Bost urte eta gero, Eusko Jaurlaritzak lizentzia lortzeko aukerarik gabe utzi nahi du Hala Bedi Irratia

  • Eusko Jaurlaritzak irratien lizentziekin egin zuen akatsa bide administratibotik zuzentzeko aukera badu ere, HALA BEDI, eta orain bost urte errekurtsorik jarri ez zuten beste irrati guztiak, lizentziarik gabe uztea erabaki du.

Hala Bedi @halabedi
2016ko abenduaren 19a

Bost urte pasatu dira Eusko Jaurlaritzak irratien lizentziak esleitzeko lehiaketa martxan jarri zuenetik. HALA BEDI IRRATIAK lizentzia lortu zuen baina esleipena behin betikoa bihurtu baino egun batzuk lehenago, EAEko Gobernuak inolako azalpenik eman gabe prozesua bertan behera utzi zuen. Orain, epaileek arrazoia eman diete erabaki horren kontra helegitea jarri zuten irratiei.

Hala Bedik, ordea, ezin izan zuen helegite hori jarri, eta egun, Eusko Jaurlaritzak bere akatsa bide administratibotik zuzentzeko aukera badu ere, HALA BEDI, eta errekurtsorik jarri ez zuten beste irrati guztiak, lizentziarik gabe uztea erabaki du. Prozesu osoa irregulartasunez josia dagoela uste du HALA BEDIk eta horiek azaleratzeko, eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatzeko, lehiaketaren espediente osoa eskatu du irratiak eta datozen asteetan, bertan aurkitzen duen informazioaren berri publikoki emateko konpromisoa hartzen du.

2011n abiatu zen Irrati lizentzien lehiaketak hamaika buruhauste eragin dizkie Euskal Herriko hainbat irratiri. Azkenekoa, HALA BEDIri; Izan ere, lehenengo eskaera egin zuenetik 5 urte inguru pasa direnean, lizentziarik ez diotela emango jakinarazi baitiote, nahiz eta, esan bezala, aurre esleipenetan bat egokitu.

Erantzuna azaroaren 22an egindako gobernu kontseiluan jaso zuen. Bertan, irrati-lizentzien lehiaketa bertan behera utzi izanagatik errekurtsorik jarri ez zuten irratiei lizentziarik ez emateko erabakia hartu zuten. Kontuan hartu behar da, errekurtsoa jarri zuten irrati batzuek jada badutela lizentzia, eta zenbait emititzen ere ari direla, Antxeta irratia kasu.

Ibilbide gorabeheratsua izan du Irrati Lizentzien lehiaketa honek, artean Patxi Lopez lehendakari zela martxan jarri zenetik. Hasieratik bertatik HALA BEDI kide den Arrosa Sareak salatu zuen lehiaketa ez zela modu egokian planteatu, Irrati komunitario eta euskaldunei ez baitzieten aukera egokirik eskaintzen lehiaketa honetan parte hartzeko, eta, beraz, lizentzia bat lortzeko. Euskararentzako ere, halaber, ez zen gutxienekorik ezarri.

Hala ere, Arrosa Sareko zenbait irratik aurkezteko erabakia hartu zuten eta irrati komertzialekin lehiatu ziren. Azpimarratzekoa da lehia honetan sartzeak irratiei eragin zien diru xahuketa handia eta buruhausteak. HALA BEDIk, adibidez, publikoki eskatu behar izan zuen bermeak jarri ahal izateko dirua, ez baitzuen aukerarik bere kabuz jartzeko. Orduko hartan ere hainbat kolektibok eta norbanakok babestu zuten proiektua.

Lehiaketa ebatzi zen eta HALA BEDIk lizentzia bat lortu zuen, eskatu zituen bietatik bat, Euskara hutsezkoa. Ordurako 30 urtez emititzen ari zen emisio elebidunak, ordura arte bezela jarraitu beharko zuen, babes legalik gabe, eta artean sortzeko zegoen Hala Bedi Bik izango zuen baimena.

Jakina da, ordea, lehiaketa bertan behera utzi zuela PSEko gobernuak, hauteskundeak izan aurreko egunetan, eta bertan behera utzi izan hau, hain zuzen, izan da hainbatek errekurritu dutena. HALA BEDIk ere izan zuen aukera errekurtsoa jartzeko, baina lehendik eragindako trabei beste batzuk ez gehitzearren, ez errekurritzea erabaki zuen azkenean.

Geroztik, eta gobernu aldaketa eman bazen ere, lehiaketa bertan behera utzi izanak bere horretan jarraitu du. Irratiek eskatu moduan, lehiaketa utzi zen leku beretik abiatu beharrean, EAJren gobernuak, “koherentzia” arrazoituta, epaitegien bidea hartzea erabaki zuen. Bide horretan, lehenago aipatu moduan, irrati batzuk dagoeneko lortu dute baimena emititzeko, beste batzuei, ordea, ezezkoa eman zaie.

Lehiaketaren prozesua, hainbatek salatu dutenez, irregulartasun teknikoz eta politikoz josia izan da, gainera. GARA egunkariak 2013ko martxoan argitaratutako artikulu batean horietako batzuk jaso zituen, besteak beste, puntuazioen esleipenak. Horiek zuzendu beharrean, ordea, EAJ-k lehiaketa bertan behera mantentzea erabaki zuen inolako arrazoirik eman gabe.

Azkeneko hilabeteotan, epaileek arrazoia eman diete helegitea jarri zuten irratiei. Hau da, lehiaketa bertan behera utzi izana legez kontrakoa zela baieztatu dute. Baina Eusko Jaurlaritzak, horretarako ahalmena badu ere, ez du inolako borondaterik agertu akatsa zuzentzeko. Modu honetan, helegitea jartzeko gaitasunik izan ez zuten gurea bezelako irratiak, bidegabeki lizentziarik gabe utzi nahi ditu.

