Sasienpresa sare bat Araban: 54 urteko kartzela eskatzen dute Alfredo de Miguelentzat

  • Arabako fiskaltzak 54 urte eta 9 hilabeteko zigorra eskatu du Alfredo de Miguel EAJko probintziako bigarren pertsona garrantzitsuena izandakoarentzat. Legez kanpoko komisioak kobratzea, kapitalak zuritzea eta eragin-trafikoa leporatzen dizkiote, besteak beste.


2016ko martxoaren 15an - 03:37
Alfredo de Miguel EAJko kide ohiak bere inguruan antolatu zuen enpresa sarea dago auziaren erdian.

Auzia 2010ean egin zen publiko eta Miñanoko parke teknologikoan izan zuen abiapuntua: esparru hori handitzeko obrak baliatuz, De Miguelen inguruko sareak lanak egin behar zituzten enpresei komisioak kobratu zizkiela uste du fiskaltzak.

Ia bost urte luzatu zen instrukzioaren ondoren iazko urrian erabaki zuen Arabako auzitegiak epaiketa egitea eta joan den ostiralean ezagutu zen Josu Izaguirre Arabako fiskal nagusiaren eskaera. 128 orrialdeko kalifikazio idatzian 26 lagunen aurkako epaiketa abian jartzea eskatzen da, De Miguelez gain Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano EAJko kide ohien kontra besteak beste.

Miñanokoaren antzeko operazioak egiteko sasienpresa sare bat aipatzen du fiskalak: EAJren esku zeuden erakundeetatik esleipenak lortu ondoren, enpresa horiek komisioak kobratzeko erabiltzen zirela dio. Gainera, inoiz eskaini ez ziren zerbitzuen truke kobratutako kontratuez ere hitz egiten du.

Ardura politikoak baliatuz osaturiko sarea

Fiskalaren arabera, Alfredo de Miguelek aldi oro zeuzkan ardura politikoak baliatu zituen, beste auzipetu batzuen laguntzarekin, bere inguruan sozietate-sare bat osatzeko, “bere burua eta bitartekoak aberasteko xedez”.

Sare horren eginkizunen artean zegoen kontratu publikoak lortzea administrazio ugaritatik. De Miguelen jabetzakoa zen Kataia Consulting SL agertzen da kasuaren erdian, baina baita gertuko harremana duten Errexal SL eta Ortzi Muga SL ere –pertsona berak zeraman enpreson kontabilitatea, egoitza leku berean zuten, pertsona berdinek hartu zuten haietan parte…–. Horien bidez beste enpresek esleipen publikoen truke ordaindutako komisioak ere kobratzen zituzten ustez.

2009an egindako salaketa batetik abiatuta

Aipatutako hiru enpresak sarearen erdigunea baino ez direla ondorioztatu zen instrukzio fasean. 25 sozietate baino gehiago agertu ziren 2009an Ainhoa Alberdi enpresaburuak fiskaltzari zenbait dokumentu eta 24 grabazio eraman zizkionetik. Bertan esplikatzen zen nola funtzionatzen zuen sareak eta ikerketak hainbat ustezko delitu ikertzeko bidea zabaldu zuen: prebarikazioa, kapitalak zuritzea, administrazioei iruzurra, dokumentu publikoak faltsutzea, Ogasun Publikoaren aurkako delituak…

EAJk kasua ez “politizatzeko” eskatu du

Fiskaltzaren eskaera ezagutu ostean, hedabideei bidalitako ohar baten bidez EAJk gogora ekarri zuen joan den ostiralean ikerketaren berri izan ostean kasuarekin lotutako alderdiko kideak ardura publikoetatik kendu zituela.

Era berean, alderdi jeltzaleak eskatu du ez dadila kasua “politizatu”, haren jatorria ez baitago kolektibo batean, “norbanakoen ustezko portaeran” baizik. Nolanahi, EAJri “deigarria” iruditu zaio fiskaltzaren zigor eskaera eta “prozesua zorroztasunez” eramateko eskatu du “bidezko epaiketa” izan dadin.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: De Miguel auzia
2023-07-06 | Ilargi Manzanares
De Miguel eta Otxandiano burukide ohiak Arabako espetxean sartu dira

Otxandiano asteazkenean sartu da, eta De Miguel ostegun goizean. 72 orduko epea eman zien Arabako Probintzia Auzitegiko 2. sekzioak beraien kabuz espetxean sartzeko. Hego Euskal Herrian epaitutako ustelkeria politiko sare handienean parte hartzeagatik zigortu zituzten.


2023-05-30 | ARGIA
De Miguelen espetxeratzea berretsi du epaileak, ez baititu haren alegazioak onartu

Ustelkeria auziagatik kondenatuta dagoen Alfredo de Miguelek kartzela saihesteko alegazioak aurkeztu ditu, baina Arabako Probintzia Auzitegiak ez dizkio onartu, tramaren burua bera zela eta espetxean ez sartzeko aparteko arrazoirik ez dagoela argudiatuta, besteak beste. Erregu... [+]


'De Miguel' auziko bost kondenatu ez dira kartzelan sartuko

Arabako Lurralde Auzitegiak zigorra eten die bost lagunei, bi urte baino gutxiagoko kondenak dituztelako eta ez dutelako aurrekaririk. Ainhoa Bilbao eta Iratxe Gaztelu-Urrutiaren kasuan fiskaltzaren iritziaren kontra hartu du erabakia auzitegiak.


Del Miguel Auziko kondenatuei kartzela zigorra ezarri die Arabako Auzitegiak

Alfredo de Miguel, Koldo Otxandiano, Iñaki Telleria eta Xabier Sanchez EAJko buruzagi ohiei kartzela zigorra ezarri die Arabako Probintziako Auzitegiak. Era berean, 146.230,80 euro itzuli beharko dizkie Autonomia Erkidegoei.


2023-03-16 | ARGIA
Hamar eguneko epea dute "De Miguel" auziko zigortuek espetxean sartzeko

Arabako Probintzia Auzitegiak Espainiako Auzitegi Gorenaren epai ofiziala jaso du. De Miguel eta Koldo Otxandiano burukide ohiak lanpostu publikoetan lanean jarraitu dute orain arte, eta Arantxa Tapiak adierazi du kaleratu egingo dituela.


Eguneraketa berriak daude