“Hemen Venezuelan Trump negoziazio bat bilatzen ari dela iruditzen zait”

  • Venezuelak asteak daramatza nazioarteko foku mediatikoan: herrialdea inbaditzeko edo Maduro presidentea hiltzeko AEBen mehatxuak, Corina Machado Bakearen Nobel sariduna atzerriko interbentzio militarraren alde, gobernuaren adierazpenak inbasioari militarki aurre egiteko prestutasuna adieraziz eta ekimenak herritarren artean formazio militarra sustatzeko, txalupetan doazen ustezko droga trafikatzaileen exekuzio estrajudizialak, asteazkenean Venezuelako petrolio ontzi bat bahitu zuten AEBek... Mikel Morenok hamahiru urte daramatza Venezuelan bizitzen, nazioarteko elkartasunerako Pakito Arriaran Fundazioko kidea da, eta ezkerreko mugimendu politiko eta herritarrekin harremana du. Idatziz erantzun ditu ARGIAren galderak, Venezuelako egoera zein oro har kontinentekoa mintzagai.

Mikel Moreno

2025eko abenduaren 15ean - 07:18
Azken eguneraketa: 10:51
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Venezuelaz heltzen zaizkigun albisteek larritasuna transmititzen dute, tentsioa, gatazka edota zuzenean gerra arriskua. Zein da egoera Venezuela barnean egunerokotasunean eta herritarren artean?

Egunerokotasuna guztiz normala da, bizitza ez da ezer aldatu irailean erasoak hasi zirenetik. Jendea aspaldi abenduko ospakizunetan pentsatzen ari da, erosketak egiten, edo egiten saiatzen, zeren eta, arlo ekonomikoan pare bat urtetan izan dugun lasaitasuna bukatu eta inflazioa poltsikoei gogor erasotzen ari da aurten. Horrek badauka jendea larrituta, baina herritarrek Venezuelan edozein testuingurutan bizitza normaltasunean aurrera eramaten ikasi dute, eta Trumpen mehatxuak eta eragin nahi izan duen gerra psikologikoa oraingoan, edo orain arte, ez diote funtzionatu.

Herritarrak mobilizatzera deitu dituzte gobernuak zein oposizioak. Badago batzuen edo besteen mobilizaziorik?

Oposizioa aspaldi ez da mobilizatu hemen, soilik sare sozialetan existitzen da. Beraien azken mobilizazio handia egiteko saiakera urtarrilean izan zen, Nicolas Maduroren lehendakaritza berrirako (2025-2031) zin egitea baino lehen, eta porrot izugarria izan zen. Hori eta gero Maria Corina Machado bere jendea kalera aterarazteko formatuak aldatzen saiatu zen, baina ez zion funtzionatu, eta aspaldi ez dute deialdirik egin. Chavismoak, bai, kaleetan jarraitzen du. Trumpen mehatxu eta erasoek mobilizatzera atera dute jendea. Betiko moldeetan, manifestazio koloretsu eta alaietan, alde batetik inperialismoaren aurkako mezu tinkoak eta bestetik musika, dantza eta jaia konbinatzen dituztenak. Aste honetan bertan manifestazio jendetsua egin zen Caracasen, Santa Ineseko bataila historikoa oroitzeko, Maria Corinari Nobel Saria ematen zioten egunean.

"Egunerokotasuna guztiz normala da, bizitza ez da ezer aldatu irailean erasoak hasi zirenetik"

AEBen mehatxu maila goranzko eskaladan dagoela ematen du, ez bakarrik hitzez, baita txalupak bonbardatuta edo iragan astean petrolio-ontzia bahituta ere. Baina askotan ikusi dugu Trump herrialde bat gaur militarki erasotzen edo presidenteei mehatxu egiten eta bihar akordio bat itxi eta loreak botatzen. Zer uste duzu gertatuko dela?

Zaila da aurreikustea, baina iruditzen zait Trump, beste tokietan egin duen moduan, hemen Venezuelan negoziazio bat bilatzen ari dela. Bera negoziatzaile bat da eta horiek dira bere moduak. Orain dela bi aste jakin genuen kontaktuak egon zirela Amerikako Estatu Batuen eta Venezuelaren artean. Espekulazio eta gezur asko zabaldu dira elkarrizketa horiei buruz, baina nahiz eta benetan inork ez dakien zer hitz egin zen han, litekeena da negoziazioaren hasiera izatea. Segur aski egunen baten Trumpek esango du drogen aurkako borrokaren inguruan bere helburuak lortu dituela, edo demokraziaren inguruan… auskalo. Baina horren esanahia negoziazioan adostasun batera iritsi dela izango da.

Noski, horretarako sortu duen antzerkia ezin du bat-batean bertan behera utzi: ez dituzu egunero mobilizatzen ez duzu zure hegazkin-ontzi handiena, hamarnaka beste gerra-ontzi, hegazkinak , eta abar. Beraz, gerta daiteke bonbardaketaren bat egotea, operazio militarren bat… Eta beti egin izan duen bezala, bere beste garaipen baten moduan saltzen saiatuko da, nahiz eta bere erabateko garaipen bakarra Europako herrialde otzanei inposatutako muga-zerga eta baldintzena izan den. Beste kasu guztietan, bere nahietara makurtu ez diren herrialdeekin, negoziaketetako bi aldeentzako irabaziak ekarri dituzte elkarrizketek.

"Oposizioa aspaldi ez da mobilizatu hemen, soilik sare sozialetan existitzen da"

Venezuelaz haratago, Hego eta Erdialdeko Amerika osoan ari dira AEBak injerentzia maila handitzen: txalupak bonbardatu, Kolonbia edo Venezuela mehatxatu, hainbat herrialdetako hauteskunde prozesuetan zuzenean eragin... Nola laburbilduko zenuke bere egungo estrategia?

Ustezko narkotrafikatzaileen hilketak, itsasontzien lapurtzea edo AEBen asmoak sare sozialen bidez ia zuzenean argitaratzea ez dira Venezuelara mugatzen diren egiteko moduak. Eskualdearen aurkako estrategia dirudi, azken egunetan “mendebaldeko hemisferioa” deritzotenerako AEBen estrategiaren eguneratzean irakurri ahal izan dugunez. AEBk Hego eta Erdialdeko Amerikan zein Karibean duten posizioa indartu nahi du une honetan, eta, nolabait, mehatxu horiekin esaten ari direna da, "edo guk nahi duguna egiten duzu, edo badakizu zer etorriko zaizun". Eta Venezuela, 26 urteko borrokaren ondoren, ohituta eta prest dago honi aurre egiteko, baina horrelako arrisku iraunkor batek ondorio desberdinak izan ditzake beste herrialde batzuetan.

Estrategia hori etekinak ematen ari zaizkio?

Etekin batzuk bai, noski: kasu argienak Argentina eta Hondurasko hauteskundeekin ikusi ditugu azken aldian. Argentinan, hauteskundeen aurreko Trumpen mehatxuek eta kreditu baten hitzemateak (bozen ondoren atzera bota duena) Mileiren garaipena eragin zuten. Hondurasen, hautagai ofizialistaren deskalifikazioari, inkestetan hirugarren postuan agertzen zen hautagai eskuindarraren aldeko Trumpen babesa gehitu zitzaion. Gainera, hautagai horren alderdikoa den eta AEBetan narkotrafikoagatik preso zegoen Hondurasko presidente ohiari amnistia emateak, hauteskundeak guztiz baldintzatu zituen. Oraindik bozkak zenbatzen ari dira, baina injerentzia honek ezkerreko hautagaia aukerarik gabe utzi zuen, eta bi eskuindarren artean dago lehia.

"Erasoa ez da soilik Venezuelaren aurkakoa"

Horren guztiaren aurrean, zein da Venezuelako eta gainontzeko herrialdeetako ezkerren egoera?

Ezkerrak prest egon beharko luke datozen garai gogorretarako. Venezuelan, esan dudan bezala, herria prest dago datorrenerako: mobilizatuta, badaki etsaiak daudela, bai kanpoan, bai herrialdearen barruan, masiboki sartu da milizian, entrenatu egin da, komunak eta herri boterea eraikitzen jarraitzen du... Horrek, nazioarteko aliantzekin batera, eragiten du AEBek bi aldiz pentsatu behar izatea edozein esku-hartze saiatu baino lehen.

Eskualde honetako herrialdeetan antzeko eredu bat jarraitu beharko lukete, erasoa ez baita soilik Venezuelaren aurkakoa. Kolonbia eta Mexiko AEBen eraso eta mehatxu guztien aurka agertu dira. [Gustavo] Petro Kolonbiako presidenteak hemen Venezuelan barne-politika nola egin behar den esaten du batzutan, baina ulergarria izan daiteke, bere herrialdeko indar-korrelazioa Venezuelakoa baino zailagoa delako, eta gogoratu behar dugu datorren urtean hauteskunde zailak izango dituela.

Alde horretatik, Venezuela ahalegin handiak egiten ari da ezker antiinperialista bateratzeko erasotuekiko elkartasunaren inguruan, bai gobernu, bai herri-mugimendu mailan. Ez dira aipatutako herrialdetara mugatzen: hor daude ere nahiko ahaztuta dagoen Kuba, Nikaragua edota AEBen hegemoniaren aurka dagoen oro. Aste honetan bertan, Bakearen eta Subiranotasunaren aldeko Herrien Batzarra antolatu zen. Bertara nazioarteko 500 kide inguru hurbildu ziren, nahiz eta 2.000 baino gehiago ziren gonbidatuak. Baina Trumpen txio eta adierazpenengatik atzerritik zetozen hegaldi asko bertan behera geratu izan dira azken asteetan, eta ezinezkoa izan zitzaien heltzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
2025eko abenduaren 17
Venezuelaz

Eguneraketa berriak daude