50.000 euroko kalte ordaina eskatu diete Aroztegiaren aurkako plataformako zazpi kideri

  • Palacio de Arozteguia S.L. enpresak –Aroztegiaren proiektua bultzatzen duen enpresa– egin du salaketa. Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko presidenteordea proiektuaren alde agertu da beste behin.


2016ko maiatzaren 10ean - 18:27
Aroztegiaren aurkako manifestazioa, Elizondon.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko presidenteordeak Lekaroz bisitatu duela aprobetxatuz egin dute prentsaurrekoa proiektuaren aurkako plataformako kideek. Zazpi baztandarri 50.000 euroko kalte ordaina eskatu diete, salatu dutenez. Kaltetuak Andone Garde, Begoña Etxandi, Itziar Torres, Agurtzane Obregozo, Karlos Beristain, Garbiñe Elizegi eta Miren Meoki dira, besteak beste. 

Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohi eta Aroztegia...eta gero zer? plataformako kideak adierazi du oraindik ez duela jaso salaketarik. Zenbat iturrik baieztatu dutenez, prebarikazioa egotzi die enpresak Elizegiri eta Joseba Otondo Baztango egungo alkateari. Maiatzaren 24an deklaratu beharko dute biek. 

Horren aurrean, plataformako kideek salatu dute enpresaren helburua dela herritarrak "isilarazi eta beldurtzea", proiektu urbanistiko "espekulatzaileari" buruz duten iritzia eman ez dezaten. 

"Dirudunak direnez, Nafarroako komunikabide hegemonikoak erabil ditzakete beren bozgorailu bezala". Dena den, adierazi dute ezingo dutela inolaz ere geldiarazi ehunka baztandarrek abiatu duten herri galdeketaren prozedura. Zentzu horretan, salatu dute gatazka soziala demokratikoki konpondu beharrean, jazarpen judiziala jarri duela martxan Palacio de Arozteguia S.L. enpresak.

Gobernua babesten duten alderdien arteko desadostasunak

Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko presidenteordeak aroztegiaren proiektua babestu du beste behin. Egitasmoaren bultzatzaileekin elkartu da gaur Lekarozen. "Proiektuak interes turistikoak ditu eta lanpostuak sortuko ditu", azaldu du. 

Galdeketa eskaerari erantzunez, Aierdik azpimarratu du "amaitu dela" hori egiteko epea eta segurtasun juridikoa eman behar zaiola proiektuari. Era berean, nabarmendu du inguruko udal askok babestu dutela proiektua. "Interes pribatua ez da kaltegarria, publikoarekin bat egiten badu", adierazi du Aierdik. 

Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak kritikatu egin du Aierdik proiektua babestu izana, prentsa-ohar batean. "UPNren pozoitutako herentziatzat" jo du egitasmoa, aurreko gobernuak Baztango Udalarekin kontsultatu gabe onartu zuelako Udalerriz Gaindiko Eragina duen Plana (UGEP).

Araizen ustez, "onartezina" da "espekulazio kutsuko" proiektu hori babestea. "EH Bilduk babestu egin du proiektu turistikoa; ez ordea, 228 etxebizitza barnebiltzen dituen hirigintza proiektua".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baztango Aroztegia
2025eko maiatzaren 23
Aroztegiko epaiketaren kronika (bosgarren eguna)
Frogarik gabe, zigor eskaera gogorra auzipetuen gainean

2025eko maiatzaren 22
Aroztegiko epaiketaren kronika (laugarren eguna)
Taldean erabakita, dena era baketsuan egin zutela esan dute auzipetuek

2025eko maiatzaren 22
Aroztegiako epaiketaren kronika (hirugarren eguna)
Desobedientzia zibila kriminalizatzeko irudien bila

2025eko maiatzaren 21
Aroztegia III

2025eko maiatzaren 20
Aroztegiako epaiketaren kronika (bigarren eguna)
Guardia zibilek diote ez zela bortizkeriarik egon protestetan zirenen aldetik

2025eko maiatzaren 19
Aroztegiako epaiketaren kronika (lehenbiziko eguna)
Akusazioek izen bat nabarmendu dute lehen saioan: GarbiƱe Elizegi

Eguneraketa berriak daude