EEuskaltzaindiak egin berria du Iruñean “Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina” izeneko Biltzarra. Euskarabideko zuzendari kudeatzaile modura txosten bat aurkeztu nuen, Nafarroako Parlamentuak Euskarari buruzko Foru Legea 1986an onetsi zuenez geroztik euskarak Nafarroan izan duen bilakaerari buruzkoa. Aurkezturiko datuetako batek ondorioztatzen zuen “euskara ulertu, hitz egin, irakurri eta idazten zuten” bi urteko eta bi urtetik goitiko nafarrak %5 zirela 1986an eta hamabost urte geroago, %10,5. Orobat, hizkuntza gaitasun horiek “zailtasunez” dituztenak 1986an %4,6 ziren eta 2003an, aldiz, %9,7. Horren ondorioz, “euskara ez dakitenak” %90,4 izatetik %78 izatera iragan dira. Datuak argiak dira: Euskarari buruzko Foru Legea onetsi zenetik euskararen ezagutza bikoiztu egin da Nafarroan.
Komeni da azpimarratzea Nafarroako eremu euskaldunean euskararen irakaskuntza derrigorrezkoa dela, ikasleek, oinarrizko eskolatze aldia bukatutakoan, euskarazko gaitasun maila nahikoa egiaztatu dezaten. Eremu mistoan eta eremu ez-euskaldunean euskararen edo euskarazko irakaskuntza borondatezkoa da. Euskara hartzen duten hizkuntza ereduetako matrikulazioaren bilakaera positiboa da eta 1986. urteaz geroztik D ereduan ikasten dutenen kopurua bikoiztu da (%13tik %26ra) eta A ereduan hasieran %5,5 ziren eta gaur egun, aldiz, %25 dira. Datu horiek bilakaera positiboa erakusten duten arren, errealitatea da nafar ikasleetako ia %50ek oraindik ez dutela inolako harremanik euskararekin eta bakarrik %25 matrikulaturik dagoela D ereduan, egun Nafarroako berezko bi hizkuntzatan ikasle elebidun edo eleaniztunak bermatzen dituen eredu bakarrean.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak badu hizkuntzak ezagutzearen arloan erronka bat: hizkuntzak (Nafarroan ditugun berezko bi hizkuntzak zein ingelesa) integratuko dituen hizkuntza eredu bat gizarteari eskaintzeko gai izatea. Lortzen badugu eredu berriak bi hizkuntza horietan gaitasuna bermatzea halako moldez non denek, bai euskaraz, bai ingelesez, gutxieneko B1 maila eskuratuko duten eta non, eremuen eta aukeratutako hautuen arabera, B2 edo C1 maila eskuratzea ahalbidetuko den, lortuko dugu euskararen ezagutzaren ehunekoak nafar gizartean areagotzen jarraitzea.
Biltzarrean bertan, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak IV. Inkesta Soziolinguistikoa (2006) argitalpenaren emaitzak aurkeztu zituen. Azken atalean, Nafarroari dagokionean, ondorioen barnean aipatzen du euskara sustatzearen alde daudenak (%37,7) eta horren aurka daudenak (%34,2) nahiko bertsuak direla. Duela hamabost urte, aurkako jarrera zutenak (%51,8) askoz gehiago ziren aldeko jarrera zutenak baino (%21,6). Alabaina, oraindik ere nafar gizartearen heren bat euskararen aurka dago.
Datu hauen ildoari jarraikiz, uste dut duela bostehun urte baino gehiago Bernard Etxeparek kantuaren bitartez erakusten zuen izpiritua berreskuratu behar dugula: “Lengoajetan ohi inzan/estimatze gutitan;/ orai aldiz hik behar duk/ohoria orotan”. Beharrezkoa dugu euskarak Nafarroan bere ospe eta ohorea berreskuratzea eta horretarako ezinbestekoa dugu denok batera ahalegintzea. Nafarroako Gobernuak, besteak beste, nafar guztien kultura ondare den aldetik, errespetu eta babes berezia behar dituen euskara sustatuz eta urratsak emanez, hizkuntza horrek presentzia handiagoa izan dezan, errotulazioan, adibidez. Gizarteak, hizkuntza ezagutu ala ez, euskara berezko bi hizkuntzatako bat dela harro bere gain hartuz. Eta horretarako ezinbestekoa da hizkuntza monopolizatzeko saio oro desagertzea, bai eta inolako nazionalismorekin lotzeko saioa ere, bereziki nazionalismo erradikalarekin lotzekoa, horrek izugarrizko kaltea eragin baitio eta gizartearengan euskararekiko arbuio itzela sortu baitu.
Nafarroak bi lorpen erdietsi nahi du:
1.- Hizkuntza eredu eleaniztun bat, oro har hiru hizkuntzen (gaztelaniaren, euskararen eta ingelesaren) ezagutza bermatuko duena eta haiek jakitea ahalbidetuko duena.
2.- Euskara ezein hautu politikorekin ez lotzea eta nafar guztien kultura ondaretzat hartzea.
Erdiesten ditugunean, euskara goraka egiten ari den joeran aurrera egitea lortugo dugu. Denon lana da eta denon artean lortu behar dugu euskarak Etxeparek nahi zuen maila eskuratu nahi badugu: “orai aldiz hik behar duk ohoria orotan”.
* Nafarroako Euskararen Institutuko zuzendaria