Agenda-liburua oharrez eta irudiz betetzeko dei egin dute Jakoba Errekondo eta Antton Olariaga egileek

  • Irailaren 28an, Donostiako Bretxa azokan, baserritar postuen artean aurkeztu du ARGIAk Landareak Lantzen. Giro bikaina jarri dute trikitiak eta pintxoek eta baratzeaz beren gomutak plazaratu dituzte Jakoba Errekondo egileak, Antton Olariaga ilustratzaileak eta Itxaro Borda idazleak.


2017ko irailaren 28an - 13:06

Itxaro Borda: "Norberak egin behar du bere baratzea, besteen erranetaz eta jendartearen kontrolaz axolatu gabe"

Baratzeak sortu ziren nomada-bilzale-ehiztariak nonbait finkatu eta bordak egin zituztelarik. Bordaren ondoan lur eremu kuttun bat lantzen zuten beraien bizibidea segurtatzeko. Orain arte baratzeak badu kuttuntasun, hurbiltasun eta ezinbestekotasun hori, nahiz eta orain gehienak bizi garen hirietan eta ez dugun baratzerik, sentitzen dugu gure baitan baratze baten beharra. Izan daiteke baratze filosofikoa, norberak egin behar duela berea, besteen erranetaz eta jendartearen kontrolaz axolatu gabe. Bestetik, baratzea orain indar handia ari da hartzen, laborantza ekoizpen industrialaren nazka ari da hedatzen, jendea gaixotzen da laborantza mota horrekin, eta Bretxako merkatu hau bezala, Baionako merkatua bezala, berriz itzultzen dira ohiturazko laborariak beren ekoizpenak saltzera merkatuetan eta bezeroaz haragoko jendeekin harremanetan jartzen gara. Baratzeak badu erran nahi bat gure historia pertsonalekin lotuak: gutako gehienak laborari jatorrikoak gara, beti ikusi dugu gure antzineko jendea lanean eta oraindik gure hitz funtsezkoenak baratze mundutik datozkigu: "alorra", "jorratu"... hizkuntzak berak garamatza baratzeak gureak diren denboretara.

Baratzea amodio seinale ere bada, "Baratze bat nahi dizut egin" kantu arrakastatsuak erakusten duenez. Kantu horrek aipatutako baratze partikular, kolektibo eta unibertsalera eramaten gaitu. Landareak Lantzen liburua eskutan sortu zaizkit pentsamendu horiek denak. Gomendatzen dizuet hileroko eta asteroko lan horiek praktikan jartzera, eta bakoitza bere baratzea lantzera.

Jakoba Errekondo: "Sei zonaldeko EHko mapa klimatikoa ere gehitu dugu eta EH osoko ekoizle ekologikoen zerrenda"

Bakoitzak bere baratzea egin dezan atera dugu gida-liburu hau. Agendak aholku batzuk ematen ditu baina garrantzitsuena hutsuneak dira, bakoitzak bete beharrekoak, egiten dituen lanekin, dituen asmoekin, planoak, marrazkiak, aholkuak... denborarekin agenda hau bihurtuko da baratzezain baten liburu partikularra, ez da beste horrelakorik izango inguruan. Hori eginez ikasten da. Nire obsesioetako bat da, jendeak ez ditu gauzak apuntatzen. Ikasteko, hobetzeko eta aurrera egiteko bide bakarra hori da. Lehenago buruan apuntatzen zituzten, gaur egun egokiagoa den tresna bat izatea nahi du Landareak Lantzen agenda-liburu honek. Nola agenda erabiltzeko, zikintzeko, erabiltzeko sortu dugu, lehen sentsazio ukitu orduko jasotzen dugu: paper berezian egin dugu, eta irudimena sustatzeko, ez dugu argazkirik jarri nahi izan. Antton Olariagak 70 urte daramatza marrazki bidez gure buruak martxan jartzen eta marrazki bidez nahi izan dugu sustatu bakoitzak berea egitea.

Euskal Herriko mapa klimatikoa ere gehitu dugu, eta hor proposatzen dugu sei zonaldeko mapa geoklimatiko bat, ez baita berdin landare bat landatzea herri batean edo bestean. Ilargiari buruzko argitasunak ere gehitu ditugu, eta informazio gehiago ere bai, horien artean nabarmentzekoa, lehen aldiz bildu direla Euskal Herri osoan nekazaritza ekologikoan ari diren ekoizleen zerrenda. Gure paisajea, osasuna eta elikadura zaintzen duten horiena. Gure sorpresa izan da 1.000 ekoizle ekologiko baino gehiago ditugula Euskal Herrian. Etorkizuna ekologikotik doala erakusten du, eta horiei gorazarre egitea eta erreferentzialtasuna emateko. "Ipularra" hitza ekarriko nuke hori adierazteko, Itxaro Bordak oso erabilia, ipularra soro-bazterra da eta nekazaritza ekologikoa jada ez da ipularra, zentralitatea hartzen ari da Euskal Herrian eta ezagutu egin behar dugu. Horretarako gehitu dugu zerrenda hori, ezagutzeko herri bakoitzean nork zer ekoizten duen. Gero eta atal gehiagotara iristen ari da ekologikoa.

 

 

 

Argazkia: Dani Blanco.

 

 

 

Antton Olariaga:"Nik agenda hau zikindu egin dut, eta zuen obligazioa da agenda hau zikintzea"

Etorri zitzaidan Errekondo lotsagabe eta esan zidan "hau egin behar dek" eta nik "bai, bai, maiestate", bera baita baratzeko jaun eta jabe. Agendak bi agintari ditu: eguzkia eta ilargia. Nola sartu agenda horren barruan? sasoian sasoiko, ez bakarrik lan egiteko baita baratzekoa kontsumitzeko ere, koloreetan islatu nahi izan dut hori. Urtarrileko kolore hotzak, gris-urdinak... pixkanaka berdearen eztanda etorriko da udaberrian, gero berdeak urdina galduko du eta horia geratuko zaigu beroko sapa eta guzti, eta gero gorria nagusitzen joango da eta marroixka, okre koloreetan udazkenean, eta berriz ere urdinetara, zikloa osatzeko. Ertzetan agendak baditu kolore horiek agendak, urte sasoiaren ezaugarri bezala.

Nire plazer handietako bat da Jakoba Errekondori kontra egitea. Hiru marrazki mota daude: deskriptiboak direnak, zehatzak, notario lana egin behar izan dut. Beste gai batzuk libreagoak dira, interpretatiboagoak. Eta beste batzuetan, Errekondok esaten ez duena ere jarri dut. Adibidez, ereiterakoan buruan izaten dugun ametsa ere marraztu dut.

Nik agenda hau zikindu egin dut, eta zuen obligazioa da agenda hau zikintzea. Zikintzeko da, beldurra kentzeko, bai idazterakoan eta mesedez, hasi marrazten! eskema bat egiten!

Giroa lagun uztaren ospakizunean

Larraitz eta Mikel Alkorta soinu-joleek giro bikaina jarri dute kalean eta Gureak Taldearen pintxoek gozatu herritarren ahosabaia. Erosleek aukera baliatu dute agenda-liburua Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak sinatuta eskuratzeko.

12 euroan salgai

Eskuratzeko modu errazena, ARGIAn duzu: webguneko Azokan, (0034) 943 37 15 45 zenbakira deituta edo denda@argia.eus helbidera idatzita. Ohiko liburu-dendetan eta baserritarren kooperatibetan ere aurkituko duzu.

ARGIA-Jendea eta babesleak

ARGIAk Jakoba Errekondorekin duela hiru urte martxan jarritako Bizi Baratzea ildoaren beste fruitu bat da aurkeztu berri den Landareak Lantzen agenda-liburua. ARGIA-jendeari esker da beraz, hau ere posible. Era berean, erakunde hauen babesa jaso du argitalpenak: Alkartasuna Usurbilgo Kooperatiba, Astigarragako Udala, Beasaingo Udala, Berako Udala, NNPEK, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, EHKOlektiboa, ENEEK, Lezoko Udala eta Usurbilgo Udala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


2024-04-29 | Garazi Zabaleta
Elkea
%100 Amezkoako garagardo ekologikoa, olibondoak eta beste

Elkea proiektuan produktu asko eta desberdinak ekoizten ditu David Ruiz de Galarreta Azpilikueta ekoizle amezkoarrak. Olibondoekin hasi zen, baina fruta arbolek, lekaleek eta zekaleek ere beren tokia egin dute proiektuan urteotan. Eta, orain, jarduera berri bat gehitu die... [+]


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


2024-04-14 | Garazi Zabaleta
Jakiak ehuntzen
Zangoza inguruan tokiko elikadura sistema eraikitzen

Zergatik doa mundu guztia Iruñera erosketak egitera, gure eskualdean elikagai asko ekoizten bada? Zergatik da hain zaila bailara hauetako produktuak bailara hauetako dendetan topatzea?”, galdera horiei eta beste zenbaiti tiraka hasi ziren lanean Zangoza aldean duela... [+]


2024-03-25 | Garazi Zabaleta
Hazien liburutegia
Liburuak eta haziak, aberastasun publiko

Urteak dira Nafarroan eta beste zenbait tokitan hazien liburutegi proiektuak martxan dituztela. Hazien liburutegiak, liburuen liburutegietan. Euskal Herriko Hazien Sareak antolatutako hitzaldi batean izan zuen egitasmo horien berri Ane Leturia Delfrade Antzuolako liburuzainak,... [+]


Eguneraketa berriak daude