Burgosko Gamonal auzoko obrak behin-behinean gelditu dituzte mobilizazioen ondorioz

  • Burgosko alkateak iragarri du bertan behera utziko dituela Gamonal auzoko bulebarra eraikitzeko obrak. Bost egunez istilu larriak izan dira obren kontra protestan ari ziren auzotarren eta poliziaren artean.


2014ko urtarrilaren 14an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Elkartasun deialdiak Hego Euskal Herrian.

Bulebarra egin behar zuten langileen "segurtasuna" babestu ezin zitekeela-eta gelditu dituzte obrak PPko Francisco Javier Lacalle alkateak adierazi duenez. Behin behineko geldialdia da, 15-20 egun artekoa, eta bitarte horretan Udalak lan talde bat sortuko du auzotarrekin adostasuna bilatzeko.

Bestalde, Hego Euskal Herriko hiriburuetan Burgosko Gamonal auzoko borrokarekin elkartasun deialdiak egin dituzte, sare sozialetan zabaldu denez. Bilbon 20:00etan Arriagan, Donostian 20:00etan Boulevardean, Iruñean 20:00etan Mercaderes kalean eta Gasteizen 19:30etan Andra Mari Zuriaren plazan.

Goizean ere obrak geldiarazi dituzte

Gaur goizean bulebarra eraikitzeko makinen sarrera oztopatu dute berriz Burgosko Gamonal auzoko bizilagunek. Atzo goiz-goizetik 200 lagun inguru bildu ziren Burgosko Gasteiz etorbidean obretako makinak sar ez zitezen.

Goizeko 6:30etan 200 pertsona inguru atera ziren kalera, eta orduek aurrera egin ahala jende gehiago batu zitzaien. Ondoren Bulebar berriaren proiektuaren kontrako protesta egin zuten auzoko karriketan barna. 5.000 lagun inguru bildu ziren martxan.

Errepresioaren areagotzea

Gamonaleko bizilagunek polizia geroz eta gehiago dabilela azpimarratu dute, baita horiek eragiten ari diren errepresioa salatu ere.

Naizek argitaratu duenez, zenbait kaletan etxeratze-agindua ezarri du poliziak herritarren joan-etorriak oztopatuz. Kalera ateratzen den edonor atxilotzen hasi da polizia, etxeko atarietan sartzen eta inolako arrazoirik gabe auzotarrak jotzen.

Auzokideak haserre

Herritarren nahiaren kontra Gamonalen bulebarra eraikiko duela jakinarazi du Burgosko alkate Francisco Javier Lacallek (PP). Joan den ostiraletik istilu larriak ekarri ditu horrek, eta auzokideek hiri-altzariei eta banketxeen bulegoei egin diete eraso; ez ordea auzoko saltokiei.

Bizilagunak haserre agertu dira, azken urteetan Burgosko Udalak gizarte gastuetan izugarrizko murrizketak egin dituelako, eta bulebarraren proiektua diru xahuketa iruditzen zaielako. Etorbide berriak bi errei izanen ditu eta orain arteko doako aparkalekuak kendu eta parking pribatuak ezartzeko asmoa dago. Guztira 650 garaje plaza pribatu eraiki nahi dituzte, bakoitza 20.000 euro inguruan baloratua. Auzokideek bertan aparkatzeko horietako bat erosi edo alokatu beharko dute.

Bestalde salatu dute Udalak haurtzaindegi publiko bat itxi zuela duela gutxi berrikuntzak 13.000 euro kostatzen zirela argudiatuta. Bulebarrak 10 milioi euro inguruko aurrekontua du.

Auzolagunak egunean bi aldiz elkartzen dira gutxienez asanbladan hurrengo orduetarako plangintza zehazteko. Haien helburua obretako makinaria eta enpresa eraikitzaileetako langilerik ez sartzea da.

Informazio gehiago: Twitterren #GamonalResiste eta #Gamonalenlucha etiketen bidez jarrai daiteke Burgosen gertatzen ari dena.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gamonal
Metroari buruz erabaki al dezakete zerbait donostiarrek?

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko aretoa bete zen asteartean Sator Alaia kolektiboak metro proiektuari buruz antolatutako mahai inguruan. Honelako egitasmoetan herritarren erabakitzeko eskubidea aztertu zuten.


Gamonal: borroka baten urteurrena

Duela urtebete Burgoseko Gamonal auzoko bizilagunek bulebar bat egiteko proiektu urbanistikoa geratzea lortu zuten protesta ikusgarrien bidez. Urteurrena ospatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte.


2014-09-09 | Judith Perez
Gamonal berriz haserre, alkatearen azken “obra faraonikoaren” kontra

Burgosko Gamonal auzoko batzarrak hiriko zezen plazaren birmoldaketaren kontrako protesta deitu du. Asanblada egingo dute ostiralean eguerdiko 12:30ean Burgosko Plaza Nagusian eta Udalaren osoko bilkuran parte hartuko dute obraren kontra zergatik egiten duten azaltzeko.


2014-02-27 | Axier Lopez
Gamonal eta Gaztelako ezker independentista

Askapena talde internazionalistaren eskutik Izquierda Castellana taldeko zenbait kide izan dira azken egunotan Euskal Herrian Gaztelako ezker soberanistari buruzko hitzaldiak emateko. Urretxu-Zumarragako gaztetxera hurbildu eta Alberto San Martin burgostarrarekin Gamonaleko,... [+]


Eguneraketa berriak daude