Bizkaiera lehenesteko erabakia bertan behera uzteko eskatu die EIZIEk Bizkaiko Batzar Nagusiei

  • Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) ohar baten bidez adierazi du elkarteko bazkideen artean “ezin ulertua” eragin duela Bizkaiko Batzar Nagusiek bizkaiera lehenesteko hartutako erabakiak.

Bizkaiko Batzar Nagusiak 2011ko irudi batean (argazkia: Theklan / CC-by-sa).

2017ko otsailaren 23an - 10:15

Urtarrilaren amaieran argitaratu zen Bizkaiko Batzar Nagusietako lan saioak, argitalpenak eta bestelako dokumentuak transkribatzeko zerbitzuaren lizitazio-iragarkia, eta baldintzen artean, testuen itzulpena bizkaieraz egin dadila agintzen du.

EIZIEk zenbait arrazoi jarri ditu mahai gainean irizpide horren egokitasuna zalantzan jarriz. “Gaur egun administrazio-hizkera bateratzeko egiten ari den ahaleginaren aurkakoa da”, elkartearen arabera.

Gainera, “euskal unibertsitateetan ez dago itzulpengintza-ikasketa arauturik hizkuntza-eredu horretarako” eta kontuan izan behar da, elkartearen ustez, “itzultzaileei Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoko C1 maila eskatzen zaiela lehiaketan eta ez dagoela halako egiaztagiririk bizkaierarako”.

Erabakia berrikusteko garaia

“Bizkaiko euskalgintzak aspaldi proposatu zuen euskararen irakaskuntza bizkaieratik abiatzea batura heltzeko bidea errazteko. Bide hori eginda dago, eta, beraz, gure ustean, duela hogeita hamar urte harturiko erabakiak berrikusteko garaian daude Batzar Nagusiak”, azaldu dute oharrean.

Batua eta bizkaiera beharrezkoak direla uste du EIZIEk, baina bakoitzari zein eremu dagokion gogora ekarri du Euskaltzaindiaren 137. arauan oinarrituta –horren arabera, administrazio orokorrean batua erabili behar da–.

“Ez dago dudarik Bizkaiko Batzar Nagusiak administrazio orokorraren mailan daudela, Bizkaiko herritarren ordezkari diren aldetik. Ez dago zalantzan jartzerik bizkaiera aintzat hartu beharrekoa denik, jakina, baina Bizkaiko euskaldun guztientzat ari den erakunde batek lehentasuna eman behar lioke euskara batuari, Akademiak onetsitako estandarrari. Besterik da euskara batu horrek zuztar luzeak eduki behar dituela bizkai-euskaran”, azaldu du itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen elkarteak.

Lizitazioa bertan behera uzteko eskaria

Aferak agerian uzten du, EIZIEren ustez, "itzulpengintza-politika bateratu baten premia gorria".

Nolanahi, batuari "dagokion tratamendua" emateko eskatu du elkarteak eta horrenbestez, bertan behera utz dezala urtarrila amaieran publiko egindako lehiaketa publikoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Europar Batasunean euskara, katalana eta galiziera ofizialtzearen erabakia atzeratu dute, eta Espainiako Kongresuan hasi dira erabiltzen

Euskalgintzaren Kontseiluak "atsekabez" hartu du berria, baina atzerapenaren ostean onartuko duten esperantza du. Bestalde, gaurtik aurrera hizkuntza horiek erabili ahal izango dira Espainiako Kongresuan. Kontseiluak kezkaz hartu du euskal alderdietako politikariek... [+]


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Andorrak gutxieneko katalan maila eskatuko du bertan bizitzeko

Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.


Euskara, ofiziala Europan eta Nafarroan ez?

Ostegunean jakin genuen: Espainiako Gobernuak eskatu du galiziera, euskara eta katalana hizkuntza ofizialak izan daitezela Europako erakundeetan. Zergatik? Kataluniako alderdi politikoek behartu dute horretara, negoziazioetan.


Kontseilua: "Nafarroako Gobernu akordioa atzerapausoa da euskarari dagokionez"

Atzerapausoa. Horrela baloratzen du Euskalgintzaren Kontseiluak, hizkuntza auziari eta euskararen sustapenari dagokionez, Nafarroako Gobernu berria eratuko duten alderdi politikoek sinatu duten 2023-2027 legegintzaldirako akordio programatikoa.


Eguneraketa berriak daude