Azken erromesaldia

  • Abenduaren 17an BECen jokatu zen Txapelketa Nagusiko finalaren kronika. Sailkapen taulak hau esan zuen: Maialen Lujanbio txapeldun 1.756 punturekin. Aitor Mendiluze bigarren, buruz burukoa Lujanbiorekin eginda, 1.680,5 punturekin. Hirugarren Sustrai Colina 1.137,5 punturekin (buruz burukoa jokatzetik puntu erdira geratu zen). Amets Arzallus (1.136), Igor Elortza (1.124), Aitor Sarriegi (1.107,5), Beñat Gaztelumendi (1.076,5) eta Unai Agirre (1.072,5).


2017ko abenduaren 18an - 11:06
Argazkia: Dani Blanco.

Euskaldun Zintzoaren erromesaldiak puska baterako amaitu diren honetan, batek ja ez daki zer egin barruan sentitzen duen hutsunearekin, zerekin ordezkatu txapelketak hiru hilabetez betetako asti guztia, zerekin entretenitu, ze iraultzatan izena eman. Ze batzuetan herri honetan denak dirudi estrategikoki agendan paratua. Batzuetan batek nabari du ezkutuko esku bat, zer, noiz eta nola ospatu diktatzen duena, eta otutzen zaio agian ebentogintza izan dela euskal zeraren jokaldirik burutsuena, beste guztiari eusten dion pilare zentrala. Indarge eta erkin sentitzen zarelarik, zast, hor sartzen dizute bozkario txute neurtu bat biharamunean babak eltzeratzen segitzeko adorea bil dezazun. Ezer izatekotan, tenplu bat baita BEC, katarsi kolektiborako adorazio gune bat, bertsolariak Errege Magoak nola aretoan sartzen direnetik txapeldunaren agurrera arte. Txapelketak bere-berea duen parafernaliak goia jotzen du, oholtzako jarduna ezinbestean baldintzatuz. Panorama horretan, ez da lantegi erraza izaten lastoa eta alea bereiztea, denak baitirudi mikrotik botatzen dena goragotzeko prestatua.

Gazi-gozo joan da goizeko saioa, hala eta ere. Une indartsuren bat edo beste bai, baina lehertu ezinik, eta entzuleen ahotan sentsazio bat: Lujanbio dabilela nabarmen goitik, eta haren segidan tropel berdindua: Mendiluze, Colina, Arzallus, Sarriegi eta Elortza. Baina gidoia ez da betetzen ari, artean ez baita jazo finalari kosta ala kosta exijitzen zaionik: barre lodi eginaraziko duen ofizioren bat, eskuak ubeltzerainoko bakarkako bat. Lan onak bai, izan dira, baina langaz gain-gaindikorik apenas –Lujanbioren kartzelakoa, izatekotan–.

Besterik izan da arratsaldean. Puntukako ariketan berotu da giroa, batez ere Elortzaren eta Colinaren artekoan (jatetxe batean zita egin duen bikotea, ingurura begiratu eta dena ezagunez josita), eta baita Arzallusek eta Agirrek egindakoan ere (telebistako makillatzaileak, beren eskuetatik igaro behar dutenen zain). Seiko motzean, aldiz, saioak behera egin duela iruditu zait, gaiengatik gehiago bertsolarien jardunagatik baino. Gai sozialak nagusitu dira, bertsolariak gizarteari buruzko onkeriazko gogoetak egitera bultzatzen zituztenak, moralki hautu zuzena hartuz amaitzeko. Bakarkakoan, azkenik, ale onak izan dira, oro har. Buruz burukora nor igaroko, hor izan da eguneko tentsio unerik handiena, Lujanbio denek seguru jo arren, bigarren posturako kinieletan izen dantza pixka bat bai baita. Behin bigarrena Mendiluze dela jakinik –Colinarekiko puntu erdira, Arzallusekiko bi puntura–, inor gutxi harritu du amaierako emaitzak, Mendiluze sendo baten aurrean, gero eta lasaiago, hazten jarraitu baitu Lujanbiok, azken kartzelakoan, prostituta baten ahotik kantatuz, goia jo arte.

Bada saio osoan zehar burutik kendu ezin izan dudan inpresio bat: nola BEC-en gorpuzten den, beste inon ez bezala, euskal komunitatearen balioen kodea. Ez da beste espaziorik, euskaraz, halako masa elkartzen duenik, unean-uneko gai batzuen bueltan, giro solemne horretan. Oholtzako gai guztietan, Agirrek Puigdemonten ahotik kantatu duenean entzule batzuek botatako independentziaren aldeko oihuetan, esteladetan, ikurrinetan, txaloetan, puntuetan… toki eta une horretan inon ez bezala kontsentsuatzen dira euskal komunitatearen zutabe moralak. Eta komunitate orok autoafirmazio uneak behar dituen arren, faltan sumatu ditut arrakala gehixeago kontsentsu horretan, norbere burua aho batez berrestea baino interesgarriagoa baita norbere ziurtasunak zalantzan jartzea, tarteka bederen.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#3
Estitxu Eizagirre
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari txapelketa 2017
Beltza nagusi

Begirazun zorrotzez ebaki zuen hitz bakoitza Maialen Lujanbiok, eta larrurik beltzenei jarri zien ahotsa euskal plaza entzutetsuenean: amabakarra, prostituta, yonkia izatea hautatu zuen eta subjektu hauen bizitzetara eraman gintuen, erru, erruki zein epai moraletatik urrun... [+]


2017-12-24 | Kattalin Miner
Bazterren aroa, behingoz

Oraindik BECekoa liseritu baino, irentsi beharrean nago. Zer nolako finala eman digun zortzikoteak! Hasi eta buka. Bejondeizuela eta eskerrik asko, egun paregabea biziarazi diguzue!

Beraz bai, pozik nago, oso pozik txapelketak utzitako gazi-gozoak kendu ditudalako... [+]


2017-12-18 | Dani Blanco
Finaleko argazki galeria

Abenduaren 17an Barakaldoko BECen jokatu zen finala, Dani Blancoren iruditan.


2017-12-18 | Kattalin Miner
Bazterren aroa, behingoz

Abenduaren 17an BECen jokatu zen Txapelketa Nagusiko finalaren kronika. Sailkapen taulak hau esan zuen: Maialen Lujanbio txapeldun 1.756 punturekin. Aitor Mendiluze bigarren, buruz burukoa Lujanbiorekin eginda, 1.680,5 punturekin. Hirugarren Sustrai Colina 1.137,5 punturekin... [+]


Eguneraketa berriak daude