Agur eta ohore adierazpen askatasuna

  • Adierazpen askatasunaren mugei buruzko eztabaida gosea baino zaharragoa da. Ezin konta ahala iritzi daude, gaia filosofiaren mailaraino eramanez. Espainiako erregimenean, ordea, ez dago zalantzarako tarterik. PPren eskutik, arauz –Mozal Legeak– eta epaiz josten ari da autozentsura ideologikoa. Gurpil errepresiboaren azken itzuliak Andeka Jurado harrapatu du: Twitterren bertxiotzeagatik lehen zigortua da.

Axier Lopez @axierL
2017ko azaroaren 28a
Andeka Juradoren sarekada berean atxilotu zituzten kartzelan hilabete bete duen Alfredo Ramirez, lehen txiolari presoa, eta hiru epaiketa aurretik dituen La Haineko kazetari Jorge Correa “Boro”, besteak beste.

2014ko apiriletik 2016ko apirilera egindako lau atxiloketa saiok osatzen dute Armiarma operazioa; orotara, 77 lagun Twitter eta Facebooken terrorismoa goratzea leporatuta. Denak ezkertiarrak eta asko euskal herritarrak dira. 33 urteko Andeka Jurado barakaldarra sarekada horretan atxilotu zuten 2015eko maiatzean. 2016an Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarri zion 18 hilabeteko espetxe zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa berretsi du orain Auzitegi Gorenak. Eta beraz, norberak sortu ez duen mezu bat zabaltzeagatik espetxera joan daitekeen lehen pertsona da. PPren gehiengo absolutuaren osteko garaiotan, aurrekari juridikorik ez duen kasu honek ederki erakusten du adierazpen askatasunaren mugak non dauden: zigor epaitegietan.

Bi bertxio, txio bat eta bideo bat

Kartel hau txiokatzeagatik zigortu dute Jurado.

“Zigortu naute lau txio zabaltzeagatik eta horietan nik idatzitako bakarra ‘Agur eta ohore Iosu’ izan da. Lau hitz horiengatik urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri didate”. Andeka Juradok aipatzen dituen txio horiek 2015eko urtarrilean zabaldu zituen, Iosu Uribetxebarria preso gaixoaren heriotzaren testuinguruan. ETAko kide ohiari Arrasaten egin zioten omenaldia publikoa eta legezkoa izan zen eta arazorik gabe burutu zuten lagun eta senideek. Halere, omenaldi horren irudi batekin, Uribetxebarriaren aurpegiarekin eta “agur eta ohore” leloarekin osatutako kartel bat partekatzea –Amnistia ta Askatasuna taldeak egindakoa– izan da Jurado zigortzeko arrazoia.

“Terrorismoa goratu ez zuen ekitaldi baten kartela bertxiotzea terrorismoa goratzea bilakatu dute”, dio haserre Juradok. Twitterren aritzen den edonork badaki bertxiotzeak ez duela, berez, mezu horrekiko aldekotasun edo kontrakotasunik adierazten, zabaldu egiten duzula esan nahi du bakarrik, zernahi dela helburua. Halere, Juradok, argi eta garbi adierazi zion epaileari, baietz, nahita zabaldu zuela kartel hori. “Iosu agurtu nuen Twitterrez nire kidea izan zelako; biok kartzelan ginela, biok ginelako Euskal Preso Politikoen Kolektiboan. Joaten diren pertsonei agur eta ohore esatea erabat normala da Euskal Herrian, baina Madrilen hori perbertitu egin dute”.

Txioekin batera, Youtuben 2007tik ikusgai dagoen “Euskal Herria Resistance” bideoa zabaltzeagatik ere zigortu dute Jurado. Euskal Herriko eta Irlandako gatazka armatuen eta kale borroken irudien bilduma da. “Gure herriko historiaren gertakizunak dira horiek denak, nik ez ditut igo eta eskubide osoa daukat horiek zabaltzeko, Twitterren beste erabiltzaile askok egin duten gisan”, kexu da Jurado. Beldurra eta autozentsura hedatzea dutela helburu azpimarratu du, eta epaiketan agerian geratu zela: “Umeen pornografiari buruzko bideo bat sareratuz gero, bideogilea epaitzearekin batera, zer da epaileak eskatzen duen lehen gauza? Delitua, bideoa, saretik ezabatzea. Bada, nire kasuan, delitutzat jo dituzten bideoak eta hiru txioak ezabatzeko agindurik ez dago, egun edozeinek ikus eta bertxio ditzake. Argi utzi dute bilatzen dutena”.

Epaiak dio mota horretako edukiak zabaltzeak eragin dezakeen mina saihesteko zigortu dutela. Halere, beste zerbait pentsatzeko zenbait datu ere badaude: txio horiek zabaldu zituenean Juradok 120 jarraitzaile zituen Twitterren eta egun 2.500, Juradoren atxiloketaren harira “Agur eta ohore Iosu” mezuak errepikatu ziren eta “Euskal Herria Resistance” bideoak 25.000 ikustaldi dauzka orain. Juradoren mezuen hedatzea galarazteko asmoz agindutakoa bada zigorra, helburua ez duela lortu dirudi. Horrez gain, ezarri duen aurrekari penalak espetxeko ateak ireki dizkio sare sozialetako milaka eta milaka erabiltzeri.

Almeida abokatu talde espainiar ezagunak horrela laburbildu du Juradori ezarritako zigorra: “Txio batengatik norbait zigortzea, intentzionalitatea kontuan hartu gabe eskubide penalari iseka egitea da. Bertxio batengatik zigortzea inteligentzia iraintzea da”.

Andeka Juradok ez dio Twitterren idazteari utzi bere kontuan: @berrirohemen

Kontrola sare sozialetan?

“Nik ez ditut defendatuko faxismoa edo matxismoa, baina haien iritzi nazkagarriak esateagatik ez dut inor espetxera bidaltzea nahi, borroka ideologikoaren bitartez garaitu nahi ditut, ez epaitegietan”, dio Juradok. Muga bakarra mehatxua dela dio eta, hortik aurrera, edozer esatea libre da; “ez bazaizu gustatzen, emaiozu buelta dialektikoki”.

Euskal gatazkarekin lotutako kasuak askotan baliatu ditu Espainiako erregimenak eskubide murrizketak gizartearen aurrean justifikatzeko. Juradok argi du hori ez dela kasualitatea gaur egun ere. “Armiarma operazioan atxilotutako asko ezkerreko militanteak dira eta kalean Poliziaren jazarpena agerikoa da zenbait esparru politikoren aurka; sare sozialetako jarduna aitzakia baino ez da pertsona batzuk zigortzeko”. Horretarako, barakaldarraren ustez, “dena da ETA teoria ondo datorkie, adierazpen askatasunaren aurkako astakeria hauek justifikatzen saiatzeko”. Atxilotu aurretik Poliziaren jarraipenak izan zituela salatu du eta bere jardun militantearekin lotu du, “ez dut uste inor jarraituko dutenik 120 jarraitzaileko Twitter kontu batean idazteagatik”.

Halere, euskaldunak ez garela bakarrak azpimarratu du, Estatuko beste pertsona batzuen egoera gogoan izan du. “Adibidez, hor dugu Pablo Hasel rap kantaria, urte luzez, nola edo hala, espetxeratu nahi dutena edo hiru urteko espetxe zigorra ezarri dioten Valtonic, abesti batean Espainiako erregea iraindu duelakoan. Kristorena da egiten ari direna”.

Autozentsura

Askotan esan diote ea zergatik ez duen Twitterra ixten. “Jarraitzen ditudan txiolari asko giltzarrapoa jarri diote beren kontuei eta zenbat dira ‘bidali’ sakatu aurretik mezu bat ezabatu dugunok badaezpada ere”. Beste auzipetu batzuek ez bezala, Juradok aktibo jarraitzen du Twitterren, isilduz gero, bere iritziz, Erregimenari garaipen moduko bat ematea litzatekelako. “Askotan sare sozialek ez dute ezertarako balio, sarri eztabaida antzuetan denbora galtzea da. Baina beste alde on bat daukate: gure inguruan gertatzen dena hedatzeko oso tresna onak dira, eta, hartara, masa-hedabideei boterea kentzeko baliagarrik dira”.

Auzitegi Nazionalaren zain

Juradok aurrekaririk ez badu ere, espetxeratzeko eskatu du fiskalak. Orain Auzitegi Nazionaleko epailearen esku dago erabakia.

Kasua Epaitegi Konstituzionalera eramango dute eta hortik Estrasburgora. Halere, ez du fede handirik bide horretan. “Konstituzionala PP da eta egungo Europa, eskubideak babesten baino horiek urratzen da txapeldun”. Salaketa ekimen ororen aurrean eskertuta azaldu da Jurado, baina “biktimismoan erori gabe”, egoeraren gordina ohartaraziz amaitu du elkarrizketa. “Espetxe barruan aurkituko dudanak ez nau beldurtzen, kanpoan geratuko denak kezkatzen nau, gehien bat familiaren egoerak: lau hilabeteko eta bi urte eta erdiko gure bi semeak aita barik”.

Kanal hauetan artxibatua: Adierazpen askatasuna  |  Twitter  |  Barakaldo  |  Epaiketak

Adierazpen askatasuna kanaletik interesatuko zaizu...
2017-12-11 | Baleike
Adierazpen askatasunaren mugei buruzko eztabaida Gipuzkoako Batzar Nagusietara eraman du Kalea Guztiona Da-k

Gipuzkoako Batzar Nagusietaraino iritsi da Zumaian kartel, pankarta, hormairudi eta abarren inguruan dagoen eztabaida. Kalea Guztiona Da kolektiboak izan zuen agerraldia egiteko aukera azaroaren 29an, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Batzordean. Azalpenak eman ondoren, alderdien galderak eta iritziak jaso zituzten. Adierazpen askatasunaren mugen inguruko eztabaida aberasgarria osatu zuten denen artean. Hona ekarri ditugun hiru bideoetan daukazue saioak eman zuena.


2017-12-06 | Andoni Mikelarena
Hamabi raperori bina urte eta egun bateko kartzela zigorra ezarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak

La Insurgencia kolektiboko kideak dira hamabi raperoak. Euren abestietan “terrorismoari gorazarre” egiteagatik zigortu ditu auzitegiak. Errekurtsoa jarriko dute Auzitegi Gorenean.


2017-11-29 | Miren Osa Galdona
930 kazetari hil dituzte hamar urtean munduan

2006tik 2016ra bitartean 930 kazetari hil dituzte mundu mailan Unescoren arabera. Bataz beste, astero bi kazetari hiltzen dituzte adierazpen askatasunaren aurkako indarkeriaren ondorioz. Hilketa gehienak ez dira ikertzen eta hamar kasutatik bat baino ez da iristen epaitegietara.


2017-11-29 | ARGIA
Blogari bat espetxeratu dute Vietnamen, istripu kimiko baten berri emateagatik

22 urteko blogari bati zazpi urteko espetxe zigorra jarri diote iaz Vietnamgo kostaldea kutsatu zuen ihes kimiko baten berri emateagatik, Democracy Now-k jaso duenez.


2017-11-24 | ARGIA
Pertsona bat atxilotu dute Bartzelonan Maza fiskal ohiaren heriotzaren harira idatzitako txioengatik

Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak zabaldu berria, twitter bidez. Bartzelonan herritar bat atxilotu dute José Manuel Maza Espainiako Fiskal nagusiaren heriotza "ospatu" izanagatik sare sozialetan.


2017-11-22 | ARGIA
La Haineko 'Boro' kazetariaren aldeko elkartasun kanpaina abiarazi dute

Azaroaren 30ean egitekoa da Espainiako Auzitegi Nazionalean Armiarma operazioaren barruan auzipetutako Boro kazetariaren aurkako epaiketa. Haren aldeko elkartasun kanpaina hasi da Twitterren, #AplastaLaAraña (Zanpatu armiarma) etiketarekin. Urtebete eta zortzi hilabeteko espetxealdia eskatu du fiskaltzak La Haine eta Kaos en la Red-eko kazetariarentzat.


2017-11-22 | Miren Osa Galdona
Facebookek LGTBI tematikako galizierazko film bat zentsuratu duela salatu dute

Nove de Novembro filma LGBTI tematika erdigunean jartzen duen lehen pelikula luze galiziarra da. Trailerra Facebook bidez zabaltzerako orduan, edukia zentsuratu dietela salatu du Lazaro Louzao zuzendariak. Facebookek dio bideoak ez dituela betetzen sare sozialak eskatzen dituzten irizpideak.


2017-11-22 | Miren Osa Galdona
Bi urteko kartzela zigorra eskatzen diote youtuber bati GRAPOko kide ohiak elkarrizketatzeagatik

Bi urteko espetxealdia eta 2.000 euroko isuna eskatzen ditu Espainiako Fiskaltzak Alex Garcia 23 urteko youtuberrarentzat. Joan den uztailean deklaratu zuen Auzitegi Nazionalean, terrorismoa goraipatzea leporatzen diote.


Satorren herriko bromak

Ados, ez dagoela ondo erremateko mazoa jaso duenaz trufatzea. Baina ezer baino lehen, esan behar da broma guztiak ez direla berdin jujatzen, ez baita moral kontua, botere-afera baizik.


2017-11-20 | Lander Arbelaitz
Nola isilarazi jendea sare sozialetan?

Laster hilabete Alfredo Remirez Erreharria espetxean daukatela. Twitterren iritzia emateagatik Espainiako Estatuan espetxeratu duten lehena da amurriarra.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude