"Sareren potentziala duen tresnarik ez dugu sekula izan euskal presoen auzia konpontzeko"

  • Xabin Juaristi “Torre” (Azkoitia, 1975) Sareko kidearekin mintzatu gara. Preso ohia da, zortzi urte egin ditu orotara kartzelan Amnistiaren Aldeko Batzordeetako eta Askatasunako kide izatea egotzita. Sareren lana euskal gizarteko sektore ugariak presoen giza eskubideen alde artikulatu eta bisualizatzea dela azaldu digu. Badoz pausoak ematen, nahiz eta Espainiako eta Frantziako gobernuen blokeo egoeraren aurrean “mugi ditzagun harriak” deia egin behar izan duten Baiona eta Bilboko manifestazioetara joateko.


2016ko urtarrilaren 08an - 15:31
"Presoen politikotasuna, amnistia... kontzeptuen inguruko debateak erakargarri izan daitezkeen arren, ez gara hor sartzen Sare gisa". (Arg: Lander Arbelaitz)

Zer moduz doa manifestazioen prestaketa? Dena lotuta?

Azken zertzeladak ematen ari garen azpiegitura mailazko kontuez gain, dena kontrolpean. Pozik herri askotan bizirik egon delako harriak mugitu beharraren kontzeptua.

Azken asteetan dinamikak egin dituzue. Zer espero duzue biharko?

Badakigu jendartean oso errotua dagoela auzi hau konpondu beharra dagoela. Urgentziazkoa da presoen giza eskubideak errespetatzea. Baina praktikan nola islatu eta artikulatu horren alde dauden sentsibilitate ugariak? Hori bisualizatu behar dugu. Nola egin parte eta eroso senti gaitezen aldarrikapen horrekin bat egiten dugun guztiak? Zentzu horretan tresnak eskaintzen ditugu Saretik.

Une honetan mugitu harriak ideiarekin sakabanatuta dagoen jendartea batzen saiatzen ari gara. Gehiengo hori kualitatibo eta kuantitatiboki islatuko da? Nik uste baietz. Ez dut uste historikoa izango denik, gehiegitan erabili izan dugulako eta hitzak galdu duelako duen indarra, baina bai bizi beharreko zerbait izango dela. Gure aurreko belaunaldiek azaldu izan digute Lemoizen aurkako mobilizazioekin egin zutena. Nik gako horretan animatzen dut jendea parte hartzera, “ni parte izan nintzen” esango diegulako seme-alaba eta ilobei, presoen eskubide urraketekin amaitzeko eta etxeratzeko bidean. Lehen eta gero bat markatuko du biharkoak.

Nola ari zarete lanean?

Herriz herri ari gara, eta emaitzak pixkana azaleratzen ari dira, nahiz eta gaia lehertu gabe dagoen oraindik. Gorpuztuz doa. Biharkoan ere potentzial handiko jendea batzen doa, ikusi besterik ez dago pankarta nork eramango duten eta aurretik ere zer jende ibili den hitzaldiak eta beste ematen, Ibarretxe lehendakaria bat aipatzearren. Sarek oso espektro zabala ordezkatzen du, eta esperientziatik esan dezaket, ni aurrez ere Amnistiaren Aldeko Batzordeetan eta Askatasunako kide izateagatik espetxean egona bainaiz, horrelako potentziala duen tresnarik ez dugula sekula izan euskal presoen auzia behin betikoz konponbidean jartzeko. Hori sinestu behar dugu. Jende ezberdina batzeko tresna den heinean, bakoitzaren matizak alboan utzi eta batzen gaituen horretan baliogarri delako.

Sentsibilitate ezberdinak biltzeko saiakera asko nabarmentzen duzue...

Ez da egun batetik bestera fruituak ematen dituen lana, esfortzu handia da. Harreman asko sakondu beharrekoa. Gu ez gara joaten produktu bat saltzera, esanez, “hau dago, presoen egoera hau da, batzen zara?”. Ez. Ikustarazten saiatzen gara gaiak duen garrantzia, interes orokorretik begiratuta. Herri honek orrialde bat bizi izan du, itxi gabe dago eta itxi beharra dago. Denoi interesatzen zaigu eta horregatik nabarmentzen dut bakoitzak bere matizekin biziko duela, baina badago oinarri komun bat. Hori ikustarazten saiatzen gara. Niri egokitu zait herriko PSE, EAJ eta EAko kideekin egotea. Eta somatu izan dut guk uste baino baldintza hobeetan edo aurreratuago dagoela gizarte zibila, siglen gainetik. Baina bultza egin behar da hori, nolabait sentituarazi behar da denon konpromisoa behar dela. Hondar ale bakoitzak egiten du hondartza. Bisibilizatzen hasita dago babes zabal hori.

Gainontzeko aurreiritziak, ikuspegi zaharkituak eta abar, bakoitzak geureak izango ditugu. Bakoitza bere bidetik dator, baina batzen gaituen horretan zentratu behar dugula uste dut.

Zeintzuk dira Sareren lehentasunak?

Salbuespena arau izatearekin amaitu beharra dago. “Ingenieritza juridikoa” eta guzti aipatu izan dute lotsagabeki presoen gaia trabatzeko. Salbuespen legediak desaktibatu behar dira, giza eskubideen alde gaude. Preso gaixoen kaleratzeak urgentzia du, isolamendu egoerarekin amaitzeak ere bai, bizi osoko kartzela zigorrekin amaitu behar dugu eta sakabanaketarekin ere bai. 16 hildako utzi baititu besteren artean senitartekoen artean. Odoluste bat da ekonomikoki, psikikoki eta fisikoki. Hori ikusarazi behar dugu.

