Burgosko istiluak,
auzo baten haserrearen ispilu

  • Azken urteetan Burgosen gizarte gastuetan eman diren murrizketak proiektu urbanistikoak finantzatzeko erabili izan dira. Gamonal auzoan egin nahi den bulebarra eraikitzeko bideratuko den dirutzak istilu larriak eragin ditu azken egunotan hiriburuan. 


2014ko urtarrilaren 13an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Azken hiru egunetako protestek 40 atxilotu eta hainbat zauritu utzi dituzte. Protestak geldiarazteko istiluen kontrako polizia unitate bereziak eraman dituzte Valladolid eta Madrildik.

Istiluen harira Espainiako Segurtasun idazkari Francisco Martinez Vazquezek SER irratian jakinarazi duenez “Burgosko erasoak Espainian zehar mugitzen den talde biolento batek eraginak dira”. Ildo horretan, Espainiako Herritarren Segurtasunerako Lege berria defendatu du.

Atzo 19:00ak inguruan adin guztietako mila persona inguru elkartu ziren “zero gunea” deiturikoan obrak gelditzeko eta atxilotuak askatzeko eskatuz. Elkarretaratzearen ostean liskarrak piztu dira berriz herritarren eta poliziaren artean. Bizilagunek etxeetatik kazeroladen bidez sostengatzen dituzte etorbide berria eraikitzearen kontrako protestak.

Gaur goizean goizetik 200 lagun inguru bildu dira Gamonal auzoan bulebarra eraikitzeko obretako makinak geldiarazteko. Orduak pasa ahala jendea gehitzen ari da deialdira.

Bulebarra, herritarrek nahi ez duten proiektu urbanistikoa

Udalak eraiki nahi duen bulebar berriak 10 milioi euro inguruko aurrekontua du. Etorbide berriak bi errei izanen ditu eta orain arteko doako aparkalekuak kendu eta parking pribatuak ezartzeko asmoa dago. Guztira 650 garaje plaza pribatu eraiki nahi dituzte, bakoitza 20.000 euro inguruan baloratuta. Auzokideek bertan aparkatzeko horietako bat erosi edo alokatu beharko dute.

Bizilagunek proiektuaren berri izan zutenetik bulebarraren kontrako jarrera erakutsi dute. Bulebarrik ez orain plataformak antolatuta hilabete luzez ari dira protesta baketsuan, baina inork ez die kasurik egin. Plataformako kide Ana Morenok azaldu duenez, “behin eta berriz saiatu garen arren, alkateak ez du gurekin bildu nahi. Zein demokrazia ari dira saltzen autoritateek herritarrekin elkarrizketarako tarterik uzten ez badute?”, galdetu du haserre.

Burgosko alkate Francisco Javier Lacallek (PP) aldiz, jakinarazi du bulebarraren proiektua “herritarren parte-hartzearen ondorio” dela. Eta Bulebarrik ez orain plataformarekin askotan elkartu dela gehitu du. Bestalde, “ekintza bandalikoak gaitzetsi” eta “indar polizialak zoriondu” ditu haien esku-hartze “bikainagatik”.

Bizilagunak kexu dira hilabete hauetan guztietan hedabideek ere ez dietela jaramonik egin, harik eta egun hauetako liskarrak hasi diren arte. 

Gamonal, langile auzoa

Burgosko Gamonal auzoa, langile jendearen bizileku da. Frankismo garaian ezarritako industria guneen ondorioz, auzoa abiadura handian hazi zen langileentzako eraikin merkeak egin zituztenean. Azken 40 urtetan espekulazio urbanistikoa oso gertutik ezagutu dute bertako bizilagunek.

Langile klase kontzientzia oso errotuta egon da auzo horretan, azken hamarkadetan pairatu dituzten gehiegikerien ondorioz.

Auzokideek diotenez, Burgosko prentsak kontrakoa erakutsi nahi duen arren, argi ikusi da egun hauetako protestak ez direla “erradikal” gutxi batzuen kontua. Negoziaketa baketsurako bide guztiak agortuta ikusi dituen hiri eta batik bat auzo oso baten aldarria dira.

Aurreko protesten garaipena aurrekari gisa

Orain bezala, 2005ean ere Gamonoleko herritarrak PPko Udalak eraiki nahi zuen lurrazpiko aparkaleku baten kontra altxa ziren. Auzokideen presioak proiektua bertan behera uztea ekarri zuen.

Informazio gehiago: Twitterren #GamonalResiste eta #Gamonalenlucha etiketen bidez jarrai daiteke Burgosen gertatzen ari dena.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gamonal
Metroari buruz erabaki al dezakete zerbait donostiarrek?

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko aretoa bete zen asteartean Sator Alaia kolektiboak metro proiektuari buruz antolatutako mahai inguruan. Honelako egitasmoetan herritarren erabakitzeko eskubidea aztertu zuten.


Gamonal: borroka baten urteurrena

Duela urtebete Burgoseko Gamonal auzoko bizilagunek bulebar bat egiteko proiektu urbanistikoa geratzea lortu zuten protesta ikusgarrien bidez. Urteurrena ospatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte.


2014-09-09 | Judith Perez
Gamonal berriz haserre, alkatearen azken “obra faraonikoaren” kontra

Burgosko Gamonal auzoko batzarrak hiriko zezen plazaren birmoldaketaren kontrako protesta deitu du. Asanblada egingo dute ostiralean eguerdiko 12:30ean Burgosko Plaza Nagusian eta Udalaren osoko bilkuran parte hartuko dute obraren kontra zergatik egiten duten azaltzeko.


2014-02-27 | Axier Lopez
Gamonal eta Gaztelako ezker independentista

Askapena talde internazionalistaren eskutik Izquierda Castellana taldeko zenbait kide izan dira azken egunotan Euskal Herrian Gaztelako ezker soberanistari buruzko hitzaldiak emateko. Urretxu-Zumarragako gaztetxera hurbildu eta Alberto San Martin burgostarrarekin Gamonaleko,... [+]


Eguneraketa berriak daude