Naparraren gorpua aurkitzeko bide berriak ireki nahian

  • Iñaki Errazkinek auzia berriz irekitzera eraman zuen iturriaren bideo bat zabaldu du; gorpua bi lekutan egon daiteke eta bakarrean bilatu dute.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko apirilaren 17an - 08:54

Urtea joan da Frantziako Gendarmeriak Mont de Marsan inguruko paraje batean Jose Migel Etxeberria Naparraren gorpua bilatu zuenetik. Ez zuten ezer topatu. Ordutik urtea joan da, beste bat, Naparra desagertu zela 38 urte pasa dira eta. Familiaren eskaera beti bera izan da, «egia nahi dugu, zer gertatu zen, zergatik... Hortik etorriko diren zigorrak eta abar, ongietorriak izango dira, baina guk nahi duguna egia da, ez besterik», dio Eneko Etxeberria anaiak.

Hori eskaera orokorra da, bi eskaera zehatz ere baditu eta familiak: batetik, gorpua Landetako bi lekutan egon liteke Pako Etxeberria forentsearen arabera, batean begiratu dute, bigarrenean ere bilaketa egitea nahi du familiak eta, bestetik, kasua ez ixtea eskatzen dute.

Bi eskaera horiek lehen bilaketa egin eta urtebetera berretsi du familiak, publikoki, eta hori dela eta Iñaki Errazkinen laguntza jaso dute, beste behin. Izan ere, kazetaria izan zen CESIDeko kide ohiaren testigantza jaso zuena eta horri esker ireki zuten berriz ere kasua. Testigantza hori Iñigo Iruin familiako abokatuari pasa eta bere bitartez, eta Pako Etxeberriaren laguntzarekin, lortu zuten epaitegietan kasua berriz ere irekitzea. Bilaketa ez dute muturrera eraman hala ere, eta horregatik erabaki zuen Iñaki Errazkinek pasa den astean bere iturriaren bideo bat publiko egitea. CESIDeko kide ohia Ramon Arnau de la Nuez da eta Youtube bidez zabaldu zuen bideoan hainbat gairen artean, Naparrarena aipatzen du.

«Bideoa lehen bilaketa hura baino lehenagokoa da», zehaztu du Errazkinek. «Brasilen grabatu nuen 2015eko abendua inguruan. Tipo hori nirekin jarri zen harremanetan, e-mail bidez, informazio bat konpartitu nahi zuela esanez. Hasieran ez nion kasu gehiegirik egin, baina gero, nik ere nire ikerketa txikia egin eta gero, kasu egitea erabaki nuen eta Brasilera joan nintzen berarekin biltzeko», azaldu du. CESIDeko kide ohia Brasilen zegoen orduan, justiziatik ihesi antza, baina gaur egun leku ezezagunean dago. «Astebete egon ginen elkarrekin. Pila bat informazio eman zidan eta guztia grabatu nuen, dena audioan eta gauza batzuk bideoan. Egia esan ez nekien Naparraz hitz egingo zidala, beste gai asko izan genituen hizpide», esan du. Grabaketetako azken egunean eman zion Naparraren berri, «opari» bezala, esan zion Errazkini. «Momentuan bertan orri bat atera eta idatziz Naparraren gorpua dagoen ustezko lekuaren eskema egin zidan, xehe-xehe. Egia esan ez zidan Naparra zela ere esan, nik Pertur izan zitekeela pentsatu nuen».

Errazkin Brasiletik itzuli eta Iñigo Iruin Etxeberria familiako abokatuarekin hitz egin zuen. «Pako Etxeberriarekin hitz egin genuen, proba asko egin genituen... eta kontatutakoari sinesgarritasuna eman genion». 2016an joan ziren Landetara iturriak emandako datuak jarraituz, eta horiek ikusita Pako Etxeberriak gorpua bi lekutan egon zitekeela ondorioztatu zuen.

Bi leku posible eta bilaketa bakarra. Datu eta informazio hori guztia epaitegietara eraman zuten eta Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak kasua berriz ere irekitzea erabaki zuen. Frantziako justiziarekin harremanetan, bilaketa egitea erabaki zuten, baina leku posibleetako bakarrean. Errazkin ez zen egon bilaketa egin zutenean, «baina jakin badakit» bilaketa ez zela oso sakona izan, esan du. Eta bigarren lekua ez dute ukitu ere egin. «Ez ginen gustura geratu eta Pako Etxeberriak proposatutako bigarren leku horretan bilaketa egitea eskatzen dugu», esan du Eneko Etxeberriak.

Eskaera Auzitegi Nazionalean dago eta aztertzen ari dira. Ez dute erantzunik jaso oraindik. Ez da erantzunik jaso ez duen eskaera bakarra. CESIDeko kide ohiak deklaratzea nahi du ere familiak, baina hori ere geldirik dago.

Albiste hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Erdi Aroan erditzea

Toledo, 1272-1280. Alfontso X.a Gaztelakoak Ama Birjinari eskainitako 427 kanta monodiko bildu zituen. Santa Mariaren Kantigek Erdi Aroko musika eta literatura bildumarik garrantzitsuenetakoa osatzen dute, baina, kantiga miniaturaz apainduta daudenez, ilustrazio horiek beste... [+]


Islandiak izoztu zuen Konstantinopla

Teofanes Aitorlea kronikalariak jaso zuenez,  763-764ko negua inoizko hotzenetakoa izan zen Konstantinoplan. Elurrak eta izotza hartu omen zuten bizantziar hiriburua eta Bosforon iceberg bat ere ikusi omen zuten.

Orain arte klima hoztea, besteak beste, jarduera... [+]


Frantziako Estatuaren gobernantzaren mugak begi-bistan Mayotte uharteetan

Frantziako Estatuaren menpe segitzen duen Indiako Ozeanoko Mayotte irlan biderkatuz doaz kolera kasuak. Uraren kudeaketa kaskarra izan ohi da eritasun horren zabalpenaren arrazoietan eta, hain justu, uraren krisi gogorrari aurre egin nahian dabiltza bertako herritarrak. Bigarren... [+]


1936ko biktimak eta kolpistak berdintzeko UPNren saiakera atzera bota du Nafarroako Parlamentuak

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintza eta Euskarako Batzordeak atzera bota du UPNk aurkeztutako mozioa, 1936ko Gerran Errepublikaren kontrolpean zeuden lurraldeetan izandako biktimak Oroibidea memoriaren datu-basean sartzea eskatzen zuena. Mozioak PP eta Voxen babesa jaso du,... [+]


Eguneraketa berriak daude