeko modu propioa daukatela diote, curriculum irekia, partaide guztien ahots, ideia eta egiteko moduak aintzat hartzen dituena. Ikastetxearen hezkuntza proiektuaren oinarri dira ikaslearen dimentsio intelektuala, emozionala eta harremanezkoa; mundua eta norbere burua ulertzeko lagungarri izango den ezaguera eta kultura irakastea; eta aniztasunari eta ikasle guztien ideiei garrantzia ematen dien giroa. Proiektua garatzeko autonomia nola lortzen da? “Borrokatuz”, erantzun digu Axun Mujika irakasleak: “Taldearen egonkortasunak garrantzi handia dauka, dudarik gabe, eta garrantzitsua da familien inplikazioa, hori lortu ahal izateko. Partaide bakoitzaren eta guztien konpromisoa, gogoa, emozioa, jakin-mina…  ezinbesteko osagaiak dira. Gauzak beste modu batean egitera ausartzen garenean, aurkikuntza asko egiten ditugu, emozioz betetako aurkikuntzak. Bide horretan jarriz gero, ez dago atzerabueltarik. Horrek indarra ematen digu proiektua defendatzeko, gure lan egiteko modua argudiatzeko”.

Cristina Uriarte, Hezkuntza sailburua: "Heziberriko Curriculum dekretuak, hauteskundeetako emaitzak gorabehera, funtsean mantendu egingo dira"

Espainiako hauteskundeen emaitzaren arabera etorkizunean LOMCE edo kanpo-ebaluazioak kenduko balira, Heziberriko dekretu batzuk aldatzeko aukera legoke?

Dekretuetan garrantzitsua da bi irizpide uztartzeko egindako ahalegina: berme juridikoa ziurtatzea batetik eta Espainiako Estatuak ezartzen duen oinarrizko araudia saihestea bestetik. Estatuak ezarri asmo dituen errebaliden aipamenik ez da egiten dekretuan eta artikulatua baliagarria da bai LOMCErekin bai hura gabe. Orain arte gure hezkuntza sistemak garatu dituen lorpenak mantentzen edo indartzen dira dekretuetan (autonomia edo aniztasunaren gaietan, adibidez). Beraz, Heziberri Planean garatu diren Curriculum dekretuak, hauteskundeetako emaitzak alde batekoak ala bestekoak izan, funtsean mantendu egingo dira.

Hezkuntza arloko eragile gehienen desadostasuna du Heziberrik. Nola baldintzatuko du horrek EAErako curriculumaren etorkizuna?

Orain arte, EAEn dekretuak garatzeko egindako saiakeretan ez da prozesu honetan bezainbesteko parte-hartzerik izan. Adostasun maila ia erabatekoa izan da hezkuntza eredu pedagogikoan, eta eragileen ekarpen gehienak dekretuen artikulatuan uztartu dira. Uztartu ez direnak, gehienak dira beste araudi batzuetan finkatzen direlako, dekretu hauen garapenak direlako edo Hezkuntza Legean sartuko direlako. Ohikoa da, dena den, desadostasunak adostasunak baino gehiago azpimarratzeko joera, arrazoi ezberdinengatik. Gainera, desadostasun handienek Estatuak ezarri duen eta gure eskumenak mugatzen dituen oinarrizko araudiarekin dute zerikusia. Hala ere, muga hauek ez dira oraingoak eta beti jakin izan dugu oztopo horiek gainditzen.

Euskal Eskolaren Legea izango da hurrengo urteetako erronka handia. Sindikatu batzuek salatu dute ikastetxe kontzertatuen onurarako eta eskola publikoaren kalterako izango dela.

Gure hezkuntza sistema aztertzen badugu, logikoa da hezkuntza sistema osoa batuko duen legea izatea, ez du inongo zentzurik sistemaren erdia kanpoan uzteak. Azken finean, sare publikoak eta kontzertatuak, bakoitzak bere ezaugarriak galdu gabe, sistema bateratua osatzen dute. Aipatu dituzun salaketek ez dute oinarririk, Heziberrin ez dago inolako lorratzik horrelako susmoa pizteko. Alderantziz, dekretuak bermatzen ditu ekitatea mantentzeko eta areagotzeko orain indarrean dauden neurriak. Ekitatearen printzipioa euskal hezkuntza sistemaren ezaugarri sendoenetakoa da eta ez dugu inolaz ere zalantzan jartzeko asmorik.

Lege berriak alderdien adostasuna lortuz gero, bermea litzateke Espainian erabakitzen diren hezkuntza legeekiko autonomo jokatzeko?

Alderdien adostasuna lortzea oso garrantzitsua litzateke, eta beharrezkoa. Adostasuna zenbat eta zabalagoa izan gure artean, hezkuntza sistemaren sendotasuna orduan eta handiagoa litzateke barrura begira, eta indartsuago azalduko litzateke oinarrizko araudiaren aurrean. Horregatik, komeni da alderdien ikuspegi partikularren gainetik guztiok elkartzen gaituen begirada zabala izatea. Eskumena badaukagu, eta nahikoa; beste gauza bat da Espainiako Gobernuak noraino urratzen dituen gure eskumenak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Heziberri 2020
Hezkuntza Lege frustratua

2013an abiatu zuen Eusko Jaurlaritzak Heziberri 2020 plana, sarritan hauspotu duen erronka anbiziotsuarekin: EAErako hezkuntza lege berria sortzea. Baina iritsi da 2020a, eta ez dago legerik; are gehiago, Hezkuntza Sailak apenas aurkeztu duen zirriborro bat legebiltzarrean,... [+]


Buruhauste ugari, EAEko Hezkuntza Sailean

Hartzen dituen erabakiek eragileen kontsentsua dutela agertzea gustuko du Jaurlaritzak, baina Hezkuntza Sailak bi proiektu atzera bota behar izan ditu epe laburrean, jasotako kritikengatik: Herenegun programa eta eskola-jantokietarako proposamena. EAErako Hezkuntza Legeak ere... [+]


2018-02-28 | Hala Bedi
LOMCE eta Heziberrik "inposatutako" azterketa Arabako 27 ikastetxetan egin nahi dute

Luis Dorao, San Martin, Lukas Rei, Barandiaran, Umandi… Arabako 27 ikastetxe hauetatik 19 publikoetan egin nahi ditu frogak Eusko Jaurlaritzak martxoaren 5etik aurrera Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasgeletan. DBHn ere Pisa azterketa egitera deituko dituzte 4. mailako... [+]


Kanpo azterketen "negozioa" salatu eta baliorik ez dutela esan du Steilasek

Ebaluaketak "merkatu eta politika neoliberalen menpe" daudela kritikatu du sindikatuak eta proba "jarraitu eta hezigarrien" aldeko dokumentua aurkeztu du.


Eguneraketa berriak daude