EPPK-k legedia garatzeko babesa nahi du, inplikazio soziala eta barne batasuna oinarri

  • EPPK-ko zuzendaritzak 2013an finkatutako ildoa berritzeko aurrerapausoak ematearen alde egin du. Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura izeneko txostenean kolektiboaren batasuna eta gizartearen inplikazioa beharrezkotzat jo dituzte. Kolektiboaren barnean ere aldaketak iragarri ditu.


2016ko abenduaren 27an - 10:40

Zuzendaritzak estatuek presoak gatazkaren konponbidearen eta prozesu independentistaren aurka egiteko erabiltzen dituztela azaldu du. Erresistentzia fasearen amaiera iritsi dela dio txostenak, sakabanaketa eta kartzelen hustearen alde gogor apustu egiteko. Txostenean ez dira ageri ildo berriak irekitzen dituen aukerak –zehazteko daude–, baina bai beharrezko baldintzak: “inplikazio soziala eta presoen arteko elkartasuna”.

EPPK-k euskal presoen arloan konponbidea lortzeko eta Euskal Herriko prozesu independentistan laguntzeko beste urrats bat eman nahi du. Kolektiboak azken urteetan jarraitutako ildoa berritzea erabaki du horretarako. Aldaketen artean EPPK-k inoiz egin gabeko pausuak daude, gradu aldaketen eta baimenen arloan.

Kolektiboaren orain arteko ildoarekin jarraituz, presoek bi “muga” izango lituzkete: “damua eta salatzea”. Aldaketa, ordea, legediko aukeren aurrean jorratuko liratekeen pausuetan dago. 2013ko abenduan kaleratutako agirian Euskal Herriratzea eta preso gaixo eta 70 urtetik gorakoen kaleratzea eskatzen zen, urrats hori eman ostean euskal espetxeetan batuta erabaki berriak hartzeko. Oraingoan, berriz, hasieratik planteatu nahi da zein izango diren hurrengo urratsak.

Aldaketa nagusiak

Txostenean ageri den beste aldaketa garrantzitsua pauso partzialak ontzat hartzearena da. Agiriak hiru “ardatz nagusi” ditu: sakabanaketarekin amaitzea, espetxeak hustea eta deserriratzea bukatzea: “Batu, herriratu, kaleratu”. Bide horien alde egiten den pauso guztiak ontzat hartuko ditu kolektiboak, “kidegoaren adostasun eta elkartasunez, eremu herritarraren laguntasunez” egiten badira: “Ontzat emango genuke batze oro, hurbiltze oro eta kaleratze oro; batzea partziala izanda ere, hurbiltzea Euskal Herriratzea ez izanda ere, kaleratzea betiko ez izanda ere”. Espainiako eta Frantziako Estatuei sakabanaketarekin amaitzeko Zaballako eta Mont de Marsango kartzelak jarri dizkiete erreferentzia gisa. “Ondorioz, bakartze, urruntze eta kartzelaratze oro errefusatu eta borrokatuko genituzke”, dio txostenak.

EPPK-ko preso bakoitzak legedian jorratzeko “aukera desberdinak” izango ditu, egoera juridikoaren arabera. Preso bakoitzak erabakiko du aukera horiei –graduen aldaketak, baimenak, Euskal Herrira hurbiltzea, baldintzapeko askatasuna…– heltzea eta kolektiboak onartutako erabakia denez babes osoa izango luke. “Hori izan behar da funtzionamendu berriaren izpiritua”, dio txostenak.

Aldebakarreko bidea

ETAk 2011n jarduera armatuaren bukaera iragartzean “erresistentzia” funtzioa amaitutzat eman zela dio kolektiboak, kartzelak husteko fasera igarotzeko. Egun, Frantzia eta Espainiako Estatuen jarrerak “alde biko mahai baten inguruan” konponbidea aurkitzea galarazten duela dio txostenak.

Aieteko konferentzian “gatazkaren ondorioen” inguruan “konpromiso” batzuetara iritsi ostean, Madrilgo gobernua ez zen elkarrizketa gunera agertu. Alde bakarreko bideari ekin zion ezker abertzaleak, EPPK-k kartzela eremuan gogoeta piztuz. Orduan, 2013ko txostena kaleratu zuen kolektiboak, lege baliabideak erabiltzearen alde eginez eta “eragindako alde anitzeko sufrimendu eta mina” aitortuz.

Kolektiboaren zuzendaritzaren ustez, Guardia Zibilak Herrira mugimenduaren aurka eginiko operazioa kaltegarria izan zen pauso berrien aurrean. Bestalde, estatuen eta hainbat eragileren presioak ere aurrera egitea oztopatu dutela azaldu dute, “planak aurkeztuz, kartzela egoera gogortuz edota barkamena, autokritika eta damua exijituz”. Ezker abertzaleak “ziklo berrira egokitzen” asmatu ez izana ere aitortu dute.

Ezker abertzaleak maiatzean aurkeztu zuen Abian prozesuaren txostenean gatazkaren ondorioak prozesu independentistaren baitan kokatu behar direla azaldu zuen. Preso eta iheslariak etxeratzeko erabakia “irmoki” hartu behar dela azaldu du kolektiboak Abian prozesuarekin bat eginez, EPPK “herriaren eta prozesu independentistaren garapenaren menpe” dagoela adieraziz.

Barne berrikuntza

Kolektiboaren barne funtzionamenduan ere aldaketak iragarri ditu EPPK-k. 2011. urtetik kolektiboko kideak erdira murriztu dira eta orduan aukeratutako ordezkari asko jada kalean daude. Bestalde, egoera berrira moldatzeko aldaketak beharrezko dituztela uste dute, barne egituraketa eta kanpora begirako konexioak berrituz.

Ezker abertzalearen ildo politikoaren onarpena proposatzen dute, baina kolektiboari eragiten dieten kontuetan ahots propioa izanez. Beharrezko ikusten dute ezker abertzaleari eta prozesu independentistari politikoki lotutako kolektiboa.

Azken urteetan eginikoaren balorazioa egiteko ere aprobetxatu dute. Batzuentzat hainbat erabakik parte-hartze nahikorik ez zuten izan eta beste batzuentzat kolektiboa berandu ibili da.  

Txostenean ageri diren berrikuntzak aurrera eramateko kolektiboko kideen onarpena ezinbestekoa dela azaldu dute, “preso bat, boto bat” printzipioa jarraituta. Aldekoek irabaziko balute ildo bera jarraitzen duten ideia nagusiak jasoko lirateke behin betiko txostena idazteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EPPK
2023-04-17 | ARGIA
EPPK-k berretsi du "denen sufrimendua" amaitzeko urratsak emateko prest dagoela

Apirilaren 17an Preso Politikoen Nazioarteko eguna dela eta, agiri bat kaleratu du kolektiboak, eta gogorarazi du urruntze eta sakabanaketa politika bukatu izana “luzaz itxarondako albistea” zela.


2020-07-03 | ARGIA
Marixol Iparragirreren askatasuna aldarrikatu dute bere aurkako epaiketaren aurrean

Uztailaren 8an eta 9an egingo da espainieratu zutenetik izango duen lehenbiziko epaiketa. Marixol Askatu ekimenak Iparragirreren askatasuna aldarrikatu du, egungo ziklo politikoan “epaiketa oro soberan” dagoela esanez.


2020-05-30 | ARGIA
EPPK: "Patxi Ruizen muturreko erabakiaren aurrean sektore jakin batek izan duen jokabidea oso larria da"

"Aipatu sektore horrek, EPPKko kide, EH Bildu, Etxerat, Sare eta Sorturi erasotzeko baliatu nahi izan du egoera hau guztia, Patxiren egoera konpontzeko ezer ez egitea egotziz eta, areago dena, egoera orokorraren errua ere leporatuz", dio Euskal Preso Politikoen... [+]


2019-07-08 | Hala Bedi
Jose Angel Ochoa de Eribe baldintzapean aske geratu da

Urkabustaizko bizilagunak gaixotasun larria du.


2019-04-17 | ARGIA
EPPK-k "beharrezkoak diren ekarpenak" egiten segituko duela berretsi du

EPPK-k  agiri berria plazaratu du Preso Politikoen Nazioarteko Egunean. Egoera “gordina” dela adierazi du, baina ez duela “atzera” eginen erran du ere.


Eguneraketa berriak daude