Nola ikusten duzue animoa preso eta iheslarien senideetan?

Urte askotako zama da. Orohar, beraiek erantzun behar lukete, baina gu saiatzen gara animo hori bizirik mantentzen. Gizarte zibilak hartu behar du lekukoa eta guri dagokigu azken unean ez dadin nolabait krudelkeria horren orri berririk idatzi. Jendea aktibo dagoela erakusteak ilusioa berpizten du. Eta ilusioaren potentzialitatea handia eta senideei hori kutsatu nahi diegu.

Nola desblokeatu presoen auzia?

Azken maila batean estatuei dagokie. Baina aldi berean, esan dezakegu, estatuak mugiarazteko giltza herritarrok dugula. Zentzu batean joka genezake tipula fruitua bagina gisa, geruzaka joan indarra osatzen. Indartsu egiten, Euskal Herriko jendartea batzea lortuko bagenu, horrek badu eragina estatu mailan ere. Bagoazek egin duena Frantziako estatu mailan eragiten ari da. Espainiako hauteskunde mailan ere katarsi bat ere eragin da gai honetan. Emaitzek erakusten dute. Bai tertulietan, baina baita base politikoetan ere ari da tantaz tanta harria zulatzen. Hori da mugitu harriak filosofia. Borondate kontua da eta interes politikoen arabera lerrokatzen dira alderdi asko, hor gehiengoa artikulatzeak eragin dezakete. Gure lana hori da, presio efektua kapaz kapa handitzen joan dadin.

Nola egin osagarri kaleko mobilizazioa alderdien politikarekin?

Guk ez diogu inori esaten zer egin behar duen, baina gaiak agenda politikoetan presente egon behar duela eta jorratu behar dela uste dugu. Azpimarratzen dugun premiagatik eta aurrera begira, erronka handiagoak ditugulako. Gatazken ondorioei bere orokortasunean aurre egin behar diegu. Premiazkoak ezin digu bestea atzerarazi eta begi bistatik kendu.

Guk iraunkortasunean mantentzeko dugun formula bakarra lanean jarraitzea da: harremantzea, lanean jarraitzea, ikustarazten jarraitzea... Aurreko urtean batu ziren norbanakoek jende gehiago erakar dezaketelako lanean aritzea.

Lekuan lekuko aktoreekin jokatzen jakin behar dugu, alorka ere bai. Klase politikoak zer egin dezakeen? Arlo instituzionalean lan esparru zabala dute. Gauza gehiago egin daitezke.

Nola bizi duzue presoen gaiari buruz dagoen eztabaida? Presoen politikotasuna, amnistia...

Kontzeptuen inguruko debateak erakargarri izan daitezkeen arren, ez gara hor sartzen Sare gisa. Gu hortik kanpo kokatzen gara eta euskal presoek Euskal Herrian behar dutelako sentimendu orokortu horri bide eman nahi diogu. Islatu nahi dugu herri oso bat dagoela. Eta gehiengo hori artikulatu nahi dugu. Guk dioguna da sentsibilitate ezberdinen artean, bakoitza bere matizetatik, batu gaitezkeela. Zentzu horretan denek dute lekua hemen. Ondorio komun batera hel gaitezke eta hortik aurrera joan nahi duenak badu bere esparru propioa gaia jorratzeko nahi duen terminoetan.

Terrorismoaren Biktimak Babesteko Elkarteak Bilboko martxa debekatzeko eskatu du...

Batzuen itxikeria eta inmobilismoa penagarria da, gehiago biktimen sufrimendua erabiltzen dutelako interes politikoei erantzuteko. Mendekutik ez dago aterabiderik. Ikusi dugu iragana eta errezeta zaharkituek ez gaituzte irteerara eraman. Aldiz, itxaropenetik, adiskidetzetik, bizikidetzatik eta giza eskubide guztien errespetutik eraiki dezakegu etorkizuna, gainditu urteetako gatazka eta ondorioak. Guk hor zentratu nahi dugu.

Zer moduz zaudete Saren?

Giro oso polita daukagu. Bakoitzak ahal duen mailatik ematen du. Batzuek irudia eskainiz, besteak eskulana, bestetzuek idatziak egiten, kanta sortuz, bideoklipak eginez... hor gustora gaude. Eta harro gaude, iraganean aurkari izan ginen jendea eskuz esku lanean ari garelako. Behin hau esanda, badagoelako joera bat Joseba Azkarragaren figura nolabait kuestionatzeko, azpimarratu nahi nuke harro gaudela gurekin lanean ari delako, ate asko irekitzen dituelako eta oso lan ona egiten duelako, beste anonimo askok gisa. Eta horrelako gehiago nahi ditugula gurekin lanean, aurreiritziak gainditu, ateak ireki jende berriari, bultzada eman eta jendea animatzeko. Ilusioz gaude, lortuko dugula uste dugulako.

Eta larunbataren ostean zer?

Bildutako ilusio guzti hori dena, nolabait lehertuko dena Bilbo eta Baionako kaleetan, ongi kudeatzea dagokigu. Jarraikortasuna ematea auzoz auzo eta herriz herri. Harremanak sendotu eta inplikazio berriak bultzatuz eta ikustaraziz. Garrantzitsua dela erakustea eta jendeari transmititzea denon artean garaiezinak garela. Zentzu horretan, estimatzekoa da norbanako ugari egiten ari diren lana.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
2024-04-24 | Estitxu Eizagirre
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana

Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko... [+]


Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Carcía Castellón epaileak sei pertsona epaituko ditu Ongietorrien auzian: Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicente. Guztiak Sortuko kideak... [+]


26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


Eguneraketa berriak daude