Eusko Legebiltzarra, Mozal Legeari aurre egiteko legez besteko proposamena lantzearen alde

  • Giza Eskubideen Batzordean, Axier Lopezek eskaera zehatza egin die legebiltzarkideei: Jaurlaritzak ez dezala Mozal Legea aplikatu, herritarrei oinarrizko eskubideak murrizten dizkien kasuetan behintzat. EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamenaren bidez gaia lantzearen alde agertu dira alderdi guztiak (PP ez da bertan egon).

Axier Lopez Legebiltzarrean agerraldia egiten.

2016ko ekainaren 13an - 17:10

Agerraldiari hasiera emateko, Axier Lopezek azaldu zituen Mozal Legearen izaera injustua eta zehazki iritsi zitzaion isun jakinarazpenaren aurrean, ARGIAk kolektiboki hartutako erabakiak (behean dituzue azalpenak). Ondoren, "lege injustua politikariek sortutakoa bada, klase politikoak erantzun praktikoa ematea" proposatu zien legebiltzarkideei, hiru puntu zehatz hauek eskatuz:

  1. Kazetaritza egitea eta adierazpen askatasuna delitu bilakatu nahi dituen “Herritarren segurtasunerako 4/2015 Lege Organikoa”-ren aurkako jarrera publikoki adieraztea.

  2. Aurrerantzean, oinarrizko eskubideak urratzen dituen lege honen aplikazioa berriz ematekotan, salaketa publikoa egin eta zigortuari babesa adierazteko konpromisoa.
  3. Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza politikoaren gehiengoa lege horren aurka egonik, Eusko Jaurlaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa bere egitea.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek aurreko astean berau onartu zutela gogorarazi du, eta Eusko Legebiltzarrari gauza bera egiteko eskatu.

 

Jarraian alderdiei ireki zaien errondan, denek azaldu dute gaia lantzeko borondatea eta Mozal Legeari aurre egiteko konpromisoa. Hona, bakoitzaren hitzartzearen laburpena:

Patxi Elola Azpeitia, Euskal Sozialistak taldea:

"EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du. Ea lantzeko aukerarik daukagun. Guk estatuan emendakin bat aurkeztu dugu lege honen aurka. Zuen kasua jakina da, baina zuen kasua ez da bakarra. Ez dira hedabideak zigortu dituzten bakarrak. Legeak ez ditu murriztu behar herritar eta taldeen eskubideak, eta adierazpen eskubidea eskubide bat da. Kanpainan ere argi esaten dugu, gure konpromisoa da lege honen aldaketa proposatzea. Animo".

Julen Arzuaga, EH Bildu:

"Animoak eman nahi dizkizuet nik ere. Kasu esanguratsua dugu esku artean. 601 euroko isunagatik baino gehiago, atzean duen dimentsioagatik, adierazteko eta informatzeko eskubidearen kontra egiten duelako, eta kazetaritza herritar, independente, eta batzuentzat gustagarria ez den kazetaritza jartzen delako jopuntuan. 2016 otsailaren 6an legez besteko proposamena onartu zuen legebiltzar honek, tramitatzen ari zen Mozal Legearen kontrakotasuna agertzeko. Baina kezkatzen gaitu lege honek egin duen ibilbideak, ikusten dugulako aplikazio zabala ematen ari dela, eta Segurtasun Sailak Legebiltzarrari emandako informazioaren arabera, 3.959 aldiz aplikatu da lege hau EAEn dagoeneko: kotxe-karabanak egiteagatik, etxegabetzeen kasuetan, segurtasun neurriei errespetu faltagatik... Bere helburua kontrol soziala areagotzea da baina era kamuflatuagoan. Eta Lopezek azaldu duen moduan, zigor alorretik kanpo edo jurisdikzio penaletik kanpo egiten da, epailerik eta epaiketarik  tarteko izan gabe.

Ados nago, Legebiltzarrak posizionamendu bat izatera iritsi behar du. Horregatik erabaki genuen EH Bildun legez besteko proposamen bat martxan jartzea. Zu entzun arte ez dugu proposamena eztabaidatu, eta gaurko azalpenak entzunda errazago izango zaigu gaiari heltzea: hilabete dugu lantzeko eta orduan ikusiko da talde bakoitzaren posizioa zein den. Gure proposamen testua ez da definitiboa, gainerako talde parlamentarioekin landu behar dugu, eta nik uste dut aurki dezakegula modu bat zuk proposatutako hiru puntu horiek txertatzeko".

Juan Carlos Ramírez Escudero, Eusko Abertzaleak:

"Legebiltzarrak jada salatu izan du lege hau, eta solidarizatu behar dugu Axier Lopezekin. 1966ko Fragaren legeak ere zapaltzen zuen kazetaritzarako eskubidea. 50 urte beranduago beste lege honek ere zapaltzen ditu herritarren eskubideak, eta dagoeneko ez gaude diktaduran. Herritar libreen alde gaude, zer medio jarraitu libreki hautatuko dituztenak. Guk ere uste dugu proposatzen dituzuen hiru proposamenak txertatu daitezkeela EH Bilduk egindako legez besteko proposamenarekin".

Axier Lopezek, hitza hartzeko bigarren txandan, eskaera zehaztu du: Mozal Legea herritarren eskubideak mugatzen dituen kasuetan ez betetzeko:

"Mila esker. Gainerako agerraldi publikoetan bezala, hemen ere aurkitu duguna izan da legearekiko erabateko aurkakotasuna dagoela. Eskatzen dugun hirugarren puntua da betetzen zailena, bitxia ere iruditu liteke legea ez aplikatzea legea egiten den lekuan, baina lege hau beste leku batean sortu da eta han konpondu beharko dute egindako kaltea. Isuna jaso nuen egunean Madrilen oposizio guztia bilduta zegoen legez besteko proposamen bat egiteko. Baina bitxia da ikustea gehiengoak izatea ez dela nahikoa legeak egiteko, eta gaia ez badago pil-pilean kalean, arriskua dago gai hau ere aliantzak egiteko eta abar trukerako gai bihurtzeko. Larritasun handiko gaia denez, eztabaida kalean egotea beharrezkoa ikusten dugu, denak hitzez ados egonda ere, praktikan ahaztuta ez geratzeko, beste interes batzuek tartean sartzen direnean.

3.900 aplikaziotik gora eman dira EAEn eta herena drogekin lotuta izan dira, edo piroteknia kontuetan. Ez aplikatzeko eskatzen dugunean ez gara esaten ari legeko ezer ez betetzeko, baizik, herritarren eskubideak mugatzen dituen kasuetan ez betetzeko.

Poliziei irizpideak ematea ere beharrezkoa da, Mozal Legearen puntuak erabili ez ditzaten. Adibidez, maiatzaren 1ean Donostian, hotel bihurtu nahi duten eraikina okupatu eta 50 lagunek antzerkia egin zuten kalean. Ertzaintza azaldu zen eta okupazioa egiten zutenengana jo beharrean, errazena egin zuten, antzerkia egiten zutenengana jo, hauek identifikatu eta esan zieten 5 minutuan desegin ezean Mozal Legea aplikatuko zutela. Gipuzkoa Zutiken barruan, 2 pertsona atxilotu zituzten lehenik eta epailearen aurrera eraman zituzten eta epaileak erabaki zuen hori ez zela okupazio ekintza bat izan. Antzeko egoerak kudeatzeko oso bi modu ezberdin dira hauek, hiri berean gertatu direnak. Sikiera justizia tartean sartzea eskatzen dugu, polizia ez dena, kalean egin duten ekintza zuzena izan den edo ez ebazteko, eskatu daitekeen gutxienekoa da.

EAEn ere gehiengo politikoa (eta beraz, hauek ordezkatzen duten gehiengo soziala) horren aurka badago, politikarien eginbeharra da lege hori ezbaian jartzea dagokien eremuan".

