Iberdrola, Endesa eta 3.400 milioi euroko lapurreta itzela

  • Sektore elektrikoaren "gehiegikerien" aurkako itzalaldia deitu du Facua kontsumitzaileen elkarteak Espainiako Estatuan, asteazkenean 19:00etan. Hain justu, aste honetako ARGIAn, elektrizitate konpainia handienak bete-betean jo dituen eskandaluari buruzko erreportajea plazaratu du Pello Zubiriak. Osorik ekarri dugu hona.


2014ko abenduaren 17an - 09:46
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
EiTBk bere blog zerbitzuan erakusten duen Santos Turiñoren argazkian, Iberdrolaren dorrea Bilbon, ibaitik oso hurbil; eskuin aldean dauka Euskalduna jauregia, ezkerretan Guggenheim. Industria desegin ondoren zerbitzuetan zentratuz birsortu den Bilbo berriaren ikonoetako bat da Cesar Pellik eraikitako etxeorratza, Torre Iberdrola bataiatua.  Iberdrolak bere administrazio kontseiluan dauzka politikari ezagunak, tartean Jose Maria Aznarrekin barne ministro izandako Angel Acebes, Euskaldunon Egunkaria itxi zuena. Kontseilari da Xabier de Irala ere, BBKren ordezkari. Iberdrola Ingeniería y Construcción filialeko administrazio kontseiluan dago Juan Mari Atutxa Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia. Iberdrola Fundazioak 2012an 100.000 euro eman zizkion Aznar buru duen FAES think tank eskuindarrari “Propuestas para una estrategia energética nacional” programarako. Horiek, legez aitortutakoak.
EiTBk bere blog zerbitzuan erakusten duen Santos Turinoren argazkian, Iberdrolaren dorrea Bilbon, ibaitik oso hurbil; eskuin aldean dauka Euskalduna jauregia, ezkerretan Guggenheim. Industria desegin ondoren zerbitzuetan zentratuz birsortu den Bilbo berriaren ikonoetako bat da Cesar Pellik eraikitako etxeorratza, Torre Iberdrola bataiatua.  Iberdrolak bere administrazio kontseiluan dauzka politikari ezagunak, tartean Jose Maria Aznarrekin barne ministro izandako Angel Acebes, Euskaldunon Egunkaria itxi zuena. Kontseilari da Xabier de Irala ere, BBKren ordezkari. Iberdrola Ingeniería y Construcción filialeko administrazio kontseiluan dago Juan Mari Atutxa Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia. Iberdrola Fundazioak 2012an 100.000 euro eman zizkion Aznar buru duen FAES think tank eskuindarrari Propuestas para una estrategia energetica nacional programarako. Horiek, legez aitortutakoak.

Iberiar penintsulak azken urteotan ezagutu duen eskandalurik handiena ari da egosten: elektrizitate konpainia handienei 3.400 milioi euroko laguntzak eman ostean, horiek berreskuratzea “ahaztu” dute agintariek. Orain arteko iruzurrak txiki uzten dituen kopuru izugarri horrek lurrikara sortu beharko luke herritarren artean.

Nola neurtu 3.400 milioi  euro?   Onena izan liteke konparazioak egitea. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua datorren urterako, 10.639 milioi euro, Osakidetzarako 3.390, enplegu eta politika sozialetarako 1.064. Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontu propioa 1.570 milioi. Gipuzkoako Foru Aldundiarena  780 milioi euro. Kopuruokin alderatu ditzakegu Espainiako estatuak elektrizitate konpainia handiei barkatu dizkien 3.400 milioiak.

Zehazkiago esanda Espainiak korporazioei kobratu gabe oparitutako 3.393 milioi horietatik 1.562 Endesari dagozkio eta 1.159 milioi Euskal Autonomia Elkarteak bere enpresa ikurretako bat bezala aurkezten duen Iberdrolari. Kopuru txikiagoak bereganatu dituzte Viesgo (432), Fenosa (276) Cantábrico (155) eta Elcogás (119) konpainiek. Nekez ukatuko du inork  klase guztietako murrizketa eta miserien garaiotan administrazio publikoek galdutako milioi horiek izan beharko luketela herritarren arteko kezka iturri nagusietakoa.

