"Hainbeste harrri eta menhirrr artean latexezko irribarrea behar dugu euskaldunok"

  • Asiskorekin solasean aritzean, irudiak etengabe heltzen zaizkizu burura: ile kosmonautiko eta perla Majoricak daramatzaten atso upenianoak, eskuak poltsikoetan imantatuak dauzkaten bertsolariak, 80 urteko Asisko xahar bat gazteen musika kritikatuz… Euskararen maitale gartsua, mingaina eskua bezain trebea du, irudimena borborka eta irri karkaila beti aireratzeko prest. Biba zu


2012ko urtarrilaren 14an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03

Google maps-en aginduetara, bide laburrenetik etorri eta bazter ezin ederragoetan barna, ozta-ozta iritsi gara Hozta herriraino. Nola eta zu hemen?

Oztibarre ezagutu nuen aspaldian –orain gauza gehienak guretako jada aspaldian gertatuak dira eta!–. Duela 20 bat urte Izura herrian antolatzen zuten Marrazkirri izeneko marrazki umoristikoen erakusketa. Garai hartan Napartheiden ari ginen eta deitu gintuzten parte hartzeko. Etorri, eskualdea ezagutu, adiskideak egin eta geroztik urte oroz Marrazkirrira etorri eta urte oroz lagun oztibartarrak Sanferminetara joan. Eta jada duela urte batzuk ere, lan inguruan eta bizimoduan, krisi bat izan nuen. Bizimodu petrala oso, kalitate gutxikoa neraman: lan dezente, kontrakoa badirudi ere, eta gaupasa asko bai lanerako baita festarako ere. Nik ez dut fatalitatean sinesten. Ez dut uste hiritar jaio eta izan garelako, hiritar hiltzera kondenaturik gaudenik. Ni beti oso hippy izan naiz eta mendira eskapatzen nintzen ahal nuen guztietan. Gauza batzuk elkartu zitzaizkidan eta ikusi nuen aski nuela Iruñea, marrazkigintza eta Euskal Herri osoan barrena hitzaldiz hitzaldi ematen ibiltzea. Orduan telefonatu nuen nire hemengo adiskide bat, baserritarra dena, eta esan nion behar baldin bazuen hiritar inutil perfektu bat, iniziatibarik gabea, edozein lan xume egiteko, ni prest nengoela nire puskak bildu eta harengana joateko. Garai hartan behi eroen krisiaren ondorioz, baserritarrek oso zaila zuten behi edo txahala osorik saltzea eta puskaka jarrita egin behar izaten zuten. Horretarako Mauleko hiltegira maiz joan beharra zen, aldi berean, baserriko lana eginik utzi gabe eta horretarako bai behar zuela nire profileko hiritar inutil bat. Etorri egin nintzen eta ondoko herrian, Ibarlan, pasa nuen negua. Eta halako batean deskubritu nuen neure burua lanean eta gustura.

Maka-rena egiten zenuen? [Iruñerrian lantokietan mandatuak egiten zituen mutiko laguntzaileari maka esaten zitzaion].

Bai, bai, makarena. Donapaleuko biltegira joan eta artoa erosi, hiltegira, traktorea gidatzen ere ikasi nuen, baina nire goreneko lana behi gorotza, kaka, behitegitik ateratzea zen. Horrelakoetan orduak eta orduak: palataraka atera eta gero eskuorga bete eta hori eraman… eta horrela denbora desagertu egiten zen. Atseden ikaragarria izan zen niretzat. Iruñean nire bizia zen sortu, pitokeriak egin, marraztu, igorri, telefonatu, hitzaldiak eman… Askotan sartzen nintzen ohean burua irakiten eta gorputza batere nekatu gabe. Orduan insomnioa, ezin lokartu. Hemen, aldiz, lan fisiko ikaragarria eta lan intelektual gutxi egiten nuen, kaka nola antolatu era inteligente batez gehienez, eta halako batean sendatu egin nintzen. Ohartu nintzen traktorean fistuka nindoala. Urteak ziren ez nintzela ni lanean ari eta fistuka!

Horrekin guztiarekin erabaki genuen hona etortzea bizitzera. Ez zen erraza izan bizitokia aurkitzea dena sobera garestia edo sobera eroria baitzegoen eta halako batean hemen, Hoztan, etxe hau topatu genuen. Gainera saltzaileak ez zuen espekulatu nahi. Hark erosia zuen hamar urte aitzin eta saldu nahi zion prezio horretan hemen herrian biziko zen euskaldun bati. Noizbait sortzen dira halako mirakuluak.