Hona hemen Lopezek agerraldiaren hasieran emandako azalpenak:

Lege injustua

"Lege hau herri mugimendu berriak eta beraz protesta molde berriak agertzearekin batera sortutakoa da: Etxegabetzeak, eremu publikoaren erabilpena, plazen okupazioa, skratxeak, instituzio publikoen aurreko protestak, azpiegitura handietan protestak...

Lege injustua da Giza eskubideak urratzen dituelako, eta tartean adierazpen askatasuna eta informatzeko eskubidea.

Lege injustua diogu, babesgabe uzten gaituelako eta zehaztapen faltagatik".

Babesgabetasuna 52. artikuluak jartzen du: agenteen adierazpenak nahikoa froga direla baitio, multa jartzeko. Lopezek horixe salatu zuen, epailerik gabe, babesgabe dagoela herritarra, lehenik zigorra (isuna) jasotzen duela, eta ondoren jo dezakeela lege bideetara bere burua defendatzeko.

Indefinizioaren adibideak azaldu ditu: "errespetu falta" zigortzen du legeak baina "Zer da iraina eta zer errespetu falta? ez dago batere argi, eta berau da isunen arrazoi nagusia. Adibiderako, Facebooken poliziari 'escaqueados' deitzeagatik 800 euroko isuna jaso zuen herritar batek". Edo "erakunde publikoetan herritarren ziurtasuna trabatzea" lege hausten oso larritzat hartzen da, 30.000 euro bitarteko isunez zigortzen da, baina  "Zer da hori? Udalbatza tarte batez geldiaraztea, sarreran protestatzea, oihu egitea, kalea moztea edo okupatzea, kartelak ateratzea plenoan…?".

Mozal legearen indefinizioak zera dakar: "Poliziaren interpretazioaren esku uzten du zigorra, hau da, ez dakizu zehazki zein diren legearen mugak. Espainiako poliziaren sindikatuek ere salatu dute, ez daudela gaituta nola aplikatu jakiteko".

Gure kasua

Axier Lopezek zigortutako txioak erakutsi ditu: "Hau da Naroa Ariznabarreta atxilotu zuten momentua, Eibarren. Jakina zen atxilotuko zutela, ez baitzen epaitegietara aurkeztu. Eta atxiloketa egun argiz egin zuten. Twitterrez bidalitako txioak oso sinpleak dira, bi argazkirekin: bata bere etxepean, eta bestea kotxean sartzeko momentua. Hauek dira gure delituaren arrazoiak.

Hilabetera jaso genuen jakinarazpena. Lehen paragrafoan garbi uzten du gure zigorraren arrazoia dela polizia operazio baten berri ematea baimenik gabe. Ez genekien kazetariok baimenik behar genuenik gertatzen denaren berri emateko, eta baimena zehazki nori eskatu behar zaion ere ez. Zehaztasun falta horretan, berriz ere. Isun zehatza ezartzeko 36. artikuluko 23. puntua erabiltzen dute ["Difundir imágenes o datos personales o profesionales de los agentes de Policía si pueden poner en peligro la seguridad personal o familiar del agente"]. Mozal Legeari egin zaizkion kritiken artean, puntu kritikatuenetakoa izan dena: funtzionario publikoen irudien hedapena zigortzen duena.

Helegitea jarri genuen, eta jaso dugu helegitearen erantzuna. Zehaztasun handiagoarekin erantzuten dute, eta ematen dituzten argudio nagusiak hauek dira: Euskadin indar polizialek bizi duten egoera bereziak egiten duela delitu gure argazkia. Kalean argazkirik ez egiteko seinalerik ez dagoen arren, ez duela esan nahi leku denetan argazkiak atera daitezkeenik, eta arazoa oso erraz konpontzen dela, guk geuk kotxe polizialaren matrikula ezabatuta eta aurpegiak lauso jarrita.

Zuzeneko emanaldi batean ez dakit hau teknikoki nola egin daitekeen, baina galdera da zergatik arduratu behar dugun guk diru publikoz ordaintzen dugun funtzionarioen lana egiteaz. Aurpegia ikustea nahi ez badute, aurpegia estaltzea aski dute.

Eta bestetik, argazkiak ateratzeko ez da kazetari izan beharrik, eta egun argiz kalean ezin badugu argazkirik atera poliziak tarteko daudenean, noiz atera ahalko ditugu errealitateari buruzko argazkiak Euskal Herrian?"

Babesgabetasuna azaldu zuen kasu zehatz honetan ere: "Ez da tartean epaiketarik ez epailerik egon, zigorra jaso dugu eta gero saiatu behar dugu eskubideak bermatzen bide judizialetik. Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariak jarritako isuna da (Juan Luis Herrador Gutierrez). Ez genekien politikari batek isuna jartzeko eskumena zuenik. Botere banaketa jartzen du auzitan, beraiek dira legearen bultzatzaile eta epailea, eta gogoratu behar da Gipuzkoan %5eko babesa jaso duela legea egin eta bere bidez zigortu gaituen alderdiak, Nafarroan %4 eta EAEn %11".

Kasualitate askotxo segidan

"Egunero telebista eta prentsan ikusten ditugun irudiak dira atxiloketenak". Gogora ekarri ditu Mario Conde, Rodrigo Rato eta gainerakoen atxiloketa entzutetsuak, eta Lopezek atera zituen argazkien oso antzekoak erakutsi ditu, kasu hauetan nazioartean publiko egin zirenak: "guk ateratako kasu berak dira, mundu mailan albiste izan direnak dira, ETBkoak ere bai, eta zergatik zigortzen da Argia? Agerikoa da legearen erabilera guztiz partziala dela. Hedabide txikien aurka erabiltzen dela. Kazetarien artean lehena izatea niri tokatu zait, eta hemen ere ez kasualitatez, izan ere, Iraitz Salegiren kasua publiko eginez, Mozal Legearen aurkako "Kazetaritza ez da delitua" kanpaina antolatzen aritu nintzen".

ARGIAren izaera deskribatu du, "Independentea, harreman organikorik ez duelako inolako enpresa edo alderdi politikorekin. Eta garrantzitsuena, langileok gara hedabidearen jabe, guk geuk eta ez beste inork erabakitzen dugu zertaz hitz egin. Horrelako kazetaritza egingo ez bagenu, gu izango ginen lege makur honek zigortua izaten lehenak?".

Zigorraren aurrean, hiru erabaki

Argian kolektiboki hartutako erabakiak azaldu ditu:

1.-Maila judizialean legea borrokatzea: "Abokatu talde asko jarri dira gurekin harremanetan horretan laguntzeko eta behar izanez gero Europaraino eramateko kontua. Ikusten dute judizialki legeari bere ertzak bilatu ahal zaizkiola, ez dagoela oso garbi bere aplikazioa legala ote den".

2.-Salaketa publikoa egitea eta erantzun kolektiboa ematea: "Guri jarritako zigorra 601 eurokoa da, txarrenean, ordaindu daitekeena. Baina bere burua babestuta sentitzen ez duenak, autozentsuraren beldurrean jausten da: kazetariak bi aldiz pentsatu dezake bere aurrean duenaz informatu nahi duen edo ez. Erantzun kolektiboa ematea erabaki dugu, eta beldur hori desobeditu behar dela. Inori baimenik eskatu gabe informatzen jarraitzeko, kazetaritza eta beldurra ez baitira bateragarriak. Babesa da garrantzitsuena beldurrari aurre egiteko. Erasoa ARGIA osatzen duten 26 langileri eta milaka harpidedunei egindakoa da. Baina eskubide urraketa batekin lotuta dagoenez, baita kazetari, hedabide eta herritar guztiei dagokion kontua da.

3.-Lege injustua politikariek sortutakoa bada, klase politikoak erantzun praktikoa ematea.

Atxikimendu zerrenda

"Sare sozialetan bolbora bezala zabaldu zen eta Euskal Herriko hedabide ia guztiek hortaz hitz egin zuten eta laster Estatura salto egin zuen, eta handik nazioartera: Asociated Press, New York Times, The Guardian, All Jazeera eta horren ostean kontrola galdu genuen Mexiko, Frantziako estatuan, Errusia, Grezian, Italian, Irlandan, Australia eta abar.

Estatu espainoleko kazetari elkarte guztiek, autonomiaka banatuta babesa eman digute.

Estatuko Plataforma en defensa de la libertad de información

Reporteros Sin Fronteras Estatu eta Europa mailan

Europa mailan aritzen den International Press Institute

International Freedom of Expression Exchange. Mundu mailako Gobernuz kanpoko 100 elkarte batzen dituena, adierazpen askatasunaren aldekoa.

Amnistia internazionala

Mobilizazioak egin dira

Mota guztietako herri mugimenduek (EH zein estatu mailakoak), musika taldeek eta Estatu osoko alderdi ia gehienek, PP salbu, adierazi digute babesa. Zumaia, Barakaldo eta Lasarteko udaletan mozioak onartu dira. Gipuzkoako Batzar Nagusietan gaia landu zen, Nafarroako parlamentuan…

Honekin esan nahi dudana da isun txikia izanik ere, gure kasuak agerian utzi duela Mozal Legeak duen kontrakotasuna ia ia erabatekoa dela estatuan. PP ez da agertzen edo bakar bakarrik geratzen da (hala gertatu zen Nafarroako parlamentuan)".

Erantzun politikoa emateko eskaera

"Gehiengo politikoa eta soziala kontra dagoenez, pausu bat emateko unean gaude. Lege hau politikariek sortutakoa denez, erantzun politikoa ere eman behar zaiola uste dugu. Horren adibide da, esaterako, Bartzelonan estatuko alkateak bildu izana, Mozalik Gabeko Herrien arteko elkarlana josteko, eta bertan Mozal Legeak urratzen dituen eskubideak nola bermatu aztertu dute.

Hego Euskal Herrian kontrakotasuna ia ia erabatekoa da. Nafarroako parlamentuan horixe islatu zen. Eta Gipuzkoa bilakatu da aurreko astean, Batzar Nagusietan hala erabakita, estatuko lehen Mozalik Gabeko Lurraldea. 45 batzarkideetatik 44k eman zioten proposamen honi babesa (EAJ, EH Bildu, PSOE eta Podemos alderdietako kideek).

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA mozalik gabe
2021-01-15 | ARGIA
Gasteizko Herritarren Defendatzaileak arrazoia eman dio ARGIAri: Polizia grabatzea eskubidea da

Gasteizko udaltzain batek polizia operazio baten irudiak hartzea debekatu nahi izan zion mehatxuka ARGIAko kazetari bati 2020ko maiatzaren 7an. ARGIAk salaketa aurkeztu zuen Gasteizko Herritarren Defendatzailearen aurrean. Sindikoak arrazoia eman dio ARGIAri: Polizia grabatzea... [+]


2020-06-25 | Hala Bedi | ARGIA
ARGIAk eta HALA BEDIk kexa bana aurkeztu dugu Sindikoan eta Arartekoan, Poliziaren jarrera salatzeko

Iragan maiatzaren 7an eta 8an ARGIAko eta HALA BEDIko kazetarion lana oztopatu zuen Poliziak Gasteizen, mehatxuak eta gezurrak erabilita. Bi hedabideok Ertzaintza eta Gasteizko Udaltzaingoaren jarrera salatu dugu Arartekoan eta Gasteizko Sindikoan aurkeztutako kexen bidez.


2020-05-12 | Z. Oleaga
Informazio eskubidearen aurkako erasoa
Gasteizko udaltzain batek ARGIAko kazetari bati: "Mugikorra ez erabiltzeko agintzen dizut"

Gasteizko Udaltzaingoa legea urratuz sartu zen okupatutako etxebizitza batean ostegun gauean. ARGIAko kazetari bat han zen lanean. Udaltzainetako bat, legeak dioenari muzin eginez eta gezurrak erabiliz, kazetariaren lana oztopatzen saiatu zen desalojoaren lekukotasun grafikorik... [+]


2019-11-10 | Koldo Izagirre
Astean asteko historia
2017ko martxoaren 19a

Eguneraketa berriak daude