Dominak debalde

  • Azaroaren 26an Donibane Lohizunen jokatutako finalaurrekoaren kronika. Saioaren sailkapenak hau dio: Igor Elortza (710 puntu), Maialen Lujanbio (707,5), Julio Soto (671), Jone Uria (668,5), Agin Laburu (634,5) eta Iñaki Apalategi (633,5).


2017ko azaroaren 27an - 11:43

Bigarren itzuliak ez du alferrik izen hori. Donibane Lohizuneko Jai Alaiko giroari erreparatzea aski zen ohartzeko oholtza gainean ez zela inor zerotik hasiko, lehendik egindakoaren motxilak inoiz baino gehiago pisatzen zuen han –esaterako, Agin Laburu, keinu umoretsuz, kamiseta arrosarekin taularatu da; edo Maialen Lujanbio kartzelan hastera zihoala, harmailak pronto ziren, Irungoa gogoan, esku-zartara entregatzeko–. Oraingoan ez da, ziur asko, une gogoangarririk izan, baina maila handiko saioa joan da, bertsolari guztiek utzi dituzte ale onak han-hemen.

Maialen Lujanbio astinaldi izugarririk eragin gabe, baina oso goian, hasi eta buka; Igor Elortza borobil eta erregular, ofizioetan koska ateraz –hamarreko txikian batez ere–; Jone Uria asmotsu eta bizi, zortziko txikian eztenkada ederrak botaz; Julio Soto indartsu hasieran, itzaliago amaieran; Iñaki Apalategi gorabeheratsuago, ihes egindako puntu batzuekin, baina baita indartsu asko jotakoekin ere; azkenik, Agin Laburuk izan ditu egun hobeak, baina jasotakoak baino zakukada bat gehiago puntu espero genuen harentzat batzuek –lehen hiru ariketetakoei begiratuta, batez ere–.

Eman didate zer pentsatua entzuleen artean sumatu ditudan hiruzpalau zurrumurrualdiek, Lujanbiok eta Apalategik poto egin ote dutela eta. Denoi gustatzen zaigu bertso batean poto bat detektatzen duguneko satisfakzio momentu hori, baina irudipena daukat neurriz gain puzten ote dugun. Poto eginez gero, akabo, bertsoa zerokoa bihurtzen da supituan. Aldiz, puskaz barkaberagoak gara, potorik egin ez arren –are, sarri potoa saihestu asmoz– kaltzadorearekin sartutako errimadun bertso-lerroekin. Eta askoz okerragoak izaten dira horiek gehienetan.

Arratsaldeko unerik bizienak sortu dira bertsolariek gaitik harago jauzi egin eta “hemen eta orain” gertatzen ari zenari erreferentzia egiten asmatu dutenean, dela aurreko ofizioetan gertatutakoei keinu eginez –Laburuk eta Uriak puntukakoan egin bezala, adibidez–, dela albokoaren momentuko itxurari keinu eginez –Lujanbiok Apalategiren alkandora aipatu duenean, esaterako–. Batez ere, pertsonaia atzean utzi eta pertsona agertu den uneetan jo du goia saioak, erakutsiz bertsolaritzaren kodean fikzioa abiapuntu dela asko jota, ahal dela transzenditu beharreko zerbait.

Kartzelako ariketak eman ditu, ohi duenez, analisirako osagai gehien. “Gezurra esan duzu, baina merezi izan du”, zuten gaitzat, eta hiru bide desberdin hautatu dituzte bertsolariek:

a)    Gezurra esatea norbere interesen alde.

b)    Gezurra esatea kausa on baten alde.

d)    Gezurra esatea norbere interesak tarteko diren kausa on baten alde.

Bereziki eskertu ditut Uriaren eta Apalategiren –kurioski, ariketa horretan puntu gutxien jaso dituztenak– abiapuntuak, moralki hautu ez-zuzena hartzen duten pertsonaia bana sortuz –bata irakaslearen zigorretik bere zilborra salbatu nahi duen ikaslea, eta bestea Frantziako Tourra dopatuta irabaztera doan txirrindularia–. Gainontzekoek moralki hautu zuzena egin dute, eta, jakina denez, halakoetan arrisku handi bat izaten da: dominakerian erortzekoa. Ateratzen dira heroiak, justizieroak, eta diskurtso autokonplazienteak. Eta zalantza handiak ditut, hiru bertsoak bikain josi arren, puntu asko eman dakizkiokeen funtsean norbera zein eredugarria den esaten amaitzen duen pertsonaia batetik kantatzeari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari txapelketa 2017
2017-12-24 | Kattalin Miner
Bazterren aroa, behingoz

Oraindik BECekoa liseritu baino, irentsi beharrean nago. Zer nolako finala eman digun zortzikoteak! Hasi eta buka. Bejondeizuela eta eskerrik asko, egun paregabea biziarazi diguzue!

Beraz bai, pozik nago, oso pozik txapelketak utzitako gazi-gozoak kendu ditudalako... [+]


Beltza nagusi

Begirazun zorrotzez ebaki zuen hitz bakoitza Maialen Lujanbiok, eta larrurik beltzenei jarri zien ahotsa euskal plaza entzutetsuenean: amabakarra, prostituta, yonkia izatea hautatu zuen eta subjektu hauen bizitzetara eraman gintuen, erru, erruki zein epai moraletatik urrun... [+]


2017-12-18 | Dani Blanco
Finaleko argazki galeria

Abenduaren 17an Barakaldoko BECen jokatu zen finala, Dani Blancoren iruditan.


Eguneraketa berriak daude