Baina nola galdu liteke 3.393 kilo euro? Jose Afonso kantari portugesak Coro dos Tribunais abestian laburbildutako formularekin: “Guarda o teu roubo, guarda-o bem / Dentro de um papel a lei”: “Gorde ondo ostu duzuna, gorde ondo / Lege agiri baten barruan”. Lege batean oinarrituta Espainiako oligarkiak egindako lapurretaren kronika da Plataforma por un Nuevo Modelo Energético elkarteak argitara atera duena.

Espainiako establishmentaren egunkari nagusia den El Paísek titulu hau zekarren azaroaren 16an: “La Fiscalía investiga a Industria por perdonar 3.000 millones a eléctricas”.  Kronikan azaldu zuen Rodríguez Zapatero lehendakari zela 2007tik 2010era bitartean gobernuan aritutako zenbait goi kargu galdezkatu dituela ustelkeriaren kontrako fiskalak, “argitzeko ea PSOEren gobernuak konpainia elektrikoei barkatu zien 2.500 eta 3.500 milioi euro arteko zorra”.

Lehen salaketa 2013ko uztailean aurkeztu zuen energia berriztagarrietara igarotzeko trantsizioa aldarrikatzen duen erakunde batek, ekologiaren eta justiziaren aldeko pertsonalitate eta mugimenduak biltzen dituen Plataforma por un Nuevo Modelo Energético elkarteak. Bigarren salaketa aurkeztu zuen aurrekoaren osagarri, diru publikoen iruzurra ikertzea eskatuz. Antza denez, ustelkeriaren kontrako fiskaltza derrigortuta aurkitu da gaia ezagutu behar zuten zenbait goi karguri deklarazioa hartzera, oraingoz lekuko gisa soilik.

1997an hasi zen kontua. Argindar zerbitzua osorik liberalizatu zelarik, konpainiek egindako inbertsioak arintzeko Jose María Aznarren gobernuak, ministro zelarik Josep Maria Piqué, megawatio bakoitzeko 36 euro oparitu zizkien. Zenbait eztabaida eta gorabeheraren ostean –oposizioan zegoen PSOEren kontrako botoarekin– laguntza publikoa  8.600 milioi eurotan geratu zen (1,441 bilioi pezeta orduan). Konpainiak hasi ziren laguntza hori bezeroei kobratzen hileroko fakturan, herritar guztiei alegia. Costes de Transición a la Competencia (CTC) deitzen zitzaion propinatxoari.

Kobratzeko epearen mahuka

2005erako, ordea, argindarra asko garestitua zen, petrolioaren eta gasaren igoeragatik, eta konpainiak aurreikusitakoa baino gehiago ari ziren irabazten. 2006ko ekainean gobernuak eten zien CTCen ordainketa. Jose Montilla zen –laster Generalitateko president izango zena– Industriako ministro.

CTCak eten bai... baina ordura arte konpainiei gehiegiz pagatu zitzaiena itzultzeko eskatzea ahaztu zuen administrazioak. Orain fiskala galdezka hasi denean badirudi goi karguei ez zitzaiela erabat ahaztu zorra erreklamatzea baina kobraketa lanak patxada handiz egin zituztela. Patxada susmagarriz, kontutan edukiz azkenerako iraungi egin zela  legez kobratzeko epea.

Montillarekin Energia zuzendari zen Ignasi Nieto gogoratzen da garbiki gehiegi kobratu zutela Iberdrolak, Endesak eta enparauek, liberalizazioa aprobetxatzeko goregitik egin zituztela kalkuluak. Ekologistek aipatu dituzten zifrak berretsi ditu gainera, eta dio goi teknikariei –Estatu abokatuei– 2006an eskatu ziela zer egin erabakitzeko informea. Txostena atzeratu zen... 2008ko martxoa arte. Funtzionariook ohartarazten zuen konpainiei zorra kobratzeko epea 2006an hasi zela eta 2010ean iraungiko zela.

Ministro bat joan eta bestea etorri, Montillaren ondoren Joan Clos, gero Miguel Sebastián... 2010 urtea pasatu zen eta agur kontsumitzaileek korporazioei pagatutako gehiegizko 3.493 milioi euroak.

Nuevo Modelo Energético plataformako eledun Cote Romerok esan du: “Espainian ez da hau adinako iruzurrik gertatu sekula”. Handiak izanagatik askoz txikiagoak diren iruzurrek zalaparta handiagoa sortu dute: Urdangarin 16 milioi, Pujol 32, Palma-Arena 42,   Barcenas-Gürtel 120, Marbella 500, Andaluziako EREak 721... Lekutan daude Iberdrola, Endesa eta beste lauak 3.393rekin.

Gaia Europako Legebiltzarrera ere eramanik, Argiako irakurleek ezaguna duten Florent Marcellesi gidari ekologistak salatu du argindar zerbitzuaren liberalizazioa abiatu zenetik agintari politikoek babestu dituztela oligopolioan ari diren enpresa handien interesak. “CTCena ez da iruzur elektrikoa den icebergaren pikoa baizik. Sartuta gauden krisi sistemikotik atera nahi baldin badugu, derrigorrez egin behar dugu energiazko trantsizioa, energi iturriak demokratizatuz eta ate birakariak behingoz suntsituz”.

Ate birakariak (revolving doors ingelesez) deitzen zaie agintari handiek beren jardunean politikatik enpresa handietara eta alderantziz, enpresa handietatik goi karguetara, egiten dituzten jauziei. Aipatzen dugun kasuan, korporazio elektrikoak eta oro har energiari lotutakoak ezagunak dira agintari politikoak fitxatzeko daukaten ohituragatik. Tartean presidenteak, ministroak,  sailburuak eta klase guztietako goi karguak, begiratu besterik ez dago Iberdrola, Repsol, Enagas, Gas Natural, Endesa, Gamesa, eta abarren administrazio kontseiluetan.

CTCena bezalako iruzurrekin lortutako inpunitateaz harrotuta, lapurreta berrien albisteak ugaritzen doaz geroztik. Tarragonan (Katalunia), Ebroren bokalean Castor hobian gasa metatzeko baimena lortu zuen ACSk (Real Madrideko Florentino Perez buru) ikusi denean hori ezinezkoa dela inguruetan lurrikarak eragiten dituelako, kalteordainetan Estatuari kobratu nahi dizkio... 1.350 milioi euro.

Bitartean, Javier Marotok Gasteizen jendeak berotzen ditu gure artera deus gabe iritsitako etorkinen kontra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia krisia
2024-03-25 | ARGIA
"Megaproiektu berriztagarrien egungo hedapenaren aurka eta bizitzaren alde" manifestua sinatu dute hainbat alorretako 75 pertsonak

"Elite ekonomiko baten pribilegioak iraunarazten diren aldi berean, konponbide faltsuak eskaintzen dizkigute, egiazko konponbideek beharko luketena onartu gabe: oligarkia energetikoa erabat auzitan jartzea, hazkunde ekonomikoaren aginduarekin haustea, gure eredu produktibo... [+]


2024-03-20 | ARGIA
Jasangarritasunaren Euskal Azokak hamargarren edizioa egingo du asteburuan Durangon

Berdeago Azoka egingo dute martxoaren 22tik 24ra, Durangoko Landako Gunean. Energia-eraginkortasunaz eta kontsumo arduratsuaz kontzientziatzeko helburua du Jasangarritasunaren Euskal Azokak, ingurumena babesteko irtenbideak tarteko.


Adrián Almazán
"Gizartearen logika algoritmikoarekin, gizakiak esplotatzen jarraituko dugu"

Fisikan lizentziatua eta Filosofia doktore, Gasteizen du ohiko bizitokia Adrián Almazánek (Madril, 1990), baina egun Madrilgo Carlos III Unibertsitatean ematen ditu klaseak. Digitalizazioak ingurumenean, energian eta gizartean sortzen dituen eraginak izan ditu... [+]


Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren legea adostu dute EAJ, EH Bildu eta PSEk

EAJ, EH Bildu eta PSE-ren babesarekin atera da aurrera. Erregai fosilen desinbertsiorako plan bat gauzatu beharko du Jaurlaritzak. Helburu nagusia 2050rako EAEn karbono emisioak zerora murriztea da.


Eguneraketa berriak daude