Bizimodu berria, aitatasuna… Aldaketa sakonak.

Ez dut uste bata bestearen ondorio denik, baina sartzen zara hau bezalako proiektu batean, hasten zara zure sare sozialak eratzen, kokatzen, eta ondoko urratsa, oso modu naturalean, etorkizunean pentsatzea da. Ainizeri planteatu nion, seguru aski arrazoi biologikoengatik, ni, jada, aita gabe aitatxi izateko puntuan bainengoen. Nik beti leporatu nion gure aitari zergatik eduki gintuen hain zahar eta ni bide beretik nindoan. Konjuntzio planetario egokia eman zen eta orduan haurrak heldu ziren. Arras kontent nago.

Satelite bidezko Internet konexioa eta autoa atean. Horrela bai bizi daitekeela herri txiki batean, ezta?

Urtez urte herri hauek husten joan dira eta batzuendako kondena latza izan da etxeko premua izatea, baserriari segida eman beharra, abereekiko lotura nahitaezko hori… eta hau, aldiz, hautu librea izan da. Nik nire marrazkiak egin eta Internetez igortzen ditut, berdin hirian bizi edo Hoztako plazan bizi, eta hemen aise hobeki. Hemendik joandako jendeak oraindik ez du ulertzen zer ari garen gu hemen, lotzen baitute herria kondena horrekin, nik neuk hautsi dudana hiritar izatetik herritar izatera pasatuz. Soziologikoki arras interesgarria da hori ezagutzea. Herri euskaldun batean bizitzea ere niretzako bizi kalitatea da eta batzuek hori ere kondena gisa bizi izan dute, “zibilizazio” frantsesaren aldean. Hemen egunero ikasten ari naiz. Zerbaitez ohartu banintzen hasiera-hasieratik zen hemen bizia eta herioa askoz ere presenteago daudela hirian baino. Hirian ez ditugu ikusten biziaren bi muturrak. Adina eta baloreak ere oso desberdinak dira. Hirian 40 urterekin, ezkongabea bazara, “a zer animalea! Nola ateratzen dion zukua bizitzari!” Eta hemen, berriz, 30 urte badituzu eta ez baduzu harreman bat bideratua, mutilzaharra, “gaizo haurra, gaizo baserria eta familia!”.

Ez naiz Euskal Herritik atera. Ez naiz Nafarroatik atera ere, eta hemen nago etengabeko bidaia batean bezala. Supermerkatura joan eta produktu guztiak frantsesez daude, beste erdara batean, niretzako hori bidaia batean ibiltzea bezalakoa da, baina etxean egonik. Niretzako perfektua!

Eta euskararen egoera nola ikusten duzu hemen?

Kronika pertsonaletik abiatuz: Aste guztiz gure alaba nagusia, Gexi, Pagolara joaten da kirola egitera, Joseikan Budo egiteko euskaraz. Gaur arratsaldean bertso-frust bilera dugu Maulen. Hor bertsolari frustratuak biltzen gara eta dena kantatuz egin behar da. Eta, kasualitatez edo, noizbait norbaitek bertso on bat egiten badu deskalifikatzen dugu eta BECera bidaltzen. Honetaz gain Askaot! izeneko gazte talde bat antolatu da Oztibarren, eta Donaixtin bada oso gaztetxe aktibo bat… Hegoaldean euskara noizbehinka ikusten duzu, entzuten duzu… Publikoa da. Hemen, aldiz, hizkuntza pribatua. Euskaldungoa ez da agerikoa, baina gero hemen biziz ohartzen zara lurpe horretan badela sare underground bat eta gauza dezente. Euskara ez da publikoa eta hori da Frantziako Estatuak ederki egin duen errepresio isil eta pozoitsuaren ondorioa. Arrozte eta kolonizazio ikaragarria lortu arte.

Umorea garrantzitsua da zure bizitzan.

Ironia izugarrizko arma da, lanabesa, eta baita filosofia, bizirauteko eta aitzina segitzeko makulu bat. Hemen Euskal Herrian laxatzeko beharra dugu alde guztietatik: negar egiteko, irri egiteko… Ikustekoa da nola, adibidez, Flandrian Waloniakoak atakatzen dituzten umoretik, kontzesiorik gabe. Guk espainolen kontra edo frantsesen kontra ez dugu ezer muntatua. Ez eta gure buruaz trufa egiteko ere. Beste edozein herrik badu bere aldizkari satirikoa. Euskal Herrian ez. Umore xehea interesatzen zait niri, ez lodia. Umore xeheez edozein gai azter daiteke, baita minberenak ere: presoena, biktimena, independentziaren beharra, torturak… baina ez dugu asmatzen. Batzuetan parrokia batekoek egiten dute barne kontsumorako, baina ez da plazara ateratzen. Gainera edozein gauza ezin da publikatu, hor baitago apologia legea. Ez gara Disneylandia. Eguneroko bizian badakigu zer den euskalduna izatea, baina horri umorez buelta ematea lortzen ez dugun bitartean, gaizki. Hegoaldean mito eta gai sakralizatu gehiegi dago, elizaren eraginez edo. Oso espainola, oso, latinoa egiten zait hori, eta euskararekin ere hori ikusten da. Hizkuntza ez da Balentziagaren museoko perlaz eginiko soineko bat, baizik eta egunero erabiltzen dugun kamiseta erosoa. Mihiluze saioaren arrakasta, adibidez, zergatik? Jendea, eta bereziki gazte jendea, horren egarri delako. Sobera zurrun gaude. Euskal Herriko bertsolarien aurrean txapela kentzen dut nik, baina ikustekoa da galbanizazioa, eskuak sakeletan imantatuak. Ez dugu hezur bakarra, bertebrazioa eta kartilagoak ere omen dauzkagu. Hainbeste harrrri eta menhirrrren artean latexezko irribarrea behar dugu euskaldunok.

Zergatik marrazten duzu?

Ez dakidalako besterik egiten eta beti gustatu izan zaidalako. Aitak ere margotzen zuen eta marraztuarazten zigun. Ni ez naiz margolaria. Gauzen kontatzeko bi makuluren beharra dudala sentitzen dut: marrazkia eta hitza. Komikian aurkitu dut nire adierazpide egokiena eta berrikiago marrazki bizidunetan. Sekulako suertea izan dut.

Zuen aita Miguel Javier Urmeneta oso pertsona ezaguna zen: Iruñeko alkatea, diputatua, kultur gizona eta euskaltzale handia. Haren itzalak presiorik ekarri dizue?

Urtetan, nonbaiten izena eman behar nuenean askotan galdetzen zidaten: “Aizu, ez duzu zerikusirik izanen alkate izan zenarekin”, “bai, aita”. Eta orain: “Aizu, ez duzu zerikusirik izanen kamiseta egilearekin”, “bai, anaia”. Aita ezaguna izateak, nolabait bultzatu gintuen zerbait egitera, ez fama bila, baina bai gure memoria propioa egitera, inoren itzala izan gabe. Zaharrei ez dut deus leporatzeko, baina bai bitxia egiten zaidala aitak ez zigula transmititu abertzalegoari buruz informazio zehatzik. Leiho batzuk, pista batzuk uzten zituen baina oso lausoak. Haren aita abertzalea zen eta gerra hasi orduko prozesatu egin zuten. Gure aita gerrara joan zen, Division Azul-ean aritu zen naziekin orpoz orpo sobietarren aurka borrokatuz, militar karrera egin zuen Estatu Batuetan, eta abar. Garai batean niri hori dena onartzea oso zaila egiten zitzaidan. Nafarzale ilustratua, euskaltzalea, katolikoa izanda, nola zen posible? Zein kontraesan ikaragarria izan zen hori dena harentzat, berak ere ez zekien oso ongi azaltzen. Oso adin tarte handia zegoen gure artean eta hil zelarik ni 23 urteko gaztetxoa nintzen. Garai hartan egun batean batek esan zidan kalean entzun ziela bi atso upeniano, ile kosmonautiko eta perla Majoricak zituztenei: “Fíjate qué mal estarán las cosas, que hasta el hijo de Urmeneta está pegando carteles de HB”. Niretzako hura izan zen gerra oihu bat bezalakoa. Orain pena dut gehiago ezagutu ez, eta berak ere ni ezagutu ez izana. Pena, liburu eta prentsa artikuluen bidez ari naizelako aita eta gure aitatxi ezagutzen. Hori nik uste dut drama bat dela. Zerbait transmititu nahi badiet alabei eta gazte jendeari hori da: ezagutu agure-atsoak bizi direno.


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude