Autogobernua pluraltasunean oinarrituta berritu behar dela dio Urkulluk

  • EAEko politika orokorreko eztabaida zabaltzeko hitzaldian 2014. urtea ere "gogorra" izango dela adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak.


2013ko irailaren 19an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria Eusko Legebiltzarrean.

Dena den, Jaurlaritzako buruak EAE atzeralditik ateratzeko aukeraz ere hitz egin du sarrerako hitzaldian.

Urkulluk garrantzia eman dio EAJk astelehenean PSE-EErekin sinatu zuen akordioari. Eskerrak eman dizkie bi alderdietako ordezkariei. "Herri interesak" alderdienen aurretik jarri dituztela uste du. Akordioa zabaltzen saiatuko dela ere gaineratu du.

Autogobernua berritzeko oinarriak

"Euskadirako estatus politiko batean aurrera egin dezakegu", adierazi du Urkulluk autogobernuari buruz hizketan. Espainiako Estatuan autonomiatan egituratzeko "denentzako kafea"-ren politika amaitu dela esan du lehendakariak.

"Estatu autonomikoaren eredua ahuldu egin da eta marko europarra aldatu", adierazi du. Gainontzeko alderdiei dei egin die beraz, EAEren autogobernu estatusa berritzeko, akordioan oinarrituta. Abiapuntu gisa hiru printzipio proposatu ditu: pluraltasuna, zorroztasun juridikoa eta aukera legalen eta zilegien garapena.

Bakegintza: lau aldeko akordioa helburu

"Lau aldeko akordioa nahi dugu", esan du lehendakariak gaiari buruz hizketan hasi eta berehala. "Bost hamarkadaren ondoren ETA bukatu da, horrek garai berri bat hasten utzi digu. Gutxieneko oinarri etiko eta demokratikoak batera eraiki behar ditugu". Hori dela-eta, bake ponentzia beharrezko tresna dela adierazi du lehendakariak eta foro hori "irekita" dagoela.

Ekonomia: 2014a ere "gogorra"

"Hondoa ukitu dugu" esan du Iñigo Urkulluk hitzaldiko une batean. 2013. urtea langabezia-tasa %14raino iritsita amaituko dela aurreikusi du, 20.000 lanpostu gehiago galduko direla.

Baina "etorkizun hobea" lortzeko aukerak daudela adierazi du, hainbat datu ekonomikotan oinarrituta: esportazioen hazkundea, BPGren eboluzioa, zergen bidez diru gehiago bildu izana eta zorpetze baldintzak hobetu izana, besteak beste.

"Kudeaketa zorrotza" egin dutela onartu du Urkulluk, baina baita "ontzia arteztu" dutela ere.

Iragarritako neurriak

Botiken berrordainketaren konpentsazioa: Urtean 18.000 euro baino gutxiagoko sarrerak dituztenei konpentsatuko zaie botikengatik ordaintutakoa. Konpentsazioa atzera begirakoa izango da, neurria indarrean jarri zenetik (2013ko uztailaren 1etik, alegia).

Erakunde publikoak: Sozietate publikoen sarea txikituko duela iragarri du, gaur egungo 42etatik 28ra. Egitura instituzionalean egindako murrizketa ere nabarmendu du, 236 zuzendaritza-postutik 189ra jaisteko neurriarekin aurreztutako 235 milioi euroak aipatuz.

Energia: Energia eolikoa bultzatzeko, Jaurlaritzak industria partzuergo bat sortuko duela iragarri du.

Ontziolak: 14 milioi euroko laguntza emango dutela aurreratu du lehendakariak, tax lease aferaren ondoren sektorea dagoen egoera zailari aurre egiteko.

Alderdien erantzuna arratsaldean

Arratsaldean jarraituko du politika orokorreko eztabaidak gainontzeko alderdien parte hartzearekin.

EH Bildu koalizioak aurreratu du, Espainiako Estatuarekin "dependentzia" amaitzeko indarrak batzea eskainiko diola EAJri.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal Autonomia Erkidegoko politika
Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Eguneraketa berriak daude