Grabatzea ez da delitua

  • Azken urteotan, teknologia berriak ematen dituzten aukerei esker, Poliziak egindako eskubide urraketen eta jardun biolentoen grabatzea eta sareratzea biderkatu egin da. Telefono mugikorren kamerekin irudiak jaso eta sare sozialen bitartez zabaltzen dira lehen ezkutuan mantendu izan diren zenbait bidegabekeriaren lekukotasunak. Batzuetan herritar anonimoek ematen dute horien berri, eta bestetan herri mugimenduek eta herri komunikabideek.

ARGIA @argia
2017ko otsailaren 24a

Finean, iturri informatibo bilakatu gara herritarrok Euskal Herrian, munduaren beste bazter askotan bezala. Baina poliziek eta agintari politikoek ez dute inork ikusi eta epaitzarik nahi funtzionario publiko horien jardun publikoa. Informazio eta fiskalizazio eskubidearen aurkako erasoa bizi dugu azken urteotan zenbait adierazpen, lege-erreforma eta polizia-indarkeria, isun eta mehatxuen bitartez.

Ofentsiba zentsuratzaile horren ondorioak nabarmenak dira, bereziki 2015eko uztailaren 1ean Mozal Legea indarrean sartu zenetik. Orduz geroztik, beldur handiagoa diogu herritarrok grabatzeari, eta aitzitik, zigorgabetasun handiagoz aritzen da Polizia. Denon eskubideak praktikara eramateagatik asko dira isundu edo auzipetu dituzten herritar eta kazetariak. Horietako kasu askoren berri izan dugu, baina, zenbatetan uko egin diogu grabatzeko eskubideari Poliziaren mehatxuak behartuta? Horrelakoetan ez da isunik edo epaiketarik, baina kaltea ez da txikiagoa. Hamaika direlako ez grabatzeagatik itzalean geratu diren gehiegikeriak. Errepresio hori ikusezina zaigu eta autozentsura sustatzen du.

Bideo sorta elkarlanean

Egoera horren aurrean Ahotsa, Argia, Topatu, Hala Bideo eta Ekinklik herri komunikabideok, Eleak/Libre mugimenduarekin batera, elkarlanean kanpaina txiki bat abiatzea erabaki dugu. “Grabatzea ez da delitua” leloa ardatz hartuta, informazio eskubidea aldarrikatuko dugu lau bideoz osatutako sorta baten bitartez. Otsailaren 27an hasita astelehenero bideo bat zabalduko dugu, gure komunikabideetan eta sare sozialetan.

Bideo horietako bakoitzean erpin ezberdin batetik helduko diogu gaiari: Lehendabizikoan gaia kokatuko dugu; herritar guztion eskubidea dela azpimarratuko dugu, astebete geroago uste ustel eta informazio desitxuratu interesatuen gainetik, Mozal Legeak ere ez duela Polizia grabatzea debekatzen gogoraraziko dugu; hirugarrenean, grabatzearen garrantzia eta balioa azalduko ditugu; laugarren eta azkenekoan, gure eskubidea den hori praktikara eramateko gomendio batzuk proposatuko ditugu.

Grabatzea ez da delitua, praktikatu ditzagun gure eskubideak.


Gure eskubideak kanaletik interesatuko zaizu...
2018-01-14
"Egungo baldintzetan ezin dugu kalitatezko zerbitzurik eskaini"

Nerea Navarro naiz, 48 urte ditut, eta Amma-Amavir taldeak Betelun duen zahar-etxean egiten dut lan. Bertan ez dira bermatzen lan-baldintza duinak. Ataka estuan dago sektorea eta, hori gutxi balitz, jabeek gutxietsi egiten dute Beteluko egoitza. Ez dituzte gure eskubideak errespetatzen, eta horrek eragin oso kaltegarria dauka zerbitzuaren kalitatean.


"Galdutako hankarentzat protesiak ordaintzeko dagokidan kalte-ordaina da eskatzen dudan bakarra"

Irantzu Abad Aznarez dut izena, Iruñekoa naiz eta 23 urte ditut. Hanka galdu nuen 14 urte nituela mediku batek meningitisa (sepsis meningococica) beharrean gripea diagnostikatu zidalako.


"AHT modu paregabea da diru publikoa esku pribatuetara abiada handian pasatzeko"

Alfontso Gartziandia naiz, 45 urte ditut eta Aratzurin bizi naiz. Urteak daramatzat AHT Abiadura Handiko Trenaren kontra borrokatzen. Proiektu hori zentzu askotan da kaltegarria eta, nire ustez, ez dago nondik eutsi. AHTren kontrako mugimendua hoztu egin da Nafarroan, eta berpizteko asmoz, berriki Tren Sozialaren aldeko eta AHTren kontrako Iruñerriko plataforma sortu dugu Oltza Zendea, Itza, Egillor eta Orkoiengo hainbat bizilagunek.


"HMEIk egoera prekarioan utzi ditu familia asko"

Iñaki Colina naiz, 45 urteko donostiarra. Duela hamar bat urte Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea (HMEI) aplikatu zidan Kutxabankek eta, ondorioz, galera ekonomiko handiak izan ditut. Aukera paregabe gisa saldu zidaten HMEI baina, azkenean, ikusi dut beren negozioa elikatzeko amarrua besterik ez dela.


"Hirietako mugikortasuna gizarteko arazo askoren isla da"

Aitor Balbas dut izena, eta mugikortasun eredu berria nahi dut Iruñearentzat. Helburu horrekin dihardugu 8-80 plataformako kideok. Autoak dira hiriko erregeak, eta gure ustez, beren lekua garraio publikoak, oinezkoek eta bizikletek hartu beharko lukete. Modu horretan, Iruñea hiri askoz jasangarri eta seguruagoa izango litzateke.


"Bizitzako uneren batean, elkarren beharra izango dugula onartu behar genuke"

Inma Ruiz de Lezana naiz, Gasteizko EMAIZE sexologia zentroaren sortzaileetako bat. 20 urte baino gehiago daramatzat bertan sexu heziketa, terapia eta aholkularitza lanetan. Azken urteetan arauz kanpoko funtzionaltasuna duten pertsonen laguntzan espezializatu naiz, sexu heziketa inklusiboa beharrezkotzat jotzen dudalako.


Poliziaren jarduera grabatu, bai, baina nola?
MULTIMEDIA - erreportajea

Poliziaren jarduera grabatzeko aholku batzuk. Izan ere, polizia grabatzea zure eskubidea bada ere, eragozten saia daitezke. Zure eskubideez ondo informatuta egon eta segurtasunez jokatu. Esaiezu grabatzea legala dela, poliziaren jarduera grabatu dezakezula. Zure burua identifikatzea eskatzen badizute, ez esan ezetz. Baina jarraitu grabatzen.

Debekatzen saiatzen bada, salatu. Saiatu babestuta egoten, saiatu beti beste pertsona batekin grabatzen. Eta irudiak zabaltzen badituzu, egin modu... [+]


Polizia grabatzearen balioa
MULTIMEDIA - erreportajea

Poliziaren gehiegikeriak ezkutuan gelditu ohi dira askotan, eta horrek inpunitatez jokatzera bultza ditzake indar armatuak. Grabatzearen balioa azpimarratu nahi izan dugu Argia, Ahotsa, Ekinklik, Hala Bideo, Topatu eta Eleak/Libre mugimenduak elkarlanean egindako hirugarren bideo honetan.


Grabatzea ez da delitua, zure eskubidea da
MULTIMEDIA - erreportajea

Ahotsa, Argia, Topatu, Hala Bideo eta Ekinklik herri komunikabideok, Eleak/Libre mugimenduarekin batera, elkarlanean egindako 'Grabatzea ez da delitua' kanpainaren bigarren erreportajea.

Polizia grabatzea zure eskubidea da. Legeak onartuta ala ez, zure eskubidea da. Ez dezagun ahaztu: espazio publikoan eta lan orduetan egiten dutena funtzionario publikoen lana da. Mozal Legeak berak, gainera, irudiak hartzeko eskubide hori aitortzen du.

Mezu oker interesatu asko zabaldu dira eta... [+]


Polizia grabatzea herritar guztien eskubidea da
MULTIMEDIA - erreportajea

Teknologia berriek ematen dituzten aukerei esker, Poliziak egindako eskubide urraketen eta jardun biolentoen grabatzea eta sareratzea biderkatu egin da. Telefono mugikorren kamerekin irudiak jaso eta sare sozialen bitartez zabaltzen dira lehen ezkutuan mantendu izan diren zenbait bidegabekeriaren lekukotasunak.

Ahotsa, Argia, Topatu, Hala Bideo eta Ekinklik herri komunikabideok, Eleak/Libre mugimenduarekin batera, elkarlanean egindako “Grabatzea ez da delitua” kanpainaren lehen... [+]


Eguneraketa berriak daude