Errusiako gasa Europara itzuli da, TurkStream bidetik

  • Ukrainako fluxua eten ostean, Errusiako gasa jasotzen jarraituko duela iragarri du Eslovakiak, eta Transnistriak uko egin dio Europaren "laguntzari".

Artikulu hau CC BY-SA 2.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2025eko otsailaren 13an - 07:50
The Digital Artist
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Joan den hilean Ukrainako gas-fluxua eten ondoren, beste bide batetik berrezarriko da Errusiako gasaren hornidura Europan: TurkStream gasbidearen bidez, Europa Press agentziak jakinarazi duenez. Eslovakiako energia-hornidurako estatu-enpresak, SPPk, azaldu du herrialdeak Errusiako gasa jasotzen jarraituko duela, baina, oraingoan, Errusia eta Europa Turkian barrena lotzen dituen bide alternatiboaren bidez izango da, Ukrainako igarobidea saihestuz. Ukrainak zirkulazio-akordioak ez berritzeko hartutako erabakiaren ondorio da hori, eta tentsioak sortu ditu bi herrialdeen artean.

Bestalde, Moldaviako Transnistria eskualde autonomoak uko egin dio AEBetako gasa inportatzeko Europak eskainitako "laguntzari". AEBetako gas likidotua (GNL) aukeratu beharrean, beste hautu bat egin du: Hungariako MET Gas and Energy Marketing AG enpresak kudeatuko du Transnistriarako hornidura, eta konpainia hori arduratuko da gasa Moldaviako mugaraino garraiatzeaz. Handik, Tiraspol hiriburuak hartuko du bere gain hornidura bere lurralderaino eramatearen kostua. Estrategia horrek Europar Batasunaren geopolitika energetikoarekiko tentsioak eta erresistentziak nabarmentzen ditu, Errusiako gasa AEBetako GNL delakoarekin ordezkatu nahi baitu Batasunak.

Testuinguru zabalago batean, Europako gas-merkatuko lehiak desadostasun handiak sortu ditu NATOko herrialdeen artean. Hungariak gas kantitate esanguratsu bat jasotzen du Southstream turkiarraren bidez, eta Ukraina Europar Batasunean sartzearen aurka dagoela adierazi du, hornidura-bideen segurtasuna, Ukrainako Ruska estazioa kasu, babestu egin behar dela argudiatuta. Hungariaren jarrera Europan energia-hornidura kudeatzeko moduari buruz dagoen gero eta desadostasun handiagoari zor zaio, batez ere AEBetako gas natural likidotuarekiko mendekotasunari dagokionez.

AEBek Europako energia-merkatuan duten partaidetza handitzeko eta Errusia baztertzeko ahaleginak egin dituzten arren, Moskuk rol garrantzitsua izaten jarraitzen du. Gas natural likidotua lortzeko Europak dituen hornitzaileen artean, bigarren postuan zegoen Errusia 2024ko lehen seihilekoan, AEBen ondoren. Zigorrak eta tentsioak gorabehera, GNLren esportazio errusiarrek gora egin dute, eta esportazio horien jomuga nagusia Europar Batasuna da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia krisia
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!