Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak sindikatu abertzaleari aurpegiratu dio “pertsona zehatzen irudia kaltetzea”.
ELA sindikatuak “lan-prekarietatea eta miseriaren aurka” kanpaina kritikoa abiatu eta ordu gutxira lehen erreakzioa izan da, ez enpresarien elkarteengandik, Eusko Jaurlaritzarengandik baizik. Angel Toña sailburuak hitz gogorrak egin ditu sindikatuak hasitako bidearen kontra: “Ezin da jende konkretua izen abizenekin identifikatu jendarteko gaizkile bailiran, mezu horiek euren irudia kaltetzen dute”.
Kanpaina hainbat hilabetez luzatuko da. ELAk salatu nahi du “botere politiko eta ekonomikoaren apustua enpresen irabazien alde eta lan-prekarietatearen kontura”. Milaka diptiko banatuko ditu pobretzearen ondorioak azaldu eta alternatibak badaudela erakusteko. Horrez gain, enpresari eta arduradun politiko ezagunen aurpegiak dakartzan kartelak ere itsatsiko ditu poligono eta kaleetan eta Twitterren #PrekarietateariStop traola erabiltzen ari da.
Txiki Muñoz sindikatuaren idazkari nagusiak adibide zehatzak ere eman ditu kanpainaren aurkezpenean. Bere esanetan Confebaskeko presidente Roberto Larrañagak Zikotz S.A. bere eraikuntza enpresan azpi-kontraten sare bat sortu du eta “egunean hamaika ordu eta ordua 5 eurotan” lan egiten dute bertan.
Hain justu, kartel eta adierazpen horien harira egin dio kritika Toñak Muñozi eta “esaten dugunaren erantzule” izateko eskatu dio. Sailburuak elkartasuna adierazi dio Confebask patronaleko buruari telefono bidez.
ELAk berehala erantzun du, esanez “deskribapen hutsa” baino ez duela egin: “Guk lotsagarria beste zerbaiti deritzogu, erakunde askok ugazaba askori eskaintzen dieten normaltasun argazkiari, jakinik hauek langile askoren beldur eta ahuleziaz baliatzen direla miseria eta esplotazioa inposatzeko”.
Abiatu berri dugun kanpainaren aurka dago @EuskoJaurlaritz . Toñaren hitzei erantzun diegu https://t.co/IdE56oBQ9R #PrekarietateariSTOP
— PrekarietateariSTOP! (@prekariatua) November 11, 2015
Bestalde, Confebaskeko presidente Roberto Larrañagak Ser irratian egindako elkarrizketan esan du ELAk enpresariei “pirata” deitzea “zorakeria” dela errealitatearen aurrean.