Eusko Jaurlaritza enpresarien defentsan, ELAk prekarietatea salatzeko hasitako kanpaina dela-eta

  • Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak sindikatu abertzaleari aurpegiratu dio “pertsona zehatzen irudia kaltetzea”.


2015eko azaroaren 12an - 13:28

ELA sindikatuak “lan-prekarietatea eta miseriaren aurka” kanpaina kritikoa abiatu eta ordu gutxira lehen erreakzioa izan da, ez enpresarien elkarteengandik, Eusko Jaurlaritzarengandik baizik. Angel Toña sailburuak hitz gogorrak egin ditu sindikatuak hasitako bidearen kontra: “Ezin da jende konkretua izen abizenekin identifikatu jendarteko gaizkile bailiran, mezu horiek euren irudia kaltetzen dute”.

Kanpaina hainbat hilabetez luzatuko da. ELAk salatu nahi du “botere politiko eta ekonomikoaren apustua enpresen irabazien alde eta lan-prekarietatearen kontura”. Milaka diptiko banatuko ditu pobretzearen ondorioak azaldu eta alternatibak badaudela erakusteko. Horrez gain, enpresari eta arduradun politiko ezagunen aurpegiak dakartzan kartelak ere itsatsiko ditu poligono eta kaleetan eta Twitterren #PrekarietateariStop traola erabiltzen ari da.

Txiki Muñoz sindikatuaren idazkari nagusiak adibide zehatzak ere eman ditu kanpainaren aurkezpenean. Bere esanetan Confebaskeko presidente Roberto Larrañagak Zikotz S.A. bere eraikuntza enpresan azpi-kontraten sare bat sortu du eta “egunean hamaika ordu eta ordua 5 eurotan” lan egiten dute bertan.

Hain justu, kartel eta adierazpen horien harira egin dio kritika Toñak Muñozi eta “esaten dugunaren erantzule” izateko eskatu dio. Sailburuak elkartasuna adierazi dio Confebask patronaleko buruari telefono bidez.

ELAk berehala erantzun du, esanez “deskribapen hutsa” baino ez duela egin: “Guk lotsagarria beste zerbaiti deritzogu, erakunde askok ugazaba askori eskaintzen dieten normaltasun argazkiari, jakinik hauek langile askoren beldur eta ahuleziaz baliatzen direla miseria eta esplotazioa inposatzeko”.

 

Bestalde, Confebaskeko presidente Roberto Larrañagak Ser irratian egindako elkarrizketan esan du ELAk enpresariei “pirata” deitzea “zorakeria” dela errealitatearen aurrean.

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prekarietatea
Mutualitateek osasuna negozio bihurtu dutela salatu dute

Gizartea kontzientziatzeko eta informatzeko kanpaina bat abiatu dute LAB, CGT, STEILAS, ESK, CNT eta LSB-USO sindikatuek, Nafarroako Osasun Plataformak eta Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak.


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


Arrasaten zama gainera erori zitzaion garraiolaria hil da: "Lan istripuen gorakada gogorra jasaten ari gara"

LABek jakinarazi duenez, martxoaren 14an materiala garraiatzen ari zela zama gainera erori ondoren larri zauritutako langilea zendu da asteartean. Jadanik hamazortzi lagun dira urtea hasi zenetik lanean hildakoak, sindikatuaren arabera, eta lan istripuen "gorakada... [+]


2024-03-14 | Gedar
Mercadonak %40 areagotu ditu irabaziak, eta %30 Inditexek

Marka historikoak hautsi dituzte bi enpresek 2023an: Mercadonak lehen aldiz lortu du 1.000 milioi euroko irabaziak gainditzea.


Eguneraketa berriak daude