Azkenik, lizentzia prozesuaren espediente osoa eskatu duela jakinarazi nahi du HALA BEDIk. Eusko Jaurlaritzak azaldu nahi izan ez dituen arrazoiak eta datuak bere kabuz aztertu nahi ditu. Prozesuak hasieratik sortu zizkion susmo txarrek arrazorik bazutela frogatu nahi du. Finean, Eusko Jaurlaritzak (PSEren zein PNVren esku) irratien lizentzien prozesuan izandako jarrera azaltzen duten erantzunak bilatu nahi ditu HALA BEDIk. Hori dela eta, expediente osoa aztertzen duenean publikoki bertan aurkitzen duenaren berri emateko (informatzeko) konpromisoa hartzen du. Eta beharrezkoa bada, helegitea jartzeko eta gaia Parlamentura eramateko prestutasuna adierazi du irratiak.

Ezezko honen aurrean, HALA BEDIk argi dauka lizentzia behar duela, eta lortu arte ez duela etsiko. Lizentziarik ez izanda, besteak beste, lege babesa falta baitzaio eskubide osoz  orain arte egin duena egin ahal izateko; hala ere, instituzioek ematen ez dioten legitimazioa entzuleek eta halabelarriek (bazkideek) ematen diotela adierazi nahi du.

Irratiko kideak eta bazkideak dira irrati bat baino gehiago den proiektu hau posible egiten dutenak.

Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.

Kanal hauetan artxibatua: Hala Bedi  |  Gasteiz  |  Eusko Jaurlaritza

Hala Bedi kanaletik interesatuko zaizu...
2016-11-25
Hala Beditik elkartasun 'Maniqui Challenge'
MULTIMEDIA - bideo herrikoia

Araban, Gasteizen eta Hala Bedi Irratian Maniqui Challengearen modara batu dira. Ahotsa.info-rekin elkartasunez, Arabako irrati libreenak elkartasun keinu hau eduki nahi izan du, kriminalizazioaren aurrean, Nafarroan #GureAhotsa den hedabidearekin.


Herritarrak komunikazioan trebatzeko jardunaldiak antolatu ditu Hala Bedik

Izan Media herri komunikazio jardunaldiak antolatu ditu Hala Bedik apirilaren 13tik maiatzaren 7ra bitartean. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean eskainiko dituzte tailerrak larunbat goiz eta arratsaldeetan.


2015-09-27 | Kepa Matxain
Gaztearen faltan, librea

Gazteak norabidea aldatu eta irrati formula komertzialen bidea hautatu zuenetik, ez dago euskal eszena bere aniztasunean erakutsiko duen irrati kate publikorik. Saio bakan batzuetan salbu, easy-listeningetik aldentzen diren taldeek toki gutxi dute uhinetan. Irrati libreak edo herri ekimenetik sortuak dira, askotan, gisa horretako taldeen bozgorailu bakar.
Zein irizpideri erreparatzen diote irrati horiek musika ildoa hautatzerakoan?


Uhinetan da Hala Bedi Bi, Gasteizko irrati euskaldun berria

Gasteizko Hala Bedi irrati librearen bigarren katea larunbatean hasi zen igortzen FMaren 88.8an. Inuxente eguna zela aprobetxatuz, 1983an huts egindako lehen emisio hura gogoratu zuten kaletik.


2013-12-26 | ARGIA
Euskara hutsezko irrati katea abiatuko du Gasteizko Hala Bedik 28an

Gasteizko Hala Bedi irrati libreak euskara hutsezko katea abiatuko du larunbatean, hilak 28. FMko 88.8 frekuentzian izango da entzungai.


Hala bada, libre bedi

Duela zortzi hilabete, Gasteizko Gaztetxearen 25. urteurrenaz aritu ginen. Oraingoan, haren ahizpa nagusia den Hala Bedi irrati libreak bete ditu urteak: 30 urte kolpeak jasotzen eta kolpeak ematen.


Hala Bedi, 30 urte kolpez kolpe

Gasteizko Hala Bedi irratiak 30 urte bete ditu eta horren harira ekimen ugari antolatzen ari dira. Besteak beste, irratiaren ibilbidea laburbiltzen dituen “Hala Bedi, 30 urte kolpez kolpe” liburua, diskoa eta dokumentala argitaratu dituzte.


2013-08-06 | ARGIA
Hala Bedi irratiaren 30. urteurreneko festa gaur Gasteizen

Hala Bedi irratiak 30. urteurrena ospatzeko egitarau berezia prestatu du astearterako, Gasteizko Ama Zuriaren festen barruan. Bazkari herrikoiak emango dio hasiera.


Jaurlaritzak egin zuen irrati-lizentzien banaketa bertan behera geratu da

EAEko Gobernuak hauteskundeak baino lehen 34 irrati lizentzia banatu zituen, baina banaketa hori baliogabe geratu zen atzo. Idoia Mendia bozeramaileak adierazi du “erantzukizuna eta zuhurtzia” dela-eta hartu dute erabakia, Jaurlaritza “laster aldatuko delako”.


2012-11-20
Uhinbak aplikazioa berritu dute euskarazko irrati gehiago eskuragarri jarriz

Euskara hutsean emititzen diren irratiak sakelako telefonoan entzuteko aukera ematen duen aplikazioa da Uhinbak. Euskal Herriko hainbat irrati biltzen ditu, guztira 26, eta Iphone eta Android mugikor sistemetarako erabilgarria da. Euskarazko irrati gehiago eskaintzeaz gain, berrikuntzak ekarri ditu eta etorkizunean lanean jarraituko dutela adierazi dute.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude