Apartamentu turistikoak legez arautuko ditu Iruñeko Udalak

  • Pisu turistikoek lehen solairuan egon beharko lukete, eta haien arteko gutxieneko distantzia bat ezarriko litzateke. Iruñean legez kanpoko 227 apartamentu turistiko atzeman dituzte, eta horietan 790 lagunentzako plazak eskaintzen dituzte.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko urtarrilaren 11n - 08:04
Gazteluko plaza, Iruñeko 'egon gela' (Argazkia: pamplona.es)

Iruñeko Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorrak apartamentu turistikoaren figura arautzeko proposamena aurkeztu du Hirigintza Kontseiluan.  Alorreko buru Joxe Abaurreak azaldu duenez, helburu nagusia balizko saturazioa ekiditea da.

Proposamenak hiru zutabe ditu. Lehena, Plangintza Orokorrean pisuok “behin-behineko etxebizitza erabileraren” barruan sartzea, hotelekin eta ostatuekin batera. Bigarrena, hiri osoan homologatzea halako apartamentuak zabaltzeko bete beharreko baldintzak, eta horien artean bat izatea lehen solairuan egon behar izatea. Eta hirugarrena, Alde Zaharrean gutxieneko distantzia bat ezartzea osoki pisu turistikoz osaturiko eraikinen artean.

Proposamenaren sorburua, Iruñeko Turismo Plan Estrategikoa 2017-2019. EGitasmo horrek finkatzen dituen ardatzen artean bat, turismoaren “jasangarritasuna bermatzea, ingurumen, ekonomia eta gizarte irizpideen arabera, eta bisitarien, industriaren, inguruaren, eta auzokideen beharrak asetzea”.

Iruñean legez kanpoko 227 apartamentu turistiko atzeman dituzte, eta horietan 790 lagunentzako plazak eskaintzen dituzte. Legearen barruan, Iruñean orotara 149 apartamentu turistiko daude, eta 939 plaza. Alde Zaharrean, 165,6 plaza turistiko daude, 1.000 biztanleko.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Turismo masiboa
25 lagunetara murriztuko dute turista taldeetako gehieneko pertsona kopurua Donostian

Donostia Turismoak apirilaren 10etik aurrera jarriko du neurria indarrean, eta derrigorrez bete beharko da, bestela isunekin zigortuko dutelako gidari turistikoa.


Lau donostiarretatik hiruk uste dute turismoak kalte “handia” egiten diela

Turismoari buruzko pertzepzioaz galdetu die EHUk donostiarrei, eta ondorioztatu du herritarren erdiak baino gehiagok “frustrazioa” sentitzen duela. Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu dute ikerketa.


Pisu turistikoak debekatu ditzakete bizilagunek, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duenez

Donostiako eta Oviedoko bi eraikinetan izandako arazoak direla eta, epaileek auzokoen erkidegoen esku utzi du pisu turistikoak debekatzea. Hala ere, beharrezkoa izango da debekua eraikineko etxebizitzen-estatutuan jasota egotea.


Tasa turistikoa aplikatzeko lehen urratsak ematen ari da Jaurlaritza

Estatu mailan tasa turistikoa erkidego gutxik jarri badute ere indarrean, mundu mailan dagoeneko 137 hiri turistikotan kobratzen dute zerga hori.


Turistifikazioaren aurkako manifestazio jendetsua egin dute Donostian

Hiritarrek salatu dute turismo jarduerak hirian “gehiegizko bolumena eta pisua” hartu duela. Halaber, egoera “desazkunde turistikorantz” bideratzea aldarrikatu dute, “kalteak handitzea eta iraunkortzea” ekiditeko.


Eguneraketa berriak daude