Milaka herritar kalera atera dira Murtzian, hiria bi zatitan banatuko duen harresiari ezetz esateko

  • Hiria bi zatitan banatuko duen makro- proiektuaren aurka etengabeko protestan ari dira Murtzian, Espainiako Estatuan. Pasa den igandean 50.000 herritar atera ziren kalera, agintariei beren desadostasuna azaltzeko. Protesten arrazoia: abiadura handiko trenaren lanak errazteko eraiki nahi duten harresiaren aurka egitea.  Hiria erditik bereiziko duen harresia eraiki nahi du Alderdi Popularra agintean den gobernuak. Diotenez, istripuak ekidin eta lanak errazteko da. Bost metroko altuera eta bederatzi kilometroko luzera izango du harresiak.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U
2017ko urriaren 05a
Urriaren 1ean egin zuten manifestazioa Murtzian (Argazkia: @MJ_Loz)

Irailaren 12an hasi ziren protestekin. “Pro- soterramiento Murtzia” plataforma da bizilagunen ahotsak biltzeaz arduratzen dena. Modu baketsuan egin dituzte bai manifestazioak baita hainbat ekintza ere. Hala ere, giroa berotu egin da azken egunotan: hainbat protestetan polizia herritarren aurka oldartu da eta zaurituak izan dira.

 

Atzo izan ziren orain arteko liskar handienak, herritarrek hasierako harresi zatiak bota dituztenean. Tentsioa sortu da herritarren eta poliziaren artean. “Pro-soterramiento Murtzia” plataformak  gaitzetsi egin ditu ekintzok eta “indarkeriazko edozein ekintzatik kanpo” daudela azpimarratu dute.  

 

Aspaldiko kontua da Madril eta Murtzia batuko dituen trenaren proiektua. Ideia, bi hirien erdiguneak batzea da, lur gaineko bide bat eraikiz, eta fisikoki bananduz hiriaren erdigunea eta periferia: iparraldea eta hegoaldea. Agintariek trenbide sare berria lur azpikoa izango dela irmoki adierazi duten arren, printzipioz,  harresi bat eraikiko dute, lanak “errazago” egiteko. Agintarien arabera, behin-behineko neurria litzake. Murtziako bizilagunek,ordea, badakite gauzek nola funtzionatzen dute sorterrian.

Amaitzen ez den lehia

115 urte daramatzate, hasiera batean, aldi baterako zen tren geltokiarekin. 90. hamarkadan ere agintariek sinestarazi zieten hiria eraldatzeko asmotan zenbiltzala. Baita 2006an ere. Eta 2010ean. Belaunaldiz-belaunaldi ikusi dute nola hiriak trenbideen menpe jarraitzen duen, eta gauzek onera egin ordez, hiru hamarkada daramatzatela standby egoeran. Itxaroteaz nazkatuta, manifestazio, elkarretaratze eta giza kateak antolatu dituzte. Egunero ari dira kalera ateratzen, periferiako herritarren ongizatea ez dadin albo batera geratu. 

Pasa den igandean 50.000 pertsona bildu ziren Murtziako kaleetan, hiria banatuko duen proiektuari ezetz esan eta alternatibak badirela esateko: trenbidea lur azpitik pasatzea eskatzen dute, bizilagunen arteko bizikidetzaren eta elkarlanaren mesederako. Horretarako, abiadura handiko trenaren lanak iraun bitartean, hiriaren erdigunetik kanpo geratzen den geltoki bat erabiltzea proposatzen dute. Probisionalki. Modu honetan, lur azpiko trenbidea hasieratik eraiki ahal izango dute, harresiaren beharrik gabe. Harresiak 20.000 herritar utziko lituzke hiriaren erdigunetik baztertuta, izan ere, asmoa, harresi osoan zehar pasabide bakarra jartzea baita: igarobide bat bederatzi kilometrotan.

Kanal honetan artxibatua: Murtzia

Murtzia kanaletik interesatuko zaizu...
2017-10-11 | Miren Osa Galdona
Bizilagunen garaipena Murtzian: lehen unetik lur azpitik hasiko dira eraikitzen AHT eta lanak aurreratuko dituzte

Etengabeko protesten ostean, entzunak izan dira murtziarren eskaerak: azaroaren 15ean hasiko dira lur azpiko trenaren lanak.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude